Arautegia
Inprimatu204/2025 DEKRETUA, urriaren 21ekoa, Euneiz Unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauak onartzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 212
- Hurrenkera-zk.: 4664
- Xedapen-zk.: 204
- Xedapen-data: 2025/10/21
- Argitaratze-data: 2025/11/04
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak
Testu legala
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 10.1 artikuluak ezartzen duenez, ordenamendu juridikoan aurreikusitakoarekin bat etorriz egin, onartu eta argitaratuko dira publikoak ez diren eta euskal unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateen antolatzeko eta jarduteko moduaren gaineko arauak eta haien aldaketak. Lege horren 10.3 artikuluak adierazten du arau horiek eta horien aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla.
Era berean, Euneiz Unibertsitatea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate pribatu gisa onartzeko azaroaren 11ko 8/2021 Legeak 1.3 artikuluan dioenez, Eusko Jaurlaritzak onartu beharko ditu unibertsitate horren antolamendu- eta funtzionamendu-arauak, haien legezkotasuna aztertu ondoren.
2025eko maiatzaren 5ean, Euneiz Unibertsitateko Administrazio Kontseiluak antolamendu- eta funtzionamendu-arauak onartu zituen, eta testua Euskal Autonomia Erkidegoari helarazi zion, legezkoak ziren azter zezan eta Gobernu Kontseiluak onar zitzan.
Ildo horretatik, Euneiz Unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauak indarrean dagoen legedira egokitzen diren aztertu ondoren, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko urriaren 21ean egindako bilkuran onetsi ondoren, hau
Euneiz Unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauak onartzen dira, eta horien testua eranskinean erantsi da.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea.
Euneiz Unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunean bertan jarriko dira indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urriaren 21ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
Otsailaren 25eko 3/2004 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egoitza duten unibertsitate guztiek osatzen dute unibertsitate-sistema, eta Eusko Legebiltzarrak etorkizunean sortu zein onar ditzanak ere sistema horretan batera bilduko dira.
Era berean, lege horren 109. artikuluaren arabera, aitorpen hori lege bidez egingo da, eta unibertsitateen gaietan eskumenak dituen saileko buruaren agindu baten bidez erabakiko da jarduerak hastea, aitorpena egiteko legea indarrean jartzen denetik sei hilabete igaro baino lehen, baldin eta epe horretan egiaztatzen bada araudiak eskatzen dituen gainerako betekizunak betetzen direla.
Beraz, aipatutako arau-esparruarekin, Euneiz Unibertsitatea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate pribatu gisa onartu zen, azaroaren 11ko 8/2021 Legearen bidez. Gero, sustatzaileek indarrean dagoen araudiko betekizunak betetzen zituztela egiaztatu ondoren, jarduerak hasteko baimena eman zen, Hezkuntzako sailburuaren 2022ko uztailaren 18ko Aginduaren bidez.
Bestalde, arestian aipatu dugun 3/2004 Legearen oinarria da, Zioen Azalpenetik segitzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egoitza duten unibertsitate guztiek batera osatzen dutela unibertsitate-sistema, haien izaera juridiko edozein dela ere, publikoa edo pribatua.
Ikuskera sistemiko hori unibertsitate bakoitzetik harago doa, banaka hartu beharrean, eta euskal unibertsitate-ekosisteman biltzen ditu guztiak, bertan parte hartzen duten gainerako eragile eta agenteekin batera, bakoitzaren berezitasunak errespetatuz, ekosistema hura etengabe hobetzeko eta aurrera joateko ekarpen komunaren bidez.
Hori hala da, eta unibertsitate publikoen eta pribatuen araubide juridikoen arteko aldeak ezin dio traba egin ikuskera horri. Izan ere, guztiek ematen diete euskal gizarteari eta pertsonei goi-mailako hezkuntzaren zerbitzu publikoa, eta horrela areagotzen dute haien prestakuntza, ezagutza eta gizarte-ongizatea, eta guztiei aitortu behar zaie aniztasunetik abiatuta betetzen duten gizarte-eginkizuna.
Espiritu horrekin bat etorriz, Euneiz Unibertsitateak, ekimen pribatutik sortu arren, bere-berea du goi-mailako hezkuntza osatzen duten eragile guztiek berezkoa izan behar duten zerbitzu publikoaren izaera, eta funtsezko eginkizuntzat dauka zerbitzu hori ematea irakaskuntzaren, azterketaren, etengabeko prestakuntzaren eta ikerketaren bidez eta ezagutza eta teknologia transmitituz.
Ondorioz, euskal gizarteari, Espainiakoari eta Europakoari zerbitzu emateko asmoz sortu da, euskal unibertsitate-sisteman erabat integratuz, eta bere eginez askatasun-, justizia-, berdintasun- eta aniztasun-printzipioak. Printzipio horiek Espainiako Konstituzioan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuan jasotako postulatuekin bat etorriz aplikatuko ditu barruko jardunbidean, eta kanpoko edozein esku-hartzetik guztiz libre. Era berean, unibertsitateko komunitatea osatzen duten sektore guztiek parte-hartze egokia dutela zainduko du; bereziki, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela ziurtatuz eta katedra-, ikasketa- eta ikerketa-askatasuna bermatuz. Askatasun horiek behar bezala bermatzearekin batera, egia eta pertsonen duintasuna errespetatuko dira, giza eskubideak defendatuko dira eta kontratu-betebeharrak leialki beteko dira.
Euneiz Unibertsitatea era guztietako jendearentzat egongo da zabalik, espiritu unibertsalarekin, eta ez du bereizkeriarik egingo erlijioagatik, arrazagatik, jatorri geografiko edo sozialagatik, generoagatik edo beste edozein arrazoirengatik. Onartzen ditu kontzientzia-askatasuna eta unibertsitateko komunitateko kideen arteko iritzi-desberdintasun legitimoak. Zehazki, bere gain hartzen du, hasiera-hasieratik, emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatzeko neurri bideragarriak eta eraginkorrak identifikatzeko eta hartzeko konpromisoa.
Azkenik, unibertsitate pribatuak, Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 95.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, hautatu duten nortasun juridikoari dagozkion arauen eta beren antolamendu- eta funtzionamendu-arauen mende egongo dira, aplikatu behar zaien Estatuko edo autonomia-erkidegoko unibertsitate-araudi osoaren mende egoteaz gain. Arau propio horiek berek egingo dituzte, konstituzio-printzipioei jarraituz, eta Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak onartu beharko ditu, legezkotasun-kontrola egin ondoren.
Horregatik, aipatutako lege-agindua betetzeko, Euneiz SAren Administrazio Kontseiluak antolamendu- eta funtzionamendu-arau hauek onartu ditu 2025eko maiatzaren 5ean egindako bileran:
Euneiz Unibertsitatea unibertsitate pribatu bat da, Euskal Unibertsitate Sistemaren barruan dago eta Eusko Legebiltzarraren azaroaren 11ko 8/2021 Legeak onartu du. Unibertsitateak nortasun juridiko propioa du, eta ondare propioa, bere eginkizunak betetzeko. Sozietate anonimo gisa eratu da, «Universidad Euneiz, S.A.» izenarekin eta izaera mugagabearekin. Hala erregistratuta dago ofizialki, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoaren arabera.
Erakundeak Gasteizko hirian du egoitza, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan dihardu. Hala ere, jarduera Estatuko gainerako lurraldeetara eta atzerrira zabaldu ahal izango du, indarrean dagoen araudiaren eta sinatzen diren nazioko edo nazioarteko akordioetan xedatutakoaren arabera.
Unibertsitateak, izen ofizialaren kalterik gabe, euskaraz duen izena ere erabili ahal izango du («Euneiz Unibertsitatea»), bai eta ingelesezkoa ere («European University of Gasteiz»), bai eta haren laburdura ere («EUN»), eta, hala badagokio, Administrazio Kontseiluak behar denean erabakitzen dituen eta behar bezala inskribatu eta baimendu diren beste izen eta marka elkartu batzuk ere.
Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 95.3 artikuluaren arabera, unibertsitateei aplikatu beharreko Estatuko edo autonomia-erkidegoko legedian xedatutakoa bete behar du Euneiz Unibertsitateak, bai eta hautatu duen nortasun juridikoari dagozkion arauak ere; kasu honetan, sozietate anonimoentzako arauak. Era berean, bere onarpen-legean eta bere estatutu sozialetan, antolamendu- eta funtzionamendu-arau hauetan eta unibertsitateak etorkizunean jartzen dituen gainerako barne-arautegiko arauetan xedatutakoa bete beharko du.
Euneiz Unibertsitateak era autonomoan dihardu, unibertsitateen legedian eta bere onarpen-legean xedatutakoaren arabera, eta bere egiten ditu askatasun-, justizia-, berdintasun- eta aniztasun-printzipioak, eta bere jarduketa guztietan aplikatuko ditu, Espainiako Konstituzioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren postulatuen arabera eta inoren esku-hartzerik gabe.
Euneiz Unibertsitateak katedra-, azterketa- eta ikerketa-askatasunak bermatzen ditu. Askatasun horiek behar bezala begiratzearekin batera, egia eta pertsonen duintasuna errespetatzen dira, giza eskubideak defendatzen dira eta kontratu-betebeharrak leialki betetzen dira.
Unibertsitatearen administrazio- eta gobernu-organoek unibertsitateko komunitatea osatzen duten sektoreak ordezkatuta egotea bermatuko dute, parte-hartze egokiaren bidez, eta, bereziki, emakumeen eta gizonen presentzia orekatzen saiatuko dira.
Unibertsitatea era guztietako jendearentzat dago zabalik, espiritu unibertsalarekin, eta ez du bereizkeriarik egiten erlijioagatik, arrazagatik, jatorri geografiko edo sozialagatik, generoagatik edo beste edozein arrazoirengatik. Kontzientzia-askatasuna eta unibertsitateko komunitateko kideen arteko iritzi-desberdintasun legitimoak onartzen ditu bere jardunean.
Unibertsitateak, bere finantza- eta aurrekontu-aukeren barruan, ikasteko laguntzak eta bekak emateko bere politika propioa sustatuko du, merezimendu- eta gaitasun-baldintzak betetzen dituzten ikasleek prestazioak jaso ditzaten, baita ikasketak ordaintzeko baliabide nahikorik ez dutenean ere. Nolanahi ere, laguntzak irizpide inpartzialen eta objektiboen arabera emango dira; irizpideok horretarako ezartzen den araudi espezifikoan jasota egongo dira.
Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta gaztelania dira unibertsitateko hizkuntza ofizialak. Jarduera hasten denetik aurrera, Euneiz Unibertsitateak behar diren neurriak hartuko ditu euskararen erabilera arian-arian normalizatzeko irakaskuntzan, ikerketa-jardueran eta bere administrazioan eta zerbitzuetan.
Unibertsitateak ikerketaren, irakaskuntzaren eta ikasketen bidez ematen du goi-mailako hezkuntzaren zerbitzu publikoa.
Euneiz Unibertsitatearen sorrerako helburu bakarra goi-mailan heztea da, eginkizun hauek betez:
Zientzia, teknika eta kultura sortu, garatu, transmititu eta kritikatzea, unibertsitatea euskal gizartearekin eta euskal ekoizpen-eremuarekin lotzen laguntzen duten ekintzei bide emanez bereziki.
Ezagutza eta metodo zientifikoak aplikatzea eskatzen duten jarduera profesionaletarako eta sorkuntza artistikorako prestatzea.
Ezagutza zabaltzea, balioestea eta transferitzea kulturaren, bizi-kalitatearen eta garapen ekonomikoaren mesedetan.
Jakintza eta kultura zabaltzea unibertsitate-ikasketen eta bizitza osoko prestakuntzaren bidez, eta, hala, gizarte- eta kultura-desberdintasunak murrizten eta emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasuna lortzen laguntzea, edozeinek unibertsitate-prestakuntzarako aukera izan dezan.
Ikertzea irakaskuntzaren oinarria, komunitateak aurrera egiteko bitartekoa eta gizartean ezagutza transferitzeko oinarria den aldetik.
Unibertsitateko komunitatea osatzen duten guztiei prestakuntza integrala ematea, egia jakin, bikaintasun pertsonala lortu eta besteak zerbitzatu nahian, ahal den neurrian jarduerak eta baliabideak eskura jarriz ikasleei, irakasleei eta langile teknikoei, kudeaketakoei eta administrazioko eta zerbitzuetako arlokoei.
Unibertsitateak, bere prestakuntza-eskaintzaren esparruan, gradu, master eta doktoregoko titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak eman ahal izango ditu, bai eta titulazio ofiziala lortzera bideratuta ez dauden ikasketa propioak ere, etengabeko prestakuntzara, espezializaziora eta jakintzaren hainbat arlotako ezagutzak eguneratzera bideratuak, eta horiek Unibertsitate Hedapenerako Zentroak antolatuko ditu.
Unibertsitateak zuzenean diseinatu, antolatu eta ezarri ahal izango ditu aurreko apartatuan aipatutako ikasketak, bere kabuz edo beste unibertsitate, erakunde edo prestakuntza-zentro batzuekin lankidetzan arituz. Horretarako, dagokion hezkuntza-lankidetzako hitzarmena formalizatu ahal izango da komeni denean, prestakuntza- eta eguneratze-premia espezifikoak ahalik eta ondoen betetzen direla bermatzeko. Hori guztia arau hauetan edo aplikatzekoak diren barne-araudietan ezarritakoaren arabera egingo da.
Bere autonomia baliatzean, eskumen hauek izango ditu Euneiz Unibertsitateak, legeak aitortutako eran:
Antolaketa- eta funtzionamendu-arauak egitea, bai eta egiten dituen gainerako barne-araubideko arauak ere, estatuko edo autonomia-erkidegoko legediak eskatuta edo norberaren ekimenez, dagozkion helburuak hobeto garatzeko eta lortzeko. Bereziki, arau hauek onartu ondoren, unibertsitateko organoek ahalik eta lasterren bultzatuko dute ikasleen onarpenari, segitzeko araubideari, kredituen aintzatespenari eta transferentziari eta jakintzak ebaluatu eta kalifikatzeari buruzko araudia egitera eta onartzera.
Gobernu- eta ordezkaritza-organoak aukeratzea, izendatzea eta kargutik kentzea.
Ikerkuntzan eta irakaskuntzan laguntzeko egitura espezifikoak sortzea.
Ikasketa- eta ikerketa-planak egitea eta onartzea, bai eta bizialdi osoko prestakuntzara berariaz bideratutako beste ikasketa batzuk ere.
Irakasle eta ikertzaileak eta teknikariak, kudeaketako langileak eta administrazioko eta zerbitzuetako arlokoak hautatu, prestatu eta sustatzea, bai eta haien jarduerak garatzeko baldintzak zehaztea ere.
Ikasleen onarpenari, segitzeko araubideari eta ezagutzak egiaztatzeari buruzko araudia egitea.
Lurralde nazional osoan balioa duten titulu ofizialak ematea, bai eta bere ikasketa propioei dagozkien beste titulu eta diploma batzuk ere.
Aurrekontuak egin, onartu eta kudeatzea eta bere ondasunak administratzea.
Lanpostuen zerrendak ezartzea eta aldatzea.
Beste entitate batzuekin harremanak izatea, bere helburu instituzionalak sustatzeko eta garatzeko.
Unibertsitateak gizarteari begira dituen eginkizunak behar bezala betetzeko beharrezkoa den beste edozein eskumen, bere aukeren, jardueren eta baliabideen arabera.
Euskal Unibertsitate Sisteman sartzearen ondorioz hartutako konpromiso irmoari jarraituz dihardu lanean unibertsitateak, eta horrek zalantzarik gabe laguntzen dio hazten eta indartzen, bere jarduera osoak lurraldean duen eragina sustatuz, hala irakaskuntzak nola oinarrizko ikerketak eta ikerketa aplikatuak dutena, bai eta ezagutzaren eta teknologiaren transferentziak duena ere.
Sozietate titularraren Administrazio Kontseiluak zehaztuko ditu unibertsitatearen irudi korporatiboa osatzen duten elementuen ezaugarriak eta erabilera-irizpideak, bai eta unibertsitatearen ezaugarri eta ikur propioak ere, hala nola armarria, zigilua, bandera eta erabakitzen den beste edozein.
Batzar Nagusiak gobernatzen du entitatea, Administrazio Kontseiluaren bidez; Batzar Nagusiak hautatzen du Administrazio Kontseilua, sozietatearen estatutuetan ezarritakoaren arabera.
Unibertsitateko goi-zuzendaritza presidenteari dagokio, eta hark Zuzendaritza Batzordearen laguntza izango du bere eginkizunetan, bai eta berak egoki iritzitako kudeaketa-arloetako zuzendariena ere, arau hauen 9.2.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Unibertsitatearen kudeaketa eta ordezkaritza akademikoa errektoreari dagokio, eta hark Batzar Nagusiak, Administrazio Kontseiluak eta presidenteak emandako jarraibideen arabera jardun behar du postuan.
Legearen arabera, kide anitzeko organo akademikoen osaeran, unibertsitateko komunitateko sektoreek egoki ordezkatuta egon behar dute, eta bermatu egin behar da irakaslek eta ikertzaileek gehiengoa dutela erabaki akademiko hutsetan eta, betiere, emakumeen eta gizonen arteko osaera orekatuaren printzipioa betetzen dela.
Erakundearen Batzar Nagusia da sozietatearen organo erabakitzaile gorena, eta sozietatearen estatutuetako 9. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera arautuko da.
Administrazio Kontseilua Euneiz Unibertsitateak izendatzen du, bere estatutuen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Euneiz Unibertsitatearen administrazio- eta ordezkaritza-organoa da. Haren funtzionamendu-araubidea sozietatearen estatutuetan ezarrita dago, eta legeak eta estatutu horiek ezarritako eskumenak ditu.
Estatutuek administrazio-organoari agindutako egitekoez gain, unibertsitateari dagokionez, hauek ere baditu:
Unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauak onartzea eta aldatzea, unibertsitatearen araudian ezarritakoari jarraituz, eta arau horietan ematen zaizkion eskumenak erabiltzea.
Fakultateak, ikastetxeak, departamentuak, unibertsitate-institutuak sortzea, aldatzea edo azkentzea onartzea, bai eta unibertsitateak berak beste titular baten unibertsitate-zentro edo -institutuetan parte hartzea onartzea ere, unibertsitate-araudian xedatutakoari jarraituz hor ere.
Unibertsitateak administrazio publikoekin eta beste unibertsitate batzuekin izan behar dituen harremanen ildo nagusiak ezartzea.
Lehendakaria izendatzea eta kargutik kentzea.
Unibertsitateko bizikidetza-arauak onartzea, araudi honen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Berdintasun Plana onartzea; arau hauetako 39. artikuluan aurreikusita dago plana.
Unibertsitatearen barne-funtzionamendurako beste politika eta araudi batzuk onartzea, beharrezkoak direnak.
Era berean, eta Lehendakaritzak proposatuta:
Errektorea izendatzea eta kargutik kentzea.
Zuzendaritza Batzordeko kideak izendatzea eta kargutik kentzea.
Unibertsitatearen aurrekontua onartzea, dagokion eran baliatzen dela zaintzea eta, hala badagokio, likidazioa onartzea.
Urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta emaitza aplikatzeko proposamena egitea, eta, hala badagokio, baita kontu eta kudeaketa-txosten bateratuak ere.
Unibertsitateko plantilla organikoa onartzea, eta unibertsitateko lanpostuen zerrenda ezarri eta aldatzea, gizonen eta emakumeen presentzia orekatua dela eta ordainsariak dagozkienak direla zainduz.
Irakaskuntza-eskaintza onartzea, bai titulu ofizialei dagokiena, bai unibertsitatearen berezko ikasketei dagokiena, beste entitate batzuekin lankidetzan irakasteko egiaztatutakoena barne.
Unibertsitateko ikasketa ofizialen, berezko ikasketen eta gainerako jardueren prezio-politika onartzea.
Beken politika eta horiek emateko baldintzak onartzea.
Unibertsitatearen ohoreak eta handigarriak ematea onartzea.
Estatuko edo autonomia-erkidegoetako arauek edo unibertsitateak berak, bere autonomiaren indarrez etorkizunean esleitzen dioten beste edozein eginkizun.
Unibertsitateko lehendakaria Administrazio Kontseiluak izendatuko du, eta hark unibertsitatearen goi-zuzendaritza, ikuskapen- eta kudeaketa-lanak eta legezko ordezkaritza izango ditu.
Aipatutako eginkizunez gain, hauek dagozkio organo horren titularrari:
Administrazio Kontseiluari errektorea izendatzeko, kargutik kentzeko edo berriro hautatzeko proposamena egitea, Kontseilu Akademikoari entzun ondoren eta unibertsitateko komunitatea osatzen duten estamentuen ordezkariei kontsulta egin ondoren.
Administrazio Kontseiluari Zuzendaritza Batzordearen osaera proposatzea eta horko kideak izendatzeko, kargutik kentzeko edo berriro hautatzeko proposamena egitea.
Administrazio Kontseiluari idazkari nagusia izendatzeko proposamena egitea.
Zuzendaritza Batzordeko kide ez diren kudeaketa-arloetako zuzendariak izendatzea.
Unibertsitateko Zuzendaritza Batzordeko buru izatea.
Antolamendu- eta funtzionamendu-arau hauek eta, hala badagokio, unibertsitatearen barne-araudiak esleitzen dioten edo Administrazio Kontseiluak ematen edo eskuordetzen dion beste edozein eginkizun.
Zuzendaritza Batzordeko burua unibertsitateko presidentea izango da, eta batzordea hauek osatuko dute: errektoreak, idazkari nagusiak eta Administrazio Kontseiluak aurreko 8.2.h)2 artikuluan ezarritakoaren arabera izendatutako gainerako kideek.
Zuzendaritza Batzordeari dagokio:
Administrazio Kontseiluak onartutako estrategia gauzatzea.
Unibertsitatearen ondasunak administratzea eta urteko aurrekontua kudeatzea, eta eska daitezkeen ordainsari akademikoen zenbatekoa finkatzea kasu bakoitzean egoki den eskalaren barruan, bai eta beken eta ezartzen den beste edozein laguntzaren zenbatekoa zehaztea ere.
Errektoreordeen, dekanoen, dekanordeen, sailetako, zentro atxikietako eta institutuetako zuzendarien eta unibertsitateko beste edozein zentro espezifikotako zuzendaritzako kideen izendapena onartzea errektoreak proposatuta.
Ikasleak onartzeko araubideari, bertan segitzeari, haien ezagutza ebaluatu eta kalifikatzeari, kredituak aitortzeari eta kalitatea bermatzeko barne-sistemari buruzko alderdiak erregulatzeko arauak onartzea Kontseilu Akademikoak proposatuta, bai eta onartu beharreko gainerako barne-araudiak ere, gaia dela-eta beste organo bati onartzeko eskumena berariaz esleitua dutenak izan ezik.
Unibertsitateko aldezlea izendatzea.
Lehendakariari berehala laguntzeko kide anitzeko organo gisa jardutea, unibertsitatearen kudeaketari eragiten dioten gaiak aztertzeko, eztabaidatzeko eta koordinatzeko.
Unibertsitateko lanpostuen zerrenda aldatzeko proposamena egitea Administrazio Kontseiluari.
Unibertsitatearen ildo estrategikoak eta programatikoak proposatzea, zeinak Administrazio Kontseiluari aurkeztuko baitzaizkio hark onar ditzan, eta ildo horiek ikasketen, ikerketaren eta giza baliabideen antolamendu-eremuetan aplikatzeko jarraibideak eta prozedurak ezartzea.
Zuzendaritza Batzordeko kideek eta, hala badagokio, kudeaketa-arloetako zuzendariek, halaber, Administrazio Kontseiluak, lehendakariak edo Zuzendaritza Batzordeak eskuordetzen edo ematen dizkieten eginkizunak beteko dituzte.
Errektorea unibertsitateko ikasketa-agintaritza gorena da, eta hari esleitzen zaizkio ordezkaritza eta zuzendaritza akademikoa. Batzorde Orokorraren, Administrazio Kontseiluaren eta Lehendakaritzaren jarraibideen arabera jardun behar du zeregin horietan, 6.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Zuzendaritza Batzordearen erabakiak bete behar ditu, bere eskumenen esparruan.
Errektoreak doktore-titulua izan behar du izendatua den unean, eta Administrazio Kontseiluak izendatu eta kenduko du kargutik, presidenteak proposatuta, Kontseilu Akademikoari entzun ondoren, aurreko 9.2.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Izendapena lau urterako da, eta berritu daiteke, iraupen bereko aldietarako.
Hauek dira errektorearen eskumenak:
Unibertsitatearen kudeaketa akademiko-akademikoa zuzendu eta gainbegiratzea.
Unibertsitatea ordezkatzea beste entitate batzuekiko harremanetan arlo akademikoan, bere helburu instituzionalak sustatu eta garatzeko.
Unibertsitateko klaustroko buru izatea.
Organo eskudunen esku uztea tituluak eta ikasketa-planak ziurtatzea, egiaztatzea eta, hala badagokio, aldatzea, Zuzendaritza Batzordeak aldez aurretik hala erabakita.
Estatuko lurralde osoan balioa duten titulu ofizialak ematea, bai eta unibertsitateko diploma eta ikasketa propioak ere, indarrean dagoen legediak eta unibertsitatearen barne-araudiak ezarritakoaren arabera.
Irakaskuntza- eta ikerketa-jardueraren garapena eta plangintza koordinatzea unibertsitateko ikastetxeen eta irakaskuntza-egituren artean.
Zuzendaritza Batzordeari hauek proposatzea:
Errektoreordeak, dekanoak, dekanordeak eta sailetako eta institutuetako zuzendariak izendatzea, bai eta unibertsitateko beste edozein zentro espezifikotako zuzendaritzako kideak ere.
Unibertsitatearen ohoreak eta handigarriak ematea.
Irakaskuntza- eta ikerketa-jardueren ildo nagusiak.
Unibertsitatearen politika akademiko eta zientifikoaren ildo nagusiak.
Antolamendu- eta funtzionamendu-arau hauek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.
Zuzendaritza Batzordeak erabakitako errektoreordetzak izango dira zuzenean errektorearen mende, halako erabakirik hartzen badu behintzat. Errektoreordetza bakoitzaren burua errektoreak proposatuta Zuzendaritza Batzordeak izendatutako titular bat izango da. Titular horrek doktore-titulua izan behar du izendatzen den unean. Izendapena lau urterako da, eta berritu daiteke, iraupen bereko aldietarako.
Errektorea ez badago, kargua hutsik badago edo ezintasunen bat badu, errektoreordeetako batek ordezkatuko du, errektoreak horretarako ezarritako ordenaren arabera.
Idazkari nagusia Administrazio Kontseiluak izendatuko du, presidenteak proposatuta, unibertsitatean lanaldi osoan diharduten irakasle eta ikertzaileen artetik, errektoreari entzun ondoren. Izendapena lau urterako da, eta berritu daiteke, iraupen bereko aldietarako.
Idazkari nagusiak Zuzendaritza Batzordeko, Kontseilu Akademikoko eta Unibertsitate Klaustroko idazkari gisa jardungo du; organo horiek hartutako erabakien fede emango du, eta, era berean, Zuzendaritza Batzordeak agintzen dizkion zerbitzuen arduraduna izango da.
Fakultateetako dekanoek haien ohiko zuzendaritza- eta kudeaketa-eginkizunak betetzen dituzte, eta Zuzendaritza Batzordeak izendatzen eta kargutik kentzen ditu, errektoreak proposatuta. Izendapena lau urterako da, eta berritu daiteke, iraupen bereko aldietarako. Betiere, unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreetako bat izendatu behar da.
Dekanoek, beren eginkizunak hobeto betetzeko, dekanordeak eduki ahal izango dituzte, Zuzendaritza Batzordeak unibertsitatearekin etengabeko lotura duten irakasle doktoreen artean izendatuak.
Beharrezkotzat jotzen denean, Saileko zuzendariak egon daitezke, eta Zuzendaritza Batzordeak izendatuko ditu eta kargutik kenduko, errektorearen proposamenez. Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen artean aukeratu behar dira zuzendari horiek. Izendapena lau urterako da, eta berritu daiteke, iraupen bereko aldietarako.
Eginkizun hauek dituzte: beren jakintza-arloei lotutako irakasgaien edukiak antolatzea eta gainbegiratzea; horiei atxikitako irakasleen irakaskuntza- eta ikerketa-eginkizunak zuzentzea eta koordinatzea; irakaskuntza antolatzeko planak egiten laguntzea, irakasleen plantillei eta edukien zeharkakotasunari dagokienez; eta irakaskuntzaren kalitatea gainbegiratzea, zuzenean eragiten dieten irakaskuntzaren kalitatea ebaluatzeko prozeduretan parte hartuz.
Ikastetxe propioetako zuzendariak eta, hala badagokio, unibertsitateari atxikitako ikastetxeetako zuzendari akademikoak Zuzendaritza Batzordeak izendatuko ditu, errektoreak proposatuta. Izendapena lau urterako da, eta berritu daiteke, iraupen bereko aldietarako.
Ikastetxearen zuzendaritza akademikoari dagozkion eginkizunak izango dituzte, Zuzendaritza-Batzordeak berariaz ematen dizkien zuzendaritza- eta kudeaketa-eginkizunak alde batera utzi gabe.
Errektorea da Kontseilu Akademikoaren buru, eta kontseilu hori, gutxienez, hauek osatzen dute: idazkari nagusiak, fakultateetako errektoreordeek, dekanoek eta dekanordeek, saileko zuzendariek, atxikitako ikastetxeetako zuzendariek eta zentro propio edo integratuetako eta Ikerketako Unibertsitate Institutuetako zuzendariek.
Eginkizun hauek ditu:
Errektoreari berehala laguntzeko kide anitzeko organo gisa jardutea, gai akademiko hutsak aztertu, eztabaidatu, erabaki eta koordinatzeko.
Zuzendaritza Batzordeari proposatzea unibertsitatean ematen diren irakaskuntza ofizial eta ez-ofizialen ikasketa-planak onartzea eta, hala badagokio, aldatzea, Zuzendaritza Batzordeak onartutako jarraibideen arabera.
Iritzia ematea errektorea izendatu, kargutik kendu edo berriro hautatzeaz lehendakariak Administrazio Kontseiluari egindako proposamenari buruz.
Unibertsitateko irakasleak izendatzeko proposamena egitea Zuzendaritza Batzordeari, hark onartutako jarraibideen arabera, hautaketa-prozesuen ondoren. Prozesu horietan, hala badagokio, giza baliabideen arloak esku hartuko du, ezartzen denaren arabera.
Ikerketa-programak, irakasleak prestatzeko programak, berrikuntza eta plangintza akademikoko programak eta irakaskuntzako beste alderdi batzuk lantzea eta Zuzendaritza Batzordeari proposatzea.
Ikasleei buruzko arauak eta erregelamenduak lantzea eta Zuzendaritza Batzordeari proposatzea.
Errektoreak egokitzat jotzen dituen pertsona edo erakunde guztiak joan ahal izango dira Kontseilu Akademikoaren bilkuretara gonbidatu gisa. Nolanahi ere, urtean behin gutxienez deialdi bat egingo da irakasleen, ikasleen, langile teknikoen, kudeaketako eta administrazioko langileen eta zerbitzuetako langileen ordezkariek unibertsitatearen erabaki estrategikoetan parte hartzen dutela bermatzeko. Bilkura horietan, hitza eta botoa izango dituzte ordezkari horiek, eta ziurtatu beharko da unibertsitateko estamentuak modu orekatuan eta parekotasunez ordezkatuta daudela.
Kalitate-batzordeak dira Unibertsitatearen Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren funtzionamenduaz arduratzen diren organoak. Hasiera batean, batzorde bat eratuko da graduetako, masterretako eta doktoregoetako ikasketen maila bakoitzerako, hargatik eragotzi gabe etorkizunean batzorde gehiago eratzea, errektoreak horretarako egiten duen proposamenaren arabera.
Kontseilu Akademikoak zehaztuko du kalitate-batzordeak nork osatzen dituzten. Irakasleen, ikasleen, teknikarien eta kudeaketako, administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkariak izango dira tartean, eta unibertsitateko sektore guztien presentzia ziurtatu beharko da.
Hauek dira kalitate-batzorde bakoitzaren eginkizunak:
Batzordearen beraren barne-arautegia egitea eta onartzea.
Unibertsitateko titulazio ofizial eta ez-ofizial bakoitzaren Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta funtzionamendua monitorizatzea.
Titulazio bakoitzaren errendimendu akademikoaren adierazle kualitatibo eta kuantitatiboei buruzko informazioa biltzea eta aztertzea, eta Kontseilu Akademikora zer hobekuntza-proposamen bidaliko diren definitzea.
Titulu bakoitza berrikusteko eta hobetzeko neurriak diseinatzea, bai eta neurri horiek betetzeko zeregina koordinatu eta baloratzea ere.
Inkestak eta balorazio-sistemak programatzea, eta irakaskuntza-jarduerak ikasle eta irakasleak zenbateraino gogobetetzen dituen erakusten duten emaitzak aztertzea, bai eta interes-talde guztien gogobetetzeari buruzkoak ere.
Iradokizunei, kexei eta erreklamazioei erantzuteko ekintzak koordinatzea.
Unibertsitateko klaustroa unibertsitateko komunitateko kideen ordezkaritza-organoa da.
Unibertsitateko klaustroko burua errektorea da, eta unibertsitateko aldezlea eta idazkari nagusia ere klaustroko kideak dira. Idazkari nagusiak organo horretako idazkari-lanak betetzen ditu.
Kide hauek ere baditu, gutxienez, Unibertsitateko Klaustroak:
Fakultateetako errektoreordeak, dekanoak eta dekanordeak eta atxikitako zentro propio edo integratuetako, sailetako eta unibertsitateko ikerketa-institutuetako zuzendariak, unibertsitateko komunitateko irakasleen eta ikertzaileen izenean.
Kudeaketa-arloetako zuzendariak, unibertsitateko teknikarien, kudeaketako langileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari gisa.
Ikasle Kontseiluko kide arduradunak, ikasleen ordezkari gisa.
Unibertsitateko Klaustroa gutxienez behin biltzen da ikasturte bakoitzean, eta deialdiko gai guztiei buruzko iritzia eman behar du.
Unibertsitateko Klaustroak aurkezten zaizkion txostenei buruz eztabaidatu behar du, eta gomendioak eman, proposamenak egin eta, hala badagokio, dagozkion erabakiak hartu behar ditu. Era berean, lehendakariak eskatuta, unibertsitateko sariak, handigarriak eta ohoreak emateari buruzko informazioa eman behar du.
Euneiz Unibertsitateko Unibertsitateko aldezlearen ardura hau da: irakasleen, ikertzaileen, ikasleen eta langile teknikoen, kudeaketakoen eta administrazio eta zerbitzuetakoen eskubideak eta askatasunak errespetaraztea unibertsitateko organo eta zerbitzuen jardueretan. Zuzendaritza Batzordeak izendatzen du, lau urterako, eta berritu daiteke izendapena, iraupen bereko aldietarako.
Haren jarduketak ez dira inola ere exekutiboak edo kudeaketakoak, eta unibertsitatearen kalitatea hobetzera bideratuta egon behar dute beti, eremu guztietan; ez dira egongo inongo unibertsitate-instantziaren aginduen mende, eta independentzia- eta autonomia-printzipioek gidatuko dituzte.
Unibertsitateko aldezlearen funtzionamendu-araubidea haren erregelamendu espezifikoan aurreikusitakoari lotu behar zaio.
Ikasleen Kontseilua da unibertsitateko ikasleen ordezkaritza-organo gorena, eta unibertsitate-bizitzan parte hartzeko bide legitimoa ematen duena da, indarrean dagoen legedian eta unibertsitatearen barne-arauetan ezarritakoaren arabera.
Ikasleen Kontseilua ikastetxeetako ikasleen ordezkariek osatzen dute. Ordezkari horiek irizpide demokratikoen, gardenen eta ikasle-aniztasuna islatzen duten irizpideen arabera aukeratu behar dira.
Eginkizun hauek ditu:
Ikasleak ordezkatzea unibertsitateko gobernu-organoetan eta kanpoko erakundeetan.
Unibertsitateko gobernu- eta ordezkaritza-organoei proposamenak egitea eta txostenak bidaltzea ikasleei eragiten dieten gaiei buruz.
Maila, titulazio, fakultate edo ikastetxeko ordezkariak koordinatzea, eta haien prestakuntza eta parte-hartzea sustatzea.
Ikasleek unibertsitateko bizitza akademikoan, kulturalean eta sozialean aktiboki parte har dezaten sustatzea.
Ikasleak hartzeko, informatzeko, orientatzeko, ordezkatzeko eta haien eskubideak defendatzeko jarduerak garatzen laguntzea.
Kontseiluak autonomia funtzionala eta antolakuntzakoa izango du, bai eta bere eginkizunak betetzeko baliabide egokiak ere, bera arautzen duen erregelamenduaren eta unibertsitateak beraren esku jartzen dituen bitartekoen arabera.
Unibertsitateak bermatuko du Ikasle Kontseiluak benetan parte hartuko duela ikasleei eragiten dieten gaiak eztabaidatzen diren kide anitzeko organoetan, barnean direla Unibertsitateko Klaustroa, Kontseilu Akademikoa, fakultate-batzordeak eta haien presentzia aurreikusten den batzordeak.
Ikasle Kontseiluaren funtzionamendu-erregelamendua organoak berak onartu behar du, eta Administrazio Kontseiluak baliozkotu, unibertsitatearen arau-esparruan txertatzeko.
Unibertsitatea hauek osatzen dute, indarrean dagoen legediak ezarritakoaren arabera: fakultateek, sailek, doktorego-eskola batek, Unibertsitate Hedapenerako Zentroak eta Administrazio Kontseiluak unibertsitatearen funtzionamendua hobetzeko beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen duen beste edozein zentro edo egiturak.
Era berean, bere autonomiaren esparruan, eta indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, unibertsitateak, arau hauetan aurreikusitakoez gain, beste zentro, erakunde edo egitura batzuk sortu edo lot ditzake, izaera propioarekin edo atxikipen-araubidearen pean, eta hezkuntza-lankidetzarako hitzarmenak egin ditzake zentro edo erakunde horiekin, komenigarritzat jotzen denean beraren eginkizunak hobeto betetzeko eta, bereziki, titulu ofizialak lortzera bideratuta ez dauden ikasketak emateko, bai eta etengabeko prestakuntzarako eta jarduera profesional eta artistikoetan aritzeko ere.
Unibertsitateak behar diren egiturak izango ditu indarrean dagoen unibertsitate-araudiaren eskakizunetatik eratortzen diren zerbitzu orokorrak emateko eta Administrazio Kontseiluak bere ekimenez edo presidenteak proposatuta egokitzat jotzen dituen beste batzuk emateko. Zerbitzu horiek unibertsitateko instalazioetan eta unibertsitateko langileek eman ahal izango dituzte, edo, bestela, kanpoan kontratatuz eman ahal izango dira.
Fakultateak ikasketak eta prozesu akademikoak, administratiboak eta kudeaketakoak antolatzeaz arduratzen diren zentroak dira, bideratuta daudenak titulu ofizialak eta lurralde nazional osoan baliozkoak direnak eta lotutako ikasketa propioak lortzera, bai eta ematen dituzten ikasketen berezko beste funtzio batzuk lortzera ere.
Hasiera batean, eta aitorpen-legean ezarritakoaren arabera, Euneiz Unibertsitateak Osasun Zientzien Fakultatea eta Teknologia Interaktibo Berrien Fakultatea izango ditu.
Fakultateko batzarrak kide anitzeko organoak dira, fakultateko jarduera akademikoak, ikerketa-jarduerak eta kudeaketa administratibokoak antolatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratzen direnak. Irakasleen ordezkariek osatzen dituzte, eta teknikarien, kudeaketako langileen, administrazioko eta zerbitzuetako langileen eta ikasleen ordezkariek ere bai, haien intereseko gaiak aztertzen direnean. unibertsitateko sektoreen ordezkaritza proportzionala gorde behar da osaeran, eta emakumeen eta gizonen arteko osaera orekatuaren printzipioa bete.
Unibertsitateko sailak antolaketa-unitate batzuk dira, kidetasunezko ezaugarri akademiko komunak dituzten irakasle eta ikertzaile jakin batzuk biltzen dituztenak eta, hala, ezagutza-esparru bateko eta besteko irakasle eta ikertzaileak batu ditzaketenak. Teknikariak, kudeaketako langileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak ere izan daitezke sailetan, unibertsitatearen irakaskuntza-programazioarekin bat etorriz zehazten den moduan.
Administrazio Kontseiluak sortu, aldatu eta ezabatzen ditu sailak, arau hauen 8.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Unibertsitateak Doktorego Eskola bat izango du, eta haren helburu nagusia izango da ikerketa zientifikoa eta teknikoa eta sorkuntza artistikoa sustatzea eta doktorego-ikasketak antolatzea jakintza-adar guztietan.
Diziplinartekoa izango da, eta fakultate eta sailekin lankidetza estuan arituz beteko ditu bere eginkizunak. Era berean, estatuko zein atzerriko I+G+b arloko jarduerak garatzen dituzten beste unibertsitate, organismo, zentro, erakunde eta entitate batzuekin lankidetza-programak ezartzea bultzatuko du.
Doktorego Eskola zentro integral bat da, etorkizuneko doktoreen prestakuntzari eta ikerketari dagokienez esleituta daukan funtzioan errendimendurik handiena lortzera bideratuta dagoena unibertsitatearen ikerketa-prestakuntzako estrategia orokorrarekin koordinatuta.
Doktorego Eskolak bere araudia izango du, eta Administrazio Kontseiluak onartu beharko du, lehendakariak proposatuta eta Kontseilu Akademikoari entzun ondoren.
Unibertsitate Hedapenerako Zentroa unibertsitatearen zeharkako unitate bat da, eta berezko ikasketa guztiak kudeatzeaz, koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratzen da, bai eta erakundearen proiekzio akademikoa eta soziala sustatzen duten beste prestakuntza-jarduera batzuez eta ezagutza zabaltzeko jarduerez ere.
Administrazio Kontseiluaren erabakien bidez, gainera, nortasun juridiko propioa duten beste entitate batzuk sortu ahal izango dira eginkizun edo jarduera espezifikoak egiteko, partzuergo, fundazio, elkarte, sozietate zibil edo merkataritza-sozietate gisa edo zuzenbidean baimendutako beste edozein forma dutela.
Entitate horiek unibertsitateak berak bakarrik sortu ahal izango ditu, edo mistoak izan daitezke, baldin eta beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, enpresekin, fundazioekin edo beste pertsona juridiko edo fisiko batzuekin eta are unibertsitateko komunitateko kideekin sortzen badira edo haiekin parte hartzen bada bertan.
Euneiz Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek bete egin behar dituzte aplikatu beharreko araudian ezarritako betekizun akademikoak eta bestelakoak.
Unibertsitateko irakasleak lan-kontratu bidez edo zerbitzu-errentamendu bidez kontratatuko dira, zer dagokien, gaiaren gaineko legedian xedatutakoaren arabera. Era berean, beste irakasle batzuen lankidetza itundu ahal izango da osasun-zientzietako titulazioetan irakasteko, ospitale publiko edo pribatuekin egindako hitzarmenetan aurreikusitakoaren arabera. Kasu horretan, irakasle horiek ere egiaztatu beharko dute aplikatzekoa den unibertsitate-araudiak irakaskuntza horretan aritzeko kasu bakoitzean eskatzen duen titulazioa dutela.
Irakasle eta ikertzaileentzako lanbide-kategoriak gaur egun indarrean dagoen Unibertsitate Pribatuen, Unibertsitate Zentro Pribatuen eta Graduondokoak Prestatzeko Zentroen VIII. Hitzarmen Kolektibo Nazionalean ezarritakoak izango dira, edo etorkizunean hitzarmen hura ordezten duen arauan ezarritakoak.
Aurreko 1. apartatuan ezartzen den bezala, hitzarmen horretan aurreikusitako lanbide-kategorietako bakoitzean sartzeko, Euneiz Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek bete egin beharko dituzte bai hitzarmen kolektibo horretan eta bai aplikatu beharreko beste edozein arauditan xedatutakoaren arabera eska daitezkeen titulazio akademikoaren eskakizunak eta beste edozein motatakoak, eta lanbide-kategoria hori betetzeko izendatuak izan behar dute, unibertsitateak horretarako ezarritako prozeduraren arabera.
Irakasleen eta ikertzaileen eskubideen eta betebeharren araubidea, bai eta, hala badagokio, diziplina-araubidea ere, aplikatzekoa den Estatuko eta autonomia-erkidegoko unibertsitate-arauditik eratorritakoa izango da, bai eta lehen aipatutako Unibertsitate Pribatuen, Unibertsitate Zentro Pribatuen eta Graduondokoak Prestatzeko Zentroen VIII. Hitzarmen Kolektibo Nazionalean edo etorkizunean hitzarmen hura ordezten duen arauan berariaz jasotako xedapenetan jasotakoa ere.
Aurrekoa alde batera utzi gabe, Euneiz Unibertsitateko irakasleek eskubide hauek dituzte bereziki:
Katedra- eta ikerketa-askatasuna baliatzea, lege- eta deontologia-printzipioak errespetatuz.
Unibertsitatearen gobernu- eta ordezkaritza-organoetan parte hartzea, hala nola Unibertsitateko Klaustroan, Kontseilu Akademikoan, fakultate-batzordeetan, batzorde akademikoetan eta kalitate-batzordeetan, indarrean dagoen araudian ezarritako eran.
Unibertsitateak bere garapen akademikorako politikaren esparruan ezartzen dituen etengabeko prestakuntzako eta lanbide-sustapeneko programetara sartzea, barnean direla irakaskuntza eguneratzera, ikerketa hobetzera, hezkuntza berritzera eta karrera profesionala garatzera bideratutakoak.
Irakaskuntza- eta ikerketa-eginkizunak betetzeko bitarteko eta baliabide egokiak izatea.
Era berean, irakasle horiek betebehar hauek dituzte:
Aplikatzekoa den araudian ezarritako betekizun akademikoak eta bestelakoak betetzea.
Irakaskuntza-programak eta ikerketa-konpromisoak betetzea.
Printzipio etikoak eta deontologikoak errespetatzea irakaskuntzan eta ikerketan.
Aktiboki parte hartzea fakultateen kudeaketa akademiko eta administratiboan, bai eta kide anitzeko organo eta batzordeetan ere.
Ikasleei kasu egitea, tutoretzak egitea eta ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzea prestakuntza-prozesuan eta unibertsitate-bizitzan.
Kalitatea ebaluatzeko eta bermatzeko prozesuetan parte hartzea, bai eta unibertsitatearen etengabeko hobekuntza sustatzen duten plan instituzionaletan ere.
irakaskuntza unibertsitateko irakasleen eskubidea eta betebeharra da, eta katedra-askatasunarekin gauzatuko dute, Konstituzioak eta legeek ezarritako eta unibertsitateko ikasketen antolamendutik eratorritako mugen barruan.
Ikerketa-askatasuna aitortzen eta bermatzen da unibertsitate-eremuan. Ikertzea unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen eskubidea eta betebeharra da, unibertsitatearen helburu orokorren arabera eta ordenamendu juridikoak ezarritako mugen barruan.
Unibertsitateko teknikariak, kudeaketako langileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak (TKAZL) lan-kontratudunak edo zerbitzuen errentamenduan kontratatutakoak izango dira, hala badagokio, indarrean dauden legezko xedapenei jarraikiz, eta unibertsitateak bere helburuak betetzeko zehazten dituen kudeaketa administratiboko zerbitzuak eta laguntza-zerbitzuak emango dituzte.
Indarrean dagoen legediaren arabera, Administrazio Kontseiluak, presidenteak proposatuta, erabaki dezake kanpoko enpresek ematea unibertsitateak behar dituen zerbitzuak, eta enpresa horietako langileak ez dira unibertsitateko langiletzat joko.
Teknikarientzako, kudeaketako langileentzako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako lanbide-kategoriak gaur egun indarrean dagoen Unibertsitate Pribatuen, Unibertsitate Zentro Pribatuen eta Graduondokoak Prestatzeko Zentroen VIII. Hitzarmen Kolektibo Nazionalean ezarritakoak izango dira, edo etorkizunean hitzarmen hura ordezkatzen duen araukoak.
Teknikarien, kudeaketako langileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen eskubide eta betebeharren araubidea, bai eta, hala badagokio, diziplina-araubidea ere, aplikatzekoa den Estatuko eta autonomia-erkidegoko unibertsitate-arauditik eratorria izango da, bai eta lehen aipatutako Unibertsitate Pribatuen, Unibertsitate Zentro Pribatuen eta Graduondokoak Prestatzeko Zentroen VIII. Hitzarmen Kolektibo Nazionalean edo etorkizunean hitzarmen hura ordezten duen arauan berariaz jasotako xedapenetan jasotakoa ere.
Aurrekoa alde batera utzi gabe, Euneiz Unibertsitateko langileek eskubide hauek dituzte bereziki:
Eragiten dieten erabakiak kudeatzen eta hartzen parte hartzea, eta ordezkaritza izatea Unibertsitateko Klaustroan, fakultate-batzordeetan, batzorde teknikoetan eta laneko segurtasun- eta osasun-batzordeetan besteak beste, indarrean dagoen araudian ezarritako eran.
Unibertsitateak eskaintzen dituen prestakuntza-programetara eta barne-sustapeneko programetara sartzea, gaitasun teknikoak, digitalak, antolakuntzakoak eta jendeari arreta ematekoak garatzeko, bai eta karrera profesionalean aurrera egiteko ere.
Lan-ingurune segurua, osasungarria eta lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko modukoa izatea.
Hobekuntzak proposatzea zerbitzu administratiboen eta teknikoen antolamenduan eta funtzionamenduan.
Era berean, langile horiek betebehar hauek dituzte:
Esleitutako eginkizunak betetzea, unibertsitatearen barne-araudiaren eta prozedura-eskuliburuaren arabera.
Unibertsitateak egoki funtziona dezan laguntzea eraginkortasun- eta kalitate-irizpideekin eta zerbitzurako orientazioarekin.
Aktiboki parte hartzea kudeaketa administratiboan, hobekuntza-proposamenak egiteko zereginean eta izendatuak diren batzorde edo lantaldeetan.
Konfidentzialtasunaren, neutraltasun instituzionalaren eta datu pertsonalen babesaren printzipioak errespetatzea.
Hauek hartzen dira Euneiz Unibertsitateko ikasletzat: titulazio, ikastaro edo ikasketa ofizial edo propioren batean denbora osorako, zati denborarako edo luzaturako matrikulatutako ikasleak, edozein dela ere unibertsitateak hura ematen duen era, presentziala, erdi presentziala edo birtuala, eta izaera horri eusten dioten bitartean, bertan segitzeko ezarritako arauen arabera.
Unibertsitateak ikasleen eskubidetzat araudi orokorrak eta unibertsitateko araudi espezifikoak ezartzen dituztenak hartzen ditu, eta, bereziki, Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren VIII. tituluan eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen 40. tituluan eta hurrengoetan jasotakoak, bai eta antolamendu- eta funtzionamendu-arau hauetan ezarritakoaren ondoriozko beste edozein ere.
Zehazki, Euneiz Unibertsitateko ikasleek eskubide hauek dituzte:
Aukera berdinak izatea eta diskriminaziorik ez izatea sexuagatik, generoagatik, arrazagatik, erlijioagatik edo desgaitasunagatik, edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialengatik, unibertsitatean hasteko, ikastetxeetan sartzeko, unibertsitatean jarraitzeko eta eskubide akademikoak baliatzeko.
Matrikulatuta dauden ikasketak unibertsitateko hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzea, arau hauetako 3.6 artikuluan ezarritako araubidearen arabera horretarako ezarritako bitartekoekin, eta ikasketa-planetan hautazko eta aukera askeko irakasgaien eskaintza nahikoarekin.
Beren prestakuntza-prozesuan aktiboki parte hartzea, prestakuntza-programen eduki eta helburuen barruan ikasteko askatasunarekin.
Unibertsitateak eragiten dieten jarduerei buruzko orientazioa eta informazioa ematea.
Ikasteko bekak, laguntzak eta kredituak jasotzea, botere publikoek eta unibertsitateek bakoitzak bere eskumenen esparruan erabakitzen duten moduan.
Unibertsitateko bizitza arautzen duten arauen publizitatea jasotzea, eta, zehazki, antolamendu- eta funtzionamendu-arau hauen 10.2.d) artikuluan aipatzen diren arauena ikasleak onartzeko, haiek bertan jarraitzeko eta haien ezagutzak egiaztatzeko araubideari buruzko arauak eta indarrean dagoen legediaren arabera aplikatzekoa den beste edozein arauena.
Irakasleen aholkularitza eta laguntza jasotzea eta tutoretza izatea, zehazten den moduan.
Unibertsitatearen gobernu- eta ordezkaritza-organoetan ordezkaritza izatea dagozkien ordezkarien bidez eta horietan sartzea, hala nola Unibertsitate Klaustroan, fakultate-batzordeetan, Ikasleen Kontseiluan eta kalitate-, irakaskuntza- edo berdintasun-batzordeetan, Ordezkarien Kontseiluaren bidez.
Unibertsitatearen esparruan adierazteko, biltzeko eta elkartzeko askatasuna.
Beren eskubideak bermatzea, prozedura egokiak ezarriz eta, hala badagokio, unibertsitateko aldezleak esku hartuz.
Beren errendimendu akademikoaren ebaluazioa jasotzea eta ebaluazio horretan parte hartzea, bai eta kalifikazioak berrikusteko eskatzea eta dagozkion aurkaratzeko bideak erabiltzea ere, unibertsitatearen irizpideen arabera.
Indarrean dagoen araudiak eta ikasketa-planek baimentzen dutenean, eskolara ez joatea, ebaluaziorako eskubideari kalterik egin gabe.
Aitorpen akademikoa jasotzea unibertsitateko, kulturako, kiroleko, ikasleen ordezkaritzako, elkartasuneko eta lankidetzako jardueretan parte hartzeagatik.
Tratu sexistarik ez jasotzea.
Ikasketak eta lan-jarduera uztartzen lagunduko duen arreta izatea.
Eskola-aseguruak babestea, indarrean dagoen legediak ezarritako moduan eta baldintzetan, eta, hala badagokio, unibertsitateak oro har ezartzen duen aseguru-babes pribatuak babestea.
Aipatutako legeetan eta gainerako arauetan aitortutako edo ezarritako beste edozein eskubide.
Unibertsitateak araudi orokorrean eta unibertsitateko araudi espezifikoan agertzen direnak ezartzen ditu ikasleen betebehar gisa, eta, bereziki, Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren VIII. Tituluan eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen 40. tituluan eta hurrengoetan jasotakoak, bai eta antolamendu- eta funtzionamendu-arau hauetan ezarritakoaren ondoriozko beste edozein ere.
Zehazki, betebehar hauek dituzte Euneiz Unibertsitateko ikasleek:
Norberaren prestakuntzan aritzea, unibertsitateak eskatzen duen kemen bereziarekin.
Eskola teorikoetan eta praktikoetan aktiboki parte hartzea.
Diziplina akademiko orokorreko arauak betetzea, eta, bereziki, unibertsitate honek ezartzen dituenak.
Unibertsitateko komunitateko kide guztien oinarrizko eskubideak, askatasun publikoak eta gainerako eskubideak errespetatzea, bai eta gainerakoek beren betebeharrak bete ditzaten errespetatzea ere.
Unibertsitateko komunitateko gainerako kideekin lankidetzan aritzea, unibertsitatearen helburuak lortzeko eta zerbitzuak kontserbatu eta hobetzeko.
Ordezkaritza-karguetarako hautatuak izan badira, bere gain hartzea kargu horien ondoriozko erantzukizunak.
Antolamendu- eta funtzionamendu-arau hauetatik, barne-araubideko gainerako arauetatik eta aplikatu beharreko beste edozein lege-xedapenetatik eratorritako beste edozein.
Ikasleek beren eskubideak izateko eta baliatzeko, legez ezarritako betekizunak bete behar dira, onarpen-probak gainditu eta dagozkien ordainsari akademikoak ordaindu unibertsitateak ezarritako epean eta eran, ezartzen diren bekak eta beste laguntza batzuk gorabehera.
Administrazio Kontseiluari dagokio, lehendakariak proposatuta, ikasleen onarpen-, egonaldi-, ebaluazio- eta kalifikazio-araubidea jasotzen duten arauak onartzea, bai eta dagozkien ordainsari akademikoak eta ezartzen diren bekak eta bestelako laguntzak formalki onartzea ere.
Arau horiek publikoak izango dira, ikusteko moduan egongo dira, eta ikasle guztien eskura beti, unibertsitatearen bide ofizialen bidez.
Euneiz Unibertsitateak autonomia ekonomikoa eta finantzarioa izango du, eta, horretarako, esleituta dauzkan eginkizunak betetzeko behar beste baliabide izango ditu, legean xedatutakoarekin bat etorriz.
Unibertsitateak plangintza ekonomiko bat egingo du, eta hura urteko aurrekontuaren kontabilitatean eta, hala badagokio, ezartzen diren urte anitzeko plan eta programen kontabilitatean jasoko da.
Unibertsitatearen aurrekontua urtean zehar unibertsitateak gehienez hartu ahal izango dituen betebeharren eta likidatu ahal izango diren eskubideen adierazpen kuantifikatua, bateratua eta sistematikoa da. Aurrekontuak urtekoa, bakarra, publikoa eta orekatua izan behar du, eta diru-sarrera eta gastu guztiak jaso behar ditu.
Unibertsitatearen diru-sarrerak hauetatik etorriko dira: ikasleek edozein kontzepturengatik ordaintzen dituzten ordainsari akademikoetatik, ikerketa-jarduerak sortutako itzulkinetatik, dirulaguntzetatik eta entitate publiko eta pribatuen gainerako ekarpenetatik, bai eta edozein tituluren bidez eskuratzen dituen ondasun eta eskubide guztietatik ere.
Administrazio Kontseiluak onartu behar du urteko aurrekontua, eta Euneiz Unibertsitatearen gastuak aurrekontu horretara egokitu behar dira.
Euneiz Unibertsitatearen ustez, jarduera fisikoa eta kirola interes publikoko gizarte-jarduerak dira, pertsonen prestakuntzan eta garapen integralean laguntzen dutenak. Horretarako, kirola eta jarduera fisikoa zeharka egitea sustatuko du bere jarduera-eremu osoan, eta tresna egokiak emango ditu praktika hori prestakuntza akademikoarekin benetan bateragarriak izan daitezen.
Unibertsitateak konpromisoa hartzen du genero-berdintasunaren printzipioa zeharka integratzeko bere politika, egitura eta jarduera guztietan, indarrean dagoen Estatuko eta autonomia-erkidegoko araudia betez, hau bereziki: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa; 15/2022 Lege Integrala, uztailaren 12koa, Tratu Berdintasuna eta Diskriminaziorik Eza Lortzekoa; 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena; 2/2023 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemarena; 4/2023 Legea, otsailaren 28koa, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa, eta 1026/2024 Errege Dekretua, urriaren 8koa, Enpresetan LGTBI pertsonen berdintasuna lortzeko eta ez diskriminatzeko planifikatutako neurriak garatzen dituena.
Administrazio Kontseiluak behar diren neurriak hartuko ditu Euneiz Unibertsitatearen Berdintasun Plana ahalik eta lasterren egingo dela bermatzeko, bat etorriz martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuan eta urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan jasotako aurreikuspenekin (6/2019 Errege Lege Dekretua, martxoaren 1ekoa, Enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriena da; 901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, Berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratzeari eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).
Nolanahi ere, plan hori izan arte, Administrazio Kontseiluak behar dena xedatuko du Euneiz Unibertsitatearen eremuan sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena eragozteko eta halako egoeretan jarduteko protokolo bat berehala ezar dadin.
Konpromiso horiei jarraituz, unibertsitateak neurri hauek hartuko ditu:
Unibertsitateko gobernu-organoak izendatzean, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela sustatu beharko da.
Unibertsitateak antolaketa-egituretan berdintasun-unitate bat izango du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioarekin zerikusia duten eginkizunetarako. Unitate horrek Zuzendaritza Batzordeari helaraziko dizkio bere proposamenak eta txostenak.
Halaber, urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz (902/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, Emakumeen eta Gizonen Ordainsari Berdintasunari buruzkoa), organo horrek behar diren neurriak hartuko ditu haren 5. eta 6. artikuluetan aipatzen den ordainsari-erregistroa benetan ezartzeko.
Genero-ikuspegia txertatuko du unibertsitateko irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan, eta ikasketa-planetan eta ikerketa-lerroetan berdintasunarekin lotutako edukiak sartzea sustatuko.
Berdintasunari buruzko etengabeko prestakuntza emango da unibertsitateko komunitate osorako, barnean direla zuzendaritza-taldeentzako, hautaketa-epaimahaientzako eta ordezkaritza-organoentzako programa espezifikoak.
Indarkeria matxistaren biktimak babesteko neurri espezifikoak hartuko dira, unibertsitatean dauden protokoloekin koordinatuta, eta konfidentzialtasuna eta laguntza bermatuz eta baldintza akademikoak eta lan-baldintzak egokituz hala dagokionean.
Datuak sexuaren arabera bereizita bilduko dira, sistematikoki, eta unibertsitate-politiken genero-eragina ebaluatuko da aldizka.
Neurri horiek unibertsitate-esparru guztietan aplikatu behar dira, barnean direla langileen sarbidea eta sustapena, karrera akademikoaren garapena, eskaintza akademikoaren diseinua eta jarraipena eta unibertsitate-bizitzako parte-hartzea.
Unibertsitateak desgaitasuna duten ikasleen eta unibertsitate-komunitateko gainerako kideen aukera-berdintasuna bermatuko du, diskriminazio mota oro debekatuz, eta ekintza positiboko neurriak ezarriz, unibertsitate-esparruan haien parte-hartzea osoa eta benetakoa dela ziurtatzeko.
Unibertsitateak kontuan hartuko ditu azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren xedapenak (1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena) desgaitasuna duten unibertsitate-irakaskuntzako ikasleei dagokien guztian eta langileak hautatzeko prozesuetan.
Antolamendu- eta funtzionamendu-arau hauetan ezarritakoak ez ditu inola ere eragozten, mugatzen eta ordezten langileen ordezkarien eginkizunak, lan-arloko legedian ezarritakoaren arabera.
Administrazio Kontseiluak Unibertsitateko Aholku Batzorde bat izenda dezake. Batzorde hori aholku-emailea izango da, eta Administrazio Kontseiluak bere ekimenez edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta izendatutako pertsona batzuek, batzordeburuak eta errektoreak osatuko dute. Izendatutako pertsona horiek beren ezaugarri pertsonal eta akademikoengatik edo zientziaren, teknikaren, ikerketaren, giza zientzien, enpresaren edo kulturaren munduari ekarpen berezia egin dioten zeregin edo eginkizunak betetzeagatik aitorpen handia lortu dutenak izan behar dute.
Izendapena hiru urterako izango da, eta Administrazio Kontseiluak luzatu ahal izango du epe hori.
Unibertsitateak ohoreak eta handigarriak eman ditzake zientzia-, akademia-, kultura- edo arte-merezimendu nabarmenak saritzeko, edo gizarteari eta enpresari edo unibertsitateari berari emandako zerbitzu garrantzitsuak saritzeko.
Administrazio Kontseiluak Unibertsitateko Ohoreen eta Handigarrien Erregelamendu bat onartuko du, eta erregelamendu hark arautuko du horiek nola eman.
Elkar ulertzea, bizikidetza baketsua eta balio demokratikoen, oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen erabateko errespetua bultzatzeko, Administrazio Kontseiluak Euneiz unibertsitatearen bizikidetza-arauak onartuko ditu, Unibertsitate Bizikidetzaren otsailaren 24ko 3/2022 Legean xedatutakoaren arabera, eta arau horiek nahitaez bete beharko dituzte unibertsitateko komunitateko kide guztiek.
Unibertsitateak bermatu egingo du ikasleek, irakasleek eta teknikariek, kudeaketako langileek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek (TKAZL) unibertsitateko bizitzaren alderdi guztietan euskara erabiltzeko duten eskubidea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Euskararen erabilera normalizatzeko neurri progresibo eta eraginkorrak hartuko dira eremu hauetan:
Administrazioa eta zerbitzuak: administrazio-zerbitzuetan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea ziurtatzea eta barne-prozedurak pixkanaka bi hizkuntzetara egokitzen direla bermatzea.
Irakaskuntza: euskaraz ematen diren irakasgaien eta ikasketen eskaintza nahikoa eta gero eta handiago dela bermatzea.
Ikerkuntza: lan eta argitalpen zientifikoak euskaraz egin daitezen sustatzea, bai eta horiek ikusarazi eta baloratu daitezen ere.
Ikasleak ebaluazio-jarduerei Euneiz Unibertsitateko hizkuntza ofizialetan erantzun ahal izatea eska dezake, hau da, euskaraz edo gaztelaniaz erantzutea, irakasleak eskola emateko erabiltzen duen hizkuntza edozein dela ere, eta azterketaren enuntziatuaren hizkuntza edozein dela ere, zeina irakaskuntzako hizkuntza berean ematen baita normalean.
Partaidetza- eta ordezkaritza-organoetan, bermatu egingo da irakasleek, TKAZLek eta ikasleek euskara erabiltzeko duten eskubidea, hala nola Unibertsitateko Klaustroan, Gobernu Kontseiluan, Ikasleen Kontseiluan, fakultate-batzordeetan eta kide anitzeko gainerako organoetan. Horretarako, komunikazio elebiduna erraztuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izateko neurriak hartuko dira.
Unibertsitateak euskarazko prestakuntza-programak jarriko ditu abian irakasle, TKAZL eta ikasleentzat, bai eta hizkuntza horren ezagutza egiaztatzeko pizgarriak ere, euskal hezkuntza-administrazioak ezarritako mailen arabera.
Unibertsitateak bermatu behar du bere dokumentu instituzional, araudi eta prozesu akademiko eta administratibo guztien publizitatea bi hizkuntzetan dagoela eta horiek bi hizkuntzetan eskuratu daitezkeela, kudeaketa akademikorako eta barne-komunikaziorako plataforma digitalak barnean direla.
Neurri horien jarraipena egiteko eta neurri horiek bermatzeko, Hizkuntza Normalkuntzako Batzorde bat eratuko da, unibertsitateko estamentu guztien ordezkariak izango dituena, eta eginkizun hauek izango ditu:
Euskararen erabileraren arloan indarrean dagoen legedia betetzen den gainbegiratzea.
Hobetzeko proposamenak egitea.
Hizkuntza-eskubideekin lotutako erreklamazioak bideratzea.
Adierazle espezifikoak eta aldizkako ebaluazio-mekanismoak zehaztu beharko dira, neurri horiek pixkanaka eta eraginkortasunez ezartzen direla bermatzeko.
Unibertsitatearentzat, hizkuntza-aniztasuna aberasgarria da unibertsitate-bizitzan, eta erabakigarria ikaslearen eta unibertsitateko komunitate osoaren proiekzio akademiko, kultural eta profesionalerako.
Ingelesa komunikazio zientifikoko, akademikoko eta nazioarteko hizkuntza gisa ikastea eta erabiltzea ere sustatuko du unibertsitateak, baldin eta euskara eta gaztelania Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizial gisa erabiltzeari buruzko lege-esparrua erabat betetzeko eragozpena ez bada.
Horretarako, unibertsitateak neurri hauek bultzatuko ditu:
Ingeleseko irakasgai eta titulazioen eskaintza progresiboa egitea, nazioarteko proiekzioa duten eremuetan bereziki.
Nazioarteko mugikortasun-programetan parte hartzea eta atzerriko erakundeekin aliantzak egitea.
Irakasleentzako, administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako eta ikasleentzako ingelesezko prestakuntza-ikastaroak eskaintzea.
Irakaskuntza- eta zientzia-material eleaniztuna prestatzea.
Ingelesa ikasleen eta unibertsitateko langileen hizkuntza-eskubideak errespetatuz eta babestuz sustatu beharko da beti, bai eta unibertsitate-jardueran erabiltzen diren hizkuntzen arteko oreka gordez ere.
Ekimen horiek euskararen normalizazio-helburuekin koordinatuta garatu behar dira, bi jarduera-ildoak osagarriak izan daitezen eta unibertsitate-komunitate eleaniztun, inklusibo eta munduari irekia lortzen lagun dezan.