Xuxen Office 2000/XP


2003ko abuztua




Hizkuntz eredua

Xuxenen helburuetako bat euskara batua bultzatzea da, "xuxen" idazteko laguntza emanez. Horregatik, irizpideen iturri nagusia Euskaltzaindia izan da. Erakunde honek emanak ditu hainbat arau eta gomendio, argitaratuak ditu euskal gramatika eta hainbat zatikako hiztegi eta hiztegitxo.

Hala ere, Euskaltzaindiak erabakirik plazaratu ez duen kasuetan UZEIren irizpideak jarraitu dira gehienbat, eta tarteka Elhuyar bezalako beste erakundeetara ere jo dugu.

Xuxenen hizkuntz ereduak bi osagai nagusi ditu: gramatika eta lexikoa.

Gramatika

Euskararen flexioa kontuan hartuta, deklinabide-sistema ordenadorez erabilgarria eraiki behar izan da. Horretarako, Euskaltzaindiak proposatutako taulan oinarritu gara eta gure sistemara egokitu dugu; hau da, taula hori hartu eta lexiko-kategoria bakoitzari egokitzen zaizkion kasuak multzoka eratu ditugu. Horrela oinarri bakoitzari atzizki-multzo bakarra dagokio, har ditzakeen atzizkiez osatua.

Eratorpenean aurrizki eta atzizki erabilienak (ez-, -te, -tze, -dura, -men, -mendu, -pen, -garri, -gile, -tsu, -dun, -ka, -ki, -tasun, -xe) landuta daude erroekin (izena, aditza edota adjektiboekin kasuaren arabera) lotzeko. Gainontzeko kasuetan forma eratorria ez da onartuko dagokion hiztegi-sarrera (eratorria) lexikoan ez baldin badago. Hala ere, erabiltzaileak bere hiztegian sar ditzake hitz eratorri berriak. Eratorpen atzizkiak onartzean programa malguagoa da lehen bertsioa baino, baina gainsortzailea ere gertatzen da (ogigile* onartuko da okinaz gain eta estalmen* estaltzez gain).

Hitz-elkarketan ere, ohizkoena eta sistematizagarriena landu da momentuz, Euskaltzaindiaren LEF Batzordeak markatutako irizpideen arabera. Aditz faktitiboa ere sistematikoki landuta dago.

Aditzari dagokionez, aditz laguntzailearen zein trinkoaren formak ezagutzen ditu Xuxenek, beti ere Euskaltzaindiak erabakiak. Forma neutroak, markatu gabeak nahiz hitanozkoak ezagutzen ditu Xuxenek.

Lexikoa

Gramatikaren atalean Euskaltzaindia izan bada arau-iturri bakarra, bestela gertatzen da lexikoa lantzen hasi orduko. Puntu batzuetan emanak ditu kasuan kasuko gomendio eta erabakiak: H letra, -a berezkoa, zenbakien osaera eta idazkera, etab. Horiek jarraitu ditugu lexikoa osatzean. Beste hainbeste gertatu da pertsona eta leku izenekin, bai eta maileguen idazkeran ere.

Oinarrizko hiztegia sortzeko, hau da, edozein lexikotan maizenik agertzen diren lemen zerrenda, gaurko beste iturrietara jo behar izan dugu: Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegia, UZEIko Euskalterm datu-bankua eta EEBS datu-base lexikografikoa, Elhuyar hiztegia, Xabier Kintana eta besteren Hiztegia 2000, J. M. Etxebarriaren Maiztasun- eta Prestasun-Hiztegia, etab. Euskaltzaindiaren irizpideekin bat ez zetozenean, sarrerak "egokitu" egin dira; eta, Euskaltzaindiak erabaki ez dituenetan, Ibon Sarasolaren hiztegia izan da irizpide-iturri.

Oinarrizko hiztegia osatu nahirik, UZEIko EEBStik hainbat esapide, lokuzio eta forma konplexu hartu da. Siglak eta laburtzapenak ere UZEIko irizpideen arabera landu dira. Hiztegi arruntetik abiatuz, terminologiaraino iritsi behar izan da zenbaitetan. Ezinbestekoa izan da Euskalterm horrelakoetan.

Izen propioen zerrenda osatzeko (izen propioak hiztegi arruntetan ez badatoz ere), bi iturritara jo da: lehena Euskaltzaindiak proposatutako euskal pertsona- eta leku-izenen zerrenda izan da, baina munduko leku-izenen zerrendatua eskuratzeko Elhuyar-era jo da.

Iturri hauetatik guztietatik edanda tamaina handiko hiztegia osatu dugu, testu arruntetako lexikoa, gutxienez, baduena. Hala ere, gai berezituetako terminologia norberak sartzeko aukera izango du bere hiztegi pertsonalean.

Xuxenek onartzen ez dituen formak: irizpideak

Xuxen osatzeko erabilitako irizpideak aipatu dira orain arte, baina egiaztatzailea eta zuzentzailea den neurrian, baztertu beharreko formentzat ere erabili dira hainbat irizpide: adibidez, euskalki desberdinetako deklinabide-kasuak (-ai -ei ordez (lagunai), -tikan -tik ordez (etxetikan), ...), hiztegiek baztertzeko markatzen dituzten forma dialektalak (haundi) nahiz zaharkituak, etab. aparteko gramatika batean sartuta daude, zuzenketa adimentsua egin ahal izateko. Hauekin batera aldaera fonetikoak (ifini, gultzurrun), maileguen egokitzapen okerrak (reglamentu) eta ahoskerak eragindako desbideratzeak (errita, gatx), beti ere maizen aurkitzen direnak, izan dira kontuan. Badira, bestalde, Euskaltzaindiak onartzen dituen kasuak (-rat, -ganat,...), guk berariaz sistematik kanpo utzi ditugunak. Bertsio honetan forma okertzat emango ditugu.

Dena den, zuzenketa adimentsuaz gain, karaktere-konbinazioan eta hauen agerpenen maiztasunean oinarritutako zuzenketa ere egiten du, batez ere sistemaren azkartasunari begira.

Hemen ere, noski, erabiltzaileak sartu ahal izango ditu Xuxenek "baztertzen" dituen formak hiztegi pertsonalean hala irizten dionean.



Menura

Hurrengo urratsak