Egoitza elektronikoa

Bilbo industria-segurtasuneko ikerketaren nazioarteko egoitza

 

 

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak eta OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak SAF€RAren 5. sinposioa antolatu dute. Europako estatuen arteko Industria Segurtasunaren arloko ikerketa koordinatzen duen taldea da SAF€RA, eta bertako kide da OSALAN.

Topaketa honetan taldearen babesean garatutako ikerketa-proiektu batzuk aurkeztuko dira, edo garatzen dihardutenak, eta eremu horretako ikerketa-premiak aztertuko dira. Horretarako, Industria Segurtasuneko 70 bat profesional, Europako 13 herrialdetatik etorriak, bilduko dira Bilbon.

SAF€RAren helburua da Industria Segurtasunaren arloko ikerketa ikuspegi proaktibo, diziplina anitzeko eta berritzaile batetik bultzatzea, hazkunde iraunkor baten alde soluzioak garatzeko eta Europako industriaren lehiakortasuna areagotzeko. Horretarako, gutxienez bi herrialdetako ikerketa-taldeek parte hartu behar dute ikerketa-proiektuetan.

-. Euskal partaidetza

Maiatzaren 19an RISING proiektua aurkeztuko da: OSALANek diruz lagundutako ikerketa aplikatuko proiektua, Italiako bi unibertsitatek –University Campus Bio-Medico of Rome, University of Rome Tre– eta Gipuzkoan kokatutako Tecnum-Nafarroako Unibertsitateak burutua. Proiektu horrek aukera ematen du barnealdeko giro zabaletan eta konplexuetan diharduten larrialdietako taldeek ezagutu ditzaten pertsonen lokalizazio zehatzak, ihesbide posibleak eta arrisku potentzialak –makineria, material arriskutsuak eta abar–. Egokiro lokalizatuta eta arriskuei buruz ondo informatuta, larrialdietako taldeak hobeto koordinatu, agindu eta zuzendu daitezke.

 

-. Batzar Orokorra

SAF€RAk maiatzaren 18an egingo du bere batzar nagusia OSALANek Barakaldon duen egoitza nagusian. Bertan bilduko dira taldeko kide diren erakundeen ordezkariak, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakunde batzuk, besteren artean.

SAF€RA, Industria Segurtasuneko Europako Ikerketaren Koordinazioa Hazkunde Adimentsu eta Iraunkorrerako, Europako Batzordearen babesean sortu zen, ERA-net edo Europako Ikerketa Eremuetako bat gisa, Industria Segurtasuneko Europako Plataformaren (ETPIS) lanari esker, eta OSALAN da kideetako bat bere hastapenetatik. 2015ean, Europako Batzordeak SAF€RA ERA-net-i emandako aldia amaituta, ERA-net-en sortutako taldeko kide gehienek, Europako 10 herrialdetakoek, ordura arte garatutako lanarekin jarraitzea erabaki zuten: Industria Segurtasunaren arloan diru-laguntzen deialdiak batera egitea. Bai OSALANek bai taldeko beste erakunde batzuek dagozkien eskumenak Laneko Segurtasun eta Osasunari lotuta dituztenez gero, erakunde horiek parte hartzen duten proiektuek zerikusia izan behar dute arlo horrekin.

SAF€RAren helburuak dira, besteren artean: industria-segurtasuneko ikerketa-eremu bat sendotzea, Europako industria-segurtasunaren etorkizuneko erronkak identifikatzea, eta Europako nazioetako eta eskualdeetako industria-segurtasuneko ikerketa-programen koordinazioa hobetzea baterako jardueren bitartez.

Programa osoa kontsultatzeko

2017ko maiatzaren 15ean Osalan-ek egindako prentsa-oharra (pdf, 390 KB)