Arautegia

Inprimatu

HUTS-ZUZENKETA, honako dekretu honena: «78/2022 Dekretua, ekainaren 21ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak onartzen dituen otsailaren 15eko 17/2011 Dekretua aldatzen duena».

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 185
  • Hurrenkera-zk.: 4433
  • Xedapen-zk.: 78
  • Xedapen-data: 2022/06/21
  • Argitaratze-data: 2023/09/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Sailak

Testu legala

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.b) artikuluan xedatzen denez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, baldin eta nabarmenak badira, dokumentuen esanahia aldatzen ez badute, eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada. Zuzenketa egiteko eskaria testua argitaratzeko agindua eman duen organoak egingo du.

Era horretako hutsak atzeman dira Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak onartzen dituen otsailaren 15eko 17/2011 Dekretua aldatzen duen ekainaren 21eko 78/2022 Dekretuaren artikulu bakarrean, euskarazko argitalpenean (2022ko uztailaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 133. zenbakia). Hori dela eta, zuzendu egiten dira, artikulu bakar hori osorik argitaratuz.

Lehenengoa. 20. artikuluaren 1. atala aldatzen da. Honela geratuko da:

UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua ikasleen ordezkaritza organoa da, eta honako osakide hauek izango ditu: campusetako ikasleen kontseiluetako ordezkariak, ikasleek Gobernu Kontseiluan dauzkaten ordezkariak, eta, gutxienez, ikastegi edo atal bakoitzeko ikasleen kontseiluko ordezkari bat. Ikastegi edo ataletako ikasleen kontseiluetako ordezkarien kopurua proportzionalki zehaztuko da ikastegietako ikasle kopuruaren arabera, baina bermatuko da ikastegi edo atal bakoitzak gutxienez ordezkari bat izatea. Ikasleen Kontseiluko burua kontseiluko kideek hautatuko dute beren artetik.

Bigarrena. 21. artikulua aldatzen da. Honela geratuko da:

  1. Campuseko Ikasleen Kontseiluak osakide hauek izango ditu: Campuseko Batzarrean ikasleek dauzkaten ordezkariak eta campuseko ikasleek Gobernu Kontseiluan dauzkaten ordezkariak.

  2. Campuseko ikasleen kontseilu bakoitzak bere kideen artetik izendatuko du kontseilu horretako burua. Campusetako ikasleen kontseiluetako buruak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideak izango dira.

  3. Hauek izango dira Campuseko Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak:

    1. UPV/EHUren aurrekontuetan esleiturik duen aurrekontua nola banatuko den erabakitzea.

    2. Campuseko ikastegietako ikasleen kontseiluen ekintzak babestu eta sustatzea.

    3. Ikasleei eragiten dieten ekimenak kudeatu eta gatazkak konpontzea, bere eskumenen esparruan.

    4. Ikuskaritza Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea ikasleen irakaskuntza eskubideak bermatzeko neurriei dagokienez.

    5. Estatutuok eta hauek garatzeko arautegiek ematen dizkioten egitekoak aurrera eramatea.

  4. Campus bakoitzari dagokio, unibertsitateko organo orokorrekin elkarlanean, kasuan kasuko Campuseko Ikasleen Kontseiluak bultzatutako ekintzak antolatzeko eta horiek aurrera eramateko laguntza ematea.

    Hirugarrena. 22. artikuluaren 1. eta 2. atalak aldatzen dira. Honela geratuko dira:

  1. Ikastegi edo atal bakoitzeko ikasleen kontseiluak osakide hauek izango ditu: Ikastegiko Batzarrean ikasleek dituzten ordezkariak, ikastegiko ikasleek Klaustroan dauzkaten ordezkariak eta ikastegiko delegatuen ordezkariak. Ikastegietako Ikasleen Kontseiluen Esparru Arautegiaren arabera gobernatuko da.

  2. Ikastegiko ikasleen kontseilu bakoitzak bere kideen artetik izendatuko du kontseilu horretako burua. Ikastegietako ikasleen kontseiluetako buruak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideak izango dira.

    Laugarrena. 169. artikuluaren bigarren eta hirugarren buletak aldatzen dira. Honela geratuko dira:

    19 (% 8): irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreak eta irakasle-ikertzaile ez-iraunkor doktoreak

    4 (% 1,59): gainerako irakasle-ikertzaileak.

    Bosgarrena. 175. artikuluaren 1. atalaren b) letra aldatzen da. Honela geratuko da:

    1. Unibertsitateko Klaustroak hautatutako hogei kide. Horietatik zortzi unibertsitateko irakasle iraunkor doktoreen ordezkariak izango dira; beste bi, irakasle-ikertzaile ez-iraunkor doktoreen eta irakasle iraunkor ez-doktoreen ordezkariak; beste bat, gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkaria; bost, ikasleen ordezkariak, haietako bat gutxienez graduondoko ikaslea dela; eta lau, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak. Kidego bakoitzak bere ordezkariak hautatuko ditu bere kideen artetik.

      Seigarrena. 245. artikuluaren 1. atala aldatzen da. Honela geratuko da:

      Klaustroko Estatutuen Batzordeko burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona, eta idazkari nagusia batzordeko kideetako bat izango da. Gainera, honako hauek egongo dira batzordean: irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen lau ordezkari, irakasle-ikertzaile ez-iraunkor doktoreen eta irakasle iraunkor ez-doktoreen ordezkari bat, gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkari bat, ikasleen bi ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari. Kidego bakoitzak bere ordezkariak hautatuko ditu bere kideen artetik Klaustroan. Hauteskunde prozesuan behar diren neurriak hartuko dira emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

      Zazpigarrena. Xedapen gehigarri bakarra. Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen aipamenak Estatutuetan.

      Estatutuen aldaketa hauek indarrean sartzen direnetik aurrera, ulertu beharko da bertan agertzen diren irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen aipamen guztiak dagozkiela bai irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreei eta bai irakasle-ikertzaile ez-iraunkor doktoreei.

      Zortzigarrena. Lehenengo xedapen iragankorra. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren, campusetako ikasleen kontseiluen eta ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluen osaera.

      Azken xedapenetako lehenean aipatzen diren arautegien aldaketak indarrean sartu artean, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluaren osaera, campusetako ikasleen kontseiluen osaera eta ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluen osaera UPV/EHUko Ikasleen Arautegiari jarraituz arautuko da, eta sortzen diren hutsuneak bertan zehazten den moduan beteko dira.

      Bederatzigarrena. Bigarren xedapen iragankorra. Irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen ordezkarien eta gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkarien agintaldia.

      Indarrean sartzen direnean UPV/EHUko Estatutuetan aldatutako hauek: 169. artikuluko zerrendaren bigarren eta hirugarren buletak, 175. artikuluaren 1. ataleko b) letra eta 245. artikuluaren 1. atala, Klaustroan eta Gobernu Kontseiluan irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreek dituzten ordezkariek eta gainerako irakasle-ikertzaileek dituzten ordezkariek eginkizun horretan jarraituko dute, harik eta agintaldia amaitu arte. Hutsunerik sortuz gero, ordezkariak hautatuak izan zirenean indarrean zegoen sistemaren arabera beteko dira.

      Aurreko paragrafoan esandakoa aplikatuko da, halaber, unibertsitateko kidegoek Klaustroan daukaten osaera islatzen duten gobernu eta ordezkaritza organoetan ere.

      Hamargarrena. Azken xedapenetako lehena. Ikasleen Arautegiaren egokitzapena.

      Bederatzi hilabete betetzen direnean indarrean sartzen direnetik UPV/EHUko Estatutuetako 20., 21. eta 22. artikuluetan egindako aldaketak, Gobernu Kontseiluak behar diren aldaketak onartuko ditu, Ikasleen Kontseiluaren iritzia entzun ondoren, Estatutuetara egokitzeko bai UPV/EHUko Ikasleen Arautegia, bai UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluari, campusetako ikasleen kontseiluei, eta ikastegiko edo ataleko ikasleen kontseiluei buruzko arauak.

      Hamaikagarrena. Azken xedapenetako bigarrena. Beste arautegi batzuk egokitzea.

      Bederatzi hilabete betetzen direnean indarrean sartzen direnetik UPV/EHUko Estatutuetan (17/2011 Dekretua, otsailaren 15ekoa) aldatutako honako hauek: 169. artikuluko zerrendaren bigarren eta hirugarren buletak, 175. artikuluko 1. ataleko b) letra eta 245. artikuluko 1. atala, Klaustroaren osaera islatzen duten ordezkaritza eta gobernu organoek beren arautegiak aldatuko dituzte beren osaera UPV/EHUko Estatutuetara egokitzeko.

      UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra ere horren arabera egokituko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.