17. zkia. 2017eko Iraila |eus | es
Etxebizitza: tresna berria etxebizitzaren arloko euskal politikan parte hartzeko eta komunikatzeko

Mario Yoldi elkarrizketatu dugu
Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen
zuzendaria eta etxebizitzaren esparruan
parte hartzeko plataformaren bultzatzaile nagusietako bat.

Zergatik da beharrezkoa tresna hori?

Etxebizitza Sailak bide luzea egin du parte-hartzearen ildoan. Onuragarria dela uste dugu benetan, eta, horregatik, urteak daramatzagu parte hartzeko prozesuak garatzen. Era berean, nazioarteko lankidetza-ekimenetan ere hartu izan dugu parte, jardunbide onenen berri izateko eta metodologia berriak geureganatzeko, hain zuzen ere partaidetza arrakastatsuagoa eta eraginkorragoa ekarriko duten metodologiak, parte-hartzeak gure politiketan eragin handiagoa izatea ahalbidetuko dutenak.

Plataforma berria tresna iraunkorra izateko asmoarekin sortu da. Etxebizitzaren inguruko euskal politikaren esparruan parte-hartzea eta komunikazioa sustatze aldera, baliabide iraunkor bilakatzea du xede. Etxebizitza gure plataforma berriaren helburua bikoitza da:
  • Batetik, herritarrekiko, sektoreko profesionalekiko eta etxebizitzaren gaian interesa duten komunikabideekiko komunikazio-bide egonkorra zabalik izatea. Ezin dugu ahaztu etxebizitzaren gaia garrantzitsuenetako bat dela euskal herritarrentzat.
  • Bigarren helburua da sarean elkarri eragitearen ondorioz sortuko diren proposamen, ideia edo eztabaida guztiak jasotzeko tresna edukitzea. Izan ere, jakin badakigu parte-hartzea funtsezkoa eta ezinbestekoa dela benetako beharretara bideratutako etxebizitza-politika diseinatzeko, hau da, etxebizitza beharrean direnen edo beren etxea birgaitu behar dutenen —energia-efizientzia hobetzeko, irisgarriago egiteko eta abar— benetako beharretara zuzenduta egongo den politika diseinatzeko.
Horrek guztiak badu onura erantsia, zalantzarik gabe: adostasun-maila handiagoa izango duten politika egonkorragoak diseinatzeko aukera ematen du eta, horrela, gizartean eragin handiagoa sortzekoa.

Ekimenaren alderdi berritzaileetako bat da plataforma jarraitutasunez egongo dela erabilgarri. Beraz, denboran aurrera, parte-hartzeko askotariko proiektuak egin ahal izango dira. Egonkorra izateko xedea garrantzitsua da, uste baitugu parte-hartzea erabat txertatuta egon behar dela etxebizitzaren arloko kudeaketa publikoan. Uneoro jakin beharra dago euskal herritarrek etxebizitzaren arloan zer iritzi, proposamen eta behar dituzten. Eta plataformaren bidez helburu hori bete nahi da.
 

Nori zuzenduta dago tresna hori?

Bi profiletako hartzaileak ditu helburu plataformak. Batetik herritarrak, etxebizitza-politikaren azken hartzaileak. Ildo horretan, herritar horien iritziaren berri izatea funtsezkoa dela deritzogu, batez ere Etxebiden —Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan— eskatzaile gisa izena eman dutenena.

Bestalde, etxebizitzaren arloko askotariko erakundeekin eta adituekin elkartzeko eta horiek euren artean harremanetan jartzeko plataforma ere izango da Etxebizitza. Horien artean daude, besteak beste, erakundeak (bereziki euskal udalak), arkitekturako profesionalak, eraikuntza-enpresak, higiezinen jabetzako agenteak eta finken administratzaileak, etxebizitzaren arloan ikerlanak egiten dituztenak eta abar. Sektorea ondo ezagutzen duten profesionalak direnez, haien iritzia bereziki garrantzitsua da.

 

Zer aurkituko dugu webgune berri horretan?

Etxebizitza plataforma berriak funtzionaltasun asko ditu: Batetik, parte hartzeko funtzionaltasunak ditu, eztabaidak egitea, berariazko inkestei erantzutea eta proposamenak egitea ahalbidetzen dutenak. Gobernutik bideratutako gaien inguruan aritzeaz gain, partaideek eztabaidarako beste gai batzuk proposa ditzakete.

Bestetik, komunikaziorako funtzionaltasunak eskaintzen ditu, esaterako, etxebizitzaren inguruko ekitaldi interesgarrien agenda eta Etxebizitza Saila partaide duten jarduerak ezagutzeko aukera.

Azkenik, blog bat dugu, kazetaritzaren ikuspegitik interesgarriak eta gaurkotasunekoak diren etxebizitzaren inguruko artikuluak biltzen dituena.

Halaber, profesionalentzako bakarrik den atala ere badago (intraneta). Bertan, kolektibo horrentzat berariaz diseinatutako parte hartzeko tresnak daude eskuragarri.

Parte hartzeko prozesuek arrakasta izan dezaten, funtsezko hiru gako daudela uste dugu: Lehenik eta behin, partaidetzarako arau argiak behar dira eta parte-hartzearen helburuak, norainokoa eta izan ditzakeen mugak zehaztea. Hizkuntza hurbila eta ulergarria erabili behar da, sarritan eduki oso teknikoa duten gaiak herritarrengana hurbiltzekotan.

Gardentasunik handiena, bai prozesuen helburuei dagokienez eta bai eztabaidarako dokumentuak argitaratzeko eta parte-hartzearen emaitzak aurkezteko orduan. Herritarren aldetik babesik handiena lortu duten iritziak erakutsi behar dira eta jasotako proposamenak onartu diren ala ez adierazi; ezezkoa denean, horretarako arrazoiak azaldu behar dira.

 

Zein gairekin ekingo zaio parte-hartzeari Etxebizitza plataforman?

Etxebizitza duina eta egokia legez okupatzeko eskubide subjektiboa taxutzea izango da parte hartzeko lehen gaia (EAEko Etxebizitza Legearen berritasun garrantzitsuenetakoa da). Araudia orain ari gara lantzen: entzunaldi- eta jendaurreko informazio-fasean dago.

Kasu horretan, iritzi-inkesta betetzeko eta gure Sailak aurkeztutako aurreproiektua hobetzeko proposamenak egiteko aukera dago, eta, gainera, hiru eztabaida-foro berezi antolatu dira:

NORK izan behar du eskubidea eskuragarri eta erabilgarri? Foro horretan, Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboaren titular izateko irizpideekin lotutako gaiei helduko zaie, betebeharreko baldintzen egokitasuna, aurreikusitako salbuespenak eta abar.

NOLAKOA izan behar da etxebizitzak eta prestazioak esleitzeko prozesua? Etxebizitzak edo, dagokionean, Eskubidearen araberako prestazio ekonomikoak esleitzeko prozesua aurrera eramateko moduari buruzko oharrak edo ideiak proposa daitezke atal horretan (ebazpen-epeak, kupo erreserbatuak, prestazioaren zenbatekoa…).

NON egin behar da etxebizitzen esleipena? Foro horretan eztabaidagai izango dira etxebizitzak esleitzeko leku egokia (eskabideetan eskatutako udalerriak, eremu funtzionalak, lurralde osoa) eta lurralde-mugapen horrek dituen abantailak eta desabantailak.

Lehenengo gai horren inguruko eztabaidari heltzeko, eskura izango dira Eskubide Subjektiboa arautzeko aurreproiektua (dokumentu osoa) eta erantsitako beste dokumentu bat, aurreproiektuan jasotako gai garrantzitsuenak era ulergarrian azaltzen dituena.

Era berean, zehaztuta daude parte hartzeko hurrengo gaiak: Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren gaineko araudia eta Etxebizitza Plan Zuzentzailearen lanketa. Aurrerago emango dugu horiei buruzko informazio zehatza.

Herritarrak https://etxebizitza.blog.euskadi.eus ,
plataforman sartu eta parte hartzera animatu nahi ditugu, baliabidea guztiona izatea baita gure nahia.

Etxebizitza plataforma. Hitz egingo dugu?

 
 
eus | es 
  (+34) 945 019880/81  |   harremana  | blog Etxebizitza Behatokia