Azken eguneratzea: 2012/06/06

Trenbide igarobideak, oinezkoentzako pasagunea eta bidegorria ditu Etxebarri eta Basauri artean, eta inguru horretan uholdeak gertatzeko arriskua murr

Arriolak, Garraio eta Ingurumen Sailek erdi bana finantzatutako Etxebarriko zubi berria inauguratu du

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Etxebarriko zubi berria inauguratu du gaur goizean. Zubia, Bilbo-Donostia trenbide lineako 4,901 kilometro puntuan dago, eta Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eta Uraren Euskal Agentziaren (URA) artean lortutako finantzaketa hitzarmenaren ondorioz burutu ahal izan da.

Zubi berriak ez du tarteko euskarririk Nerbioi ibaiaren ubidean

Gaur goizean Etxebarriko geltokiaren inguruetan burutu den ekitaldian parte hartu dutenen artean, Iñaki Urrizalki, URAko Zuzendaria, Loren Oliva, herriko alkatea eta ETS-ko, EuskoTreneko eta Uraren Euskal Agentziako, ingeniaritza eta eraikuntza enpresatako zuzendaritza taldeetako kideak egon dira.

Bilbo-Donostia eta Bilbo-Bermeo lineatan zerbitzua eskaintzen duten EuskoTreneko unitateak otsaila erdialdetik ari dira zubi berritik zirkulatzen. Hala ere, inguruko urbanizazio lanak, joan den maiatzaren erdialdera arte luzatu dira.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektu horri esker, trenbideko segurtasuna hobetzeaz gain, aurretik bertan zegoen zubiaren ezaugarriak zirela eta, puntu horretan zegoen uholde arriskua saihestu ahal izan da.

Egitura berriaren azken kostua 6,4 milioi eurokoa izan da. Bao bakarra du eta, ondorioz ez du tarteko euskarririk Nerbioi ibaiaren ubidean. Horrela, behin betiko desagertuko da elementu flotagarriak estrukturaren kontra metatzeko eta horren ondorioz ibaiak gainezka egiteko eta uholdeak sortzeko arriskua. Halaber, igarobidea aurrekoa baino finagoa eta altuagoa da. Horrela, ibaiaren ur-emaria handiagoa izan arren eta elementu flotagarriak eraman arren, zubiaren altuerari esker, ez dute inoiz zubiaren oholtzaren kontra joko.

Bide-zubi berriak, hiru metro zabal den oinezkoentzako igarobidea du. Igarobide horri esker oinezkoak Etxebarri eta Basauri artean oinez ibili ahal izango dira. Horrez gain, azpiegitura berria, bertan bidegorria egiteko egokituta geratuko da, bi herrien artean bizikleta bidezko lotura ezarri ahal izateko.

Jarduketa hori, zenbait erakunderen esku dauden garraio azpiegituren plangintza bateratuaren barruan sartzen da. Plangintza horren xede nagusia mugikortasun adimentsuagoa, eraginkorragoa eta, batez ere, iraunkorragoa eta jasangarriagoa lortzea da, hiritarrek ibilgailu pribatua gero eta gutxiago erabil dezaten eta trena eta bizikleta, adibidez, gero eta gehiago erabil ditzaten.

Obraren burutzapena eta garapena

Lanak 2010eko uztailaren 19an hasi ziren, Etxebarriko eta Basauriko udalerrien artean, EuskoTrenek ustiatzen duen trenbidean une honetan dagoen zubiarekin paraleloan eraikitako zubiaren eraikuntzarekin. Soluzio horri esker, zubi berria eraikitzen zen bitartean trenbideko trafikoa normaltasunez eskaini ahal izan da, eta, halaber ibaian oztopo hidraulikoa sortzen duen eta sarritan inguru hartan uholdeak eragin dituen zubi zaharra kentzeko aukera izan dugu.

Zubi berriaren eraikuntza lanak amaitu eta gero, 2011ko azaroaren 27an, trazatuaren behin behineko desbideraketa egin zen. Trenbideko trafikoa bi egunez etenda egon zen. Egun horietan, garraio zerbitzua autobusez eskaini zen.

Desbideraketa hori ezinbestekoa zen zubi zaharra eraisteko eta, aldi berean, zubi berriaren zimendatzeak behin betiko kokalekuan eraiki ahal izateko. Lan horiek 2 hilabetez luzatu ziren. Ondoren, eta erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko xedez, 2012ko otsailaren 11koa ezarri zen trenbideko trafikoa eteteko data berri gisa. Oraingo honetan, etenaldiak 4 egun iraun zituen.

Denbora tarte horretan behin behineko trazatua desmuntatu behar izan da, zubia albo baterantz mugitu eta 50 cm jaitsi da. Ondoren trenbideak eta katenariak berriro muntatu dira, eta tablerotik doazen zerbitzu guztiak berriro ere indarrean jarri dira.

Ripatuaren aurretik, zubia, 1.633 eta 1.193 tonako neopreno zuntxatuzko 4 euskarritan eusten zen, eta horiek, aldi berean, 50 cm-ko altuerako metalezko kastilletea zuten. Hori ezinbestekoa zen zubia lehen zegoen zubiaren beheko kota berean eraikitzeko eta sekzio hidraulikoa ez estutzeko.

Zubiak 3.700 tonako pisua du, eta alboko desplazamenduaren luzera 11,25 metrokoa da. Albora mugitzeko, pisua altxatzeko 750 tonako bultzada bertikaldun 6 skidshoe eta era horizontalean mugitzeko 60 tonako 6 katu horizontal behar izan dira.

Ripatua amaitu ondoren, eta zubia bere behin betiko kokalekuan jarrita, azpiegiturak nabarmen hobetzen ditu jatorrizko trenbidearen trazatua eta ibaiaren bi aldeen arteko irisgarritasuna, oinezkoentzako igarobidea eta bidegorria dituelako eta, aldi berean, Nerbioi ibaia, uretan zutaberik jarri gabe gainditzeko helburua betetzen du. Horrela asko murrizten da uholdeak gertatzeko arriskua.