Segurtasun, mugikortasun, eta garbiketa operatiboak Bilbon Grand Départ Pays Basque 2023 dela-eta
- Zirkulazioaren mugapenak ekainaren 28an hasiko dira, txirrindulari-taldeak Etxebarria parkera iristearekin batera, eta, operatiboa uztailaren 1ean amaitu arte, 50 bat puntutan itxiko dira bideak ibilgailuentzat.
- Udaltzaingoko langile gehienak izango dira baliagarri ezarritako dispositiboetan lan egiteko, eta, aldiz, suhiltzaileak ––haien ohiko guardiak indartu egin dira–– lasterketa igaroko den lekuetan eta Itsasadarraren inguruko lekuetan hedatuko dira.
- Garbiketa Zerbitzuetako hirurogeita hamar langile arduratuko dira kaleak garbitzeaz, edukiontziak lekuz aldatzeaz eta hondakinak batu eta haiek tratatzeko lekuetara eroateaz.
Gran Départ Pays Basque 2023 delakoa iritsiko da ekainaren 28a eta uztailaren 1a bitartean Bilbora, eta horrek era batera eta bestera eragingo die herritarrei, hainbat arlotan, dela mugikortasunean edo edukiontzien antolaeran. Hori dela eta, dispositibo handi bat ari da prestatzen Udala, sail batzuen eta besteen artean koordinatuta: Segurtasuna, Mugikortasuna, Zerbitzuak, Bilbao Kirolak... eta, halaber, komunikazioa ere indartuko da, Bilboko bizilagunek jakin dezaten zer gorabehera eragingo dituen gertakizun horrek eta zer konponbide emango zaizkion.

Bilborako egun horietarako prestatu den dispositiboak, beraz, eragingo du 50 puntutan bidea ibilgailuentzat ixtea, eta bide batzuk 6 ordu eta beste batzuek 72 ordu bitartean edukiko dira itxita. Bidea 72 orduan itxita egongo den kasu hori Etxebarria parkerako sartzeko biribilgunean izango da, eta ekainaren 28an (eguaztena) 20:00etan hasi eta lasterketaren helmugako instalazioak guztiz desmuntatu arte iraungo du, alegia, aurreikusi denez, uztailaren 1ean (zapatua) 22:00etara arte.
Zirkulazio aldaketek eragina izango dute, modu batean edo bestean, ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorrietan, barruti guztietan, eta batez ere, barikuko 22:00etatik zapatuko 22:00etara bitartean.
Gomendatzen da auto partikularra ez erabiltzea eta garraio publikoan etortzea Bilbora, hau da, trenean edo metroan, ahal dela. Bestalde, Bilbobuseko eta Bizkaibuseko linea gehienetan -ibilbideetan nahiz geralekuetan- aldaketak egingo dira.
Era berean, beharrizan logistikoak direla eta, Txurdinaga kiroldegiak itxi egingo ditu instalazio guztiak (igerilekua eta kafetegia barne), uztailaren 1ean zehar (zapatua).

ZEINTZUK IZANGO DIREN ZIRKULAZIOAREN GAINEKO ERAGIN HANDIENAK
Ekainaren 28an, sei orduan egongo da itxita Bilborako sarbidea Zumalacárregui etorbidetik, kamioiak Etxebarria parkera iritsiko direla-eta, non ere gune teknikoa eta uztailaren 1ean (zapatua) hastekoa den Frantziako 2023ko Tourraren aurreneko etapa iristearekin zerikusia duten elementu teknikoak ezarriko baitira.
Parkea, gainera, guztiz itxita egongo da jendearentzat (oinezkoentzat), ekainaren 28an 17:00ean hasi (eguaztena) eta uztailaren 1ean (zapatua) 23:00etara arte.
Ekainaren 29an, eguenean, taldeen aurkezpena izango da Guggenheim Museoaren zabaldian, eta, horretarako, itxi egingo da Abandoibarra etorbidea, 9:00etatik 23:00etara, Jesusen Bihotzetik hasi eta Uribitarteraino. Eta ordu berean itxiko da Euskadi plazatik hasi eta Ramón Rubial kalean zehar doan sarbidea.
San Mames aurreko zabalgunearen perimetroari ere ––handik aterako da lehenengo etapa–– eragingo dio gertakizunak, eguenean, logistika-kamioiak eta etaparen irteeraren ardura duten muntaketa-ekipoak iritsiko dira-eta. Bideak itxi egingo dira ibilgailuentzat, perimetro horren barruan aparkatuko baitira kamioiak, eta itxita egongo dira zapatuan 18:30era arte, ordu horretan baitago aurreikusita aterako direla kamioiak Gasteiz aldera, handik hasiko da-eta bigarren etapa.
Ekainaren 30ean, barikuan, 22:00etan, ibilbidean hesiak jartzeko lanak hasiko dira, eta uztailaren 1eko 22:00etara arte (zapatua) egongo dira itxita Zabalbide biribilgunea, Salbe zubia, Ernesto Erkoreka biribilgunea eta Artxandako tunelak, Begoñaranzko irteeran.
Era berean, barikutik zapaturako gauean, irteera neutralizatuaren ingurua nahiz helmuga ingurua hesituko dira. Zehazki, lan horretarako, ibilgailuen zirkulazioa mugatu egingo da, 0:00etatik 6:00etara, gutxi gorabehera.
Zumalacárregui etorbidean ere zirkulazioa mugatuko da, barikuko 22:00etatik hasita, eta helmugako ibilbidearen azken aldea guztiz itxita egongo da uztailaren 1eko 22:00etara arte.
Egun horretan, uztailaren 1ean (zapatua), Grand Départ Pays Basque – Frantziako Tourraren lehen etapa izango da, Bilbon izango dituelarik abiapuntua eta helmuga, eta, beraz, egun horretan izango dira eragin eta gorabeherarik handienak gure hirian. Izan ere, hiriko kale nagusiak itxita egongo dira ibilgailuentzat, salbu eta larrialdi-zerbitzuentzat.
Bideak guneka eta ordu-blokeen arabera itxiko dira, lasterketaren ibilbidearen arabera.
BASURTU-ZORROTZA
Basurtu eta Olabeaga auzoetan, ibilgailuentzako lehenengo murrizketak (garajeak eta garraio publikoa izan ezik) San Mames inguruan egingo dira, ekainaren 29ko 14:00etatik 22:00etara, handik abiatuko baita lasterketa.
Ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara, gutxi gorabehera, San Mames ingurua eta Sabino Arana etorbidea –Zunzunegi etorbidearen eta Jesusen Bihotzaren plazaren artean- guztiz itxita egongo da ibilgailuen joan-etorrietarako.
Ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 16:00etara, itxita egongo dira hauek: Zunzunegi etorbidea, Trenbideko etorbidea (Egia Jeneralaren kaleraino); Jesusen Bihotza, Euskalduna zubia eta Kale Nagusia.
Azkenik, uztailaren 1eko 6:30etik 16:00etara, gutxi gorabehera, A-8ko sarrera-irteera San Mamesetik eta Montevideo etorbideko sarbidea itxita egongo dira.
Inguru horretatik irteteko, aukera bi daude: Autonomia, Zabalburu, Juan de Garay, A8. Edo, ostantzean, Basurtu-Kastrexana errepidea, Kadaguako korridorea. Sarbidea ibilbide berari jarraituz egingo da, baina egoiliarren larrialdietarako baino ez da izango.
Hilaren 29tik aurrera, Felipe Serrate kalean, Luis Briñas kalean, Zunzunegui etorbidean eta Urkixo zumarkalean aparkalekuak kenduko dira. Ibilbidearen kaleetan dauden garajeak sarrera-irteerarik gabe geratuko dira denbora-tarte horretan.
ABANDO
Abando, Indautxu
Barrutiaren alde honetan, ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara, itxita egongo dira Sabino Arana etorbidea -Jesusen Bihotza plazaren eta Zunzunegi etorbidearen artean- eta San Mames ingurua.
Ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 16:00etara, itxita egongo dira hauek: Zunzunegi etorbidea, Trenbide etorbidea (Egia Jeneralaren kaleraino); Jesusen Bihotza, Kale Nagusia (libre egongo da Maximo Aguirre kalearen eta Moyua plazaren arteko zatia); Anselmo Clave; Euskalduna zubia, Abandoibarra, Ramón Rubial, Euskadi plaza (ekialdea), Mazarredo zumarkalea, Recalde zumarkalea, Moyua plaza (ekialdea), Plaza Biribila, Nafarroa kalea, Areatzako zubia.
Azkenik, zapatuko 6:30etik 16:00etara, A-8ko sarrera-irteera San Mamesetik eta Montevideo etorbideko sarbidea itxita egongo dira.
Sarrera A8ko autobidetik, Juan de Garay kaletik, eta gero Autonomia, Iparraguirre edo Garcia Salazar kaleetatik egingo da. Sarbide hori egoiliarren larrialdietarako izango da bakar-bakarrik.
Kale horietatik irteteko ibilbide hau egin behar da: Autonomia - Zabalburu - Juan de Garay eta A8.
Itxiko diren kaleetan aparkalekuak kenduko dira hilaren 30etik aurrera. Okupatuko den gunean hesiak jarriko dira aurretiaz. Kale horietan dauden garajeak sarrera-irteerarik gabe geratuko dira denbora horretan.
Albia Lorategiaren ingurua
Abandoko barrutiko inguru horretan, barikuko 22:00etatik zapatuko 22:00etara, ibilgailuentzat erabat itxita egongo dira Udaletxeko zubia, Ernesto Erkoreka plaza eta Campo Volantín pasealekua.
Ibilbide hau ere itxita egongo da ibilgailuentzat, baina zapatuko 16:00etara arte: Jesusen Bihotzaren plaza, Abandoibarra etrobidea, Ramón Rubial, Euskadi plaza (ekialdeko aldea), Mazarredo zumarkalea, Recalde zumarkalea, Moyua plaza (ekialdeko aldea), Kale Nagusia, Plaza Biribila, Nafarroa kalea eta Areatzako zubia.
Recalde zumarkalearen (zenbaki bakoitiak), Kale Nagusiaren, Nafarroa kalearen eta Itsasadarraren ertzen arteko gunera sartzeko, bakarrik egoiliarren larrialdiak badira, ibilbide hau egin behar da: Egirleta errepidetik edo Ibarsusi-Egirleta errepidetik eta gero Zabalbide kalea, Arabella etxaldea, Zurbaranbarri, Lezamako Trenbide Zaharra, Tutulu kalea, Bakio kalea, Maurice Ravel, Salbe zubia.
Irteteko, ordea: Mazarredo zumarkalea, Salbe zubia eta Artxanda-Salbe tunela.
IBAIONDO ETA BEGOÑA
Ekainaren 30eko 20:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara, bide hauek itxiko dira ibilgailuentzat: Zumalacarregui etorbidea –Ernesto Erkoreka plazatik Zabalbideko biribilgunera-, Ugatz Parrokoaren zeharkalea eta Zumalacarregui etorbideko sarbidea Begoñako Basilikatik.
Ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara, Udaletxeko zubiaz, Campo Volantin pasealekuaz eta Ernesto Erkoreka plazaz gain, hauek ere itxita egongo dira ibilgailuentzat: Epaltzaren Alargunaren kalea, Zingira, Zumalacarregui etorbidea –Zabalbideko biribilguneen eta Ibarsusi artean-, Circo Amateur kalea eta Areatzako zubia (azken hau 16:00etan irekiko da).
Ekainaren 28tik aurrera, aparkalekuak kenduko dira Zumalacárregui etorbidean, Begoñako Andra Mariaren kalean eta Pablo Zamarripa kalean eta, ekainaren 29tik aurrera, Epaltzaren alargunaren kalean. Okupatuko den eremuan hesiak jarriko dira aldez aurretik. Ibilbidearen kaleetan dauden garajeak sarrera-irteerarik gabe geratuko dira denbora-tarte horretan. 16:00etatik aurrera, ahal den neurrian, sartzen utziko da garajeetara Erribera kalean, Areatzan, Plaza Barrian eta Dolaretxe kalean (Mesedeen zubitik).
DEUSTU
Deustun, ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara, itxita egongo dira lasterketaren ibilbideko kale hauek: Unibertsitateen etorbidea, Agirre Anaien kalea, San Pio X.a plaza, Agirre Lehendakariaren etorbidea (Familia Santuaren kaleko bidegurutzeraino), Enekuri etorbidea Ibarrekolanda kaleraino.
Halaber, ibilbidearen kaleetan dauden garajeak sarrera-irteerarik gabe geratuko dira denbora-tarte horretan eta ekainaren 29tik aurrera (eguena) aparkalekuak kenduko dira lasterketa igarotzen den kaleetan. Egun horretan bertan, ibilbideko kaleetan dauden zabor-edukiontziak espaloira edo inguruko kaleetara eramanen dira.
Barikuko 22:00etatik biharamuneko 16:00etara, Euskalduna zubia itxita egongo ibilgailuen zirkulaziorako. Zapatuko 8:00etatik 18:30era bitartean, Enekuri etorbidea (Ibarrekolanda kaletik)eta Bernaola tunelak itxita egongo dira ibilgailuen zirkulaziorako.
Barikuko 22:00etatik zapatuko 22:00etara, kaleak itxita egongo diren ordu-tartean, hain zuzen ere, Ugasko eta Done Petri plazara, eta Arangoiti, Ibarrekolanda eta San Ignazio auzoetarako sarrera-irteeretan murrizketak egingo dira. Sarbide hori egoiliarren larrialdietarako izango da bakar-bakarrik.
- Ugasko eta Done Petri plazaren ingurutik irteteko, Artxanda-Ugasko tunela erabili beharko da eta sartzeko, bide hau: Zabalbide kalea, Arabella etxaldea, Zurbaranbarri, Lezamako Trebide Zaharra, Tutulu, Bakio, Maurice Ravel, Salbe-Ugasko tunela.
- Arangoitira iristeko: Arrontegiko zubia, Elorrieta erribera, Aragoi, Agirre Lehendakaria, Don Boscoko biribilgunea, Ibarrekolanda, Araneko bidea eta irteteko, alderantzizko bidea, Orixe kaletik.
- Ibarrekolandako eta San Ignazioko sarbide eta irteerak Elorrietako erriberatik eta Arrontegiko zubitik egingo dira.
URIBARRI ETA OTXARKOAGA/TXURDINAGA
Artxanda
Lasterketak eragina izango du ibilbide honetan: Pike bidea, Enekuri-Artxanda errepidea (BI 3741) eta Enekuri etorbidea; uztailaren 1eko (zapatua) 8:00etatik 18:30era, gutxi gorabehera, itxita egongo da.
Ibilbide horretan dauden garajeak eta aparkalekuak sarrera-irteera gabe geratuko dira denbora-tarte horretan.
San Roketik edo kiroldegiaren eremutik irteteako, ibilbide hau erabili behar da: Artxandako errepide, Egirleta, BI 631tik edo Ibarsusi errepidea, Egirleta. Sarrera kontrako noranzkoan izango da –ibilbide horri jarraituz- eta egoiliarren larrialdietarako izango da, ez bestetarako.
Zumalacarregui etorbidea
Uribarri eta Otxarkoaga/Txurdinaga barrutietan endredorik handienak Zumalacarregui etorbidean eta inguruan izango dira, hain zuzen ere helmuga hor egongo delako jarrita.
Ekainaren 28ko 20:00etatik 29ko 04:00etara, eta ekainaren 30eko 20:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara arte, itxita egongo da ibilgailuentzat Erkoreka plazaren eta Zabalbide biribilgunearen arteko zatia.
Ekainaren 29ko 04:00etatik 30eko 20:00etara, Zumalacarregui etorbiderako sarrera-irteera itxiko da Ugatz Parrokoraren zeharkaletik (etorbideko noranzko bakoitzean errei bakarra geratuko da.
Eta ekainaren 30eko 22:00etatik uztailaren 1eko 22:00etara itxita egongo dira: Zabalbideko biribilgunetik Ibarsusiraino; eta Zurbaran, Zumaia, Begoñalde etxaldea, Larrazabal plaza, Gabriel Aresti etorbidea (Arbideko bidegurutzetik), eta Club Deportivoren Zirko Amateurraren kalea, Bilbo-Galdakao errepideari lotzeko bidera arte.
Irteerak Maurice Ravel, Artxandako tunela, Salbe; edo Zabalbidetik.
Itxitako kaleetara egoiliarren premia dagoenean bakarrik sartu ahal izango da, ibilbide hau eginda: Egirleta errepidetik egin daiteke edo Ibarsusi-Egirleta errepidetik eta gero Zabalbide, Arabella etxaldea, Zurbaranbarri, Lezamako Trenbide Zaharra, Tutulu, Bakio, Maurice Ravel, Loruri zeharkalea Matiko/Castaños gunerako; aurreko desbideraketak har daitezke beste guneetarako.
16:30etik aurrera, gutxi gorabahera, Salbeko zubitik sartu ahal izango da.
Ekainaren 28tik aurrera aparkalekuak kenduko dira kale hauetan: Zumalacarregui etorbidea, Zurbaran, Begoñalde, Zumaia eta San Isidro. Eta hilaren 30etik aurrera, Unibertsitate etorbidean eta Campo Volantín pasealekuan. Zumalacarregui ondoko aparkaleku pribatuetako ibilgailuak kentzea gomendatzen da.
Hilaren 28tik aurrera (eguaztena) Gabriel Aresti etorbidearen eta Zirku Amateurraren inguruan dauden aparkalekuak kendu egingo dira.
Okupatuko den gunean hesiak jarriko dira aurretiaz. Ibilbidearen kaleetan dauden garajeak sarrera-irteerarik gabe geratuko dira denbora-tarte horretan.
ALDAKETAK GARRAIO PUBLIKOAN
Bilbobus
Murrizketa horien ondorioz, aldaketak egingo dira Bilbobuseko linea gehienetako eta Bizkaibuseko linea batzuetako ibilbideetan eta geralekuetan.
Aldaketa guztien berri (desbideratzeak, geralekuak kentzea eta aldatzea) emango da ohiko bideetatik (sare sozialak, informazio-panelak, markesinak…).. Informazio gehiago, hemen kontsultatu: www.bilbao.eus/bilbobus, o en el 010.
Bizkaibus eta beste linea batzuk
Bideak horrela itxita zirkulaziorako, era batera edo bestera kasu guztietan eragingo zaio Bizkaibusen zerbitzuari eta Termibusen jarduten diren linea eta konpainiei.
Taxiak
Lasterketa igarotzen den inguruan kokatuta dauden taxi-geltokiak ezabatu egingo dira
Tranbia
Ekainaren 29an tranbiak ezin izango du zirkulatu Arriaga – La Casilla tartean 13: 00etatik jardunaldia amaitu arte. Bolueta eta Arriaga artean 15 minutuko maiztasunarekin baino ez da zirkulatuko.
Uztailaren 1ean tranbiak ezingo du zerbitzurik eman Arriaga-La Casilla tartean, lehen ordutik 14: 30ak arte, gutxi gorabehera. Epe horretan Bolueta eta Arriaga artean 15 minuturo baino ez da zirkulatuko.
Informazio gehiago nahi izanez gero, erabiltzaileek www.euskotren.eus webgunea eta Euskotrenen APP ofiziala eskura ditzakete.
SEGURTASUNAREN ETA LARRIALDI ZERBITZUEN ANTOLAMENDUA
Bilboko Udaltzaingoko langile gehienak egongo dira baliagarri Ertzaintzarekin baterako dispositiboetan modu koordinatuan lan egiteko, eta, hala, txirrindulari-lasterketa eta hiri osoko bizilagunen segurtasuna jagongo dituzte.
Gainera, Babes Zibilaren Zuzendaritzak suhiltzaileen dispositibo handi bat prestatu du, zaintza-lanetan eta ekiteko lanetan jardun daitezen, ekainaren 28tik (eguaztena) uztailaren 1era arte (zapatua).
Hala, bada, ekainaren 28an (eguaztena) eta 30ean (barikua), zerbitzuak ohiko guardia baten baliabideak (30 pertsona) izango ditu Miribillako eta Deustuko parkeetan, eta, horrez gain, prebentzioko dispositibo bat ere bai Areatzako Fan Zone delakoan, eta salbamendu ontzi bat hiru langilerekin, Udaletxeko zubiaren eta Areatzako zubiaren artean.
Ekainaren 29an, eguenean, guardia indartu egingo da, eta bi parkeen artean, guztira 35 langile izango dira, eta, halaber, prebentzio-dispositibo handi samar bat taldeen aurkezpen-ekitaldian. Bi salbamendu ontzi ibiliko dira, eta haietako bakoitzean, hiru langile izango dira, Euskalduna eta Salbe zubien artean; gainera, ponpa-auto arin bat ere izango da, beste lau langilerekin.
Azkenik, uztailaren 1ean, lanik handieneko egunean, guardia indartuak 44 langile izango ditu guztira bi parkeen artean, eta prebentzio-dispositibo handi bat ere izango da. Bi salbamendu-ontzi paratuko dira, bakoitzak hiru langileko talde bat izango duela, Deustuko eta Udaletxeko zubien artean; ponpa-auto astun bat ere bai, eta autoeskailera bat, eta erreskateko ibilgailu arin bat (7 langilerekin), Mauricio Ravel kalean; halaber, aginte-ibilgailu bat Tourraren Koordinazio Postuan, helmugaren inguruan (Etxebarria parkea).
Bestalde, Babes Zibileko ikuskatzaileek gertakizunarekin zerikusia duten espazio guztietako olanak eta agertokiak ikuskatuko dituzte: Fan Zone, taldeen aurkezpena, abiatzea, helmuga...
GARBIKETA ZERBITZUA ETA HONDAKINEN KUDEAKETA
Tourrak gure hiritik igaro behar duela-eta sortuko diren beharrizan guztiei heltzeko, Udalak gertakizun horretan ekainaren 28tik uztailaren 2ra arte sortuko diren hondakinak garbitzeko eta batzeko zerbitzu berezi bat antolatu du.
Hirurogeita hamar langilek eta baliabide tekniko ugarik osatutako dispositibo bat ibiliko da; baliabide teknikoen artean, ekortzeko moto-orgak, sasiak kentzeko makinak, hidrogarbigailuak, hondakinak batzeko kamioi biokonpartimentutan banatuak, furgonetak, urez garbitzen duten makinak... Nabarmentzekoa da galtzadak garbitzen hiru talde arituko direla, goizeko eta arratsaldeko txandatan, Tourraren ibilbidean premiazko garbiketak egin beharra gertatzen bada ere.
Talde horrek txirrindulari-lasterketarekin zerikusia duten guneetako hondakinak garbitu eta batzeko ardura izango du, hala nola Fan Parkean, lasterketaren abiaburuan, helmuga inguruak... Gainera, beste lan osagarri eta beharrezko batzuk ere egingo dituzte: edukiontziak lekuz aldatzea, haizeen kontrako sistemak kentzea, balizak, hondakinetarako poltsak, ontziak eta edukiontziak jarri eta kentzea gertakizuna izango den lekuetan.
Uztailaren 1ean, etapa amaitzean, hiria lehenbailehen garbitzen hasiko dira, eta edukiontziak berriro jatorrizko lekuetan kokatzen, hondakinetarako han eta hemen jarritako ontzi eta edukiontziak batzen eta hondakinak zein bere tratamendu-gunera eroaten.
Izan ere, Grand Départ-a izango den astean zehar, alegia, ekainaren 26a eta uztailaren 1a bitartean, antolaketa eta segurtasuna dela eta, kaleetako edukiontziak lekuz aldatuko dira Zehazki, are 467 edukiontzi ere, beren ohiko lekuetatik aldatu beharko dira beste leku batzuetara.
Ez da berdin izango alde guztietan, eta ahalegina egingo da eragina ahalik eta txikiena izan dadin, eta, horretarako, ordezko konponbide bat emango zaio puntu bakoitzari, puntu bakoitzetik hurbil.
Edozelan ere, arau orokorra izango da, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, ibilbidearen eragina jasango duten lekuetan bizi diren pertsona guztiek 21:00etatik aurrera bota beharra zaborrak edukiontzietara, hartara eragozpenak saihestearren eta zaborrak biltzeko lanak errazago egin ahal izan daitezen.
Bestalde, ekainaren 28an hasi (eguaztena) eta uztailaren 2ra arte (domeka), biak barne, ez da izango ontziak biltzeko zerbitzurik, alegia, ez da izango Bilbogarbi mugikor laguntzadunen eta laguntza gabeen zerbitzurik.
Tourrarekin zerikusia duten lekuetan jendearentzat prestatutako guneetan, 400 poltsa ezarriko dira, eta 301 ontzi eta edukiontzi guztira, hondakin mota guztietarako, eta, beraz, gura genuke herritarrek erantzukizunez eta gauzak ondo egiteko arduraz jokatzea, batez ere era honetako gertakizun batean.

HERRITARRENTZAKO OHARRAK
Bilboko Udalak hainbat ohar paratuko ditu herritarrentzat Grand Départ Tour Pays Basque gertakizunaren eragina izango duten gune eta auzoetan, eta eta postontzietan ere banatuko dira, eta kalean 110.000 ale jarriko dira datozen egunetan. Zehazki, ekainaren 23an, bihar, ekingo zaio oharrok banatzeari.
Ohar horietan, jakitera ematen da non itxiko diren bideak, non izango diren egoiliarrendako irteteko eta sartzeko bide ordezkoak, non aparkaleku eragozleak, eta non bestelako eragin batzuk, hala nola edukiontziak lekuz aldatzea.
Gainera, lasterketaren antolatzaileek gida praktiko zehatz bat egin dute, eta horri esker, herritarrek dokumentu bakar batean kontsultatu ahal izango dituzte Frantziako Tourraren Irteera Handia dela-eta Euskadin egingo diren ekitaldiak eta euren egunerokoa antolatu ahal izateko informazio guztia.
“Grand Départ Pays Basque 2023” gida praktikoan informazio zehatz guztia biltzen da: garraio-operadore publiko guztien plataformetarako estekak eskaintzen dira; ekitaldi nagusien programa; etapa bakoitzaren mapak eta errutometroak; karabana-aparkalekuak; etapen irteeren eta helmugen xehetasunak; eragin handienak izango dituzten ibilbideen itxierei eta irekitzeei buruzko informazioa (Pike edo Jaizkibel, besteak beste), antolatutako ekitaldiak...
Gidak ikuspegi orokorra eta praktikoa eskaintzen du, Frantziako Tourrak mugikortasunari eta eskura izango diren aukerei nola eragingo dien azaltzeko. Aldaketak izan ahala eguneratuko da gida hori eta, hortaz, oso garrantzitsua izango da Grand Départaren webgune ofizialean sartzea eta eskuragarri dagoen azken bertsioa deskargatzea beti.
Autoa hartu behar izanez gero, WAZE aplikazioa deskargatzea gomendatzen da, trafikoaren egoera denbora errealean ikusteko. Aplikazio honetan arian-arian kargatzen ari dira jada programatuta dauden trafiko-aldaketak (ibilbideak ixtea, adibidez) edo jardunaldi horietarako erabilgai egongo diren aldirietako aparkalekuak. Ibilgailu pribatuei zuzendutako aplikazio honek bidaia edo desplazamendu bat kargatzeko aukera ematen du, eta aurreikusitako afekzioen arabera, irteera-ordua, ibilbiderik egokiena… iradokitzen du. Laguntza guzti hau, aldez aurretik eta denborarekin egindako planifikazioarekin konbinatzea gomendatzen da, eta ez azken unera arte itxarotea.