Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du 2019ko gardentasun-balantzea, herritarren eskura jartzen duen informazioaren kopurua eta kalitatea hobetuz

gardentasuna

egilea: Pegip 2020, 

Aste honetan Gobernu Kontseiluak onartu egin du “EAEko eta bere sektore publikoko administrazio orokorrean gardentasuna ezartzeko mailari buruzko 2019ko balantzearen txostena”.

Bosgarren urtez jarraian prestatu du HHABHZ - Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak dokumentu hau, hura arduratzen baita berrikuntza publikoko proiektuak sustatzeaz —bereziki, 2020ko Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoaren I. ardatzean jasotako gardentasunaren eta partaidetzaren alorreko proiektuak. Txostena bi arlo hauek kontuan hartuta egin da: publizitate aktiboa eta informazio publikora sarbidea izateko eskubidea. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 2015eko urtarrilaren 13an hartutako konpromisoa bete du; orduan, informazio publikora jotzeko arloan, publizitate aktiboaren arloan eta gardentasunaren eta gobernu onaren kulturaren aurrerapenean funtzionamendu-neurriak onetsi zituen, honela, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legean ezarritakoa betetzea bermatuz. GARDENA – Eusko Jaurlaritzaren Gardentasunaren atarian argitaratuko da txostena, gobernu honek kudeaketa gardena sustatzeko duen borondatearen adierazpide izan dadin.

Eusko Jaurlaritza bere gardentasun-eredua garatzen joan da, gobernu onerantz bideratutako tresna gisa, gauzak ongi egiteaz gainera, euskal gizartearentzat gauza onak egiten dituen gobernu baterantz.

Aurreko txostenean (2018ko balantzea) jasotzen zen, halaber, gardentasun-ereduan aurrera egiten eta eredua sendotzen jarraitzeko erronka jakin batzuk zeudela, eta 2019ko ekitaldian ekin beharko zitzaiela, Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzak (OGP) ezartzen dituen eskakizun zorrotzekin bat etorrita. Izan ere, Euskadi aliantza horretako kide da 2018tik.

Txostenak, halaber, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen jarduera jasotzen du, organo independente horrek bere gain hartzen baititu, EAEko erakunde komunek eta tokiko erakundeek informazio publikoa berariaz edo presuntzioz ukatzeagatik aurkezten diren erreklamazioak ebazteko eginkizunak. Batzorde honetan, 84 erreklamazio jaso ziren informazio publikorako sarbidea ukatzeagatik; horietatik 66 EAEko udalei zegozkien, 3 aldundiei eta 15 Euskal Sektore Publikoari. Jasotako erreklamazioen erdiak baino zertxobait gehiago aintzat hartu ziren, eta horrek iradokitzen duenez, aurrera egin behar da gure administrazio publikoetan nagusi izan behar duen gardentasunaren kultura desiragarri horretan.

Jasotako informazio-eskaerei dagokienez, bilakaera positiboa izan da; izan ere, 2015ean jasotako 30 eskaeren aldean, 2018an 87 eskaera jaso ziren, eta 179 iaz, 2019ari buruzko azken txostenaren arabera. Horren harira, sail guztiek parte hartu dute prozeduran, baina eskaera gehienak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak (eskaeren % 32), Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak (% 14), Osasun Sailak % 13) eta Hezkuntza Sailak (% 10) bildu dituzte.

2018ko txostenean, 2019rako erronkatzat aurreratu zen GARDENAren diseinu berria, irudi berriak, grafikoak eta bistaratzeak sartuz, baita informaziorik konplexuena ulertzen lagunduko duten kontakizunak ere, informazioaren erabilgarritasun eta irisgarritasunari buruz hautemandako zenbait arazori konponbidea emateko. Horrela, Open Data Euskadiko eta GARDENAko datu-multzoen eta euskadi.eus webguneko beste iturri batzuen bistaratzeak biltzeko webgune bat sortzea erabaki zen, datuak eskuragarriagoak, kontsumigarriagoak eta ulergarriagoak izan daitezen. Amaierako produktutzat erabaki zen lehendik zeuden bistaratzeetarako sarbidea zentralizatzea eta 50 bistaratze berri baino gehiago sortu ziren, gardentasun-adierazleekin lotuta.

Publizitate aktiboari dagokionez, txostenean jaso denez, publizitate aktiboaren betebeharrak modu integratuan bistaratuko dira GARDENAn, jasotako bistaratzeen bilakaera nabarmena aintzat hartuz. Hartara, 2016. eta 2018. urteen artean beherakada nabarmena izan zuten arren, 2019an ia bikoiztu egin da bisita-kopurua, eta honek eduki guztiei eragin die. Igoera horri lotutako funtsezko arrazoia atariaren eraberritzea izan da, askoz ere ulergarriagoa eta erakargarriagoa baita orain.

Alabaina, badira publizitate aktiboa helburu duten beste plataforma batzuk ere:

  • Tramitagune: Eusko Jaurlaritzaren eta honi atxikitako erakunde publikoen administrazio elektronikorako plataforma bateratua da, sareko edozein eragileri administrazio-egintzak egiten diren unean bertan automatikoki Legegunean argitaratzeko aukera ematen diona, dagokien dokumentazioarekin batera, betiere heldutasun eta kalitate-maila altua dutela.
  • Legegunea: euskal araudiaren ataria da, Eusko Jaurlaritzaren baliabide juridiko guztiak biltzen dituena, herritarrei modu ordenatuan eta sarbide errazarekin eskaintzeko asmoz. Zenbait gordailutatik bildutako hainbat eduki-tipologiarekin osatuz joan da.
  • Publizitate aktiborako beste tresna batzuk:
    o Kargu publikoen katalogoan zehaztutako funtzioak, erakundeen organigramak, ordainsariak, profilak eta ibilbide profesionalak
    o Kontratatzailearen profila, kontratu txikien erregistroa
    o Emandako diru-laguntzak eta laguntzak
    o Langile publikoen lanpostu-zerrenda eta bateragarritasun-ebazpenak
    o Datu pertsonalak tratatzeko jardueren erregistroa
    o 19/2013 Legea betetzearekin lotura berezirik ez duten argitaratutako beste adierazle batzuk
  • Open Data Euskadi: 2019an, Open Data Euskadi atarian Eusko Jaurlaritzaren eta mendeko erakundeen 4.606 datu-multzo argitaratu ziren; gainera, beste foru- eta toki-administrazio batzuen 1.250 datu-multzo ere argitaratu ziren. Open Data Euskadi atarirako, beste administrazio batzuk katalogoan federatzea lan-ildo nabarmena da. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du izaten Estatuko www.datos.gob.es datuen katalogoan dataset gehien argitaratzen duen datu-iturria. Modu berean, datu-multzo guztiak Europako datu irekien ataritik federatzen dira.

Txostenaren beste puntu nabarmenetako bat balio publikoa sortzen duten beste eragile aktibo batzuen aitorpena izan da; izan ere, Euskadin, hainbat herritar elkarte eta erakundek balioa publikoaren sorrera sustatzen dute garapen ekonomikoaaren arloan, gizarte-kohesioarenean, ikaskuntza eta kulturaren esparruan, osasungintzan zein ingurumenaren babesean, eta horien jardueran, pertsonak eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak aktibatzen dira. Eragile horiek guztiak aitortzeko, 2019an Elkarlan Sarien deialdia ere egin da.

Eta jakina, Euskadik Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzan (OGPn) duen parte-hartzearen balantzea ezin da falta. 2018tik, Euskadi Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Aliantzan (OGP) dago, munduko beste 19 eskualderekin batera. Ondorioz, onartu egin du gardentasuna sustatzeko, ustelkeriaren aurka borrokatzeko, herritarrak ahalduntzeko eta gobernua eraginkorragoa eta arduratsuagoa izateko teknologia berrien ahalmena aprobetxatzeko hartu dituen konpromisoak sendotzeko erantzukizuna. Hala, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du honako hauetarako:

  • Gobernu-jarduerei buruzko informazioaren eskuragarritasuna areagotzeko.
  • Herritarren parte-hartzea bultzatzeko.
  • Gure gobernu guztietan lanbide-osotasunaren estandar altuenak aplikatzeko.
  • Kontuak emateko teknologia berrietara jotzeko aukera areagotzeko.

Horretarako, herritarrekin batera ekintza-plan bat sortu da, 5 konpromiso biltzen dituena:

  1. Kontuak ematea agintaldiko planen bidez.
  2. Open Data Euskadi eta Linked Open Data
  3. Herritarren parte-hartzearen ilab-a Euskadin
  4. Open eskola: herritarrentzat irekitako eskola
  5. Integritatearen Euskal sistema

Urte honetarako, “EAEko eta bere sektore publikoko administrazio orokorrean gardentasuna ezartzeko mailari buruzko 2019ko balantzearen txostena”k honako erronka hauek ezartzen ditu ibilbide-orri gisa, besteak beste:

  • Gardentasunean lidergo-postuari eustea eta bertan aurrera egitea.
  • Irisgarritasunean hobetzea.
  • Gardenan bistaratzeak / grafikoak areagotzea.
  • Datu elkartuen proiektuan aurrera egitea.
  • 2018-2020rako OGP Euskadi Planean ezarritako konpromisoen garapena betetzea.
  • Derrigorrean betetzekoak ez diren gardentasun-adierazleen argitalpenean aurrera egitea.

Txosten honen ondorio nagusitzat esan daiteke Eusko Jaurlaritzak aurrera egiten jarraitu duela bere gardentasun-ereduan, herritarren eskura jarritako informazioaren kantitatea eta kalitatea hobetuz.

“Euskal Autonomia Erkidegoko eta bere sektore publikoko Administrazio Orokorrean gardentasuna ezartzeko mailari buruzko 2019ko balantzea” hemen deskarga daiteke:

DESKARGATU TXOSTENA