Arautegia
Inprimatu35/2025 DEKRETUA, otsailaren 11koa, Gasteizko Mendi Garaiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen Dekretua aldatzen duena, eremu hori handitzeko, Gasteizko Mendiak / Montes de Vitoria Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena emanez eta kontserbazio-neurriak eguneratuz.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 54
- Hurrenkera-zk.: 1252
- Xedapen-zk.: 35
- Xedapen-data: 2025/02/11
- Argitaratze-data: 2025/03/19
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoak (Habitat Zuzentaraua), eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauak, hegazti basatiak kontserbatzeari buruzkoak (Hegazti Zuzentaraua), Natura 2000 Sarea eratu dute, biodibertsitatea kontserbatzeko eremuen Europako sare ekologikoa. Natura 2000 Sarea, basoko fauna eta flora eta habitatak kontserbatzeko jarduera-esparru komun bat definituz, Europako erakundeen eta herritarren tresna nagusia da, Batasun osoan biodibertsitatea babesteko.
Sare hori honako hauek osatzen dute: estatu kideek habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieak hartzeko proposatutako garrantzi komunitarioko lekuek (GKL), Europako Batzordearen erabaki bidez onartutakoek, GKLetatik izendatutako kontserbazio bereziko eremuek (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremuek (HBBE). Horiek guztiak (GKL, KBE eta HBBE) naturagune babestutzat hartzen dira, eta «Natura 2000 Sareko gune babestuak» izendapena dute.
Une honetan, Batzordearen 2024ko otsailaren 2ko 2024/448 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez onartutako azken zerrendaren arabera, zeinaren bidez eskualde biogeografiko atlantikoko garrantzi komunitarioko lekuen hamabosgarren zerrenda eguneratua onartzen baita, Gasteizko Mendi Garaiak Kontserbazio Bereziko Eremua Batasunaren intereseko 2.227,70 hektareako leku baten gainean deklaratuta dago. Nolanahi ere, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 58. artikuluan ezarritako beharrezko izapideak egin dira, GKLaren hedadura 5.150,90 hektareara zabaltzeko.
Aipatutako zuzentarauak Estatuko zuzenbidera ekarri ziren Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen bidez, oinarrizko arau gisa.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.a) artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da ingurumenaren eta ekologiaren arloan Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta bere lurraldean betearaztea. Hura aplikatuz, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legea eman zen. Lege horren 58. artikuluaren bigarren apartatuan, kontserbazio bereziko eremuak deklaratzeko prozedura ezartzen da, eta adierazten da deklarazioa Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez egingo dela, Euskal Autonomia Erkidegoan natura-ondarearen arloko eskumena duen sailak proposatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 10. artikuluko m) eta o) paragrafoen 1. apartatuak Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Sailari esleitzen dizkio natura-ondarea kontserbatzeko, natura-baliabideak antolatzeko eta natura kontserbatzeko eskumenak.
Gasteizko Mendi Garaiak Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu zuen uztailaren 21eko 148/2015 Dekretuaren bidez, neurriak ezarri ziren Gasteizko Mendi Garaiak KBEan Habitatei eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauetan ezarritako Batasunaren intereseko habitat natural motak eta basoko fauna- eta flora-espezieak kontserbazio-egoera onean mantentzen edo leheneratzen direla bermatzeko. Horrez gain, 2016ko irailaren 30ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren Gasteizko Mendi Garaiak kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko jarraibideak eta neurriak.
Europar Batasuneko Zuzenbidearen eskakizunak eta Eusko Legebiltzarraren eta Arabako Batzar Nagusien erabakiak kontuan hartuta, Gasteizko Mendien eremuko ingurumen-balioen azterketan sakondu da, eta horrek agerian utzi du natura-ondarearen balioak daudela, eta, horren ondorioz, Gasteizko Mendi Garaiak KBEaren lurralde-eremua zabaltzea komeni den aztertu da. Babestutako eremua handitzeko erabakia hartzerakoan, Europar Batasunaren intereseko habitaten eta basoko fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa aztertu da, eta horien kontserbazio-egoera ebaluatu da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, bere eskumenak baliatuz, inplikatutako interes publiko guztiak haztatuta, Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria KBEa zabaltzea adostu du Arabako Foru Aldundiarekin, Gasteizko Udalarekin eta eremu babestuko kontzejuekin.
Hortaz, dekretu honen helburua da Gasteizko Mendi Garaiak KBE Garrantzi Komunitarioko Lekua (GKL) handitzeko proposamena izapidetzea, helburuak eta neurriak egokituz eta eguneratuz, eta, aldi berean, haren izena espazio zabalduaren lurralde-errealitatera egokitzea, eta Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria izena hartzea. Hedatzeko arrazoiak dira honako behar hauek direla medio:
Batasunaren intereseko bi habitat-motaren azalera babestua handitzea: Quercus faginea eta Quercus canariensis espezieetako harizti iberiarrak eta txilardi oromediterraneo endemikoak.
Pagadi basofiloen eta hariztien lurralde-azalera handitzea, beharrezkoa baita pico mediano (Leiopicus medius) espeziearen eta baso-kiropteroen zenbait espezieren kontserbazioa hobetzeko, eta, aldi berean, interes komunitarioko beste flora- eta basa-espezie batzuen kontserbazioa hobetzea.
Horrenbestez, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legean, Ingurumenaren arloari dagokionez informazioa eskuratzeko, parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubidea arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legean eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko otsailaren 11n egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, honako hau
Lehenengoa. Uztailaren 21eko 148/2015 Dekretua, «Gasteizko Mendiak» Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzen duena, 1. artikulua aldatzea.
artikulua honela geratuko da idatzita:
Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dira Arabako Lurralde Historikoan.
Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria KBEren lurralde-eremua, guztira 5.150,90 hektarea azalera hartzen duena, dekretu honen I. eranskinean mugatzen da, eta Vitoria-Gasteizko udalerriari dagokio osorik.
eranskin horretan, izaera arauemailea dute mugaketa-mapek, zonakatzeek eta babes-eremu periferikoek; bestalde, izaera informatiboa dute EUNIS (European Nature Information System) habitaten eta Batasunaren intereseko habitaten mapek.
Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria Kontserbazio Bereziko Eremua zabaltzeko, Natura 2000 Sareko eremu horren egungo egoeraren inguruan eginiko diagnosia da abiapuntua. Diagnostiko hori dekretuaren II. eranskinean jasota dago, eta informatzekoa besterik ez da.
eranskineko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-ondarea kontserbatzeko eskumena duen sailaren webgunean eguneratuko da, eta bertako informazioa garatuagoa izango da.
Bigarrena. Uztailaren 21eko 148/2015 Dekretua, «Gasteizko Mendiak» Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzen duena, 2. artikulua aldatzea.
artikulua honela geratuko da idatzita:
Biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzen laguntzeko, honako hauek dira kontserbazio bereziko eremu izendapen honen helburuak:
Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria KBEan Habitat Direktiban ezarritako habitat natural motak eta Europar Batasunaren intereseko basoko fauna eta florako espezieen habitatak mantentzea edo leheneratzea bermatzea, kontserbazio-egoera onean.
Hegaztiei buruzko Direktibaren I. eranskinean jasota dauden hegazti-espezieen eta aipatutako I. eranskinean jasota ez dauden eta erregularki agertzen diren espezie migratzaileen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion banaketa-eremuan.
Hirugarrena. Uztailaren 21eko 148/2015 Dekretuaren, «Gasteizko Mendiak» Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzen duena, 3. artikulua aldatzea.
artikulua honela geratuko da idatzita:
1. III. eranskina, kontserbazio-helburu, -erregulazio eta -jarraibideei buruzkoa, arau-emailea da, eta honako hauek osatzen dute:
Kontserbazio-helburuak, -arauketak eta -jarraibideak beharrezkoak/egokiak: hondatzea saihesteko eta kontserbazio-egoera ona eta babestutako eremua ondo egongo dela ziurtatzeko; lekua KBE izendatzea eragin duten habitat naturalak, espezieen habitatak eta flora eta fauna basatien espezieak hondatzea saihesteko; habitat eta espezie horiek kontserbazio-egoera ona lortu edo mantentzeko; eta ikuspegi klimatikoa txertatzeko.
KBEaren zonakatzearen araberako Kontserbazio-helburuak, -arauketak eta -jarraibideak.
Habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko programa.
Dekretu honetan onartutako kontserbazio-helburuetan, erregulazioetan eta jarraibideetan oinarrituta, Arabako Foru Aldundiko foru-organo eskudunak honako hauek onartuko ditu: Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria KBEa kontserbazio-egoera onean mantentzeko kontserbazio-jarduerak egokiak, habitat naturalak eta espezieen habitatak hondatzea saihesteko neurri egokiak, eta gune horren izendapena eragin duten espezieei eragiten dieten aldaketak saihesteko neurriak.
Laugarrena. Uztailaren 21eko 148/2015 Dekretuaren, «Gasteizko Mendiak» Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzen duena, 4. artikulua aldatzea.
artikulua honela geratuko da idatzita:
Dekretuaren III. eranskinaren berrikuspena egokitu egin beharko da, bat etortzeko natura-ondarearen kontserbazioaren arloan ezar daitezkeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 Guneen Sarean jarduteko ildo nagusiak finkatzen dituzten goragoko mailako beste plan batzuek ezartzen dutenarekin.
Kontserbazio eta kudeaketa moldakor, jarraitu eta malgua erdiesten aurrera egiteko, egoerak edo eskura dauden ezagutza tekniko-zientifikoek hala eskatzen badute, Habitatei buruzko Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, III. eranskina berrikusi edo aldatuko da, izaera ez funtsezkoan, natura ondarean eskumena duen sailaren arduradunaren agindu bitartez.
Bosgarrena. Uztailaren 21eko 148/2015 Dekretuaren, «Gasteizko Mendiak» Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzen duena, 5. Artikulua aldatzea.
artikulua honela geratuko da idatzita:
Arau-hausteen eta zehapenen araubidea Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak eta Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legeak edo horiek ordezten dituzten arauek eraentzen dute.
Seigarrena. Uztailaren 21eko 148/2015 Dekretuaren, «Gasteizko Mendiak» Kontserbazio Bereziko Eremua izendatzen duena, azken xedapenetako lehena aldatzea.
Azken xedapenetako lehena honela geratuko da idatzita:
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Lehentasuna izatea hirigintza- eta lurralde-antolamenduaren gainetik.
Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 3. artikuluan xedatutakoa betez, dekretu honetako zehaztapenak zuzenean aplikatzekoak dira, eta Vitoria-Gasteizko udalaren hirigintza-plangintzan sartuko dira. Ildo beretik, dekretu honetan xedatutakoarekin kontraesanean dauden lurralde-antolamenduko tresnak dekretu honetara egokitu beharko dira.
Europako Batzordearen betearazpen-erabakiaren bidez Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria Kontserbazio Bereziko Eremua sartu den eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda eguneratua onartzen den arte, dekretu honen II. eta III. eranskinak aplikatuko dira uztailaren 21eko 148/2015 Dekretuaren bidez Kontserbazio Bereziko Eremu izendaturiko lurraldearen esparruan.
Dekretu hau indarrean sartzen denean, indargabetuta geratuko dira bertan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Hala ere, dekretu honen 1. eta 2. artikuluak indarrean jarriko dira Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratzen denean Europar Batasunaren Intereseko Lekuen zerrenda eguneratua onartzen duen Europako Batzordearen betearazpen-erabakia, non Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria Kontserbazio Eremu Bereziaren esparruaren hedadura berria txertatzen den.
Halaber, uztailaren 21eko 148/2015 Dekretuaren bidez Gasteizko Mendi Garaiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu ziren lurraldean xedapen honen 1. zenbakiaren arabera indarrean jarriko diren dekretu honen 3. artikuluko aurreikuspenek ez dute eraginik izango Gasteizko Mendiak/Montes de Vitoria KBEaren bidez zabaldutako lurraldean, harik eta aurreko apartatuan adierazitako exekuzio-erabakia argitaratzen den arte.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko otsailaren 11n.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
https://www.geo.euskadi.eus/geobisorea?webmap=6c5d74d06cfd4548bf2db3888ffc18ee&lang=eu
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)