22. zkia. 2019eko Ekaina |eus | es

 

Iker San Román Ayala

Zuzenbidean lizentziaduna eta Hiri Jasangarriko proiektuetan espezialista da.
CASA ALTERNATIVA eta CASA GESTIO kooperatibetako bazkide sortzailea ere bada.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Plangintzako zuzendaria izan da.

 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzak sustatutako etxebizitza partekatuen inguruko bi proiektu pilotutan hartu du parte. Proiektu horien helburua da 2018-2020 aldirako Etxebizitza Plan Zuzendarian (EPZan) aurreikusitako neurriak betetzea, gazteek etxebizitza errazago eskura dezaten. Proiektuetako bat gazteen arteko etxebizitza partekatuari buruzkoa da eta bestea gazteen eta adinekoen arteko etxebizitza partekatuari buruzkoa.
Bi proiektu horiek abian jarriko ditu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzak, gazteentzako
etxebizitza-irtenbide berriak sortzeko, alokairu merkearen bidez. Horrela, lehenago emantzipatu ahal izango dira, etxebizitza egonkor eta seguruetan.

 

Zein dira bi proiektu horien ezaugarri eta bereizgarri nagusiak? Zer helburu eta irismen dituzte, zein dira hartzaile nagusiak eta zergatik aukeratu dira profil horiek (adinaren, sarrera-mailaren eta abarren arabera)? 

Etxebizitza partekatua eskuratzeko bi formula aztertu ditugu: gazteen arteko bizikidetza eta belaunaldien arteko bizikidetza, hau da, gazteen eta adinekoen artekoa. Eta ikuspegi berri bat eman diegu, herri-administrazioen —autonomikoen nahiz tokikoen— kudeaketa ahalbidetzeko.

Gaztetzat hartzen ditugu 30 urtera artekoak, emantzipazio-tasarik txikiena dutenak eta familia-kargarik ez dutenak, eta adinekotzat hartzen ditugu 65 urtetik gorakoak, bakarrik bizi direnak, orientazio gisa.

Gazteen arteko etxebizitza partekatuen kasuan, ikasleen ohiko etxebizitza-eredua zabaldu egiten da dagoeneko lanean dauden baina alokairuko etxebizitza osoa eskuratzeko sarrera txikiegiak dituzten gazteengana. Horrela, hainbat gazte elkarrekin bizi dira etxebizitza berean, nor bere gelan, eta gela batzuk (komuna, sukaldea, jangela, egongela eta abar) partekatzen dituzte.

Bigarren kasua belaunaldien arteko etxebizitza partekatuarena da, hau da, lehenago bakarrik bizi izan den adineko bat eta haren etxean sartzen den gazte bat elkarrekin bizitzea. Kasu honetan, gazteentzako etxebizitza erraztea ez ezik, adinekoek harreman eta kontaktu sozialak berreskuratzea ere lortu nahi da: lehenbizi, etxekide berriarekin, eta gero, proiektuan parte hartzen duten beste adineko batzuekin. Belaunaldien arteko bizikidetza-programak ikasleei zuzenduta daude bereziki. Erronka da, era berean, lanean dauden arren etxebizitza osoa alokatzerik ez duten pertsonengana iristea.

 
Zertan bereizten dira proiektuok eta gaur egun indarrean dauden beste batzuk?
 

Etxekideen arteko errespetuzko harremana bermatzea da gakoa, faktore horrek ahalbidetuko baitu programaren arrakasta. Eta, horretarako, Etxebideko araudia betetzeaz gain, ezaugarri bateragarriak dituzten pertsonei esleitu behar zaizkie etxebizitzak.

Gazteek partekatutako etxebizitzen kasuan, helburu hori bete daiteke eskaera kolektiboak baimenduz, hau da, bizikidetza-unitateak egokituz lehendik elkar ezagutzen duten eta elkarrekin bizi nahi duten gazteei. Horrela, adibidez, 3 gaztek eskaera kolektiboa erregistratu ahal izango dute eta 3 gelako etxebizitza eskuratu.

Administrazioak esleituko du etxebizitza, jakina, baina horrelako programek arrakasta izateko probabilitate gehiago izango dute baldin eta esleipen-betekizunak eta elkarrizketa pertsonalak konbinatzen badira, bizikidetza-arazorik ez dela izango bermatzeko.

Bestalde, administrazioaren eta gazte bakoitzaren artean egingo litzateke logela alokatzeko eta gela komunak erabiltzeko kontratua. Horrez gain, elkarrekin biziko direnek ere bizikidetza-akordio bat sinatu beharko dute, elkarrekiko errespetu-arauak jasoko dituena.

Belaunaldien arteko etxebizitzetan, gainera, garrantzi handikoa da ulertzea gaztea ez dela etxebizitzan sartzen adinekoari laguntzeko. Aitzitik, bi helduen arteko harremanez ari gara, eta haien arteko bizikidetza-akordioak partekatutako beste edozein etxebizitzatakoaren antzekoa izan behar du.

Horretarako, funtsezkoa da gazteak eta adinekoak aukeratzeko prozesua zaintzea: profil bateragarriak izan behar dituzte, otordu-ordutegi berdinak, bisitak adostu behar dituzte... Era berean, ezinbestekoa da adinekoari laguntzeko gizarte-zerbitzu kualifikatuak izatea, hark bere jarduera eta harreman sozialak berreskura ditzan.

Azken kasu horretan, gazte bati etxebizitza eskaintzea ez da helburu nagusia, baizik eta adineko baten suspertze soziala lortzea .

 
Zure ustez, zer abantaila eta balio erantsi ekarriko dituzte proiektuok datozen urteetarako Euskadik izango dituen erronka demografiko eta sozioekonomikoei begira (jasangarritasuna, belaunaldien arteko oreka, balio kolektibo jakin batzuen aldeko apustua eta abar)?

Gazteen kasuan, etxebizitza eskuragarria lortzeko arazoei aurre egin behar diegu, arazo horrek nabarmen atzeratzen baitu emantzipazio-adina. Asmoa da 30 urterainoko gazteei etxebizitza erraztea; izan ere, Enplegu Sailak egindako Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoaren (2017) arabera, adin-talde horren emantzipazio-tasa % 40koa besterik ez da; adin horretatik 34 urteraino, berriz, tasa hori % 75eraino igotzen da.

Helburu horrekin, bada, etxebizitza-irtenbide duin eta egokiak prestatu behar dira, esleipen-prozedura malguagoa eta maizterren inplikazioa barne hartzen dutenak, gazteek lankidetzako eta bizikidetzako espazio propioa sor dezaten. Etxebizitza horietan sartzeko aukerak aldi baterako izan beharko luke; horrela, kudeaketa publikoaren arloan gaur egun ia ez dagoen etxebizitza-baliabide hori eskuragarri egongo litzateke.

Parteka daitezkeen etxebizitza-motei dagokionez, egokitzat hartzen dira Bizigune edo ASAP programen bidez eskura daitezkeen etxebizitza hutsak. Horrela, gaur egun okupatu gabe dauden etxebizitzen indizeak behera egingo luke. Gelakako alokairuari esker, gainera, errazagoa da etxebizitza lagatzen duten jabeei errenta egokia ordaintzea.

Belaunaldien arteko etxebizitza-programan parte hartzen duten adinekoentzat, berriz, agerikoak dira abantailak; besteak beste, edukia ematen zaio zahartze aktiboa deritzonari. Hala, pertsona horiek ohartuko dira harreman sozialak sortu eta proiektuei ekin diezaieketela edozein adinetan.

Gazteentzat, berriz, etxebizitza eskuragarria lortzeaz gain, egunerokoa adinekoekin partekatzeko eta haien bizitzari buruzko ezagutzaz jabetzeko aukera izatea oso esperientzia ona izan daiteke.

 

Zenbateraino datoz bat proiektu horiek datozen urteetarako euskal etxebizitza-politikaren ildo estrategikoekin (2018-2020 aldirako EPZ) eta Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearekin?

2015ean onartutako Etxebizitza Legeak etxebizitzaren alorreko jarduketa publikoen printzipio gidariak finkatzen ditu. Printzipio horien artean, honako hau azpimarra daiteke: botere publikoek etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatu behar dute, herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera. Era berean, etxebizitza eskuratu eta bertan bizitzeko legezko bidea aukeratzeko askatasuna sustatu behar dela ere esaten da, nork bere bizitza-zikloaren araberako egoerari ondo datorkion etxebizitza aukera dezan.

Hori dela eta, logikoa da Plan Zuzendariak emantzipatzeko baliabide gutxiegi duten gazteentzako lehen etxebizitza eskuratzeko bide alternatiboak aztertzea, modu esperimentalean bada ere.

Ildo horretan, administrazioek ikusten badute gazteentzat oso zaila dela alokairuko etxebizitza eskuratzea eta etxebizitza erostea, proiektu berritzaileak jarri ahal izango dituzte abian, hala nola etxebizitza partekatuarena.

Jakina, etxebizitza partekatua ez da «konponbidea», baizik eta gazteen emantzipazio-tasa hobetzeko kontuan hartu beharreko neurri osagarria. Horrez gain, badira bestelako neurriak, esaterako zuzkidura-ostatuak, alokairurako laguntzak edo Europako estandarretara hurbilduz joango den parke publikoa sustatzea.

 

Zure ustez, ba al dute etorkizunik Euskadin horrelako proiektuek? Zein dira proiektuok Euskadin finkatzeko faktore kritikoak eta erronkak (kultura-oztopoak, tradizioa, bideragarritasun ekonomikoa eta abar)?

Urtero-urtero milaka euskal gazte elkarrekin bizi badira ikasleak diren bitartean, baina lanean hasten direnean eta emantzipatu nahi dutenean horrelakorik gertatzen ez bada, arazoa ez da inertzia kulturala, baizik eta nahikoa eskaintza eskuragarri eta fidagarririk ez egotea.

Etxebizitzak gelaka alokatzea ez da bideragarria gehiegizko prezioak kobratzen badira, gaur egun merkatu pribatuan gertatzen den bezala. Halere, egoera oso bestelakoa da programaren kudeatzailea herri-administrazioa bada eta administrazio horrek maizter bakoitzaren eskubideak eta obligazioak betetzea bermatzen badu, alokairua diru-sarreren % 15era heltzen ez bada eta etxebizitzen baldintzak egokiak badira.

Gainera, Euskadin badira programa publiko batzuk horrelako proiektuak kudeatzeko aukera eman dezaketenak: sozietate publiko kaudimentsuak; etxebizitza hutsak mobilizatzeko programak (Bizigune eta ASAP), Estatuan erreferentzia direnak; eta etxebizitza-politiken eta gizarte-politiken integrazio tradizionala, zeinari esker etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzen duen lege bakarra sortu baita.

Horri guztiari esker, pentsa daiteke proiektu horiek garatzeko baldintza egokiak daudela, eta, proiektu horiek herri-administrazioaren aterpean egituratu ondoren, harrera ona izango dutela herritarren artean eta gazte askoren emantzipazio-aukerak hobetzeko balio izango dutela.

 

MILA ESKER ZURE LAGUNTZAGATIK

 
 
 
  (+34) 945 019880/81  |   harremana  | blog Etxebizitza Behatokia