ERRANDONEA, MAILLOT HORIA ETA HARAGI XERRA ZELAN
egilea: Ander Izagirre,
“Poulidor, azkenean horiz”.
Kazetariek titular hori eta antzeko beste batzuk idatzi zituzten 1967ko ekainaren 29ko gauean. Kronikak idatzita zituzten, baina oraindik bidali gabe, azken zortzi edo hamar txirrindulariek gaueko erlojupeko asmakizun hura noiz amaituko zain. Egunkariak ixtear zeuden.
Tourraren historiako lehen atariko-etapa zen: 5,8 kilometro eskaseko erlojupekoa Angerseko galtzada-harrizko kale bihurgunetsuetan zehar, ordu oso berantiarrean programatua, gasezko lanparaz argiztatua, beste emozio pittin bat gehitzeko. Raymond Poulidor frantsesak lehenengoen artean irtetea erabaki zuen, arratsaldeko zazpietan, oraindik egun-argiz, horrela hotelera goiz joan, afaldu eta hurrengo egunerako atseden har zezakeelako. Baina denborarik onena egin zuen, hiru ordu igaro ziren eta faboritoetako inork ez zuen gainditu, ez Janssenek, ez Gimondik, ez Karstensek, ez beste inork. Ez zioten hotelera joaten utzi: podiumera igo behar zuen Tourrean bere lehen maillot horia jasotzera.

Frantzia osoak espero zuen gertaera zen hura. Poulidor dramatikoak hamabost urte eman zituen Tourreko azken garaipenetik hurbil, baina garaipenik gabe. 1962 eta 1976 artean, zortzi aldiz igo zen podiumera (hiru bigarren postu eta bost, hirugarren), baina ez zuen maillot horia jardunaldi bakar batean ere jantzi. Loria ukitzen zuen bakoitzean, erori egiten zen, gurpila zulatzen zitzaion edo motor gidari batek azpian harrapatzen zuen. Poulidor txirrindularitzaren historiara eta herri-kulturara igaro zen, betiko bigarren mailako gisa. Bi hamarkadetako pertsonaia handiek (Anquetil eta Merckx) itzal egin zioten, baina baita euren indar eta zorte guztia kolpe bakar batean bereganatu ahal izan zuten hain distiratsuak ez ziren beste txirrindulari batzuek ere: Aimar, Pingeon, Janssen, Van Impe, Tour bat irabazi zuten txirrindulariak, haiei buruz ia hitz egiten ez den arren.
- Tour bat irabazi izan banu, inor ez litzateke nitaz gogoratuko - zioen Poulidorrek.
1967ko atariko-etapan, argazkilariak Poulidor horiz jantzita agertzen zeneko irudi desiratu hori hartzeko prestatzen ari zirenean, txirrindulari gutxi batzuk bakarrik falta zirenean, José María Errandonea agertu zen.
- Arriskatu egin nintzen -azaldu zuen Fagor taldeko txirrindulari irundarrak, Tourra selekzio nazionalek lehiatzen zuten arren-. Oso egun beroa zen, Saura nire zuzendariarekin hitz egin nuen, eta azkenekoen artean irtengo nintzela erabaki genuen, gaueko hamarretan, ordurako freskatuko zuelako, eta hori abantaila izango zelako. Arazoa zen ilun zegoela, baina Saura niri itsatsita zetorren kotxeko faroekin argitzeko.

Errandonea distantzia laburretan aditua zen. Belodromoetan ondu zen, 1960ko Joko Olinpikoetan lehiatu zen eta Espainiako lau jazarpen txapelketa irabazi zituen. Eta 1967ko Tourra hasi baino bost egun lehenago, 48 kilometroko erlojupekoa ere irabazi zuen Suitzako Itzulian. Sasoi betean zegoen eta maillot horia janzteko arrisku guztiak hartzea erabaki zuen.
- Angerseko zirkuitua atsedenik gabeko ibilbidea zen, kurbez eta kontrakurbez, aldapez, galtzada-harrizko gunez josia zegoen. Asko arriskatu nuen galtzada-harrizko bihurgune batean, etzan egin nintzen, atzeko gurpilak irrist egin zidan eta metro erdi bat joan zitzaidan; eskerrak galtzada-harri batean topea egin zidala, ez nintzen mirariz erori.
Azken orduan, Errandoneak sei segundogatik gainditu zuen Poulidor, zale frantsesen atsekaberako eta kazetarien haserrerako, kronikak abiadura bizian berridatzi behar izan baitzituzten.
Irundarra berehala igaro zen euforiatik kalbariora.
- Atariko-etaparen egunean bertan arazoak nituen perineoan, hantura bat nabaritzen nuen, zelak min ematen zidan. Atariko-etapa oso laburra zenez, eutsi egin nion. Baina forunkulu bat atera zitzaidan eta hurrengo etapek jada ordu askotako mina suposatzen zuten…
Forunkuluak sarri samar agertzen ziren garai haietan. Kuloteen badanak larruzkoak ziren, latzak, tolesturak sortzen zituzten, eta pedalei eraginez orduak eta egunak, izerdiarekin eta hautsarekin, errepide zimurtsu eta zulatuekin gehituz, badanako edozein akatsek txirrindularien perineoa gori-gori utz zezakeen. Igurtziak forunkuluak, abzesuak, fistulak sortzen zituen. Txirrindulariek ahal zuten moduan egiten zioten aurre arazo horri, badanei krema emanez elastiko mantentzeko edo etxean eginiko bigungarriak jarriz. Errandoneak berak erabili zuena zen ohikoena:
- Lehen etapa korritzeko haragi zati bat erosi zidaten, entrekot bat, eta forunkulu aldean jarri nuen, zelarekin urratua arintzeko. Baina ezer ez, ez zuen balio.

Maillot horiarekin jardunaldi bati eutsi zion, baina bigarrena hasi bezain laster erori egin zen, kilometro askotan tropelaren atzetik ibili behar izan zuen zelaren kontra estutuz, arnasarik hartu gabe noizean behin postura aldatu eta mina arintzeko. Berriro bat egitea lortu zuen, baina hamahiru iheslari iritsi ziren abantaila txiki batekin, lidertza galtzeko nahikoa. Hirugarren etapan ezin izan zuen gehiago eta jaitsi egin zen.
- Hirugarren etapa baino lehen forunkulua ateratzen saiatu zitzaizkidan, baina oraindik ez zegoen heldua, ez zen lehertu eta okerrago utzi zidaten -gogoratu du Errandondeak-. Ezin nintzen eseri, mina jasanezina zen. Amorru handia eman zidan, Suitzako Itzulitik oso indartsu nentorrelako eta Tour handi bat egiteko aukerekin nengoelako. Baina trenera igo eta etxera itzuli nintzen.
Poulidorrek ulertu zuen irabaztea ez dela historiara pasatzeko modu bakarra. Askoz gogoangarriagoak diren beste era batzuk ere badirela, hala nola bizitza osoa irabazteko zorian ematea eta inoiz ez lortzea. Errandonea ere fenomenoaz ohartzen zen, bere loriaren zati bat Angersen lortutako garaipenaren albo-efektuagatik zetorrela: “Niri jendeak Poulidor maillot hori gabe utzi nuena izateagatik gogoratzen nau”. Errandoneari loriak gutxi iraun zion, bi egun eskas, baina betiko geratu zen oroimenean: lehen euskal maillot horia izan zen.

Egilea: Ander Izagirre