Lehendakaritza

Merkataritza eta aduanak

Gaur egun, Euskadiko 500 enpresa inguruk esportatzen dute britainiar merkatura, eta 60 enpresa inguruk badituzte ordezkaritza komertzialak eta/edo produktiboak bertan. Erresuma Batua helmugako laugarren merkatua da, eta euskal esportazio guztien %6 jasotzen du. Gainera, azpimarratzekoa da Erresuma Batuarekiko merkataritzak Bilboko Portuaren jardun osoan duen pisu handia.

Akordiorik gabeko irteerak eragina izango du ondasun eta zerbitzuen merkataritzan. Ondorioek alderdi hauetan izango dute eragina:

  • aduanetako formalitateak. Honako hauek izan daitezke:
    • aitorpenak aurkeztea, eta aduanetako agintaritzek bermeak exijitu litzakete orain dauden edo egon litezkeen aduana-zorretarako,
    • merkantzia batzuen debekuak edo murrizketak (inportazio eta esportazio ziurtagiriak exijitzea)
  • aduana-zergen ordainketa. Esan nahi du Erresuma Batutik EBra sartzen diren merkantziek aduana-eskubideak ordaindu beharko dituztela, eta EBko merkantziek, berriz, Erresuma Batuko aduana-eskubideak ordaindu beharko lituzketela.
  • kontrol sanitario eta fitosanitarioak (hala dagokionean) 

Hornidura-katean inplikatuta dauden alderdi guztiek jakitun egon behar dute formalitate guztiak betetzearen inguruan dituzten ardurez, eta bermatu behar dute dokumentazioa eta ziurtagiriak behar den bezala eginda daudela.

Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak zenbait neurri hartu ditu enpresaren munduari sostengua emateko.

www.brexit.eus webgunea sortu da. Enpresa-ehunari informazioa eta aholkularitza emateko eta berarekin harremanetan egoteko tresna bat da. Webgune horren bitartez, ETEek Euskadiko Nazioartekotzeko Agentziaren Londresko bulegoarekin kontaktatu ahal izango dute.

Beste alde batetik, webguneak azaltzen du zer-nolako urratsak egin beharko dituzten enpresek euren kontingentzia-planak prestatzeko, horri buruzko informazioa, gomendioak eta alertak eskainiz.

Gainera, iragan otsailaren amaieran, plataforma bat txertatu zen webgune horretan (leiho berri batean irekitzen da), ETEei euren diagnostikoak egiten laguntzeko, eszenario berriaren joko-arauen arabera. Azterketa horren bitartez, enpresek neurtu ahal izango dute Brexitaren aurrean duten kalteberatasun gradua, edo, aldiz, izan ditzaketen puntu sendoak zein diren ikusi.

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzak –Finantzen Euskal Institutuaren eta Elkargi SGRren bitartez- 25 milioi euroko finantziazio-lerro bat sortu zuen (leiho berri batean irekitzen da) Brexitaren eraginez euren jardunean arazoak epe labur eta ertainera izango dituzten euskal enpresei laguntzeko (arazo horiek likidezia-tentsioengatik sortuko lirateke gehienbat).

Akordiorik gabeko irteerarik gertatuz gero, merkataritza eta aduanen gaia bideratuko da brexit_kontingentzia_neurriak_merkataritza.pdf (PDF, 80 KB) (leiho berri batean irekitzen da) adierazten den bezala.

Bestelako lotura interesgarriak:

Azken aldaketako data: