Trabatu egin naiz irakurtzean!
Ozen irakurtzeak zuzenketa-lanean laguntzen du
egilea: Begoña Ayerdi,
Testu bat idatzi dut, eta, bidali aurretik, berrikusi egin behar dut. Zuzentzaile ortografikoa erabili dudanez, ziur nago testuak ez duela akatsik. Kito? Bidaliko dut?
Badakit, ordea, zuzenketa-lanak bi zereginekin duela zerikusia: batetik, akatsak bilatzearekin, eta, bestetik, testua berrikusi eta birformulatzearekin. Hortaz, bigarren zereginari ekin diot.
Testu batean, kontu asko berrikusi behar ditugu, baina garrantzitsuenetako bat eduki guztia ondo ulertzen dela ziurtatzea da. Ondo ulertzen al dira nire testuaren paragrafo guztiak? Eta, horri erantzuteko, testua ozen irakurri dut. Trabatu al naiz paragraforen batean?
Trabatu naiz, bai, paragrafo honetan. Zergatik? Arrazoi ugari egon daitezke; hona hemen ohiko bi:
Esaldiak luzeegiak dira
Batzuetan, trabatu egiten gara esaldiren bat luzeegia delako, eta badirudi airea falta zaigula esaldi hori irakurtzen amaitzeko.
Pertsona batek, enpresa baten zerbitzua jaso ondoren, uste duenean bere eskubideak edo interesak urratu direla edo norbaitek arau-hauste administratibo bat egin duela aldarrikatu nahi badu edo, besterik gabe, eskainitako zerbitzuarekin ez dagoela pozik adierazi nahi badu, erreklamazio bat, salaketa bat edo kexa bat jar dezake Kontsumobideren bidez, eta gero horrek jakinarazten dio enpresari, eta, hala badagokio, sektorea ikuskatzeko eskumena duen organoari.
Nola konpondu?
Testu zati bat irakurtzean trabatzeak zati hori berridatzi behar dugula adierazten digu. Oso esaldi luzeak baditu, modu egokiagoan berridazteko, eraginkorrak izango zaizkigu lau baliabide hauek:
- Ordenatu testuaren ideiak (horretarako, komeni da honako galdera hauei erantzutea: nork?, zer?, nori? eta noiz?).
- Aurreratu informazio garrantzitsuena.
- Banatu esaldi gehiagotan.
- Erabili zerrenda, testuak horretarako aukera ematen badu.
Enpresa baten zerbitzua jaso ondoren, pertsona batek honako hau jar dezake Kontsumobideren bidez: a) erreklamazio bat, bere eskubideak edo interesak urratu direla erakusteko; b) salaketa bat, norbaitek arau-hauste administratibo bat egin duela aldarrikatzeko; edo c) kexa bat, eskainitako zerbitzuarekin pozik ez dagoela adierazteko. Gero, Kontsumobidek horren berri ematen dio enpresari, eta, hala badagokio, sektorea ikuskatzeko eskumena duen organoari.
Paragrafoaren puntuazioa desegokia da
Batzuetan, puntuaziorik eza edo puntuazio desegokia dela-eta trabatzen gara irakurtzean.
Erreklamazio-idazkiak ez baditu betetzen Administrazioari zuzentzen zaizkion eskaerei eska dakizkiekeen baldintzak edo hirugarrenak ez baditu aurkezten erreklamazio-idazkirako eskubidea oinarritzen duten jatorrizko dokumentuak izapidetzeko eskumena duen organoak akatsa zuzentzeko eskatuko dio.
Zertarako balio du puntuazioak?
Puntuazioak informazioa ulertzen laguntzen du; batez ere, testu-elementuen artean zer lotura dauden argitzen baitu.
Erreklamazio-idazkiak ez baditu betetzen Administrazioari zuzentzen zaizkion eskaerei eska dakizkiekeen baldintzak, edo hirugarrenak ez baditu aurkezten erreklamazio-idazkirako eskubidea oinarritzen duten jatorrizko dokumentuak, izapidetzeko eskumena duen organoak akatsa zuzentzeko eskatuko dio.
Testua zuzentzeko fasea funtsezkoa da idazketa-prozesuan. Gaia interesatzen bazaizu, irakur itzazu post honen gomendioak: Idazketa-prozesua VI. Zuzendu testua










