"EZ NINDUTEN IKARATU. NIK BEZALA, HAIEK ERE PEDALEI ERAGIN BEHAR ZIETEN"
egilea: Ander Izagirre,
Bilbon hasi zen beste Tour hura
Eta 2023ko Tourra Bilbotik irten den lehena ez bada?
1910. urteko Tourra ere Bizkaiko hiriburuan hasi zen, edo behintzat bai behintzat urte horretako txirrindulari berezienetako batentzat. Tourraren irteera Parisen zen, eta Vicente Blanco Bilbo eta Paris artean dauden mila kilometroak bizikletaz egitera tematu zen.
- Ni bizikletaz noa lasterketa guztietara, berdin Gijónera, Bartzelonara edo Valentziara - zioen berak. - Eta are hobe Parisera, Frantziako errepideak askoz hobeto zainduta daude eta.
Tourra hasi baino egun pare bat lehenago Blanco Parisera iritsi zen, akituta, goseti eta galduta. Galdezka han hemendik, Alcyon bizikleta fabrikara iritsi zen. Bertan, txirrindulari guztiek erabili behar zuten bizikleta eman zioten, eta guztiz ezinezkoa zeukan bizikleta hori aldatzea. Gurpilen ardatzak, urkila eta pedalierra markatu zizkioten puntzoi batekin, lasterketa pieza horiekin amaitzen zuela ziurtatzeko. Ondoren, L 'Auto egunkariaren egoitzara joan zen, Tourreko antolatzailea baitzen, eta han dortsala jaso zuen 155. zenbakiarekin. Ahal zuena afaldu eta gaua lo seko egin zuen. Hurrengo goizean, uztailak 3, lasterketaren irteeran agertu zen goizeko bostetan. Bertan, oraindik gauez, garaiko izarrak ikusi zituen: Faber, Lapize, Crupelandt...
- Bah, ez ninduten ikaratu. Nik bezala, haiek ere pedalei eragin behar zieten.
Vicente Blanco, Tourra korritu zuen lehen bizkaitarra, ohituta zegoen zailtasunak gainditzen: herrena zen.

http://homenajevicenteblancoelcojo.blogspot.com/
*
Blanco Larrabetzun jaio zen 1884. urtean. 20 urte zituela, La Basconia siderurgian lanean ari zela, altzairuzko barra gori batek ezkerreko oina zeharkatu zion, eta horren ondorioz oina haragi erre mordo bat besterik ez zen. Hilabete batzuk geroago, Euskalduna ontzioletako lanera itzuli zen, eta makina baten engranajeek eskuineko oina birrindu zioten. Bost hatz birrinduak moztu behar izan zizkioten.
Blanco herrenka zebilen, baina egun batean bizikleta bat utzi zioten, eta, horrela, hegan zihoala konturatu zen. Bilboko itsasadarrean botagile gisa zuen soldatarekin ez zuen gastu handietarako irabazten, baina txatarraren artean pneumatikorik gabeko bizikleta bat aurkitu zuen. Txalupako sokak hagunen inguruan lotu, eta entrenatzera irten zen. Hain ona zen, non Bizkaiko Atleta Federazioak bizikleta txukun bat lortu baitzion, eta garai hartako lasterketa ospetsuenetan parte hartzen hasi zen: Irun-Bilbo-Irun, Irun-Iruñea-Irun, Kataluniako Volta eta abar. 1908ko eta 1909ko Espainiako txapelketak ere irabazi zituen.
Ezagun egin zen, batez ere, tranpa eta harropuzkeriengatik. Angel Viribay kronikariak kontatzen duenez, Blanco, Herrena ezizenez ezaguna, lasterketa luze batera agertu zen Bilbon, eta aurkari guztiei iragarri zien berak ez zuela bidean ezer jan edo edango, haiei abantaila emateko. Inork ez zekien ordu batzuk lehenago lagunek bakailaoz beteriko kazolak ezkutatu zizkiotela ibilbideko hainbat tokitan. Herrenak laster ihes egin zuen, bidean bakailao puskak ezkutuan irentsi zituen, eta, dopin aitzindari horri esker, minutu askoko aldearekin iritsi zen lehen postura. Ikuskizunari amaiera bikaina emateko, lasterketa txakur bat eskulekura lotuta zuela bukatu zuen.
Txirrindularitzaren alderdi taktikoak ere berritu zituen, adibidez, 1908ko Espainiako txapelketa irabazi zuenean. Lasterketan, lehengo lau txirrindulariek pasatzeko kontrol batean sinadura bat utzi behar zutenean, berak lehenengo sinatu zuen. Ondoren, arkatzaren punta nahita apurtu, eta ziztu bizian hanka egin zuen. Bitartean, besteak han geratu ziren, desesperatuta, arkatza zorrozteko labana baten bila.
*
Tourra ia hasieratik gerturatu zen Euskal Herrira. 1906an iritsi zen lehen aldiz, Tourraren laugarren edizioan, eta etapa bat Baionan bukatu zen. Orduan ere marea laranjaren aurrekari bat bizi izan zen, zale multzo batek bertako txirrindulari baten garaipena txaloka adoretu zuenean. Garailea ez zen euskal txirrindulari bat izan, baizik eta Peyrehorade herriko gaskoi bat, Aturri ibaiaren ertzean dagoen herria, Baionatik oso hurbil. Jean-Baptiste Dortignacq, bigarren eta hirugarren geratu zen1904ko eta 1905eko Tourretan. Italiako Giroko etapa bat irabazi zuen lehen atzerritarra izan zen, txirrindulari azkarra udan eta txerri zikiratzailea neguan. Trousselier txirrindulariarekin ihes eginda iritsi zen Peyrehorade bere herriaren kontrolera. «Dortignacq agertu zenean, jendetzak hesiak hautsi, eta oldartu egin zen bere idoloa besarkatzeko, goraipatzeko eta sinadura-mahairaino hegaz eramateko», L 'Auto egunkariak kontatu zuenez.
«Dortignacq lasterka joan zen jarraitzaileengandik libratzeko, gero sinatu egin zuen, ohorezko banda bikaina jarri zioten, ahal zuen moduan kendu zuen, eta ihesaldia jarraitu zuen». Trousselier-ek zulatze bat izan zuen hamahiru kilometro falta zirenean. Zale batek eskaini zion bizikleta hartu zuen, Dortignacq harrapatu zuen Baionako kanpoaldean, eta esprint batekin aurrea hartu zion. Alabaina deskalifikatu egin zuten, urte horretan debekatuta baitzegoen bizikletaz aldatzea kontrol puntuetatik kanpo. Beraz, Dortignacq txerri zikiratzailea izan zen Tourreko etapa bateko lehen irabazlea euskal lurretan.
Euskal Herria, garai goiztiar haietatik, erabat murgildu zen Europako txirrindularitza-kulturaren muinean. Euskal gizarteak, urte gutxi batzuetan, karlistaldiak jasan zituen, bai eta krisi politiko bat zein depresio ekonomiko bat ere, eta gainera gazteriaren gehiengoak Ameriketara emigratu zuen. Hala ere, urte gutxien buruan egoera horretatik industrializazio bizkorrera eta oparotasun hazkorrera igarotzea lortu zuen. Euskal burgesiak Europako joeren berri zuen, baita kirolari dagokionez ere, eta familia dirudunen jauntxoek gogotsu eman zuten izena futboleko, teniseko, mendizaletasuneko eta txirrindularitzako modetan: sportmen giza ezagutzen ziren. Lan-eskubideak, soldata hobeak, oporrak eta egun libreak eskuratzearen ondorioz kirola zabaldu egin zen. Vicente Blanco gisako langile batek, bizikleta on bat erosteko dirurik gabe, txirrindularitzan aritzeko modua bilatu zezakeen, ahalegin eta zuhurtasunez. Bai eta nazioartera irteteko ere. Euskal Herrian ugaritu egin ziren kirol klubak, bizikleta fabrikak, lasterketa antolatzaileak eta lehen txirrindulariak modu soilean babesten zituzten enpresak eta elkarteak. Gainera, Frantzia oso gertu zuten: txapelketako txirrindularitzaren sorlekua, etapen araberako itzuli handiak asmatu zituen, eta Euskal Herrira ekartzen zituen herrialdea.
Horrela, 1909an, Club Ciclista San Sebastian kirol klubeko bazkide talde bat Baionako etapara hurbildu zen, eta 25 pezetako saria eskaini zion helmuga zeharkatzen zuen isolé (isolatuta: talderik gabeko txirrindularia) mailako lehen txirrindulariari. L 'Auto egunkariko zuzendariek afaltzera gonbidatu zituzten donostiarrak, eta animatu zituzten hurrengo urtean euskal txirrindulariren batek izena eman zezan. Lehenengoa Raymond Etcheverry izan zen, Baionako txirrindulari bat, hain zuzen ere. 1907ko Tourrean egon zen, baina lehenengo etapa bukatzea ere ez zuen lortu. Alabaina, antolatzaileek mugaz bestaldeko euskal txirrindulari bat nahi zuten.
Donostiarrek Tourraren gonbidapena planteatu zuten euskal txirrindularitzan zehar, eta Vicente Blanco Herrenak ez zuen zalantzarik izan: Pariseraino joango zen bizikletan 1910eko edizioa korritzeko.
*
Vicente Blancok Bilbon hasi zuen Tour hura, eta ez zuen batere itxura onik. Lehen aldiz, antolatzaileek ibilbide bat prestatu zuten Pirinioetako punta batetik bestera heltzeko, Mediterraneoko kostaldetik Atlantikoko kostaraino. Hori bi etapetan baino ez zuten egin nahi: Perpinyà-Luchon (Port, Portet, Portet d’Aspet eta Ares mendateekin) eta Luchon-Baiona (Peyresourde, Aspin, Tourmalet, Soulor eta Aubisque mendatekin). Azken hori etapa handienetako bat izatera iritsi da, hainbat hamarkadatan behin eta berriz errepikatua, eta gaur egun zikloturistek 326 kilometroak berregiten dituzte aitzindarien omenez. Badaezpada ere, erratz-autoa ere asmatu zuten antolatzaileek. Kamioneta bat zen, eta bidean zehar akituta, zaurituta, hilzorian eta etsita zeuden txirrindulariak hartzeko erabiliko zen. Izena eman zuten guztietatik laurden batek amore eman zuen ibilbidearen berri izan ostean.

https://aboutbasquecountry.eus/
Herrenak ez zion beldurrik, ez ibilbideari, ez aurkariei. Berak bezala, aldapa berak igo behar zituzten eta pedalei eragin behar zieten, baina, dena de, badirudi besteak azkarragoak zirela pedalekin: lasterketa hasi zen, faboritoak arin-arin irten ziren, eta Blancok ez zituen berriro ikusi. Ez eta hurrengo egunean ere. Blanco ez da ageri Paris eta Roubaix arteko lehen etapa hartako sailkapenean. Berak helmugara iritsi zela ziurtatu zuen, baina kontroletik kanpo. Matxurei eta erorketei egotzi zien porrota, baina, batez ere, funtsezko zirkunstantzia bati: «Ez neukan aukerarik ongi elikatutako basapizti horien aurka».
Gosea obsesio bat zen txirrindulari aitzindarientzat. Tour haietan, tropeleko txirrindulari onenek taldeen laguntza zuten, baina txirrindulari askok beren kabuz parte hartzen zuten, isolés kategorian: «Txirrindularia bakarrik irteten da abenturara», zioen araudiak. Isolés horien artean, Victorino Otero zegoen. Kantabriarrak 1924ko Tourrean hartu zuen parte: «Ehun mila pezetaren truke ere ez naiz Tourrera itzuliko. Guk ez genuen anoa-posturik, eta dendetan gelditu behar genuen janaria erosteko. Batzuetan, kontrolak baino lehentxeago, “lehen mailakoek” oilasko osoak botatzen zituzten, beste fresko batzuk emango zizkietelako, eta gu haien bila abiatzen ginen bide bazterretatik».
Beraz, Vicente Blanco Tourretik lur jota eta hezur-huts itzuli zenean, Bizkaiko Atletismo Federazioko eta Club Deportivo de Bilbao klubeko zuzendariek bazekiten zein zen beren heroiarentzako omenaldirik onena: bankete bat. Balmasedan antolatu zen bazkari baten berri eman zuen Julian del Valle kronikariak: bizkaitarrak ahoa ireki zuen paella batekin —«Blancok zati eta osagai ugari zituzten bi platerkada hartu zituen»—, jarraitzeko legatza saltsa berdean jan zuen —«Lau zati jan eta platereko saltsa ogiaz garbitu zuen»—. Ondoren, muskuiluak pikantearekin eta kilo erdiko idi txuletoi bat piperrekin. Txirrindulariak txuletoiaren hezurra marruskatu, eta beste bat jan ote zezakeen galdetu zuen. Mahaikideek barre egin zuten: «Kontuz, Vicente, ea minik emango dizun!». Baina Herrenak bigarren txuleta bat hartu zuen, eta ez zuen begirada plateretik altxatu. «Hasi besterik ez dut egin!». Postrerako fruta ekarri zuten, baina berak atzera bota zuen: «Fruta, tximuentzat». Ase, zigarro bat prestatzen hasi zen kafea hartu baino lehen. Bat-batean, zerbitzariak agertu ziren, gainezka egiten zuten toskazko erretilu batzuekin, eta Herrena aho zabalik geratu zen. Haren sabel puztua haztatu zuen, mokadu bat gehiago hartu ezinik, eta totelka esan zuen: «Ez dago honetarako eskubiderik... Ez digute esan arroz-esnea geneukanik!».
Egilea: Ander Izagirre , kazetaria eta idazlea.
