|
< aurrekoa hurrengoa > Informazio sistemen eremuan garapen ezin hobea lortu da espedienteak workflow gainean kudeatzeko soluzioetan. Hala ere, oraindik bide luzea egin behar da tramitazio telematikoa Administrazioko prozesu guztietara hedatu arte. Maila mailako bilakaera lortzen ari da, logika zerbitzarian izango duen aplikazio-arkitekturarantz, eta lan egiten ari da “Datawarehouse”, “Datamining”, “Decision Support Systems (DSS)” eta “Executive Information System (EIS)” oinarri dituzten sistemak sustatze aldera, korporazio-mailako kudeaketaren adierazleak eskura izateko. Aurrera egiten ari da, gainera, software estandarreko pakete integratuen bidezko soluzioak ezarri nahian, neurrira egindako soluzioak pixkanaka baztertu ahal izateko.
Informazioaren Teknologien alorrean, web aplikazioak ostatatzeko arkitektura teknologiko egokia osatu du EAEko Administrazioak, eta lan egiten ari da zenbait elementu korporatibo sendotzeko, hala nola Edukien Kudeatzailea. Bestalde, behar adinako segurtasuna lortu da Administrazio prozesuak burutzeko, maila onargarrietan, eta ekimenak abiatu dira legezko alderdi batzuk estaltzeko asmoz; esaterako, datuen babesa edo informazioaren isilpekotasuna. EJIEk kudeatutako plataforma teknologikoaren jarduna hobetzeko euskarria izango diren tresnak ere sartu dira, eta arrazionalizatu egin dira ingurune informatiko guztiak, hala sarearen aldetik nola datuen aldetik. Telekomunikazioak direla-eta, arduradunak telekomunikazioen erabilera eraginkorretik abiatuta hobera egiteko beharraz jabe daitezen lortu da; baliabideak eta zerbitzuak arrazionalizatu egin dira, eta sakelako telefonoen kudeaketa hobetu egin da, administrazio-unitate bakarrean zentralizatuz. Horrez gain, lan egiten ari da sektoreetako proiektuak identifikatzen eta garatzen hainbat eremutan, eta herritarrei egiten zaizkien zerbitzu publikoetan aurrerapen teknologikoak sartu dira –Call Center-a, telefonia automatikoa, bideokonferentzia...–. Lurreko telebista digitala ezartzen hasi da, eta irrati zein telebista sarea digitalizatuz. Antolamendu eta funtzio-eredua denaz bezainbatean, emaitza bikainak lortu dira sailetako informatika-gaien koordinatzaileen figura garatzen, balio erantsiari buruzko aholku-emaile diren aldetik. Jarraipen teknologikoaren arloa sortu da eta bera arduratuko da teknologien bilakaerari so egiteaz, negozioaren beharrei haiek aplikatzeko aukeraren berri emateaz eta sailei ereduzko proiektuak proposatzeaz. AEB, ITZ eta EJIE elkarrekin koordinatzeko irizpideak ezarri dira, unitate bakoitzak esleituta dituen eskumenen arteko sinergiak lortzeko. Beste alde batetik, lanean jarraitzen da informatika-gaien eta telekomunikazioen planifikaziorako eta kudeaketarako eredu osoa garatzeko, informatikako eta telekomunikazioetako proiektuen kudeaketa bateratua indartzeko, ekimen komunen edo horizontalen eta integraziorako ekimenen kopurua ugaritzeko, berrikuntza teknologikorako proiektuetan erakunde arteko parte-hartzea areagotzeko, eta informatikaren arloko heziketa– eta kultura–maila jasotzeko, prestakuntza orokorra eta zehatza eskaintzeko plan egokien bitartez. ^ |
| Azken eguneratzea: 2004/12/02 |