Arautegia

Inprimatu

232/2025 DEKRETUA, abenduaren 2koa, guraso bakarreko familien araubidea ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 242
  • Hurrenkera-zk.: 5383
  • Xedapen-zk.: 232
  • Xedapen-data: 2025/12/02
  • Argitaratze-data: 2025/12/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte gaiak; Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Familia da gizartearen erakunderik garrantzitsuena, haren oinarrizko unitatea. Haren muinean, pertsona hazi, hezi eta garatu egiten da. Horregatik, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak onartzen du familiak betetzen duela pertsonaren funtsezko harremanak ehuntzeko eginkizun ordezkaezina, eta jokabide, tradizio, ohitura, erabilera eta sinesmenen jarraibideak transmititzeko bidea dela. Legeak, gainera, familiak antolaketa-modu ugari hartu ditzakeela adierazten du, eta, ondorioz, gizarteak onartu eta babestu behar dituela, betiere, zentzu pluralean: familia guztiek, edozein forma eta osaera dutela ere, familia horiek osatzen dituzten pertsonen sozializazio- eta errealizazio pertsonalerako eginkizuna bete dezakete.

Zalantzarik gabe, familia gizarte-eraikuntza bizia da, etengabe eboluzionatu eta gizarte-aldaketekin eraldatzen dena, formalizazio, barne-egitura edo konposizio moduak birformulatuz. Azken aldian aldaketa eta hazkunderik handienak izan dituen ereduetako bat guraso bakarreko familiena da; hots, maila guztietan (ekonomikoan, sozialean, emozionalean, psikologikoan...) seme-alaben erantzukizuna guraso bakar batek bere gain hartzen duen familiena.

Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak bereziki jorratzen du guraso bakarreko familiak babesteko beharra, haiek baitira, gehienbat, kalteberenak: familia mota horrek pobrezia-arrisku handiagoa du, familia eta lana uztartzeko zailtasun gehien sufritzen ditu, eta bera egoten da sarrien gizartean baztertuta. Horri guztiari sexuagatiko diskriminazioa gehitzen zaio askotan; izan ere, guraso bakarreko hamar familiatik zortzik emakume bat dute buru, eta datu ukaezinak dira emakumeen jarduera-tasa eta okupazio-tasa txikiagoa dela gizonezkoekin alderatuta. Oro har, enplegu ezegonkorragoak dituzte, lanaldi partzialen ehuneko handiagoarekin, eta, askotan, lanpostu bera betetzen ari diren gizonek baino ordainsari txikiagoa jasotzen dute.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoa jakitun da guraso bakarreko familiak egoera bereziki ahulean daudela, eta, dekretu honen bitartez, guraso bakarreko familiak eta gurasobakartasun-egoeran dauden familiak aitortzeko eta egiaztatzeko prozedura bat arautzen du. Familia-ereduetatik bereizitako nortasun propio batez hornitzeak familia horiek babesteko neurri espezifikoak garatzea ahalbidetuko du.

Dekretu honek kontuan hartzen ditu familia-errealitateen aniztasuna eta gurasotasuna gauzatzean aukera-berdintasuna bermatzeko beharra. Ildo horretan, arreta berezia eskaintzen zaie desgaitasuna duten pertsonak buru dituzten guraso bakarreko familiei haietako asko emakumeak dira, egoera horretan egonda ere, beren seme-alabak erabat eta eraginkortasunez hazten baitituzte.

Gainera, dekretu honek XIII. legegintzaldiko gobernu-programaren aginduari erantzuten dio. Programa horren 147. konpromisoak Administrazio hurbilagoan, errazagoan eta eraginkorragoan sakontzea proposatzen du. Horregatik, guraso bakarreko familiei eta gurasobakartasun-egoeran dauden familiei ziurtagiri digital baten bidez egingo zaie aitorpena, erraz eta azkar eman eta eskuratzeko moduan.

Dekretu honek Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearen printzipioak betetzen ditu, eta nazioarteko esparruan ezarritako helburuak (bai Europar Batasunak, bai Nazio Batuek ezarritakoak) betetzen laguntzen du; zehazki, Gizarte Eskubideen Europako Zutabearekin, Haurren Eskubideen Europako Estrategiarekin, Genero Berdintasunerako 2020-2025eko Europako Estrategiarekin eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin lerrokatuta daude.

Era berean, dekretuak Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentziotik eratorritako betebeharrak betetzen ditu. Konbentzio horrek desgaitasuna duten pertsonei familia bat osatzeko eta laguntza egokiak jasotzeko eskubidea aitortzen die, bai eta duintasunez eta gainerakoen baldintza berberetan bizitzeko eskubidea ere.

Dekretu hau Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.12 eta 10.39 artikuluek Euskal Autonomia Erkidegoari gizarte-laguntzaren, komunitatearen garapenaren, emakumeen egoeraren, haur, gazte eta adinekoen aldeko politiken arloan aitortzen dizkioten eskumenen babesean ematen da, eta bat dator Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen 27. artikuluan egindako eskumen-esleipenarekin.

Ondorioz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 2an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen xedea guraso bakarreko familiei eta gurasobakartasun-egoeran dauden familiei nortasun propioa eta araubide juridikoa ematea da.

  2. Dekretuak guraso bakarreko familia eta gurasobakartasun-egoeran dagoen familia izatea aitortzeko prozedura, titularren betebeharrak, aitorpena berritzea, aldatzea eta aitorpenaren galtzea dakarten baldintzak arautzen ditu.

Dekretu hau aplikatuko zaie, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera, guraso bakarreko familiak diren edo guraso bakartasun-egoeran dauden familia guztiei, baldin eta 5. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

Dekretu honek definizio hauek baliatuko ditu:

  1. «Guraso bakarreko familiatzat» familia-unitate hauek hartuko dira:

    1. Pertsona batek eta haren seme-alabek osatutakoa, baldin eta Erregistro Zibilean bera bakarrik agertzen bada guraso gisa.

    2. Pertsona batek osatutakoa, beste gurasoa hil denean, bien seme-alabekin.

    3. Guraso batek eta haren seme-alabek osatutakoa, baldin eta guraso-ahalaren titulartasuna edo erabilera esklusiboki esleituta badu.

    4. Pertsona harreragile iraunkor batek edo tutoreak, harreran edo tutoretzan hartutako adingabeek eta aurretik harrera iraunkorreko egoeran edo tutoretzan egon diren eta etxebizitza berean bizitzen jarraitzen duten adinez nagusiek osatutakoa.

    5. Adingabe baten edo batzuen adopzio aurreko bizikidetzarako zaintzaren eskuordetzea esleituta duen pertsona bakar batek osatutakoa.

  2. «Gurasobakartasun-egoeran dagoen familiatzat» honako unitate hauek hartuko dira:

    1. Gurasoetako batek seme-alaben zaintza eta jagoletza esklusiboa dueneko unitatea, baldin eta familiaren urteko diru-sarrerak ez badira IPREMa halako 4 baino handiagoak, urteko zenbaketa kontuan hartuta.

    2. Seme-alabak ardurapean dituen amak genero-indarkeria jasan dueneko unitatea (beste gurasoak eragindakoa), egoera hori azken 5 urteko epean aitortu bada, baldin eta familiaren urteko diru-sarrerak ez badira IPREMa halako 4 baino handiagoak, urteko zenbaketa kontuan hartuta.

    3. Gurasoetako bat gizakien salerosketaren edo sexu-esplotazioaren biktima deneko unitatea, baldin eta familiaren urteko diru-sarrerak ez badira IPREMa halako 4 baino handiagoak, urteko zenbaketa kontuan hartuta.

    4. Elkarrekin bizi diren gurasoetako batek mendetasun handia, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortua dueneko unitatea, baldin eta familiaren urteko diru-sarrerak ez badira IPREMa halako lau baino handiagoak, urteko zenbaketa kontuan hartuta. Kasu horretan, familia-errenta zenbatzeko, ez dira kontuan hartuko mendekotasun handia, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia duen pertsonaren diru-sarrerak.

    5. Herrialdera itzultzea debekatzen dion zehapen bat aplikatuta, gurasoetako bat lurralde nazionaletik kanpo dagoeneko unitatea, sartzeko eta bizileku-baimena eskatu ahal izateko baimena ematen dion bisa lortzeko moduan ez dagoen bitartean, betiere familiaren urteko diru-sarrerak IPREMa halako lau baino gehiago ez badira, urteko zenbaketa kontuan hartuta.

    6. Seme-alabak ardurapean dituen gurasoak beste gurasoaren familia-abandonua pairatu dueneko unitatea, ebazpen judizial baten bidez aitortuta, baldin eta familiaren urteko diru-sarrerak ez badira IPREMa baino 4 aldiz handiagoak, urteko zenbaketa kontuan hartuta.

  3. «Ama»,«aita» edo «guraso» izatearekin parekatuko dira tutorea, pertsona harreragile iraunkorra eta administrazio-ebazpen bidez adingabeen adopzio aurreko bizikidetzarako zaintzaren eskuordetzea esleituta duen pertsona.

  4. «Alabari» edo «semeari» buruzko aipamenak tutoretza, harrera iraunkorra eta adopzio aurreko bizikidetzarako zaintzaren eskuordetze-erregimenean dagoen pertsonari buruzkoak ere izango dira.

  5. Familiaren urteko diru-sarreratzat honako hauek hartuko dira: gurasoari edo gurasoei eta haiekin bizi diren seme-alabei dagokien zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren batura; betiere, salbuespenak alde batera utzita.

    Familiaren urteko diru-sarrerak zenbatzeko, aintzat hartuko dira pertsona fisikoen errenta likidatuaren gaineko azken aitorpenean jasotakoak, aitorpena eskatzen den unean aurkeztutakoak.

  6. «Prestakuntza araututzat» jotzen da Hezkuntza Ministerioak araututakoa, baimendutako ikastetxeetan ematen dena, ezarritako ikasketa-plan bati jarraitzen diona eta titulu ofizialak ematen dituena.

Guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun-egoeran daudenak bi kategoriatan sailkatzen dira:

  1. Berezia:

    1. Bi seme-alaba edo gehiago dituzten familiak.

    2. Seme edo alaba bat duten familiak, baldin eta beren urteko diru-sarrerek ez badira IPREMa halako bi baino handiagoak, urteko zenbaketa kontuan hartuta.

    3. % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila, mendetasun handia, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortuta duen semea edo alaba duten familiak.

    4. Seme edo alaba bat duten familiak, baldin eta gurasoetako batek aitortuta badu % 65eko desgaitasuna edo handiagoa, mendetasun handia, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

    5. Kideren batek genero-indarkeria pairatu duen familiak.

    6. Kideren batek sexu-indarkeria pairatu duenen familiak.

    7. Kideren bat terrorismoaren biktima duten familiak.

  2. Orokorra: 3. artikuluko baldintzak betetzen dituzten familiak eta aurreko apartatuan deskribatutako egoeretan ez daudenak.

  1. Eskatzaileak baldintza hauek bete behar ditu:

    1. Eskaera aurkezteko unean, eta aitorpenak ondorioak dituen bitartean, benetako legezko bizilekua izatea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, etenik gabe, eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan gutxienez.

  2. Semeak edo alabak, hauek bete behar ditu:

    1. 21 urtetik beherakoa izatea. Adin-muga hori alabak edo semeak 26 urte betetzen dituen egunera arte luzatuko da, baldin eta ikasketa arautuak egiten ari bada, edo, adina edozein dela ere, % 33ko edo gehiagoko ezintasuna aitortua badu, mendetasun handia badu, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia badu.

    2. Gurasoarekin bizitzea eta erroldatuta egotea. Ikasketak, lana, tratamendu medikoa, errehabilitazioa edo antzeko beste arrazoi batzuk direla-eta (ezinbesteko kasuak edo adingabeen erantzukizun penala arautzen duen araudiaren araberako barneratze-kasuak barne) bi urtez edo gutxiagoz aldi baterako banantzeak ez du bizikidetza etengo.

    3. Gurasoarekiko mendekotasun ekonomikoa izatea. Mendekotasun ekonomikoa dagoela ulertuko da, baldin eta seme-alabetako bakoitzak ez badu, urteko zenbaketa kontuan hartuta, IPREMa halako bi baino diru-sarrera handiagorik.

  3. Guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia aitortzen duen ebazpenak indarrean egoteari utziko dio, baldin eta gurasoa ezkontzen bada, izatezko bikote gisa eratzen bada edo beste pertsona batekin bizi bada ezkontzaren antzeko harreman batean.

    Ezkontzaren antzeko harremana dagoela joko da, honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

    1. Azken bi urteetan etenik gabeko bizikidetza gertatu bada, edo azken lau urteetan, bizikidetza etena izanez gero.

    2. Seme-alaba komunak badituzte.

  4. Inola ere ezingo da guraso bakarreko familia-tituluaren onuradun izan alarguna edo antzeko egoeran dagoena, baldin eta epai irmo baten bidez kondenatu badute bere bikotekidearen dolozko giza hilketaren delitu batengatik, edo bikotekide ohiarena, harekin seme-alabak bazituen, edo harekin pareko afektibitate-harreman baten bidez lotuta bazegoen.

    Kasu horretan, seme-alaben alde bakarrik emango da titulua, eta familia-unitatea osatzen duen edozein pertsonak eskatuta hasi ahal izango da prozedura.

  5. Oro har, familiak bere gurasobakar izaera galduko du, baldin eta familia-unitateko gurasoak, haren seme edo alabak nahiz seme-alabek arau honetan ezarritako edozein baldintza betetzeari uzten badiote.

Guraso bakarreko familiaren edo guraso bakartasun-egoeran dagoen familia gisa aitortzeko eta ziurtagiria emateko prozedura familia-unitateko buruak eskatuta hasiko da.

Guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiaren ziurtagiri digitala edozein unetan eska daiteke, familia-unitateak ziurtagiri hori lortzeko baldintzak betetzen dituen unetik.

  1. Eskabideak inprimaki normalizatuetan aurkeztuko dira. Familiaren arloko eskumenak dituen sailak ezarriko ditu inprimaki horiek, eta EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jarriko ditu interesdunen eskura (http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/12593). Era berean, eskabideak eskuragarri egongo dira Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan.

  2. Dekretu honetan jasotako formularioak eta prozedurak eskuragarri daude formatu irisgarri eta egokituetan, pertsona guztiek desgaitasuna dutenak barne benetan parte hartzeko aukera izan dezaten.

    Eskabide-inprimakiak eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, gutxienez honako eduki hauek bilduko dituena:

    1. Gurasoak ez du bikote-lotura egonkorrik, eta ez da beste pertsona batekin ezkondu.

    2. Gurasoa ez da epai irmo bidez kondenarik jaso bere bikotekidearen dolozko giza hilketaren delitu batengatik, ez eta bikotekide ohiarena, zeinarekin seme-alabak baitzituen edo pareko afektibitate-harreman baten bidez lotuta baitzegoen.

    3. Familia-unitatea osatzen duen alabak edo semeak ez du jasotzen IPREMa halako bi baino diru-sarrera handiagorik urteko zenbaketan.

    4. Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak dira, eta guraso bakarreko familiatzat edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiatzat hartzeko baldintzak betetzen dira.

    5. Konpromisoa hartzen du familia-arloan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazteko, 15 eguneko epean, eskaeran adierazitako datuetan izandako edozein aldaketa, edo guraso bakarreko familia dela edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia dela aitortzeko kontuan hartu ziren baldintzetan izandako edozein aldaketa.

      Gainera, inprimakian berariazko baimen bat egongo da, adin nagusiko alabak edo semeak sinatua, likidatutako azken errenta-aitorpena kontsultatzeko.

  3. Aitorpena lortzeko egoerak eta baldintzak egiaztatzeko dokumentazioa ezarritako elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez eskuratuko da.

    Eskatzaileak aurka egiten badio edo, kontsulta egin ondoren, dokumentazio hori lortzea ezinezkoa bada, arrazoia edozein dela ere, eskatzaileak dokumentazio hori aurkeztu beharko du, familiaren arloan eskumena duen zuzendaritzak ematen dion epean.

  4. Eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

    1. Eskabide-inprimakia, behar bezala beteta.

    2. Dokumentazio orokorra.

      1. Datu pertsonalak egiaztatzeko:

        Espainiako nazionalitatea duten 14 urtetik gorako pertsonak: eskatzailearen eta familia-unitatea osatzen duten 14 urtetik gorako seme-alaben indarreko nortasun-agiri nazionalaren (NAN) zenbakia.

        14 urtetik gorako atzerritarrak: indarreko atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ), edo legezko bizilekua izatea egiaztatzen duen indarreko dokumentua.

      2. Seme-alabatasun, adopzio, harrera iraunkor, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren eskuordetze edo tutoretzako harremana egiaztatzeko:

        Seme-alabatasun biologikoaren kasuan, seme-alabatasun-harremana jaiotza-ziurtagiriaren bidez egiaztatu behar da, edo, izanez gero, Familia Liburuaren bidez.

        Adopzio-kasuetan, adopzioa eratzeko ebazpen judizialaren inskripzioari buruzko Erregistro Zibilaren ziurtagiria aurkeztu behar da, edo, bestela, Familia Liburua aurkez daiteke, horrelakorik izanez gero.

        Harrera iraunkorra edo adopzio aurreko bizikidetzarako zaintzaren eskuordetzea bada, hura eratzen duen administrazio-ebazpena aurkeztu behar da.

        Tutoretza-egoeretan, tutoretza eratzeko ebazpen judiziala aurkeztu behar da.

      3. Erroldatzea eskatzailearen erroldatze-agiriaren bidez frogatuko da. Bertan, etxebizitzan bizi diren pertsona guztien zerrenda eta eskatzailea udalerrian zein egunetan erroldatu zen adieraziko dira. Eskaturiko erroldatze-aldian eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean baino gehiagotan bizi izan bada, eskaeran zehaztu beharko ditu eta hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Errolda-ziurtagiriek ezin izango dute hiru hilabete baino gehiagoko antzinatasuna izan, eskabidea aurkezten den egunarekiko.

    3. Egoera espezifikoak egiaztatzeko dokumentazioa:

      1. Pertsona baten heriotza dagokion heriotza-ziurtagiriaren bitartez egiaztatuko da.

      2. Guraso-ahalaren esleipen esklusiboa dagokion ebazpen judizial edo administratiboaren bidez frogatuko da.

      3. Aitak edo amak alabaren edo semearen nahiz seme-alaben zaintza edo jagoletza esklusiboa esleituta badu: hori egiaztatzen duen epai judiziala.

      4. Bere ardurapean seme-alabak dituen amak genero-indarkeria pairatu badu, modu hauetakoren baten bidez egiaztatuko da:

        Genero-indarkeriaren biktima babesteko agindua, eskaera egiten den egunean indarrean dagoena.

        Genero-indarkeriako gertakariengatiko kondena-epaia, laguntza eskatzen den egunean indarrean dauden biktimaren aldeko babes-neurriak ebazten dituena.

        Babes-agindurik edo kondena-epairik ezean, genero-indarkeriaren egoera egiaztatzeko frogagiria izango da eskatzailea genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duen Fiskaltzaren txostena, babes-agindua ematen den bitartean.

        Genero-indarkeriaren egoeraren administrazio-egiaztapena, eskumena duen organismoak emana, Genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan aurreikusitakoa betez.

      5. Sexu-indarkeriaren, gizaki-salerosketaren edo sexu-esplotazioaren biktimaren egoera, edo terrorismoaren biktimaren egoera, dagokion ebazpen judizial edo administratiboaren bidez egiaztatuko da.

      6. Familia-unitateko kide batek desgaitasun-, mendetasun- edo lanerako ezintasun-maila jakin bat aitortua badu: agintaritza eskudunak emandako ebazpena, maila eta iraungitze-data zehazten dituena.

      7. Gurasoetako bat lurralde nazionaletik kanpo dagoenean, kanporatze-agindu bat ezarri zaiolako ebazpen irmo baten bidez: kanporatzeko ebazpen administratiboa edo judiziala.

      8. Absentzia edo abandonua deklaratzen den kasuetan, hori adierazten duen ebazpen judiziala aurkeztuko da.

      9. Ikasketak direla-eta seme-alaben adina luzatzen bada, lanpostu bat lortzera bideratutako ikasketa arautuen egiaztagiria aurkeztuko da.

    4. Diru-sarrerak egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

      Aitorpena eskatzen den unean aurkeztutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetik dagokion administrazioak egindako azken likidazioa.

      Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badute, dagokion administrazioak emandako ziurtagiria, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari egotz dakizkiokeen errenta eta etekin guztiak zehazten dituena, azken zergaldiari dagokiona, aitorpena eskatzen den unean.

  5. Aurkezten diren atzerriko agiriak, beharrezkoa bada, ofizialki euskarara edo gaztelaniara itzulita egon beharko dira. Gainera, atzerriko dokumentu publikoak behar bezala legeztatu behar dira.

    Europar Batasuneko beste estatu kide bateko nazionalitatea duten pertsonen kasuan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko uztailaren 6ko (EB) 2016/1191 Erregelamendua aplikatuko da. Erregelamendu horrek herritarren zirkulazio askea errazten du, dokumentu publiko jakin batzuk Europar Batasunean aurkezteko baldintzak sinplifikatzen ditu eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

Guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiaren aitorpena emateko, berritzeko, aldatzeko eta ezerezteko eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez eskura daitekeen erregistro elektroniko orokorraren bitartez, edo, bestela, aurrez aurre, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

Prozedura honen informazio-fitxa helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0045802

Helbide horretan, eskaera-inprimakiak eta haiek betetzeko jarraibideak egongo dira eskuragarri.

  1. Guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiaren aitorpena emateko prozedura kudeatzea familia-politikaren arloan eskumena duen zuzendaritzari dagokio.

  2. Aitorpena emateko edo, hala badagokio, ukatzeko, familia-politikaren arloan eskumena duen organoaren zuzendariak banakako ebazpena emango du.

  1. Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioak eskakizun guztiak betetzen ez badituzte, eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan. Halaber, adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  2. Eskabidea zuzendu ahal izango da:

    1. Modu elektronikoan, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

    2. Aurrez aurre, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

  1. Esanbidezko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera ebazteko eskumena duen organoaren edozein erregistrotan sartzen den egunetik zenbatzen hasita.

  2. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabideak administrazio-isiltasunez onartutzat hartuko dira.

  3. Epe hori etenda geratuko da interesdunari eskaera zuzentzeko eskatzen zaionean, errekerimendua jakinarazten den unetik benetan betetzen den arte.

  1. Guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia dela egiaztatzeko, ziurtagiri digital kolektibo bat emango da familia osoarentzat.

  2. Guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiaren ziurtagiri digital kolektiboan datu hauek agertuko dira, gutxienez:

    1. Ziurtagiriaren zenbakia.

    2. Espedientearen zenbakia.

    3. Familia mota: guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia.

    4. Familiaren kategoria: orokorra edo berezia.

    5. Titularraren izen-abizenak eta identifikazio-agiriak.

    6. Guraso bakarreko familiatzat hartzen diren seme-alaben izen-abizenak, jaioteguna eta nortasun-agiriaren zenbakia.

    7. Aitorpenak edo, hala badagokio, berritzeak ondorioak dituen eguna.

    8. Aitorpenak ondorioak izango dituen azken eguna.

    9. Emateko eskumena duen organoaren sinadura.

  1. Guraso bakarreko familien edo gurasobakartasun-egoeran dauden familien aitorpenak ondorioak izango ditu laguntza onartzeko edo berritzeko ebazpena ematen den egunetik aurrera.

  2. Guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia dela aitortzen duen ziurtagiriak bere ondorioei eutsiko die emandako epealdi osoan, edo familia-unitatearen kategoria aldatu behar den unera arte, edo guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia gisa aitortzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzeari utzi arte.

  3. Guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia aitortzeak gurasoa edo gurasoak eta aitormen horretarako baldintzak betetzen dituzten seme-alabak hartuko ditu.

Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

  1. Oro har, aitortzek eta kategoria bereziek ondorioak izango dituzte alabak edo semeak 5.2.a) artikuluan ezarritako adina betetzen duen dataren arabera. Aitorpenaren eta kategoria bereziaren ondorioak betiere gurasobakartasun-egoera mantentzearen baldintzapean egongo dira, aitorpena lortzeko eskatzen diren betekizunen eta baldintzen arabera.

  2. Berariaz, kasu hauetan mugatuko dira ziurtagiriaren eta kategoria bereziaren ondorioak:

    1. Genero-indarkeriaren, sexu-indarkeriaren, eta terrorismoaren biktima izatearen kasuan, aitorpena bost urterako izango da, inguruabar hori egiaztatzen den egunetik aurrera.

    2. Lurralde nazionaletik kanporatzearen kasuan, aitorpena urtebetekoa izango da.

    3. Desgaitasuna, mendekotasuna, lan egiteko ezintasuna edo baliaezintasun handia izanez gero, administrazio-ebazpenean ezarritakoa izango da.

    4. Aitorpena eta kategoria familia-unitatearen diru-sarreren mende dauden gainontzeko kasuetan, urtebetekoa izango da aitorpena.

  3. Guraso bakarreko familia batean edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia batean aitorpenaren edo kategoriaren ondorioei eragiten dieten hainbat inguruabar gertatzen direnean, berritze-aldi hurbilena dakarren inguruabarra aplikatuko da.

  1. Guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun-egoeran dauden familiaren ziurtagiria berritu edo aldatu egin beharko da, bai haren ondorioak agortu eta betekizunak mantentzen direnean, bai aitorpena eragin zuten baldintzetako edozein aldatzen denean eta horrek ziurtagirian jasotako edozein datu aldatzea dakarrenean.

  2. Guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiaren ziurtagiria ezeztatu egingo da familiak aitorpenerako eskatutako baldintzak betetzeari uzten dionean.

  1. Berritzeko eskabideak inprimaki normalizatuetan egingo dira; familiaren arloko eskumenak dituen sailak EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jarriko ditu interesdunen eskura: (http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/12593). Halaber, eskabideak eskuragarri egongo dira Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan.

    Berritzeko eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Berritzea ziurtagiria iraungitzeagatik bada, egiaztatu beharko da familiak guraso bakarreko familia gisa edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia gisa onartua izateko baldintzak betetzen jarraitzen duela.

    2. Familia-inguruabarrak edo inguruabar pertsonalak aldatzeagatik berritu edo aldatzen bada, beharrezkoa izango da aldaketa egiaztatzen duen dokumentazioa eta familia guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia gisa aitortzeko baldintzak betetzen jarraitzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztea.

  2. Ziurtagiriaren ondorioak amaitu aurreko hiru hilabeteetan eskatu ahal izango da guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiaren ziurtagiria berritzea.

  3. Berritzeak edo aldaketak ebazpenaren egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

  1. Guraso bakarreko familiatzat edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiatzat hartu diren familia-unitateetako kideek, gehienez ere 15 eguneko epean, emandako aitorpena aldatzeko edo azkentzeko edozein aldaketa garrantzitsu jakinarazi beharko diote familiaren arloan eskumena duen sailari.

  2. Komunikazioa inprimaki normalizatuan formalizatuko da. Inprimaki hori EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/12593), eta Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan egongo da eskuragarri.

  1. Familia-arloan eskumena duen zuzendaritzak edozein unetan egiaztatu ahal izango du guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia gisa aitortzeko eskubidea ematen duten inguruabarrek eta betekizunek bere horretan dirautela, eta, horretarako, eskatu eta elkarreragin ahal izango du.

  2. Egiaztapenetik eta ikuskapenetik zalantza arrazoituak sortzen badira kategoria aitortzeko eta mantentzeko eskakizunak ez betetzearen inguruan, organo kudeatzaileak aitorpenaren ondorioak ezereztu edo aldatuko ditu. Era berean, errekerimenduari epe barruan erantzuten ez bazaio, aitorpena edo kategoria galduko da.

  3. Sarbide- edo kategoria-baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, organo kudeatzaileak ziurtagiria ezeztatzea ebatzi eta jakinarazi ahal izango du, eta guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familia izateari utziko dio ez-betetzearen unetik.

Guraso bakarreko familiaren eta gurasobakartasun-egoeran dagoen familiaren ziurtagiria bateragarria da familia ugariaren tituluarekin, baina haietatik eratorritako mota edo izaera bereko onurak ez dira metatuko, salbu eta berariazko araudi batek kontrakoa ezartzen badu.

Dekretu honetan araututako guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun-egoeran dagoen familiaren ziurtagiria lortzeko eman behar diren datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Datu horiek Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduak, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legeak eta aplikatu beharreko gainerako arauek zehazten duten babesaren mende egongo dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretua aldatzea.

Aldatu egiten da Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 2. artikulua, guraso bakarreko familien kontzeptuari dagokiona, eta honela idatzita geratzen da:

Dekretu honen xedeetarako:

  1. Gurasoei buruzko erreferentziak adoptatzaileei, tutoreei eta adingabekoen harrera edo adopzio iraunkorrerako helburuz zaintza esleituta duten pertsonei zabalduko zaie, zehaztapen hauekin:

    1. kapituluko I. atalean, laguntzaren onuradun izan daitezkeen tutoreak hauek dira: Gizarte Segurantzak adingabe baten jaiotzagatik eta zaintzagatik kotizaziopeko prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu zaien pertsonak.

      Era berean, V. kapituluan, gurasoari buruzko erreferentzia egiten dela ulertzen da semearen edo alabaren zaintza eta jagoletza duen pertsonarekin bizi den gurasoari dagokionez, izan ezkontidea izan izatezko bikotea.

  2. Modu berean, semeari edo alabari buruz egiten diren erreferentziek barne hartuko dituzte adopziorako eta harrera iraunkorreko xedez tutoretzako edo zaintzako erregimenean dauden adingabeak.

  3. Guraso bakarreko familiatzat hartzen da Guraso bakarreko familien araubidea ezartzen duen abenduaren 2ko 232/2025 Dekretuaren 3.1 artikuluan zehaztutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Seme-alabak dituzten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretua aldatzea.

Aldatu egiten da Seme-alabak dituzten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren 3. artikulua, guraso bakarreko familien kontzeptuari dagokiona, eta honela idatzita geratzen da:

Dekretu honen ondorioetarako:

  1. Ama, aita edo gurasoaren parekotzat hartuko da tutorea, bai eta administrazio-ebazpenaren bidez adingabeen adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintza eskuordetuta duen pertsona ere.

    Laguntzaren eskatzaileak pertsona fisikoak izango dira beti.

  2. Alabari edo semeari buruzko aipamenetan, tutoretzan edo adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren eskuordetzean dagoen 8 urtetik beherako adingabea ere sartuko da.

  3. Familia-unitatetzat jotzen da 154/2012 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritako kideek osatzen dutena, arau horrek esleitutako irismenarekin (154/2012 Dekretua, uztailaren 24koa, Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzkoa).

  4. Laguntza eragin duen alabak edo semeak familian zer hurrenkera duen zehazteko, seme-alaben kopurua zenbatuko da; horretarako:

    Alaba edo semetzat hartuko da familia-etxean bizi den eta ekonomikoki aitaren edo amaren mende dagoen 25 urtez azpiko pertsona oro, baldin eta guraso hori eskatzailea, haren ezkontidea edo izatezko bikotekidea bada.

    Mendekotasun ekonomikoa dagoela ulertuko da alabak edo semeak ez badu urteko lanbide arteko gutxieneko soldata baino urteko errenta altuagorik (salbuetsitakoak sartu gabe).

  5. Guraso bakarreko familiatzat hartzen da Guraso bakarreko familien araubidea ezartzen duen abenduaren 2ko 232/2025 Dekretuaren 3.1 artikuluan zehaztutakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean sartzea.

Dekretu hau 2026ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko abenduaren 2an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.