Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileen elkarlan sarien V. deialdia, irekita

egilea: Pegip 2020, 

Bihar, urriak 22, irekiko da “Balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako Eusko Jaurlaritzaren Elkarlan sarien” 2019rako hautagaitzak aurkezteko epea, gaur bertan argitaratu baita Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuaren 2019ko urriaren 15eko Agindua EHAAn.

Sari horien bosgarren edizioa da, eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen du, gizarteko erronkak eta beharrak asetzeko balio publiko partekatua sortzea sustatzen duten, eta diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakusten duten  proiektuak aitortzeko.

Aurreko edizioan bezala, proiektu horiek sei jarduera-eremu hauetako batean eragin behar dute:

  • Osasuna
  • Ingurumena
  • Garapen ekonomikoa
  • Ikaskuntza-kultura
  • Gizarte-kohesioa
  • Gobernamendua - kultura demokratikoa - erabaki publikoetako partaidetza

Aurten berrikuntza nagusia 9.000 euroko bi sari izango direla da, eta saritutako proiektuek praktika onaren transferentzia fasea izan beharko dutela beste jarduera edo lurralde eremu batzuetara. Neurri horren helburua da haren berrikuntza beste esparru batzuetan aplikatu ahal izatea, eta, horretarako, kanpoko laguntza jaso ahal izango da.

Sari horien deialdiak 2014 urtean sortutako Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriaren helburu estrategikoetako batean du bere jatorria; horren bidez, “esperientzia berritzaileak garatzea sustatzen da, gure kultura demokratikoan berriak izan eta parte-hartzeari bide emateko formulak esperimentatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuentzako laguntzaren bidez”. 2016-2020 aldirako gobernu-programaren helburuetako parte bat da ere, besteak beste, herritarren parte-hartzea sustatuko duen administrazio ireki garden eta efikaz bat lortzearena.

Edizio honen bidez lortu nahi da balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileari saria ematean proiektua bera eta sustatzaileak ezagutzera ematea; baina, beste alde batetik, beste eragile batzuen parte-hartzea izateko formulak ekartzea, Euskadin pixkanaka osatu dadin balio publikoa batera sortzen ikasteko eta arlo horretan elkarlanean aritzeko sare bat. 2018-2020 OGP Euskadi ekintza-planean ezarri duten 3. konpromisoari lotuta dago ikuspegi hori.

Sari hauek helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta beren jarduera nagusia bertan egiten duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoei zuzentzen zaie, ezarpen fasean edo fase pilotu aurreratuan dauden proiektuei zuzendutakoa (ez dira onartuko hasi gabe edo ideien fasean dauden proiektuak).

Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 22an amaituko da. Informazio guztia kontsultatu eta parte hartzeko dokumentazioa eskura daiteke euskadi.eus-eko esteka honen bidez.