• Hasiera
  • Berriak
  • Kantauriko traineruak Malagan, Euskadi norako gisa sustatzeko

Ezagutu Euskadi

Berriak

Kantauriko traineruak Malagan, Euskadi norako gisa sustatzeko

  • Traineruak
    Traineruak
2015/06/22
Kantauriko traineruak Malagan, Euskadi norako gisa sustatzeko
III. Euskadi Basque Country Banderak Andaluziara eramango du Basque Style modua asteburu honetan.

Kantauriko hamabi traineru onenek ekainaren 28an ekingo diote 2015eko norgehiagoka denboraldiari, Andaluzian. Hain zuzen, Malagako uretan lehiatuko dira III. Euskadi-Basque Country Bandera lortzeko. Eserleku finkoko arrauneko lehen proba puntuagarri honetan honako euskal ontzi hauek hartuko dute parte: Hondarribia –egungo txapelduna-, Orio, San Juan eta San Pedro, Kaiku, Urdaibai, Portugalete eta Zierbena. Gainera, Galiziako arraunlariak (Cabo da Cruz, Samertolameu eta Tirán) eta Kantabriakoak (Astillero) ere izango dira. Euskal kostaldean hain tradizionala den lehiaketa hau ez da lehen aldiz lekualdatuko beste ur batzuetara. Izan ere, Euskadi-Basque Country banderaren lehen bi edizioak Bartzelonan egin ziren 2013an eta 2014an. Gainera, 2008an, liga Zaragozan hasi zen, eta 2011n, Bordelen. Kirol ikusgarri horretan, euskaldunak protagonista nabarmenak dira. Hori horrela, kirol horren denboraldi irekiera Euskadi sustatzeko ekintza bihurtu da Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Jaurlaritzak sustatzen baitu Euskadi-Basque Country Bandera. Estropada hau egiteko agerleku gisa Andaluzia hautatzea hegoaldeko turistek Euskadirekiko erakusten duten interes handiarekin lotuta dago. Izan ere, merkatu andaluziarra hirugarren postuan dago penintsulako turistak igortzeari dagokionez, eta haren zenbatekoa % 45,2 areagotu da 2008-2013 aldian. Hain zuzen, zenbateko hori estatuko turismoaren batez besteko igoera (+% 5,1) baino askoz ere handiagoa da, eta atzerritik datozen turistena (% 30,3) ere gainditzen du. Andaluzian Euskadi sustatzeko ekintzak Malaguetako uretan estropada eginda amaituko dira, baina beste hainbat jarduera egingo dira aurreko egunetan (hilaren 25ean, 26an, 27an eta 28an). Hain justu ere, Euskadi norako gisa eskaintzeko sustapen ekintzak egingo dira kalean, publikoarentzat, eta aurkezpen profesionalak ere egingo dira Andaluziako bidaia antolatzaileetarako. 2015eko San Miguel Ligak 19 jardunaldi izango ditu, eta irailaren 20an amaituko da Bilboko itsasadarreko uretan.

Eskaintzak

Irisgarritasuna
Eskaintzak
Itzultzea