Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

EHUNKA FAMILIEK BIZIKLETAZ GOZATU AHAL IZAN DUTE VITORIA-GASTEIZEN, TOURRARI ONGI ETORRIA EMATEKO ANTOLATUTAKO FESTAN

Eguraldia lagun, bizikletan ibiltzeko giro paregabea izan da gaur Vitoria-Gasteizen, ehunka familiek bizikletaz gozatu ahal izan dute geroz eta gertuago daukagun Tourrari ongieTOURi-a emateko antolatutako BiziTour jardunaldian.

1.000 pertsona baino gehiago izan dira Andre Maria Zuriaren Plazan hasita, festa giro ederrean, Vitoria-Gasteizko kaleak zeharkatu dituzten txirrindulariak, munduko lasterketarik garrantzitsuenari ateak irekitzeaz gain, bizikletaren erabilpena eta mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz antolaturiko ekitaldi arrakastatsuan.

Helburu hauetan bere aletxoa jarri eta goiz eder bat pasatzeaz harago, ekimenean parte hartu duten era guztietako parte-hartzaileek hainbat opari eraman ahal izan dituzte etxera ibilbidea amaitutakoan egindako zozketetan. Euskadi Txirrindularitza Fundazioko presidentea, Jesus Ezkurdia; Euskaltel Euskadiko kirol-zuzendaria, Jorge Azanza; talde horretako bi txirrindulari, Iker Ballarin eta Unai Cuadrado; eta Laboral Kutxako txirrindulari bat, Gabriel Ibáñez, baita Alvaro Gonzalez de Galdeano ere. bertan izan dira partehartzaileak laguntzen 9,4 eta 4,2 kilometroko ibilbideetan. Ez dira falta izan Gorka Urtaran Gasteizko alkatea; Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria; eta Livia López, Kirola eta Osasunaren Saileko zinegotzi-ordezkaria Vitoria-Gasteizko udalean. Zinta mozketan Pilar García de Salazar Arabako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiordea egon da baita.

Geroz eta gutxiago geratzen da gure bazterrak mundu zabalera irekiko dituen ekitaldirako, baina garrantzitsuena bideaz ere gozatzea denez, Grand Départ Pays Basque 2023 programaren barruan hurrengo BiziTour jaiaren hitzordua Bilbon izango da, ekainaren 25ean.