31. Zkia. 2022ko Uztaila | eus | es

Birgaitzea Euskadin eta Next funtsak

Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaria elkarrizketatu dugu. «Europar Batasuneko funtsak injektatzeak esan nahi du "birgaitzearen aldeko apusturik handiena" egingo dela, 2023tik aurrera Euskadiko eraikinen % 1,5ean esku hartzetik
urteko % 3ko erritmora igotzea ekarriko baitu.»

 

Joan den urtean, 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Plana jarri zen abian, Euskadin birgaitzeari bultzada handi bat emateko. Bestalde, Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala prestatze-bidean da, 2036ra begirako epe luzerako ikuspegiarekin. Zer jarduera-ildo azpimarratuko zenituzke plan horretan, eta zer erronka planteatzen dituzue datozen urteetarako birgaitzearen arloan?

Euskadiko etxebizitza-parkea Europaren hegoaldeko zaharrenetakoa da, 47 urtetik gorako batez besteko antzinatasunarekin; hura osatzen duten eraikinak nabarmen kutsatzen dute, eta oraindik ere lau eraikinetatik bat ez da irisgarria bertan bizi direnentzat, oso zahartuta dagoen gizarte batean: 2019an, etxebizitza birgaitzeko beharra zuela zioen euskal familien % 7,7k —guztira 68.423 familiak—, eta, haietatik, % 60k premia larria zuela.

2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Plana apustu irmoa eta tresna sendoa da datozen urteetan Euskadin jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emateko birgaitzearen arloan. Helburu horrekin, planaren 2. ardatzaren zati handi batek hainbat estrategia eta neurri jasotzen ditu, 2023rako birgaitutako eraikinen eta etxebizitzen helburuak lortzeko. Ildo horretan, 2021eko uztailaren 21eko Aginduak 33 milioi euroko aurrekontu globala aurreikusten du Gida Planaren 3 ekitaldietatik bakoitzerako. Une honetan, birgaitzeko hiru ekintza-lerroen funtzionamendu betean, eta dagoen eskaera handia eta gero eta handiagoa ikusita, kopuru horiek gora egiten ari dira azkar, 40 milioi euro ingurura, funts autonomikoekin egindako urteko gastuan.     2021-2023 aldirako Etxebizitzaren
Gida Plana apustu irmoa da eta
33 milioi euroko aurrekontu globala aurreikusten du Gida Planaren 3 ekitaldietatik bakoitzerako.

2021 eta 2023 artean, 71.200 etxebizitza birgaitzeko laguntzak emango dira (11.495 eraikinetan), hain zuzen ere eraikinen energia-efizientzia, bizigarritasuna, irisgarritasuna eta digitalizazioa hobetzeko. Zehazki, energia-efizientzia handitzeko 35.800 proiektu jasotzen dira, baita 15.000 etxebizitzatako irisgarritasuna hobetzeko 2.400 igogailu ere (6.000 eraikinetan). Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 118.900 lagunek zailtasunak dituzte eskailerak igo eta jaisteko. Hori dela eta, irisgarritasunerako berariazko laguntza-ildo oso indartsua sortu da (jardueren % 100 ordain dezake) 65 urtetik gorakoentzat, desgaitasuna duten pertsonak dituzten bizikidetza-unitateentzat eta urtean 25.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familientzat.

Munta handiko laguntzak dira. Adibidez, araudi autonomiko berriari esker, auzo-komunitate batek eraikinaren birgaitze integrala egitea erabakitzen badu, etxebizitza bakoitzeko 15.000 eurotik 30.000 eurora bikoiztu daiteke dirulaguntza, adibide deigarriago gisa. Baina askoz gehiago dago. Bestalde, 2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala neurri osagarria da, eta epe luzerako ikuspegia du. Eragile publiko eta pribatuak helburu partekatu batzuen inguruan koordinatu eta konprometitzea du xede, urtero etxebizitza-parkearen % 3 birgaitzeko. Helburu hori erronka handia da sektorearentzat, gure iragan hurbilean urtero birgaitzen diren etxebizitzen kopurua etengabe biderkatzea eskatzen baitu.

 

Gobernu Kontseiluak berrikitan eman dio argi berdea etxebizitzen eta eraikinen birgaitze eraginkorrerako Next funtsen bidezko laguntzen aginduari. Zenbateko garrantzia izango du Next funtsetatik datorren finantzaketa osagarriak, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzaren Gida Planean eta Itun Sozialean finkatutako erronkak eta helburuak betetzeko orduan?

Aurrekontu autonomikoen bidez urtero bideratuko diren 33 milioi euroei, inbertitzeko gai bagara, beste 97 milioi euro gehituko zaizkie Europako funtsen bidez, 2021etik 2026ra bitartean banatuta, eraikinen efizientzia energetikoa hobetzea ekarriko duten erreformak egiteko.

Europar Batasuneko funtsen injekzioak «birgaitzearen aldeko apustua» indar handiz indartzea dakar, 2023tik aurrera EAEko eraikinen % 1,5ean esku hartzetik urteko % 3ko erritmora igotzea ekarriko baitu. Hau da, bikoiztu egingo dugu esku hartzeko gaitasuna, gaur egun jada Estatuan erreferentzia dena. Inork ere ez du guk adina birgaitzen; hala ere, erronka handi baten aurrean gaude, eta baita aldi baterako aukera handi baten aurrean ere, birgaitze-eskari eta -jarduera gero eta handiagoari erantzuteko.

Egungo egoera ekonomikoak, gainera, asko zailtzen du haren exekuzio praktikoa, Covid pandemiatik irten ondoren lehengaiak nabarmen garestitu baitira eta trebatutako langile gutxi baitago sektorean, Ukrainako gerrarekin eta gure bizitzetara ekarri dituen inflazio- eta energia-krisiekin batera. Horregatik, Eusko Jaurlaritza lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako estrategia bat ezartzen saiatzen ari da epe luzeko aliantza baten bidez, trantsizio erabakigarri horiek gainditzeko eta irekitzen zaizkigun aukerak aprobetxatzeko, funtsezko eragile guztiek koordinatuta lan egin dezaten.

 

Kontuan harturik Next funtsen helburua energia-efizientzia dela eta Euskadik EBko etxebizitza-parkerik zaharrenetako bat duela —hainbat eraikinek egiturazko eta irisgarritasuneko arazoak dituzte oraindik—, nola egin du Eusko Jaurlaritzak bi lehentasunak uztartzeko, herritarren premiei erantzungo dien estrategia integral batean?

EBko funtsei lotutako finantzaketak energia-efizientzia du ardatz, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetza horri aurrea hartzen saiatu da finantzaketa hori osatuz; alde batetik, birgaitze integralagoaren finantzaketa sakonaren bidez eta, bestetik, eraikinen eta etxebizitzen irisgarritasuna eta bizigarritasunaren aldeko apustua eginez.

Horretarako, ikuspegi propio batetik EBko funtsak optimizatzeko beharra eta aukera aurreikusten du 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planak; hau da, Europatik bultzatutako energia-efizientziaren aldeko apustua osatu egingo du Eusko Jaurlaritzak, eraikinen eta etxebizitzen parke zaharraren irisgarritasuna, digitalizazioa eta bizigarritasuna finantzatuz.

Diagnostiko propio hori egin daiteke euskal herritarrek adierazten dituzten eta gure politiketan jasotzen ditugun birgaitze-premien jarraipena eta azterketa egiteko bitartekoetatik abiatuta.

 

Zer jarduera-ildo proposatzen ditu Eusko Jaurlaritzak herritarrei finantzaketa eskuratzen laguntzeko eta birgaitze-sektorea babesteko, Next funtsak optimizatzeko erronka horretan? Zein izango da agindu berriak birgaitze-bulegoentzat eta eragile birgaitzaileentzat jasotzen duen eginkizuna?

Ekainaren 30ean argitaratu berri den aginduak, finantzaketa-ehunekoak eta -mailak nabarmen handitzeaz gain, lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua zehazten du, birgaitutako etxebizitzen eta birgaitze-mailen kopuruan jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa lortzeko. Horren guztiaren helburua da laguntzen eta dirulaguntzen informazioa, eskuragarritasuna eta gestioa herritarrengana hurbiltzea.

Aginduak udalen birgaitze-bulegoen finantzaketa ere jasotzen du, berritasun gisa. Herritarrengandik hurbil dauden nolabaiteko leihatila bakarrak dira, dagoeneko Euskadiko udalerri gehienetan antolatu direnak, birgaitzeko hirigintza-sozietateekin, udalekin eta abarrekin egindako hitzarmen eta akordioen bidez, eta laster jarriko dira martxan. Aginduak, berritasun gisa, udalen birgaitze-bulegoen, tokiko garapen-agentzien eta sozietate publikoen (Visesaren paper nabarmenarekin) lankidetza jasotzen du, herritarrengandik hurbil dauden leihatila bakar gisa. Leihatila horiek EAEko udalerri gehienetan daude, eta orain berriro bultzatzen eta sustatzen dira, beren eragiketen finantzaketa barne.

Birgaitze-eragilearen edo -gestorearen figura aurreikusten
da (erakunde publikoak, pribatuak edo profesionalak), proiektuen tramitazioa ahalik eta gehien errazteko
asmoarekin.

     

Era berean, birgaitze-eragilearen edo -gestorearen figura aurreikusten da. Erakunde publikoak, pribatuak edo profesionalak izan daitezke, eta proiektuen tramitazioa ahalik eta gehien erraztu behar diete, «giltza eskura» motako ereduen bidez, etxebizitza-jabeei eta etxebizitza-eraikinetako jabekide-komunitateei. Eragile edo gestore horiek honako hau egin ahal izango dute, aldez aurretik jabeen erkidegoarekin ados jarrita: proiektuak bultzatu, dokumentazio tekniko eta administratiboa landu, laguntza publikoak komunitatearen izenean jaso eta gestionatu, obra finantzatzeko baldintza hobeak lortu eta etxebizitzak birgaitzeko edo hobetzeko gainerako jarduketa guztiak gauzatu.

 

Zer-nolako neurriak aurreikusten dira zailtasunik handienak dituzten kolektiboei birgaitze-jarduketak errazteko?

Herritar eta kolektiborik kalteberenen beharrei erantzutea da Gida Planaren helburu estrategikoetako bat. Helburu horrek, etxebizitza sustatzeko politikaren arloan, alokairu babestuaren aldeko apustu esklusiboa egitea dakar, baina birgaitze-politikan ere badu isla. Hala, diru-sarrerarik txikienak dituzten pertsonek eta familiek oso dirulaguntza-maila eta -ehuneko handiak eskura ditzakete birgaitze-obretarako.

Irizpide horri esker, berdintasun soziala sustatzeaz gain, birgaitze-jarduera bultzatzen da. Izan ere, baliabide gutxi dituzten familien ahultasun ekonomikoagatik gauzatu ezin ziren birgaitze-proiektuak finantza daitezke, batez ere arazo sozialik handienak dituzten auzo eta eskualdeetan.

Birgaitzetik kanpo inor ez geratzea saiatzen gara eta, horretarako, 65 urtetik gorako pertsonek, mugikortasun urritu edo sentsorialeko desgaitasuna duten pertsonek eta kide diren bizikidetza-unitateek, 25.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenek eta 12.000 eurotik beherako urteko diru-sarrera haztatuak dituzten bizikidetza-unitateek irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko egiten diren birgaitze-jarduketen kostuaren % 100erainoko diru-laguntzak izango dituzte.

 

Birgaitzea Euskadin

https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/p43aBOPVWebWar/VerParalelo.do?cd2021004690

 

Next funtsak

https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/p43aBOPVWebWar/VerParalelo.do?cd2022002988

 
 
  (+34) 945 019881  |   harremana  | blog Etxebizitza Behatokia  |   baja eman  | alta egin