2020. Klima-aldaketa - Toki-erakundeei zuzendutako diru-laguntzak

[herrijasangarriak_klima]

Deskribapena


Xedea

Diru-laguntzak udaleentzako, mankomunitateentzako, beste toki-erakunde batzuentzako, toki-erakunde autonomoentzako, tokiko garapen-agentzientzako eta tokiko merkataritza-sozietateentzako, Klima-aldaketa. EAEn egoera arintzeko ekintzak (berotegi-efektuko gasen isurpen garbiak murrizteko ekintzak) eta egokitzeko ekintzak (klima-aldaketaren ondorioak murriztera bideratutako plangintza eta ekintzak).

Honako helburu hauek sustatzen dituzten ekintzak izango dira diruz lagungarri:

 

1) Klima-aldaketa: Mugikortasun jasangarria.

- Bidegorriak edo bidegorri-lotuneak, mugikortasun-eragileak (besteak beste, bizitoki-eremuak, ikastetxeak, industrialdeak eta kirol-instalazioak) konektatzea ahalbidetuta, baldin eta natura-ondarea kontserbatzearekin bat badatoz eta diseinutik bertatik klima-aldaketara egokitzeko irizpideak kontuan hartzen badituzte.

- Aldirietako aparkalekuak, oinezkoen bideen edo garraio publikoaren bidez mugikortasun handiko guneekin lotuta badaude, eta kanpoaldean edo gune horien perimetroan badaude, betiere natura-ondarearen kontserbazioarekin bateragarriak baldin badira eta diseinutik bertatik klima-aldaketara egokitzeko irizpideak kontuan hartzen badituzte.

- Ibilgailu elektrikoak, entxufa daitezkeen hibridoak edo autonomia luzeko elektrikoak. Bi gurpileko ibilgailuei dagokienez, ez dira diruz laguntzekoak izango herritarrek orokorrean erabiltzeko direnak.

- Ibilgailuak kargatzeko azpiegiturak ere finantzatu ahalko dira, horientzat dirulaguntzak eskatu badira deialdi honen barruan.

2) Klima-aldaketa: Karbonoa xurgatzea

- Gutxienez hektarea bateko azalera basotzea eta basoberritzea karbonoa aireko eta lurpeko biomasan eta lurzoruan xurgatzeko, bertako espezietako baso-eremu zuhaiztunak sortuz eta zaintzeko xedez (aprobetxamendurik gabe).

Basotzetzat joko da basorik ez zuten lurrak landatuz, ereinez edo leheneratze naturalaren sustapen antropikoaren bidez eraldatzea.

Basoberritzetzat joko da basogabetutako lurretan lantzea, ereitea edo leheneratze naturalaren sustapen antropikoa egitea.

Proiektuak 30 urteko iraupena izan beharko du gutxienez; heldutakoan zuhaitzen adaburuen estalkia %20koa izango da, eta garaiera potentziala, 3 metrokoa. Basoa kudeatzeko plana ere eduki beharko dute.

Klima-aldaketaren aurreko udal-zaurgarritasunaren azterketaren emaitzak kontuan hartzen dituzten jarduerak lehenetsiko dira, bai eta hondatutako lurzoruetan egin eta horiek lehengoratzen laguntzen dutenak zein higadura-arriskua gutxitzen dutenak ere.

Basotzeek zein basoberritzeek egokitzeko irizpideak jaso beharko dituzte, hala nola klima-aldaketaren aurreko zaurgarritasun txikieneko espezieak hautatzea, bero-uharteak gutxitzen laguntzea, uholdeak erregulatzea, etab.

Basotzean zein basoberritzean, diruz laguntzeko modukoa izango da lursaila landaketaren aurretik prestatzea, betiere lurzorua eta biodibertsitatea babesteko irizpideei jarraikiz egiten bada.

Hala basotzeko nola basoberritzeko jardueretan, proiektuaren sustatzaileak kudeaketa-plan bat landu beharko du, baso-masak karbonoa xurgatzea bermatzeko moduko baldintzetan iraungo duela
ziurtatzeko, gutxienez proiektuaren iraunaldi osoan zehar (30 urte). Plan horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez: baso-kudeaketaren helburuak eta azalpena, karbono-xurgapenak ziurtatzeko behar diren mantentze-lanak, eta baso-jardueren kronograma bat.

Kudeaketa plana egitea diruz laguntzekoa izango da.

Ez dira diruz laguntzekoak honako jarduera hauek:

- Edozein lan zibil gauzatzeak eragindako inpaktua edo bestelakoak konpentsatzeko helburua duten jarduerak.

- Azpiegiturak eraikitzea behar duten jarduketak (baso-pistak eraikitzea, adibidez).

- Biodibertsitatea eta lurzorua zaintzearekin bateragarriak ez diren edo horren kontra doazen jarduerak. Hori horrela, ez dira diruz laguntzekoak izango Batasunaren eta/edo eskualdearen intereseko espezie edo habitatei eragiten dieten jarduerak, besteak beste.

- Makineria astunaren erabilera intentsiboa behar duten jarduerak.

- Gauzatzearen ondorioz beste toki batean, proiektuaren eremuan aurretik garatutako jarduerak lekualdatzeagatik, emisioak sortzen dituzten jarduerak.

3) Klima-aldaketa: Egokitzapena

- Energia-planak edo klima-aldaketa arintzeko planak dituzten udalerrietan, klima-aldaketara egokitzeko planak egitea, klimaren alorreko zaurgarritasun- eta arrisku-egoerak gutxitzea badute helburutzat.

- Energia-planak edo klima-aldaketa arintzeko planak ez dituzten udalerrietan, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko plan integratuak lantzea.

Bi kasuetan epe luzeko agertokia hartu beharko da kontuan (gutxienez 20 urtera), udalerrirako klima-arrisku espezifikoan oinarritu beharko dira edo, halakorik ezean, honako hau hartuko dute oinarri: «EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa», Ihobek egina. Eta modu partizipatiboan egin beharko dira.

- Klima-aldaketaren ondorioak murriztea (egokitzea) eta ekosistemen erresilientzia hobetzea, honako hauetan jasotzen diren ekintzen bitartez: «Udalsarea 21 Lan Koadernoa 12. zk.: Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gidaliburua», «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko», «Euskadin aplika daitezkeen klima-aldaketara egokitzeko tokiko neurrien jardunbide egokiak», «Irtenbide naturalak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-esparruan klima-aldaketara egokitzeko», klima-zaurgarritasunaren edo -arriskuaren azterketa edo aldez aurretiko egokitzapen-plan batetik eratorriak.

Honako ekintza hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

- Klima-aldaketan eta airearen kalitatean eragin txikia duten ekintzak; besteak beste, bizikletentzako aparkalekuak jartzea, kaleak oinezkoentzako bihurtzea, edo bidegorriak eraikitzea,   mugikortasun-eragileen (ekoizleen eta erakarleen; tartean, bizilekuak, ikastetxeak, industrialdeak, kiroldegiak, etab.) arteko loturarik ez dakartenak.

- Azterlanak edo diagnostikoak (mugikortasun-planak, adibidez), agindu honetan berariaz aipatutakoak izan ezik.

- Eta, bereziki, ez dute dirulaguntzarik jasoko azpiegitura eraikitzea dakarten ekintzek, baldin eta ez badira kontuan hartu klima-aldaketara egokitzeko irizpideak, irizpide ekologikoak eta hiriko ingurumena hobetzeko irizpideak, ez badira paisaian txertatzeko eta ingurune naturalaren gaineko eragina txikiagotzeko ahaleginak egin, edo ez badira natura-ingurunearen kontserbazioarekin bateragarriak.

Azpiegiturek materialen beharra izanez gero, eraikuntzako materialen gutxienez % 70 birziklatuak izango dira; nagusiki, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetatik eratorritako agregakin birziklatuak eta altzairugintzako zepa balorizatzetik datozen agregakin siderurgikoak.

 

Aurrekontuko zuzkidura

1.000.000 euro

Prestazio ekonomikoa

 

15. artikulua.–Dirulaguntzen zenbatekoa

Klima-aldaketaren lerroan:

 

CO2 xurgatzeko proiektuak

Gainerako jarduketak

7.000 biztanletik gorako
toki-erakundeak edo udalerriaz gaindiko eremuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen %75.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen %50.

7.000 biztanletik beherako
toki-erakundeak edo udalerriaz gaindiko eremuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen %95.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen %80.

 

Proiektu bakoitzak 80.000 euro jaso ahalko ditu gehienez dirulaguntza gisa, salbuespen hauekin:

 

b.1.– Klima-aldaketara egokitzeari loturiko planak eta azterlanak eta klima-aldaketaren plan integratuak egiteko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da

b.2.– Ibilgailuei buruzko proiektuen kasu zehatzean, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da hamar plaza baino gutxiagoko ibilgailu bakoitzeko, eta 20.000 euro ibilgailu handiago bakoitzeko. Bi kasuetan, gehienez 80.000 euro, proiektu bakoitzeko zenbateko handiena denez.

Ordainketa-modua:

1.– Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren, natura-ondarearen eta biodibertsitatearen eta ekonomia zirkularraren lerroetan, honela ordainduko da onartutako dirulaguntza:

 

a) Ordainketaren lehen aurrerakina, dirulaguntzaren zenbatekoaren %20, dirulaguntza onartu ostean, 17. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Ordainketaren bigarren aurrerakina, dirulaguntzaren % 30, 2021ko urriaren 31 baino lehen.

c) Hirugarren ordainketa, dirulaguntzaren %50, 2022ko ekitaldian egingo da, 22.2 artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren.

Nori dago zuzenduta


Toki-erakundeak

Udalak, udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak eta toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak, betiere, legez eratuta badaude eta dagozkion erregistro eta administrazio-erroldetan inskribatuta badaude.

Tokiko merkataritza-sozietateak

Garapen-agentziak

Ekonomiaren garapena babestea eta sustatzea, hala nola horretarako bitartekaritza lanak egitea, zeregina duten erakundeak.

Toki-erakunde autonomoak

Betekizunak

  • Erantzukizunpeko adierazpena
  • Oinarrizko eta harremanetarako datuen formularioa
  • Aurkeztutako proiektuaren aurrekontua

  • Aurkeztutako proiektuaren deskribapen teknikoa

  • Justificación de la reducción de las emisiones de gases de efecto invernadero y de contaminantes a la atmósfera
  • Jakinarazitako aurrezkiak frogatzea
  • Borondatez aurkeztu ahal diren agiriak

Araudia


Erakundeak


Deitzen duen erakundea

  • Eusko Jaurlaritza > Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Ebazten duen erakundea

  • Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza > Ingurumen Sailburuordetza

Kontaktu-informazioa


Zuzenean: Herritarrentzako arreta zerbitzua

Maiatzaren 21etik aurrera, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko bulegoek berriz ekingo diote aurrez aurreko arretari, aurretiko hitzorduaren bidez. Zuzenean zerbitzuko hitzordua

Tramitazio elektronikoan arazorik baduzu, erabiltzaileentzako arreta zentroaren telefonoa erabili dezakezu: 945 01 68 38

Kodea

1009407

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea


7. Artikulua.– Dirulaguntza-eskabideak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuak aurkezteko mugak.

1.- Ez dago mugarik eskabideak aurkezteko, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, 3. puntuan azaldu bezala.

Lurzoru kutsatuen lerroan, erakundeak eskabide bat baino gehiago aurkeztu badu, lurzoru artifizializatu hutsen inbentarioa egiteko eta, gainerako tipologietan, puntuaziorik handiena izan duen jarduera baino ezingo dira diruz lagundu.

Klima-aldaketaren eta natura-ondarearen lerroetan, erakundeak lerro horietan eskaera bat baino gehiago egin badu, puntuaziorik handiena lortu duen jarduerari bakarrik eman ahalko zaio dirulaguntza.

Ekonomia zirkularraren lerroan, erakundeak eskabide bat baino gehiago aurkeztu badu, egiturazko zuntz-zementuarekin lotutako jarduketa bat egiteko eta, gainerako tipologietan, puntuaziorik handiena izan duen jarduerarentzat baino ezingo da eman dirulaguntzarik.

2.- Lurzoru kutsatuen lerroan, deialdi berean ezin izango dira aurkeztu kokapen bera aztertzeko edo proiektua idatzi eta, ondoren, berreskuratzeko eskabideak, salbu eta lanak oso aurreratuta badaude eta lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidea hasteko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu badute dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu aurretik.

3.- Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, dirulaguntza jasotzeko eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du erakunde bakoitzak. Erakundeek ezin izango dute eskabiderik banaka aurkeztu, beren lurralde-eremuan zerbitzu hori ematen duen udalaz gaindiko beste erakunde batek jarduten badu.

Ezarritako mugak kontuan hartzen ez badira, eskaera egin duen erakundeari eskaeran egindako akatsa konpontzeko eskatuko zaio. Akatsak konpontzen ez baditu, erakundeak laguntza-eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, gorago ezarritako mugak kontuan izan gabe.

4.- Udalerri bera ordezkatzen duten erakunde onuradun desberdinek ezingo dute proiektu berari buruzko eskabiderik aurkeztu, nahiz eta proiektuaren fase desberdinetarako izan.

8. Artikulua.- Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste dirulaguntza batzuekin; betiere, horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da

9. Artikulua.– Eskabideak egiteko modua eta horiek aurkezteko epeak.

1.- Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2020ko irailaren 22an amaituko da.

2.- Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: (http://www.euskadi.eus/agrupacion_servicios/2020/herrijasangarriak/web01-tramite/es)

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskaera-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan bitarteko elektronikoen bidez jarduteko beste pertsona bati ordezkaritza eman behar zaionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan alta emanda egon beharko da: (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).

4.- Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko "Nire Karpeta" atalaren bidez egin eta jakinaraziko dira: (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

5.- Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta aplikatu beharreko gainerako araudiaren arabera tratatuko dira datuak.

10. Artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.- Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontuan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira inprimakien ereduak eta aurkeztu beharreko proiektuen gutxieneko edukien aurkibideak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, behar bezala sinatuta.

b) «Oinarrizko eta harremanetarako datuen» formularioa.

c) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion «Aurrekontua» inprimakia, behar bezala beteta. Aurrekontua kontu-sailen arabera banakatu beharko da, kontzeptuak argi bereizita.

d) «Proiektuaren memoria» inprimakia edo, hala badagokio, laguntza eskatu den jardun-lerroari dagozkion proiektu-memorietako gutxieneko edukien aurkibidea. Beharrezkoak diren eremu guztiak bete beharko dira, dirulaguntza eskatzen den proiektu motaren arabera. Zehazki, «Memoriaren proiektua» inprimakiaren barnean, lerroaren arabera, honako hauek adierazi beharko dira
nahitaez: inpaktuaren murrizketako parametro gakoa edo gakoak, kalkulu-metodoaren xehetasunak eta kontserbazio-egoeraren hobekuntza, natura-ondarearen lerroaren kasuan.

Aurkeztutako dokumentazio gehigarriak ebaluazio teknikorako kontuan izan behar den informazioa badu, nahitaezko bi inprimaki horien apartatuetan berariaz adierazi beharko da zein den dokumentazio gehigarri horretan kontsultatu behar den informazioa (apartatuak, kapituluak eta abar).

-Berotegi-efektuko gasen emisioak murriztera bideratutako klima-aldaketaren lerroko ekintzei dagokienez, dirulaguntza eskatzen den jarduerari dagokion emisio-murrizketa zehazteko egindako hipotesiak, kalkuluak edo estimazioak jasota eta azalduta dauden frogagiria atxiki beharko da.

2.- Eskatzaileek, borondatez, eta ebaluazio hobea egite aldera, honako agiri hauek aurkeztuko dituzte eskabideekin batera:

a) Proiektua, aurreproiektua eta/edo eskaintza teknikoa, jardunen xehetasuna eta faseen arabera banakatutako aurrekontua jasota.

b) Klima-aldaketaren lerroko eskaeren kasuan, hala badagokio, edo klima-aldaketarekin lotura duen plana, programa edo ordenantza izatea egiaztatu behar da.

c) Egokitzapen-ekintzen garapenarekin lotuta dauden klima-aldaketaren lerroko eskabideen kasuan, dagokion agintariaren baimena beharko da proiektua garatzeko.

d) Hala dagokionean, tokiko jasangarritasun-politikak beteko direla hitzematea eta/edo jasangarritasun-prozesuen ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea.

e) 16. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpide guztiak behar bezala aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak.

  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.

Ebazpena eta errekurtsoak


Ebazteko epea

17. artikulua.- Deialdiaren ebazpena. 1.- Ingurumeneko sailburuordeak, ebaluazio-organoak igorritako proposamen arrazoitua ikusita, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena izenpetuko du sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratuz emango zaie haren berri interesdunei. Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra. 2.- Laguntza eman den edo ez zehaztuko da ebazpenean; gainera, laguntza eman bada, zer erakundek jaso duen, laguntza zer proiektuk jaso duen eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira; eta, aitzitik, eman ez bada, laguntza ez emateko arrazoiak adieraziko dira. Halaber, erakunde onuradunen batek uko egiten badio jaso duen dirulaguntzari, ezarritako exekuzio-epearen lehen urtearen barnean, ebazpenean zehaztuta egongo da partez diruz lagundutako proiektuen eta aurrekontu ezagatik dirulaguntzarik gabe geratutakoen lehentasun-hurrenkera, dirulaguntzak jaso ditzaten. 3.- Aurreko lerrokadetan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko helegitea jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Diru-laguntza emateko modua

Lehiaketa

Isilbidearen ondorioak

Gaitzetsiak

Justifikazioa


22. artikulua.- Dirulaguntza justifikatzea.

1.- Erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintza 2022ko urriaren 28a baino lehen gauzatu eta justifikatu beharko du.

2.- Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bitarteko elektronikoz, https://euskadi.net/nirekudeaketak webgunean:

a) Toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, dirulaguntzaren xedea bete dela eta bestelako dirulaguntzarik lortu duten adierazten duena. Bestelako dirulaguntzarik lortu badute, ziurtagirian jasotako dirulaguntzaren ehunekoa eta zenbatekoa adierazi beharko dituzte.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen dirulaguntza jasotzekoa den jardun-lerroari dagozkion ekintzak egin direla azaltzeko memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ingurumen-arloko helburuen betetze-maila azalduta. Ingurumeneko onuren kasuan, inpaktuen murrizketa eta egiazko ingurumen-presioak zenbatestea, a priori helburuekin alderatuta, 18. artikuluan zehaztutako baldintzen agirian adierazitakoaren arabera. Diruz lagundutako ekintzaren izaeraren arabera, jarduketaren aurretik eta ondoren egindako argazkiak jasoko dira memorian, ahal den guztietan. Proposamenean aurreikusitako ekintzen gauzatze-balia balioetsi ahal izateko adina informazio eman beharko dute, aurreikuspenen eta azkenean egindako jarduketen irismenaren arteko alderaketa barne.

c) Ekonomia zirkularreko proiektuen kasuan, jakiak alferrik ez galtzea sustatzera edo/eta ezartzera bideratutako mekanismoen ingurukoak badira, udalerrian alferrik galtzen den jakien benetako kalkulua eta horretarako metodologia jaso beharko dituzte.

d) Natura-ondarearen lerroko ekintzen kasuan, eta lursailen erosketa ere barne sartzen bada, erakunde onuradunak Jabetzaren Erregistroko ziurtagiria erantsi beharko du.

e) Lurzoruen gaineko proiektuen kasuan, diruz lagundutako jardueraren kokapenari dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratzeko espedientea hasteko eskabidearen kopia.

f) Karbono-xurgapena sustatzen duten ekintzen bidezko klima-aldaketako proiektuen kasuan, proiektuaren iraunaldian karbonoa xurgatzeko helburuak betetzea bermatzen duen kudeaketa-plana erantsi beharko dute.

g) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak. Ordainagirietan fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.

h) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda. Gastu-zerrendan, fakturatutako kontzeptua nahikoa zehaztu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta besteak bereizi ahal izateko.

i) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea.

j) Proiektuan sortutako materialen kopia, azterlan eta txostenak, zabalkunde eta komunikaziorako materialak eta abarrak barne.

k) Georreferentziatutako informazioari dagokionez, kartografia shape formatuan eta ETRS89 proiekzioan aurkeztu behar dute. Kartografia-informazioko metadatuen fitxa bat bete beharko da
kartografiako geruza bakoitzeko (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/instrucciones_documentacion/eu_def/adjuntos/formulario_metadatos_eu_g.pdf).

  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.

Beste tramite batzuk