Azken eguneratzea: 2012/11/06
- Eusko Jaurlaritzak bidaia agentzientzako XXII. TurNexo azoka esklusiboan aurkeztuko du bere stand-a. - Datorren astean Bartzelonara joango da.
Madrileko Autonomia Erkidegoko bidaia agentziek gaur lehen pertsonan ezagutu ahal izango dute Euskadiko turismo eskaintza eta “Euskadi, Goza Ezazu” prestigiozko marka, Espainiako hiriburuko hotel batean antolatu duten XXII. TurNexo Aretoan. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak berriro ere argi utziko du Euskadik sektore ekonomiko garrantzitsu honetan duen bikaintasuna. Isabel Muela Turismo arloko zuzendaria izango da euskal ordezkaritzaren buru.
Hala, gaur eguerdiko hamabietan Madrileko Mayorazgo Best Western Hotelean inauguratu dute TurNexo azokaren aurtengo edizioa. Azoka horretan bidaia agentziek soilik parte har dezakete eta aukera ematen du sektoreko profesionalak turismo hornitzaile anitzekin elkartu daitezen, besteak beste Euskadikoekin. Beraz, Madrileko Erkidegoko bidaia agentziek berriro ere Euskadiko turismo eskaintza ezagutzeko parada izango dute.
Azokan Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ordezkaritza stand bat egongo da, non “Euskadi, Goza Ezazu” aurkeztuko baitute eta bi agentzia hartzaile ere bertan egongo dira. Bata “Agrotravel Turismo Responsable” da, bidaiariak bidezko turismo iraunkorra egitera bultzatzen dituen agentzia, tokiko biztanleek ematen dituzten zerbitzuen kontsumoa sustatuz. Besteak “Intermedical Solutions World-Euskadi” du izena eta goi-mailako medikuntza zerbitzuak eskaintzen ditu mota horretako turismoarentzat, bere pazienteek duten denborari egokituz.
Garrantzitsua da azpimarratzea datorren astean (zehazki azaroaren 13an), profesional katalanek izango dutela Euskadiko turismoaren eskaintza guztiak ezagutzeko aukera. Hain zuzen, TurNexo Aretoa Bartzelonako Eurostars Grand Marina Hotelera joango da eta han izango da Donostia/San Sebastián Turismo ere.
Turnexo Madrid
TurNexo Madrid gaur goizeko 11:00etik arratsaldeko 17:00ak arte luzatuko da. Bidaia agenteentzako berrikuntzari eta teknologiari buruzko AgentLab Foro berria goizeko 9:30ean egin da eta Joaquín Castillo, Madrileko Erkidegoko Turismo zuzendari nagusiak inauguratu du. Jarraian, Eugenio de Quesada TurNexo azokako zuzendariak moderatutako mahai-ingurua egin dute.
Ignacio Fernándezek emango dio amaiera jardunaldiari, Erkidegoko Turismo arloko zuzendari nagusia eta Madrid Visitors & Convention Bureau erakundeko kontseilari delegatua. Amaitutakoan, TurNexo Madrid Aretoa inauguratuko da eta Ignacio Fernándezek berak ebakiko du zinta tradizionala, bidaia agentzien enpresa erakunde nagusietako presidenteek lagunduta.
2012ko azaroaren 6a