Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Ireki da Elkarlan Sarien seigarren ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea

elkarlan sariak

egilea: Pegip 2020, 

Joan den irailaren 4an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian “AGINDUA, 2020ko uztailaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onesten baita Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien seigarren deialdia (2020. urtea)” argitaratu ondoren, sari hauetan parte hartzeko hautagaitzak aurkezteko epea ofizialki ireki da. Sari horien helburua da balio publiko partekatua sortzea modu berritzailean sustatzen duten proiektuak aintzatestea, gizarteko erronkak eta beharrak asetzeko.

Iragarki hau argitaratu eta hilabeteko epean, helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta beren jarduera nagusia bertan egiten duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoak aurkeztu ahal izango dira sari hauetara. Aurkeztutako proiektuek ezarrita egon behar dute edo pilotu-fase aurreratuan, eta sei jarduketa-eremu hauetakoren batean balio publikoa sortzeko berrikuntzagatik nabarmenduko dira:

  • Osasuna
  • Ingurumena
  • Garapen ekonomikoa
  • Ikaskuntza-kultura
  • Gizarte-kohesioa
  • Gobernamendua, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetako partaidetza

Gainera, proiektuek, funtsezko ezaugarri gisa, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonak eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak aktibatzeko duten gaitasuna erakutsi beharko dute. Hautatutako lau proiektuetako bakoitzak honako sari hau izango du:

  • 6000 euro, proiektu onenaren aintzatespen gisa
  • 3000 euro, jardunbide egokiak transferitzeko prozesuari aplikatzeko
  • Kanpo-aholkularitza beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko
  • Saritutako proiektua informazio-bide eta komunikabideetan zabaltzea

Hautaketa-batzordean Eusko Jaurlaritzako eta Innobasque (leiho berri batean irekitzen da) – Berrikuntzaren Euskal Agentziako ordezkariek parte hartuko dute, bai eta aurreko urtean saritutako proiektuetako ordezkariek ere (“Goian, aisialdiaren bitartez komunitate hezitzailea izateko gida”, Goian Kultur eta Kirol Elkarteak sustatua, eta “Ehkolektiboa, agroekologiaren bidean”, Ehkolektiboa Elkarteak sustatua). Hautaketa-batzorde honek aurkeztutako proposamenak baloratuko ditu, irizpide hauen arabera:

  • Proiektuek ezarrita egon behar dute edo pilotu-fase aurreratuan
  • Balio publikoa eta soziala sustatzea
  • Ahalduntze-eredu izatea
  • Izaera berritzailea izatea
  • Pertsona eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak aktibatzeko modua beste eremu edo lurralde-espazio batzuetara eramateko gai izatea
  • Haien diseinuan eta ezarpenean genero-ikuspegia jasotzea
  • Aurkezpenean kalitatea, koherentzia eta argitasuna erakustea.

Batzordearen balorazioa osatzeko, gainera, Irekia-n parte-hartze prozesua abiaraziko da. Horren bidez, herritarrek gehienez lau proiekturi eman ahal izango diete botoa. Boto gehien jaso dituzten lau proiektuei beste bi puntu emango zaizkie, eta Hautaketa Batzordeak emandako balorazioari gehitu.

Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. esteka honetan: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/elkarlan/web01-tramite/eu/

Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke:https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2020/09/2003501e.shtml