Azken eguneratzea: 2010/05/13
Urgell sailburuak bat egiten du Richard Serra artista zoriontzeko
Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak artista estatubatuarrak euskal museoetan duen tokia azpimarratu du

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak bat egin du Richard Serra artista estatubatuarra zoriontzeko unean, gaur egun sorkuntza-lanean diharduen abanguardiako eskultoreak 2010eko Arteen Asturiaseko Printzea saria jaso baitu gaur bertan Oviedon. Serrak miresmen handia die Eduardo Chillidari eta Jorge Oteizari, eta lan garrantzitsuak ditu euskal museoetan.

Richard Serra eskultore estatubatuarra bizirik dagoen munduko eskultore garrantzitsuenetakoa da, eta artista esperimentalenetakoa ere bai. Haren berezitasuna altzairuarekin eta berunarekin bizi duen harreman animiko eta fisikoan datza, hortik funtsezko piezak sortzen baititu, minimalistak, ikuslearen begiradari irekiak. Artistaz berak gogoetatu zuen ezaugarri horretaz 2005ean, Bilboko Guggenheim-en ‘Denboraren materia’ lana aurkeztu zuenean. Museo horretan bertan ikus daiteke haren ‘Sugea’ lan sinbolikoa, 170 tonako pisua duten altzairuzko hiru xafla kurbatuz osatua.

2004 eta 2005 artean bere ibilbide luzeko eskultura-multzo garrantzitsuena eta berritzaileena sortu zuen: “Denboraren materia”, figura eliptiko eta espiral izurtuetan oinarritutako zazpi pieza handi, altzairuzkoak. Serrak berak aitortu zuen bere karrerako enkargurik inportanteena zela.
Jorge Oteizaren eta Eduardo Chillidaren miresle handia da. Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Museoan haren ‘Finkl Octagon’ (1991) ikus daiteke, 35 tonako altzairu auto-herdoilkor forjatuzko lana, monumentu publikoaren inguruan hausnartzea xede duena.

Alde horretatik, Blanca Urgell sailburuak bat egin du artista estatubatuarrari zorionak emateko unean eta adierazi du “harro dagoela, euskal kulturaren ordezkaria den heinean, Euskadiko museoetan Richar Serraren lanaren lagin esanguratsu batez gozatzeko aukera dugulako”.