euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Zergatik erosi behar da lineako konfiantzaren bereizgarri publikoa daukaten web-orrietan?

egilea: Kontsumobide, 

Interneten erosteko zerbaiten bila hasten zarenean, zuk nahi duzuna prezio tentagarrian eskaintzen duten ehunka orri erakusten dizkizu bilatzaileak. Batzuetan, orri horiekin fio zara, izen ona dutelako edo lehendik ere bertan erosita zaudelako. Beste orri batzuetan, ordea, litekeena da fidagarriak ote diren duda izatea, eta ez arriskatzea. Nola asmatu? Baldin web-orriak lineako konfiantza adierazten duen bereizgarria badauka, lasai egon zaitezke, kontsumitzaile zaren partetik dagozkizun eskubideak babesteko aparteko garantia izango duzu-eta.

Estatuko araudiak erregulatuta daude lineako konfiantzaren bereizgarri publikoak. Estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako kontsumoko erakunde publikoek ematen dizkiete ikurrak, eskaera egin duten korporazioei, profesionalen, saltzaileen edo kontsumitzaileen elkarte zein asoziazioei; betiere, jokabide-kode jakina betetzeko konpromisoa hartzen badute. Jokabide hori zer izango den argi eta erraz ulertzeko moduan idatzita jaso behar da, eta gutxienez, honakoa ziurtatu behar da:

  • Garantia zehatz batzuk, ordenamenduak kontsumitzaile eta erabiltzaileei aitortzen dizkienak baino hobeak.
  • Auziak epaiketarik gabe ebazteko sistema bat, Europar Batasuneko zerrendatik.
  • Konpromiso espezifiko batzuk, sektoreko arazo konkretuei aurre egiteko.
  • Kodeari men egin behar dioten ekintzak zein izango diren, besteak beste eta nahitaez, arlo hauetakoren batekoak: salerosketako komunikazioak edo kontratu-aurreko informazioa, kontratazioa eta kexak, edo erreklamazioak konpontzeko prozedurak, baldin Europako Batzordearen zerrendako sistemaren berdinak ez badira.

Espainian, bereizgarri ezagunena Confianza online delakoa da, Autocontrol-ek eta Adigital-ek (Ekonomia Digitalaren Espainiako Elkarteak) 2003an sortutako elkartekoarena. Gaur egun, 2.700 web-orri baino gehiago daude atxikita, kode etikoa betetzeko konprometituta.

Orri batek Confianza online konpromisoa hartuta daukan jakin nahi baduzu, elkartearen web-orriko bilatzailean begiratu besterik ez duzu. Are gehiago, batzuetan komeni da begiratzea, leku batzuek —gutxienek— gezurretako ikurra agertzen dutelako edo ikurra agertzeko eskubidea galdu dutelako, adibidez, elkartetik kanporatu dituztelako jokabide ona ez edukitzegatik edo aldizkako errebisioa ez gainditzeagatik.

Confianza online ikurraz gain, beste bereizgarri publiko batzuk aurki ditzakezu, adibidez, OptimaWeb edo Agace-ren zigilua.

Ez ahaztu: interneten ezer erosi aurretik, begiratu ondo web-orriak lineako konfiantzako  bereizgarria baduen. Aparteko garantia zuretzat.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana