Jardunbide egokien kodea europar estatistikan
EUROPAKO ESTATISTIKEN ARLOKO JARDUNBIDE EGOKIEN KODEA
Egun indarrean dagoen bertsioa Europako Estatistika
Sistemaren Batzordeak egokitu du 2017ko azaroaren 16an.
Hitzaurrea
Europako Estatistiken Arloko Jardunbide Egokien
Kodea
Europako Estatistiken Arloko Jardunbide Egokien
Kodea Europako Estatistika Sistemaren kalitatearen esparru komuneko ardatz
nagusia da. Tresna autoarautzailea da, eta erakundeen, estatistika-prozesuen eta
estatistika-ekoizpenaren gaineko hamasei printzipiotan oinarritzen da.
Printzipio bakoitzari jardunbide eta estandar egokien adierazle multzo bat lotu
zaio, eta kodearen aplikazioa aztertzeko orientabide eta erreferentzia izango
da. Horrek aukera ematen du Europako Estatistika Sistemaren gardentasuna
handitzeko.
Estatistiken arloko agintariek konpromisoa hartu
dute, Jardunbide Egokien Kodea aplikatzeko. Estatistika-agintaritza horiek dira,
besteak beste, Europar Batasuneko estatistika-agintaritza (Eurostat),
estatistika-institutu nazionalak eta europar estatistikak garatzeaz eta egiteaz
arduratzen diren beste agintaritza nazional batzuk.
Europako Estatistiken Gobernantzarako Aholku
Batzordeak, hots, Europako aholku-batzorde independente batek (aurrerantzean,
«Batzordea») ikuspegi orokorra ematen du Jardunbide Egokien Kodea Europako
Estatistika Sisteman aplikatzeko moduari buruz (1). Batzordeak urtero aztertzen
ditu, bai Europar Batasuneko estatistika-agintaritzak (Eurostatek) Jardunbide
Egokien Kodea behar bezala aplikatu duen, bai Europako Estatistika Sistema osoa
ere. Gainera, gomendioak ematen ditu, kodea aplikatzen laguntzeko,
erabiltzaileei eta datu-hornitzaileei kodea jakinarazteko eta kodea
eguneratzeko.
Europako Estatistiken Gobernantzarako Aholku
Batzordeak, hots, Europako aholku-batzorde independente batek (aurrerantzean,
«Batzordea») ikuspegi orokorra ematen du Jardunbide Egokien Kodea Europako
Estatistika Sisteman aplikatzeko moduari buruz (1). Batzordeak urtero aztertzen
ditu, bai Europar Batasuneko estatistika-agintaritzak (Eurostatek) Jardunbide
Egokien Kodea behar bezala aplikatu duen, bai Europako Estatistika Sistema osoa
ere. Gainera, gomendioak ematen ditu, kodea aplikatzen laguntzeko,
erabiltzaileei eta datu-hornitzaileei kodea jakinarazteko eta kodea
eguneratzeko.
Kodea 2005ean ezarri zen, lehenengo aldiz; eta
2017ko edizio hau Jardunbide Egokien Kodearen bigarren berrikuspena da.
Estatistika ofizialen garapenaren, lanketaren eta hedapenaren azken aldaketak
eta berrikuntzak Europako Estatistika Sisteman jasotzea du helburu, besteak
beste, datu-iturri berriak, teknologia berrien erabilera, esparru juridikoaren
modernizazioa eta pareek Jardunbide Egokien Kodearen erabileraren gainean
egindako berrikuspenen emaitzak.
Esteka honen bitartez lineako glosario bat
eskuragarri dago, eta bertan azalduta daude Jardunbide Egokien Kodean gehien
erabiltzen diren terminoak: EUROSTAT
__________________________________________________
(1) Europako Estatistiken Gobernantzarako Aholku Batzordea
Europako Estatistika Sistemaren kalitatearen marko
komuna
Honako hauek dira Europako Estatistika Sistemaren
kalitatearen esparru komunaren osagaiak: Europako Estatistiken arloko Jardunbide
Egokien Kodea, Europako Estatistika Sistemaren kalitatea bermatzeko esparrua eta
kalitatea kudeatzeko printzipio orokorrak (erabiltzaileen etengabeko
elkarrekintza, lidergoari buruzko konpromisoa, lankidetza-akordioak, norberaren
gogobetetasuna, etengabeko hobekuntza, integrazioa eta harmonizazioa).
Kalitatearen esparru komun autoarautzailea Europako
Estatistika Sistemaren osagarri da. Europako Estatistika Sistema esparru
juridiko oso zabala da; eta europar estatistikari buruzko 223/2009 (EB)
Erregelamenduan oinarritzen da. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren
Funtzionamenduari buruzko Tratatua hartzen du oinarri. Hori horrela, Europako
kalitate handiko estatistikak eta zerbitzuak kalitate handiko esparru juridiko
sendoan egiten, garatzen eta zabaltzen dira.
Europako Estatistika Sistemaren kalitatearen gaineko
adierazpenean agerikoa da sistema horrek kalitateari ematen dion garrantzia;
adierazpena liburuxka honetako orrialdeetan bildu dugu. Halaber, horrek
erakusten du kideek kalitate handiko europar estatistikak eta zerbitzuak era
iraunkorrean garatzeko, lantzeko eta hedatzeko duten konpromisoa; hori guztia
erabiltzaileei modu jasangarrian balioa emateko xedez.
Europako Estatistika Sistemaren kalitatearen gaineko adierazpena
Europako Estatistika Sistema lankidetza-esparrua da,
eta Eurostatek, Europar Batasuneko eta Europako Merkataritza Askearen Elkarteko
estatu kide guztietako agintaritza nazionalek parte hartzen dute esparru
horretan. Gure misio bateratua Europan, nazioan edo eskualdean kalitate handiko
estatistika-informazio independentea hedatzean datza. Informazio hori pertsona
guztien eskura jartzen dugu, erabakiak hartzeko, ikerketak egiteko eta
eztabaidak antolatzeko.
Europako Estatistika Sistemako kideek europar
estatistiken arloko programa eta lehentasunak eztabaidatu eta adosten dituzte.
Behin betiko erabakiak era demokratikoan hartzen dituzte beti, Europako
legegintzako prozedurekin bat etorrita.
Araubide juridiko zorrotz baten arabera jarduten
dugu (1). Mundu-mailako kalitate-esparru sendoak eta autoarautzaileak osatzen du
araubide hori, eta Europako Estatistiken arloko Jardunbide Egokien Kodea haren
ardatz nagusia da (2). Gure Jardunbide Egokien Kodea berrikuspen-mekanismoen
bidez ebaluatzen da aldizka, eta hobekuntza-ekintzen jarraipen zorrotza ere
egiten da (3).
Gaur egun, gero eta handiagoa da bat-bateko
informazioa emateko joera, eta informazio horren kalitatea askotan ez dago behar
bezala egiaztaturik, baina, hala eta guztiz ere, guk kalitatearen alde egiten
dugu, gure lehiarako abantaila delakoan gaudelako. Hona hemen gure lanaren
gidalerro nagusiak: profesionalen independentzia, erabiltzaile guztientzako
tratu inpartziala, objektibotasuna, fidagarritasuna, estatistiken
konfidentzialtasuna eta errentagarritasuna. Estatistikak egiteko oinarriak
metodologia sendoak, nazioarteko estandarrik onenak eta prozedura egokiak dira,
eta behar bezala zein gardentasunez dokumentatuta daude.
Honako hauek dira gure kalitate-printzipioak:
egokitasuna, zehaztasuna, aukera, puntualtasuna, eskuragarritasuna, argitasuna,
konparagarritasuna eta koherentzia.
Lan jarraitua egiten dugu inkestek pertsonei eragiten
dieten zama ahalik eta gehien arintzeko, datu-hornitzaileekin lankidetza ona
izateko eta interesdunen taldeekin elkarlan estua garatzeko, komunitate
zientifikoa ere barne.
Estatistiken bikaintasuna bermatzeko konpromisoa
dugu. Indarrak, ahuleziak eta haiei lotutako arriskuak sistematikoki aztertu eta
arretaz lantzen ditugu, gure kalitatearen esparru komuna etengabe moldatzen
dugulako. Hortaz, agerikoa da gure konpromisoa. Adierazleak etengabe
modernizatu, berritu eta lantzen ditugu. Hortaz, gure produktuen eta zerbitzuen
kalitatea hobetzeaz gain, sortzen ari diren fenomeno eta premiei aurrea hartzen
saiatzen gara, gure erabiltzaileekin batera.
__________________________________________________
(1) Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua (PDF)
eta 223/2009 (EB) Erregelamendua, Europar estatistikari buruzkoa,
2015/759 (EB) Erregelamenduak aldatzen duena (PDF)
(2) Europako Estatistiken arloko Jardunbide Egokien Kodea (PDF)
eta Europako Estatistika Sistemaren kalitatea bermatzeko esparrua
(PDF)
(3) Pareen lehen eta bigarren txanda, Europako Estatistika Sistema berrikusteko
Erakundeen eremua
Erakunde- eta antolaketa-faktoreek eragin handia
daukate europar estatistikak garatzen, lantzen eta hedatzen dituen estatistiken
arloko agintaritza baten efikazian eta sinesgarritasunean. Hona hemen printzipio
egokiak: profesionalen independentzia, koordinazioa eta lankidetza, datuak
biltzeko agindua, baliabideen egokitasuna, kalitatearekiko konpromisoa,
estatistiken konfidentzialtasuna, inpartzialtasuna eta objektibotasuna.
1. Printzipioa: Profesionalen
independentzia
Estatistiken arloko agintari profesionalak
independenteak dira, beste sail eta erakunde politiko, arautzaile edo
administratibo batzuk ez bezala. Sektore pribatuko operadoreen aldean, europar
estatistiken sinesgarritasuna bermatzen dute.
Adierazleak:
- Kanpoko esku-hartze politikoei edo beste injerentzia mota batzuei
dagokienez, estatistikako institutu nazionalen eta Eurostaten independentzia
legez ezarrita dago, eta beste estatistika-agintari batzuei bermatzen
zaie.
- Estatistikako institutu nazionaletako eta Eurostateko zuzendariek eta,
hala dagokionean, beste estatistika-agintaritza batzuetako zuzendariek
hierarkia maila oso handia dute, baita lanbide-mailarik handiena ere; hortaz,
politikaren arloko agintariei eta administrazio-erakunde publikoei behar
bezalako irispidea bermatu ahal diete.
- Estatistikako institutu nazionaletako eta Eurostateko zuzendariek eta,
hala dagokionean, beste estatistika-agintaritza batzuetako zuzendariek
arduratu behar dute estatistikak era independentean garatzeaz, egiteaz eta
zabaltzeaz.
- Estatistikako institutu nazionaletako eta Eurostateko zuzendariak eta,
hala dagokionean, beste estatistika-agintaritza batzuetako zuzendariak
erantzule bakarrak dira, beste metodo batzuk, arauak, estatistika-prozedurak,
edukiak eta estatistiken arloko argitalpenen egutegia erabakitzeko.
- Estatistiken arloko lanaren programak argitaratzen dira, eta egindako
aurrerapenak aldizkako txostenetan azaltzen dira.
- Estatistiken arloko argitalpenak argi bereizten dira adierazpen
politikoetatik, eta erabaki politikoak alde batera utzita ematen dira.
- Estatistikako Institutu Nazionalak, Eurostatek eta, hala dagokionean,
estatistiken arloko beste agintari batzuek adierazpen publikoak egiten
dituzte, estatistika-gaiei buruz; eta, beharrezkoa denean, erabilera
desegokiak eta kritikak jakinarazten dituzte.
- Estatistikako institutu nazionaletako eta Eurostateko zuzendariak eta,
hala dagokionean, beste estatistika-agintaritza batzuetako agintariak
kontratatzeko eta izendatzeko prozedurak gardenak dira, eta
lanbide-gaitasunean oinarrituta daude. Kargu bat betetzen amaitu ahal izateko
arrazoiak lege-esparru batean zehazten dira, eta ezin dute arriskuan jarri
profesionalen independentzia, ezta independentzia zientifikoa ere.
1. bis Printzipioa:
Koordinazioa eta kooperazioa
Estatistikako institutu nazionalek eta Eurostatek
europar estatistikak garatzeko, lantzeko eta hedatzeko jarduera guztiak
koordinatzen dituzte estatistika-sistema nazionalean eta Europako Estatistika
Sisteman, hurrenez hurren. Estatistiken arloko agintariek elkarrekin jarduten
dute Europako Estatistika Sisteman eratu den lankidetza-esparruan, europar
estatistiken garapena, lanketa eta hedapena bermatze aldera.
Adierazleak:
- Europar estatistikak garatu, landu eta hedatzen dituzten agintari
nazionalen gainerako estatistika-jarduerak estatistikako institutu nazionalek
koordinatzen dituzte. Hori horrela, estatistiken arloko gaietan
harremanetarako puntu bakarra dira, Eurostatentzat. Lege eta prozedura argiak
eta sendoak dituzte, nazioko eta Europako koordinazioa gauzatzeko.
- Beharrezkoa denean, estatistikako institutu nazionaletako zuzendariek
gidalerroak ematen dituzte, europar estatistiken garapenaren, lanketaren eta
hedapenaren kalitatea estatistika nazionalen sisteman bermatzeko. Horrez gain,
gidalerro horien jarraipena eta azterketa egiten dituzte.
- Estatistiken arloko agintariek elkarlanean jarduten dute. Lankidetza hori
etengabe eta hainbat mailatan garatzen dute Europako Estatistika Sistemaren
aholku-erakundeekin, Banku Zentralen Europako Sistemarekin, erakunde
akademikoekin eta nazioarteko erakundeekin, behar edo egokia den
moduan.
2. Printzipioa: Datuak biltzeko
eta datuak eskuratzeko agindua
Estatistikako agintaritzek
agindu juridiko argia dute Europako estatistikak egiteko behar den informazioa
biltzeko. Estatistikako agintaritzek eskatuz gero, administrazioak, enpresak,
familiak eta oro har pertsona guztiak legez behartuta egon daitezke Europako
estatistikak egiteko datuak erabiltzen uztera edo datu horiek
ematera.
Adierazleak:
- Legez ezarrita dago hainbat datu-iturri batzuetako informazioa biltzeko
eta informazio hori eskuratzeko agindua, Europar estatistikak egiteko,
garatzeko eta hedatzeko xedez.
- Estatistiken arloko agintariek lege-baimena dute, administrazio-datuak
azkar eta doan emateko, baita datuak estatistika-xedez erabiltzeko ere.
Administrazio-erregistroak diseinatzeko, garatzeko edo ezabatzeko prozesuan
parte hartzen dute, estatistika-xedeetara gehiago moldatzeko.
- Egintza juridiko batean oinarrituta, estatistiken arloko agintariek
estatistika-inkestak erantzuteko betebeharra ezarri ahal dute.
- Estatistika-xedeak betetzeko, beste datu batzuk eskuratzen laguntzen da,
estatistikaren arloko konfidentzialtasuna bermatzeko eta datuak
babesteko.
3. Printzipioa: Baliabideak
egokitzea
Estatistika-agintarien eskura
dauden baliabideak behar bezalakoak dira, europar estatistiken arloko
betekizunak bete ahal izateko.
Adierazleak:
- Behar bezalako giza baliabideak, finantza-baliabideak eta baliabide
teknikoak kopuruan eta kalitate egokian eskuragarri daude, estatistiken arlo
premiak bete ahal izateko.
- Estatistiken eremua, zehaztapena eta kostua premien araberakoak dira.
- Estatistika berriak beren kostuaren arabera ebaluatzeko eta justifikatzeko
prozedura berriak daude.
- Estatistika bakoitza egiteko premia ebaluatzeko prozedurak daude,
estatistika guztiak beharrezkoak diren edo haietako bat ezabatu edo murriztu
daitekeen zehazteko.
4. Printzipioa: Kalitatearekiko
konpromisoa
Estatistiken arloko agintariek
konpromisoa hartu dute kalitatea zaintzeko: indarrak eta ahuleziak sistematikoki
eta erregulartasunez identifikatzen dituzte, prozesuaren eta produktuaren
kalitatea etengabe hobetzeko.
Adierazleak:
- Kalitatearen arloko politika zehaztu da, eta herritarren eskura dago.
Kalitatea kudeatzeko egitura eta antolaketa-tresnak daude.
- Prozedurak ezarri dira, estatistika-prozesuak antolatzeko, haien
jarraipena egiteko eta haien kalitatea zaintzeko. Horren barne hartzen da
hainbat iturritako datuak biltzea.
- Produktuaren kalitatea erregulartasunez kontrolatu eta ebaluatzen da,
kalitatearen osagaien arteko balizko konpromisoei dagokienez. Horrez gain,
kalitatearen arloko irizpideen araberako txostenak egiten dira.
- Aldizkako azterketa zehatza egiten da, estatistiken arloko
gako-ekoizpenari buruz. Horretarako, kanpoko adituen iritzia eskatzen da,
beharrezkoa denean.
5. Printzipioa: Estatistiken
konfidentzialtasuna eta datuen babesa
Erabat bermatuta daude
informatzaileen pribatutasuna, ematen duten informazioaren konfidentzialtasuna,
estatistika-xedeak betetzeko erabilera esklusiboa eta segurtasuna.
Adierazleak:
- Konfidentzialtasuna legez bermatuta dago.
- Langileek konpromiso juridikoa sinatzen dute, kontratatzen
dituztenean.
- Zehapenak ezarrita daude, estatistiken konfidentzialtasuna nahita urratzen
baldin bada.
- Langileei orientabideak eta jarraibideak ematen zaizkie, estatistiken
konfidentzialtasuna estatistika-prozesu guztietan babesteari buruz.
Konfidentzialtasun-politika herritarren eskura dago.
- Estatistika-datuen osotasuna eta igorpena babesteko behar diren
antolaketa-neurri eta neurri arautzaile, administratibo eta tekniko guztiak
hartu dira, jardunbide egokienekin, nazioarteko arauekin, europar legeriarekin
eta nazioko legeriarekin bat etorrita.
- Ikerketak egiteko, estatistika-mikrodatuak kontsultatu behar dituzten
kanpoko erabiltzaileei protokolo zorrotzak aplikatzen zaizkie.
6. Printzipioa:
Inpartzialtasuna eta objektibotasuna
Estatistika-agintariek europar
estatistikak independentzia zientifikoz, objektibotasunez eta modu
profesionalean eta gardenean egin, landu eta hedatzen dituzte. Hori dela eta,
erabiltzaileek tratu bera jasotzen dute.
Adierazleak:
- Estatistiken gaineko gogoeta batzuei jarraikiz zehazten den oinarri
objektibo baten arabera biltzen dira estatistikak.
- Estatistiken arloko gogoetak kontuan hartzen dira, datu-iturriak eta
estatistika-metodoak aukeratzeko eta estatistiken hedadurari buruzko
erabakiak hartzeko.
- Estatistika argitaratuetan detektatzen diren akatsak ahal bezain laster
zuzentzen dira, eta jendaurrean jakinarazten dira.
- Erabiltzen diren datu-iturriei, metodoei eta prozedurei buruzko
informazioa herritarren eskura dago.
- Estatistikak argitaratzeko eguna eta ordua heldu baino lehen, aditzera
ematen dira.
- Metodologian aldaketa garrantzitsuak eginez gero, aurrez ematen dira
aditzera.
- Estatistika-agintariek askatasunez erabakitzen dituzte estatistikak noiz
argitaratu eta zer eduki bildu haietan; betiere kontuan hartuta
estatistika-informazio osatua eta egokia eman behar dela. Erabiltzaile guztiek
era berean eta aldi berean eskuratzen dituzte estatistika-argitalpenak.
Informazioa argitaratu aurretik kanpoko erabiltzaile batek jaso ahal badu,
pribilegio hori behar bezala justifikatu behar du, eta pribilegioa mugatuta
eta kontrolatuta dago. Gainera, jendaurrean jakinarazten da. Filtrazioak
gertatzen baldin badira, informazioa jasotzeko pribilegioak ikuskatzen dira,
inpartzialtasuna bermatze aldera.
- Prentsaurrekoetan jakinarazten diren datuak eta egiten diren adierazpenak
objektiboak eta inpartzialak dira.
Estatistika-prozesuak
Estatistiken arloko agintariek Europako zein
nazioarteko arauak, orientabideak eta jardunbide egokiak erabat betetzen dituzte
europar estatistikak egiteko, lantzeko eta hedatzeko prozesuetan. Horrez gain,
berrikuntza bilatzen dute etengabe. Kudeaketa egoki eta eraginkorrak
estatistiken sinesgarritasuna areagotzen du. Honako printzipio hauek aplikatzen
dira: metodologia sendoa, estatistika-prozedura egokiak, gehiegizko kargarik ez
ezartzea inkestatuei eta errentagarritasuna.
7.Printzipioa: Metodologia
sendoa
Kalitateari buruzko
estatistikak metodologia sendoan oinarritzen dira. Horretarako, tresnak,
prozedurak eta ezagutza egokiak behar dira.
Adierazleak:
- Europako estatistiken arloko metodologia-esparruan Europako eta
nazioarteko arauak, orientabideak eta jardunbide egokiak aplikatzen dira;
horrez gain, berrikuntza etengabe bilatzen da.
- Prozedura egokiak ezarrita daude, estatistiken arloko
agintaritza-instantzia guztietan kontzeptuak, definizioak, sailkapenak eta
beste estandar batzuk modu tinkoan eta koherentziaz aplikatzea bermatzeko.
- Europako estatistikak egiteko erabiltzen diren erregistroak eta esparruak
aldizka ebaluatzen dira eta, hala dagokionean, kalitate handia bermatzeko
doitzen dira.
- Nazioko sailkapen-sistemak eta Europako sistemak bat etortzen dira,
beharrezkoak diren gaietan.
- Diziplina akademiko egokietan titulu egokia duten pertsonak kontratatzen
dira.
- Estatistiken arloko agintariek etengabeko prestakuntza-politika
diseinatzen dute langileentzat.
- Estatistiken arloko agintariek lankidetzari eusten diote, eta komunitate
zientifikoarekin batera jarduten dute, metodologia hobetzeko, metodo erabilien
eraginkortasuna areagotzeko eta tresna hobeak sustatzeko, bideragarria
denean.
8. Printzipioa:
Estatistika-prozedura egokiak
Kalitate-estatistikak
estatistika-prozedura egokietan oinarritzen dira, eta estatistika-prozedura
guztietan aplikatzen dira.
Adierazleak:
- Europako estatistikak administrazio-datuetan edo beste datu mota batzuetan
oinarritzen direnean, estatistika-xedeak ez betetzeko erabiltzen diren
definizioak eta kontzeptuak egokiak dira lortu nahi diren estatistika-xedeak
betetzeko.
- Estatistika-inkesten arloan, datuak bildu aurretik, proba sistematikoak
egiten dira galdera-sortekin.
- Estatistika-prozesuetan ohiko kontrolak egiten dira, eta behar bezala
berrikusten dira.
- Estatistikako prozesuei lotuta dauden metadatuak estatistika-prozesu
guztietan kudeatzen dira, eta behar bezala hedatzen dira.
- Berrikuspenak egiteko, prozedura arautuak eta gardenak betetzen dira.
- Akordioak ezartzen dira datu administratiboen eta beste datu mota batzuen
titularrekin. Bertan guztien konpromisoa adierazten da, datuak
estatistika-xedeetarako erabiltzeko.
- Estatistiken arloko agintariek datu administratiboen eta beste datu mota
batzuen titularrekin batera jarduten dute, datuen kalitatea
bermatzeko.
9. Printzipioa: Gehiegizko
kargarik ez ezartzea inkestatuei
Erantzun-karga erabiltzaileen
beharrizanen araberakoa da, eta inkestatuei ez zaie gehiegizko karga ezartzen.
Estatistiken arloko agintariek erantzun-zama kontrolatzen dute, eta zama hori
mailaka murrizteko helburuak ezartzen dituzte.
Adierazleak:
- Estatistiken esparruko eskakizunen irismena eta xehetasuna behar bezain
handiak dira, eta irizpide hori zorroztasunez betetzen da.
- Inkestaren xede diren herrien artean banatzen da erantzun-zama, eta
estatistiken arloko agintariek kontrolatzen dute.
- Ahal izanez gero, erraz eskura daiteke enpresei kontuen bitartez eskatzen
zaien informazioa, eta, posible denean, informazioa transmititzeko baliabide
elektronikoak ematen dira.
- Ahal den guztietan administrazio-iturriak eta beste iturri mota batzuk
erabiltzen dira, informazio-eskaerak bikoiztu ez daitezen.
- Erantzun-zama arintze aldera, datuen erabilera partekatua eta datuen
integrazioa sustatzen da, betiere konfidentzialtasuna eta datuen babesa
betetzen badira.
- Erantzun-karga murrizte aldera, estatistikako agintaritzek hainbat
datu-iturri konektatzeko moduko neurriak bultzatzen dituzte.
10. Printzipioa:
Errentagarritasuna
Baliabideak modu eraginkorrean
erabiltzen dira.
Adierazleak:
- Estatistiken arloko agintariek barruko eta kanpoko neurrien bidez
kontrolatzen dute baliabideen erabilera.
- Informazio- eta komunikazio-teknologien produkzio-ahalmena
estatistika-prozesuak optimizatzeko erabiltzen da.
- Datu administratiboen eta beste datu mota batzuen ahalmena hobetzeko
ahalegin proaktiboak egiten dira, baita zuzeneko inkesta gutxiago egiteko
ere.
- Estatistikako agintaritzek konponbide normalizatuak bultzatzen,
partekatzen eta aplikatzen dituzte, eta eraginkortasuna hobetzen dute.
Estatistika-produkzioa
Eskuragarri dauden estatistikak erabiltzaileen
premien araberakoak dira. Estatistiketan Europako kalitate-arauak betetzen dira,
eta europar erakundeen, gobernuen, ikerguneen, enpresen eta, oro har,
herritarren premiei erantzuten diete. Produktuaren kalitatea
estatistika-produkzioaren printzipioen arabera neurtzen da. Hona hemen
printzipiook: egokitasuna, zorroztasuna, fidagarritasuna, aukera, koherentzia,
eskualdeen eta herrialdeen arteko konparagarritasuna eta erabiltzaileen eskura
jartzeko aukera.
11. Printzipioa: Egokitasuna
Eskuragarri dauden estatistikak
erabiltzaileen premien araberakoak dira.
Adierazleak:
- Prozedura batzuk erabilgarri daude, estatistiken egokitasuna eta balioa
kontrolatzeko (erabiltzaileen premien ikuspegitik), erabiltzaileen premia eta
lehentasun berriak kontuan hartzeko eta haiei aurrea hartzeko. Berrikuntza
bilatzen da, produkzio estatistikoa etengabe bilatzeko.
- Lehentasuna duten premiei erantzuten zaie, eta lan-egitarauan erakusten
dira.
- Aldizkako kontrola egiten da, baita erabiltzaileen gogobetetasunaren
jarraipen sistematikoa ere.
12. Printzipioa: Zehaztasuna
eta fidagarritasuna
Europar estatistiketan era
zehatzean eta fidagarrian erakusten da errealitatea.
Adierazleak:
- Datu originalak, datu integratuak, tarteko emaitzak eta estatistiken
produkzioa aldizka ebaluatu eta baliozkotzen dira.
- Laginketa-erroreak eta laginketatik kanpoko erroreak kalkulatzen dira, eta
sistematikoki dokumentatzen dira, europar arauei jarraikiz.
- Berrikuskapenak aldizka aztertzen dira, jatorrizko datuak,
estatistika-prozesuak eta produktua bera hobetzeko.
13. Printzipioa: Aukera eta
puntualtasuna
Europako estatistikak modu
egokian eta puntualtasunez argitaratzen dira.
Adierazleak:
- Estatistikak argitaratzeko egutegia arlo horretako europar eta nazioarteko
arauekin bat dator.
- Estatistikak argitaratzeko eguneko ordu zehatza herritarrei jakinarazten
zaie.
- Erabiltzaileen premiak kontuan hartzen dira estatistiken
aldizkakotasunean, ahal denean.
- Zabaltze-egutegia betetzen ez baldin bada, aldez aurretik jakinarazten da,
azalpenak ematen dira, eta beste argitalpen-egun bat ezartzen da.
- Aurretiko emaitzen zehaztasuna eta fidagarritasuna egokiak baldin badira,
argitaratu egin daitezke, erabilgarri irizten bazaio.
14. Printzipioa: Koherentzia
eta konparagarritasuna
Europako estatistikek barneko
koherentzia dute, eta eskualdeen eta herrialdeen artean erka daitezke. Hainbat
datu-iturritako datuak batera erabil daitezke.
Adierazleak:
- Estatistikek barneko koherentzia eta sendotasuna dituzte (hau da,
aritmetika-identitate zenbakarriak betetzen dira).
- Estatistikak zentzuzko epean erka daitezke.
- Inkesten eta datu-iturrien irismenari, definizioei, unitateei eta
sailkapenei buruzko arauak oinarri hartzen dira, estatistiken bildumak
egiteko.
- Hainbat datu-iturritako eta hainbat alditako estatistikak sortzen
direnean, elkarren artean erkatu eta doitzen dira.
- Europako Estatistika Sistemaren nazioz gaindiko konparagarritasuna sistema
horren eta beste estatistika-sistema batzuen artean aldizkako trukeak eginez
bermatzen da. Azterlan metodologikoak egiten dira, eta estu jarduten da estatu
kideekin eta Eurostatekin.
15. Printzipioa:
Eskuragarritasuna eta argitasuna
Europako estatistikak modu
argian eta ulergarrian aurkezten dira. Horrez gain, behar den eta egokia den
moduan zabaltzen dira. Inpartzialtasunez eskuratu ahal dira, metadatuekin eta
orientabideekin batera.
Adierazleak:
- Estatistika eta metadatu egokiak aurkeztu eta gordetzen dira interpretazio
egokia eta konparazio esanguratsuak sustatzeko.
- Zabalkunde-zerbitzuetan datu irekietarako informazio- eta
komunikazio-teknologia, metodo eta plataforma modernoak erabiltzen dira,
estandarrak betetzeaz gain.
- Ahal denean, neurrira egindako azterketak ematen dira, eta herritarrei
jakinarazten zaizkie.
- Ikerketak egiteko baldin bada, baimenduta dago mikrodatuak erabiltzea, eta
arau eta protokolo espezifikoak bete behar dira.
- Produktuei lotutako metadatuak estatistiken arloko agintariek kudeatzen
eta zabaltzen dituzte, europar arauekin bat etorrita.
- Erabiltzaileei estatistika-prozesuen gaineko informazioa ematen zaie, datu
administratiboen eta beste datu mota batzuen erabilera eta integrazioa
barne.
- Erabiltzaileei estatistika-ekoizpenaren kalitateari buruzko informazioa
ematen zaie, zehazki, Europako estatistiken kalitateari buruzko irizpideei
dagokienez.
Erreferentzia-dokumentoak