Grand Départ Pays Basque 2023ren hiru etapak, Gorka Gerrikagoitiaren eskutik
Gorka Gerrikagoitia World Tour mailako Cofidis taldeko kirol zuzendaria da, historiako luzeenetako bat. Amateur ospetsua, Gerrikagoitia txirrindulari profesionala izan zen Euskaltel Euskadin 1997tik 2003ra. Hurrengo urtean kirol zuzendari gisa hasi zen talde laranjan, eta eginkizun horretan jarraitu zuen 2013ra arte. Aurtengo denboraldian Cofidisera heldu aurretik, Gorka Delko Marseille taldeko buru izan zen 2018tik 2021era. Karrera ikuspegi nabarmena duen kirol zuzendaria, Gerrikagoitiak Grand Départ Pays Basque 2023ko hiru etapetan gerta daitekeenaren analisia egin digu.

23/07/01 - Bilbao > Bilbao (185 km)
Grand Départ Pays Basqueren etapa handia da. 185 kilometro eta 3300 metroko desnibelarekin, itzuli handi batean barneratutako klasikoa dirudi. Tour hasiera oso zaila da. Talde askok izango dute interesa metro bat laua ez duen errepide batean ihesaldia sortu eta hartzeko. Ibilbidearen igoerak ez dira mendate gogorrak, baina etengabeko gorabehera horiek txirrindulariak zigortuko dituzte. Helmugara begira, Viverok lehen selekzioa egingo du eta Pikek 20-25 kidez osatutako lasterketa burua itxiko du. Pikek bi kilometro ditu % 9ko batez bestekoan, % 21erainoko aldapekin tartean. Benetako hautaketa egingo du. Beste edozein lasterketatan txirrindulari gutxiago geratuko lirateke buruan, baina Tourrean dagoen maila oso altua da. Orohar, jardunaldiaren garapena Jumbo eta UAE taldeek agertuko duten jarreraren menpe izango da, lasterketa erabateko kontrolpean eramateko ekimena agertzen badute, ez... Udaletxearen inguruan kokatuta dagoen maldan izango da helmuga, eta amaiera ezinhobea da Van Aert eta Pogaçarrentzat. Beste izen batzuk ere badatozkit burura. Matthews (Bike Exchange taldekoa, Simon Yates ere baduena), Alaphilippe... Van der Poel eta bere Alpecin ezin ditugu ahaztu. Eta kontuz Biniam Girmayrekin. Delko Marseille taldean izan nuen eta bere aukerak ditu. Azken finean, Liejaren estiloko klasiko bat irabaz dezaketen txirrindulariak izango dira aurrean. Eta multzo murritz horren barruan euskal txirrindularitzak ere baditu bere hautagaiak. Helmugako malda hori, kilometro bat % 5era, oso ondo eman dakioke Pello Bilbaori. Ion Izagirre ere oso motibatuta egongo da Euskadiko hasiera eta azken atal hain zail honekin, Aranburuk ere paper garrantzitsua jokatu dezake... Laburbilduz, txirrindularitza euskaldunak ordezkaritza oso ona izan dezake etapa honen amaieran.
23/07/02 - Vitoria-Gasteiz > Donostia/San Sebastián (209 km)
Bigarrena izanda, Frantziako Tourreko etaparik luzeena da, 209 kilometro eta 3.000 metroko desnibelarekin. Jaizkibelgo igoera helmugarako 17 kilometrora dago, neurri handi batean, irabazlaren izena erabakiko du.. Profilari dagokionez, ez da bezperakoa bezain ibilbide zorrotza. Talde asko ihesaldiaren bila aterako dira eta Jumbok eta UAEk zein paper jokatzen duten ikusi beharko da, lidergoa badute... Jaizkibelgo igoera, Klasikoaren kontrako aldetik, ez da oso ezaguna. Ez dut gogoan inoiz aurre egin izana, ez txirrindulari profesional gisa, ez kirol zuzendari gisa. Agian alde horretatik igo da Bidasoako Itzuliren batean, baina ez da ohikoena. Iruditzen zait igoera hau jarri dutela bere izena oso ezaguna delako, baina Tourraren hasieraren gogortasuna arintzen saiatzeko, beste aldetik igotzea erabaki dutela. Amaiera polita da, baina ohiko aldetik igoz gero baino leunagoa. Euskadin, gure orografiaren ezaugarriak baldintzatuta, oso zaila da 3000 metroko desnibelera iritsi gabe 209 kilometro egitea. Hori kontuan hartuta, uste dut saiatu direla sailkapen orokorra gehiegi ez zehazten elkarren segidako hasierako bi egunetan.
23/07/03 - Amorebieta-Etxano > Baiona (185 km)
- Azken jardunaldia Euskadin. Durangaldetik itxasorantz abiatu eta kostalde osoan zehar abiatuko gara Baionaraino. Lekeitio, Ondarroa, Donostia, Hondarribia eta Donibane Lohizune Baionaraino. Agian 2023ko Tourreko lehen esprint potoloaz gozatzeko eguna izango da.Gure kostaldeko errepideak etengabe egiten du gora eta behera eta bihurgune asko ditu. Beraz, oso garrantzitsua izango da tropelean ondo kokatuta joatea, beti aurrean, lasterketan zehar "látigo" asko egongo baitira eta horietan energia asko alferrik galtzen baita. Helmugan ikusiko dugu gizon azkarren artean zeintzuk heldu diren sasoitsuen.
