Arautegia
Inprimatu60/2025 DEKRETUA, martxoaren 11koa, aldez aurretiko fiskalizazioa behar duten espedienteei dagozkien gastu mota bakoitzeko zenbatekoak finkatzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Finantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 58
- Hurrenkera-zk.: 1339
- Xedapen-zk.: 60
- Xedapen-data: 2025/03/11
- Argitaratze-data: 2025/03/25
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Ogasun
Deskribapenak
Testu legala
Urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginaren 22.1.a.3 artikuluak agintzen du aldez aurretik fiskalizatzekoak direla gastu motaren araberako zenbateko unitarioak gainditzen dituzten espedienteak, erregelamendu vides zehazten direnak. Igorpen hori baliatuz, uztailaren 28ko 148/2000 Dekretua onartu zen; hark arautu du arlo hori orain arte.
Egun, jaso egin behar dira dekretu horren ostean onartutako arauen bitartez sortutako figura batzuk, bai dirulaguntzen eremukoak, bai kontratazio publikoaren eremukoak; era berean, ezabatu behar dira gaur egun indarrean ez dauden kontzeptuei buruzko aipamenak; eta, azkenik, komeni da zenbateko batzuk eguneratzea eta dekretuaren indarraldian metatutako esperientziaren ondoriozko aldaketa jakin batzuk txertatzea. Horrenbestez, komeni da arau berri bat onartzea, orain indarrik gabe uzten denaren eskema oro har errespetatuta.
Era berean, egokitzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 15. artikuluko 2. paragrafoa aldatzea (funts aurreratuei buruzkoa artikulu hori), paragrafo horretan ezarritakoa funts aurreratu guztiei aplikatu ahal izateko, eta ez bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako organo zentralekin lotutakoei, aurreko testuak zekarren moduan.
Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
Dekretu honen xedea da zehaztea gastu mota bakoitzeko zer zenbateko unitario gainditu behar diren aldez aurretiko fiskalizazioa nahitaezkoa izan dadin. Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginaren, urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitakoaren, 22.1.a.3 artikuluan aipatzen da fiskalizazio mota hori.
Honako gastu hauek ez dira dekretu honen mende egongo, eta, beraz, aldez aurretiko fiskalizazioa egin beharko zaie beti, zenbatekoa edozein dela ere:
Zuzenean nahiz zeharka eduki ekonomikoa duten erabaki-proposamenak, haiek baimentzea eta onartzea Gobernu Kontseiluari badagokio edo haien berri jakitea berari badagokio.
Aurrekontu-aldaketak.
Ondare-eragiketak, kontratu txikitzat jotzen direnak izan ezik.
Bermeak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kargura ematea.
Zehaztu gabeko kopuruko gastuak sorraraz ditzaketen ekonomia-egitateak edo -eragiketak eta ondoz ondoko hiru aurrekontu-ekitalditarako edo gehiagotarako sarrera- nahiz gastu-konpromisoak dakartzatenak.
Aitzitik, eragiketa hauek aldez aurretiko fiskalizaziotik salbuetsita egongo dira beti, zenbatekoa edozein dela ere:
Kontratu txikiak; nolanahi ere, 3.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, hala badagokio.
Langileen kontratuak.
Segidako traktuko kontratuak eta aldizkakoak, haiek datozen egintza edo hasierako aldia edo haien aldaketak kontrolatu ondoren.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan izendapen bidez emandako dirulaguntzak.
Transferentzia arruntak eta kapital-transferentziak.
Kontratu-luzapenak.
Aurreko artikuluan xedatutakoari jarraikiz, gastu mota hauek aldez aurretiko fiskalizazioaren mende egongo dira, baldin eta jarraian aipatzen diren zenbateko unitarioak gainditzen badituzte:
300.000 eurotik gorako oinarrizko lizitazio-aurrekontua edo 600.000 eurotik gorako balio zenbatetsia duten obrak kontratatzeko eta obra-emakidarako espedienteak. Kontzeptu honen barnean daude obrak egitea helburu duten esparru-akordioak eta eskuratze-sistema dinamikoak.
Aurreko letran adierazitakoez bestelako edozein administrazio-kontratu esleitzeko espedienteak, baldin eta 100.000 eurotik gorako oinarrizko lizitazio-aurrekontua edo 200.000 eurotik gorako balio zenbatetsia badute. Kontzeptu honen barnean daude aurreko letran jasotakoez bestelako esparru-akordioak eta eskuratze-sistema dinamikoak.
Ordainsaririk gabeko konpentsaziodun kudeaketa-gomendioak eta bitarteko propio pertsonifikatuei egindako enkarguak, 300.000 eurotik gorakoak obrekin zerikusia badute, edo 100.000 eurotik gorakoak gainerako kasuetan.
Prezioen berrikuspenak eta kontratuen, esparru-akordioen, eskuratze-sistema dinamikoen, ordainsaririk gabeko konpentsazioak dituzten kudeaketa-gomendioen edo bitarteko propio pertsonifikatuei egindako enkarguen aldaketak, baldin eta, aurreko letretan adierazitakoa aplikatuz, aldez aurretiko fiskalizazioaren mende egon badira eta haien aldaketak hasierako espedientearen adjudikazio-zenbatekoaren % 25etik gorako ehunekoa badakar, gora edo behera, bai berez, bai aurreko beste aldaketa batzuekin batera zenbatuta.
Kontratu-ebazpenak eta -lagapenak, baldin eta kontratuaren aurrekontuak aurreko a) eta b) letretan adierazitako zenbatekoak gainditzen baditu.
Kontratu pribatuak egitea edo haien nobazioa, espedientearen zenbatekoa 50.000 eurotik gorakoa izanez gero.
Lehiaketa bidezko nahiz lehiaketa ez den beste prozedura baten bidezko norgehiagoka erabiliz eman beharreko laguntzak eta dirulaguntzak, baldin eta prozedura horretako azken zuzkidura ekonomikoa 300.000 eurotik gorakoa bada. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 eta 19.2 artikuluetan daude zehaztuta bi prozedura horiek.
Segidako lehiaketaren prozeduraren bidez eman beharreko laguntzak eta dirulaguntzak, baldin eta haien zenbatekoa, banaka hartuta, 100.000 eurotik gorakoa bada. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan dago zehaztuta prozedura hori.
50.000 eurotik gorako orotariko kalte-ordainak. Epigrafe honetan sartzen dira asistentzia sanitario, farmazeutiko eta ortoprotesikoko gastuen itzulketa gisa izapidetzen diren espedienteak.
50.000 eurotik gorako orotariko mailegu eta aurrerakinak.
Administrazio-errekurtsoak, ofiziozko berrikuspen-prozedurak edo kide anitzeko organoen edo berariazko batzordeen aurreko aurkaratze-, erreklamazio-, adiskidetze-, bitartekaritza- eta arbitraje-prozedurak ebazten dituzten egintzak, baldin eta haien xedea aldez aurretiko fiskalizazioaren mende badago.
Aurreko epigrafeetan sartu ez diren beste gastu batzuk, baldin eta 50.000 eurotik gorakoak badira, dekretu honen 3.1 artikuluan transkribatutako irizpidearen arabera.
Aurreko artikuluan adierazitako zenbatekoak kalkulatzeko, bildu egingo dira, ekitaldi ekonomiko bati dagokionez, unitate funtzional edo operatibo bat osatzen dutelako batera konprometi daitezkeen prestazio, egitate, eragiketa edo egintza guztiak, eta ezin izango dira zatitu aldez aurretiko fiskalizazioa saihesteko.
Zenbatekoak banaka hartuta aldez aurretiko fiskalizazioa beharko ez luketen baina aurreko apartatuko irizpidea aplikatuz behar duten gastu-konpromiso gehiago onartuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginaren 24.4 artikuluan zehazten den txostena aurkeztu beharko da.
Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, uztailaren 28ko 148/2000 Dekretua, aldez aurretiko fiskalizazioa behar duten espedienteei dagozkien gastu mota bakoitzeko zenbatekoak finkatzen dituena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretua aldatzea.
Aldatu egiten da Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 15. artikuluko 2. apartatua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:
Funts aurreratuen kargura egingo diren ordainketen banakako zenbateko unitarioa diruzaintzaren arloan eskumena duen sailak ezarritakoa baino txikiagoa izango da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako agindu baten bidez ezarriko da zenbateko hori. Muga hori bete beharrez, berez bakarra den gastua ezin izango da hainbat ordainketatan zatitu. Banakako gastu unitariotzat hartuko da unitate funtzional edo operatibo bat nahitaez osatzen dutelako batera egin daitezkeen prestazio homogeneoei dagokiena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hilabetera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko martxoaren 11n.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL DANJOU OLAIZOLA.