Liburu osoa (pdf, 13,14 MB)
Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> Bibliografia

eUsKaldUnON ALbiSte - HIstORia 3

Espainiako 1936ko altxamendu militarrak eta ondorengo Gerra Zibilak amets hori zapuztu zuen. Euskarazko egunkariaren proiektua bertan behera geratu ez ezik, Argia astekaria bera ere desagertu zen. Ondorioz, euskarazko lehenengo egunkaria sortzeko 55 bat urte itxaron behar izan genituen, Francoren Diktadura luzea igaro eta euskarazko kazetaritzaren oinarriak berriz ezarri arte. Argiaren sorreratik 70 urtera Euskaldunon Egunkaria plazaratu zen.

Gerra aurreko euskarazko kazetaritza gaur egungoarekin alderatu da, baliabide ekonomiko gutxiagorekin, jakina. Alde batetik, euskal idazleen belaunaldi ospetsuaren aldia izan zen: Nikolas Ormaetxea Orixe (pdf, 892,40 kB), … Estepan Urkiaga Lauaxeta. Bestetik, euskarazko prentsak aurrerapen ikaragarriak izan zituen: Argia, esan dugunez, astekari maiztasuna utzi eta egunkaria izateko proiektua zegoen, 1920ko hamarkadan euskarazko irratia ere martxan zen (Donostia Irratia -Radio San Sebastián)… eta euskarazko prentsak irakurleak bazituen. Ipar Euskal Herriko Eskualduna astekariak, adibidez, 7.000 irakurle zituen!

Espainiako 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarrarekin batera, euskarazko prentsari azken hamarkadan ezagutu zuen aurrerabidea baztertu eragin zioten. Errepublikak Hego Euskal Herriarentzat aurreikusi zuen estatutuaren bigarren bertsioak Nafarroa kanpo uztera behartu zuen. Horrela, Eusko Jaurlaritza Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernua izan zen. Horren burua, Jose Antonio Agirre lehendakari gaztea. Agirrek Euskadi gerra garaian antolatu behar izan zuen. Gerrarekin batera, paperaren eskasia etorri zen eta aldizkari gehienek plazaratzeari utzi behar izan zioten. Besteetan, baina, altxamendu militarraren aldekoek aldizkarion bulegoak hartu eta bertatik beste tankera bateko kazetak kaleratu zituzten.

Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, 1937an Eguna egunkaria sortu zen. Euskarazko lehenengo egunkaria izan bazen ere, proiektuak merezi zuen garrantzia itzali zion gerrak. Esaterako, Nafarroa eta Araba frankisten esku geratzean euskarazko prentsa desagertu zen, gerraren lehen egunetik bertatik.

Eguna aurrera ateratzeko lan-taldea Manu Ziarsolo Abeletxe Eguna (pdf, 1,06 MB), Agustin Zubikarai (pdf, 715,58 kB), Eusebio Erkiaga (pdf, 790,09 kB), Alexander Mendizabalek eta Jose Maria Arizmendiarretak osatzen zuten, hainbaten laguntzarekin. Egunak gerra egoeran bizi zen herri baten miseriak argitaratu behar izaten zituen, herria zelanbait antolatzeko. Jatekoa urria zen garaietan, hurrengo egunetan zer banatuko zen, zer erosi ahal izango zen eta zer ez (gehienetan) azaltzen zuen, herritarren gogoa behera etor ez zedin:

“Umientzat janari bereziak […]. Ardau zuria salgei
laster. Astelenean banaketa barria, galletak be bai.”

(Eguna, 1937ko apirilak 1, 77. zenb., 5. or.)

“Gaurtik aurrera ogia izango degu [...]. Langilleak
geyago jango dute [...].”

(Eguna, 1937ko apirilak 7, 82. zenb., 4. or.)

Eguna, aldiz, frontean banatzen zen, batez ere. Horregatik, gerra kontuak azaltzen zituen batik bat: frontearen gorabeherak, Errepublikaren garaipenak, ustez laster etorriko zen atzerriko gobernuen laguntza… Tartean, gerraren ondorioen berri ere ematen zuen. Italiako armada faxistak Durango bonbardatu eta hurrengo egunean bertan honakoa zen Egunaren lehen albisteko titulua:

“Paxisten egazkiñak Tabira zarraren gañean. Durango’ko
Miren Deunaren elizara bonba ugari jaurti zituen.
Kristo’ren Odol deuna orma eta zoztor artean ixurita.
Otoi egiten egoazan monja bigunak il. Jaunartzeko ziran
gudariak odoletan, gorputzak zatituta. Meza esaten
iñarduen abadeak, berun ilkorrak jota. Tabira odoletan!”

(Eguna, 1937ko apirilak 1, 77. zenb., 1. or.)

                                                                                                                                                                                         Hasiera

Eguna

Otxandioko frontea defendatzen zeuden hainbat durangarrek herrira itzultzeko egun batzuetako baimena eskatu zuten, etxekoekin egoteko. Horren ondorioz, gudari eta miliziako lagunen aldarteari eusteko, gunak ez zuen galdutako hirien kronika esanguratsurik idatzi. Horregatik, Durangoko bonbardaketatik hogei egunera izandako Gernikakoak ez zuen tratamendu ikusgarri bera izan Egunan. Bigarren bonbardaketa horren eguneko lehengo albisteak gudarien adorea goraipatzen zuen:

“Gure mutillak kementsu ta zindo agertuten dira”

(Eguna, 1937ko apirilak 28, 100. zenb., 1. or.)

Eta honela azaldu zuten Gernikako bonbardaketa, egunkariaren azken orrian:

“Gernika, euzkotarren uri maitea, birrindu nai izan
dabe zearo”

(Eguna, 1937ko apirilak 28, 100. zenb., 6. or.)

Bonbardaketaren beste bertsio hau, ostera, Baionako Eskualdunak zabaldu zuen:

“Guernicako arbola ez omen dute haatik hunki.
Molaren Eskualdunek zaintzen dute arbola saindua.
Geroztik izan diren kaseta egilr Frantsesek diote gorriek
berek dutela eman sua. hnsn egin zsten bzzla [sic]”.

(Eskualduna, 1937ko maiatzak 7, 1.931. zenb., 2. or.)

Agerian denez, Eskualdunak Francoren bertsioa zabaldu zuen. Baionako astekariak Diktaduraren hizkera asimilatu zuen: gorriak Francoren kontrako guztiak ziren. Franco Eskualduna 1887an abiatu zuten Frantziako xuriekin lotu zuen astekariak.

Frankistek 1937ko ekainean Bilbo hartu zutenean, Eguna euskarazko lehenengo egunkariak kalean izateari utzi zion. Euskadik gerra galdu zuen eta Diktadurapean euskara zigortu zuten irabazleek.

Ipar Euskal Herrian, bestalde, Hitlerrek 1940an okupatutako Frantzian bizi ziren. Garai hartan, Europan mugimendu faxistak nagusitu ziren: Espainian, Franco gerra irabaztear zegoen (Alemania eta Italiaren laguntzarekin); Mussolinik Italiako agintea eskuratu zuen; eta Alemaniako buruzagi Hitlerrek hainbat herrialde okupatu zuen, Frantzia tartean. Naziek Ipar Euskal Herrira sartu eta bertan argitaratzen ziren bi kultur aldizkari mututu zituzten: Gure Herria eta Euskaltzaleen Biltzarra, hain zuzen ere. Baionan kaleratzen zen Eskualduna astekaria, aldiz, XIX. mendeko xuriekin jaio zen eta izaera eskuindarrari eutsi zion. Nazien okupaziopean, haiekin lerrokatu zen eta, naziekin batera, Espainiko Gerra Zibilean Francoren alde azaldu zen: Gernikako bonbardaketaz zer zioen ikusi berri dugu. Hona hemen Eskualdunak Agirre lehendakariari egin zion kritika, Francoren Estatu kolpeari aurre egiten ahalengintzearren:

“Bizkaian aro onaren beha dago Mola azken jauziaren
egiteko Bilbao barneraino. Kurritzen hasi zen elhea
baizik ere Eskualdun gobernioa gerlari uko eginik
Francorekin baketzera zohala.
Bainan ez, Aguirrek jakin arazten du biphilki. Holakorik
ez dutela gogoan iragan ere eta ari direla beren lanari
etsaiaren ez uzteko Bilbaorat hurbiltzera [...].”

(Eskualduna, 1937ko apirilak 23, 1.929. zenb., 2. or.)

Oraingoan, aliatuek (AEBetako armadak) 1944ko martxoaren 27an Biarritz Biarritz bonbardatu zuten:

“Guk choko huntan, bethi idea berak [...].
Bombak ari dira hurbiltzen: Parise, Bordele, Miarritze
eta gero? Noiz othe Donianeko merkatiaren aldi?
[...] Hoi badakigu eta beste asko gauza, bainan
Amerikanoei lothuak gira eta ez ditugu utziko.
Guk idea berak!”

(Eskualduna, 1944ko maiatzak 5, 3.294. zenb., 2. or.)

Eskualduna astekariak gogor ordaindu zuen lerraketa politikoa eta, aliatuek Frantzia askatzean (1944an), euskarazko astekaria itxi zuten. Hegoaldean ez bezala, Iparraldean euskarazko astekari berria plazaratzeko aukera izan zuten. Horrela, 1944an bertan Herria sortu zen. Lehen artikuluan euskara prentsan agertu arte joan den denborak penatuta agertzen da:

“Lehen agurra.
Munduaren bihurgune huntan eskuararen boza
berantetsia ginuen.
Hura nun entzunen dugun berria.
HERRIA sorthu da.
Nahi baino luzeago juan zauku ephea: berantetsiaren
buruan, begitarte hobea baizik ez duke […].
Orori eskerrak, oraiko ala geroko. Egungo hargnoa
haziko dugu elgarrekin: bihar ikus dezakezue hatsa luze,
gotor eta susoal.”

(Herria, 1944ko urriak 19, 1. zenb.)


                                                                                                                                                    Hasiera


Herriarekin, behintzat, Euskal Herrian bada euskarazko prentsarik, Iparraldean bakarrik bazen ere. Gaur egun oraindik banatzen den astekaria dugu. Hegoaldean, berriz, Frankismoak zirrikiturik zabaldu arte, guztiz ezinezkoa izango da euskaraz ezer plazaratzea. Plazaratu arren, zentsura ezarriko diote eta hainbestetan, hedabideak eurak itxi ere (Iruñeko Zeruko Argia, adibidez). Erbestean, azkenik, euskaraz argitaratzeko ahaleginak egingo dira. Helburu bakarra dute: euskarazko irakurlerik ez galtzea eta, horrekin batera, euskaren herriak etorkizuna izatea.

Herria

Irakurtzea beharra da

handIk hona

Kazetaritzak hizkuntzaren beharra dauka, hori dueta tresna. Hizkuntzak kazetaritzari zabalkundea zor dio. Euskarazko kazetaritzaren bide-egileei esker, gure aurrekoen gertuko historia ezagut dezakegu. Erdarazko aldizkariek euskarari mesede egiten ez ziotelakoan, erdaraz ikasitako lagunek euskarazko kazetari moduan jardun zuten, euskal irakurleak sortzeko. Haiek gaur egungo Euskal Herria egingarri bihurtu zuten. Horretarako giltza nagusia herritarrengan topatu zuten: munduari euskaraz begiratu nahi zioten irakurleen babesa.

Euskarazko kazetaritzak bi puntu nagusi ditu. Iparraldeko euskaldunen saiakerak eta Argia astekaria. Lehen euskara hutsezko argitalpenak Ipar Euskal Herriko lagunek bideratutakoak dira: “Jaun Dauphin cenaren eritassuneco circonstancia berecien errelacionea, haren coffesorac arguitarat emana” erlazionea (1766), Uscal Herrico Gaseta (1848), Eskualduna (1887) eta California-ko Eskual Herria (1893). Ondoren, Resurrección Mª Azkueri esker, Hegoaldeak ere euskarazko astekariak ezagutu zituen, Euskalzale (1898) eta Ibaizabal (1903) aldizkariak zabalduz.

Bestetik, Argia astekariaren aitzindaritza oraindik miresgarria da. Euskararen erronka berriak bideratu zituen: politika hizkera, kirol hitz teknikoak, publiko berrietara heltzeko ahalegina. Egunkaria izatea bakarrik falta izan zitzaion. Proiektua hastear zegoenean, Francoren Estatu-kolpeak 65 urtez atzeratu zuen. Argiarekin batera, euskal idazleen belaunaldi ezaguna amatatu nahi izan zuen diktadurak.

Iparraldeak euskarazko kazetaritzaren urratsak eman zituen. Hasierako komunikazio-proiektu eta ekimen guztiak Ipar Euskal Herriko euskaldunek abiatutakoak dira. Izan ere, 1886tik hona euskarak ez du Iparraldeko prentsan isilunerik ezagutu. Frantzia okupatuan nazien alde egin izanak astekariaren itxiera ekarri zuen. Hala ere, datuei erreparatuta: Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Zuberoako 7.000 lagunek Eskualduna erosten zuten. Handik ehun urtera, Euskaldunon Egunkariak 2003an 11.000 ale zabaltzen zituen, Euskal Herri osoan! Dudarik ez, Argiaren proiektu zapuztuaren ondoren euskarazko kazetaritza Hegoaldean isilik egon bazen ere, proiektua aurrera aterako zuen baliabidea zain izan du: herria (helmuga eta bidea). Bide horretan jarraitzen dugu, helmuga beraren bila: herriaren euskara eta euskararen herria. Izan zirelako gara eta garelako izango dira.


                                                                                                                                                     Hasiera

Leon Augustin - La Lecon de Lecture

Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> Bibliografia