Azken eguneratzea: 2007/12/13
Zine gehiago +euskara egitasmoa abiarazi du Eusko Jaurlaritzak, euskarazko filmak DVDn eta zirkuitu komertzialetan txertatzeko
Universal etxearen Heroiak telesailaren ordubeteko 23 atal, Tripictures etxearen Number 23 eta Fur (Obsesio baten erretratoa) pelikulak, New World etxearen Arthur and the Minimoys, On Pictures etxearen Casandra`s Dream, eta Filmax etxearen 88 minutes, The Contract eta Rob B Hood. Film guzti hauek jadanik edo datozen astetan saltokietan izango dira eta datozen hilabeteetan egitasmo honen barruko eskaintza zabaldu egingo da 40 filmetara iristeko.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak "ZINE GEHIAGO+EUSKARA GEHIAGO" euskarazko filmak DVD zirkuituetan txertatzeko egitasmoa eta honen lehen emaitzak aurkeztu ditu gaur.

Egitasmo honek bide berriak zabaldu nahi dizkio euskarazko bertsioa duten filmei. Euskarazko produktuak izatea eta hauen kontsumoa eta zabalkundea DVD zirkuituetan bultzatzea du xede Kultura sailak abian jarri duen ZINE GEHIAGO+EUSKARA GEHIAGO egitasmo berriak. Honen bitartez,  euskaraz bikoiztutako edo eta euskarazko azpitituluak dituzten pelikulak DVD euskarrian alokairu eta salmentarako eskainiko dira eta horretarako pelikulen eskubideak eta banaketa duten banatzaileekin hitzartuko du Kultura Sailak.  40 film euskaraz bikoiztuta edo azpi-idazketarekin urteko egiteko aurreikuspena du lehen bi urtetan. 2007ko aurrekontuetan, film hauen bikoizketarako eta zabalpenerako 400.000 euroko dirua aurreikusi da, Jaurlaritzak Aralar legebiltzar taldearekin hitzartutako emendakin baten bitartez  eta 2008. urtean gutxienez beste horrenbeste erabiliko da.

ZINE GEHIAGO+EUSKARA GEHIAGO egitasmoaren baitan lehendabiziko emaitzak kalean dira jada DVDko zabalpen eta saltokietan, lehen emaitza gisa salgai jarri dira eta ondoren alokairuko bidea jorratuko dute euskaraz dauden filma hauek:  Universal etxearen Heroiak telesailaren ordubeteko 23 atal, Tripictures etxearen Number 23 eta Fur (Obsesio baten erretratoa) pelikulak, New World etxearen Arthur and the Minimoys, On Pictures etxearen Casandra`s Dream, eta Filmax etxearen 88 minutes, The Contract eta Rob B Hood. Film guzti hauek jadanik edo datozen astetan saltokietan izango dira eta datozen hilabeteetan egitasmo honen barruko eskaintza zabaldu egingo da arestian aipatutako emaitzetara iristeko.
Euskarazko filmen kontsumoa bultzatzea xede duen egitasmo honen baitan hartuko diren pelikulak zinema areto komertzialetan estreinatutako filmak izan beharko dute. Euskarara bikoiztuta eta euskarazko azpitituluekin jarriko dira DVDetan beste hizkuntzetako bertsioekin batera  eta erosketarako eta -ondoren- alokairuko zirkuituetan txertatuko dira ohiko zabalbideetatik, zinema etxeekin adostuta, euskaraz ere direla argi azalduz. Kultura sailak produktu hauen zabalpena egingo du, EITBren laguntzarekin. Egitasmoaren kudeaketarako Kultura sailak Euskal Irrati Telebistaren lankidetza du zinema alorreko enpresekin harremana garatzeko.

ZINE GEHIAGO+EUSKARA GEHIAGO egitasmoa Kultura sailak euskarazko pelikulak eta hauen kontsumoa hedatzeko azken urtetan jorratu duen "Zinema euskaraz" programari gehitzen zaio. Zinema euskaraz egitasmoa orokorrarekin, Kultura sailak  euskaraz dauden filmak zirkuitu komertzialean txertatu nahi ditu eta pixkanaka kultura eta aisialdi kontsumo hauetan euskarazko eskaintza izatea eragin eta bide batez,  euskaraz dauden filmen kontsumo ohitura sustatu nahi du.

Zinema zein DVDko zirkuitu komertzialera zuzentzen den egitasmo hau estreinako pelikuletara zuzentzen da, horren baitako filmak euskaraz estreinatzen dira, hots euskarazko estreinaldia gutxienez gaztelaniazkoarekin batera gauzatu ohi da. Zine-aretoetara zuzendutako filmen kasuan, estreinaldia gutxienez lau zine aretoetan batera egiten da, horretarako pelikula bakoitzaren lauzpabost kopia egiten dira eta hirigune nagusietan jarri ikusgai. Hiriburu eta herrietako areto komertzialetan zabaldu ondoren, beste zirkuituetan , kultur etxe eta eskoletan zabaldu ohi dira. Bataz beste, dozena bat pelikula estreinatu izan dira zinema komertzialetan euskaraz urtero eta zirkuitu iraunkorrak landu ditu euskarazko eskaintza jarraitua garatzeko, alde horretatik datozen hilabetetan berriak izango dira. Era berean, arian arian, euskarazko hainbat titulu jarri izan dira DVD eta bideo formatuetan, baina orain arte egitasmo propiorik gabe.
Bilbo, 2007ko abenduaren 13a