Proiektuak
I. Jarraipena emateko jarduerak
1. Terrorismoaren biktimentzako laguntza eta haientzako laguntzen kudeaketa, ekainaren 19ko 4/2008 Legea eta azaroaren 9ko 290/2010 Dekretua
Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak terrorismoaren biktimei laguntzen die, 290/2010 Dekretuak, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duenak, xedatzen duenarekin bat. Ildo horretan, kalte materialengatiko espedienteak bideratzen ditu —zorionez, gero eta gutxiago—, eta, batez ere, laguntza psikologikoa, ikasketetarako laguntza, lan-arloko laguntza eta etxebizitzarako laguntza emateko espedienteak, terrorismoaren biktimen oinarrizko beharrei egokiro erantzuteko, betiere, Eusko Jaurlaritzaren barruan etxebizitza- eta enplegu-arloko eskumenak dituzten sailekin elkarlanean eta haiekin koordinatuta.
2. Espainiako Gobernuak 29/2011 Legearen eta 671/2013 Errege Dekretuaren bidez terrorismoaren biktimei ematen dizkien laguntzen kudeaketa
2014ko irailaren 19an, terrorismoaren biktimek 29/2011 Legearen arabera zegozkien kalte-ordainen osagarriak eskatzeko epea amaitu zen. Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak horren berri eman zien Euskadin bizi diren terrorismoaren biktimei, eta eskabideak Barne Ministerioaren aurrean bideratzen lagundu zuketenak Gertu programaren bidez biktimekin zuzeneko harremanetan jarri ez balitz.
Gainera, GALen eta antzeko erakundeen biktimei kalte-ordainak ukatu izana salatu du Eusko Jaurlaritzak, eta gaiari buruzko irizpen juridiko bat eskatu dio Kriminologiaren Euskal Institutuari, laguntzak ukatu izana legez kontrakoa eta nabarmen bidegabea zela ondorioztatzen duena.
3. Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua eta aldizkako harremanak terrorismoaren biktimen elkarteekin
Ekainaren 19ko 4/2008 Legearen bidez, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua sortu zen, terrorismoaren biktimek dagozkien gai guztietan parte hartzea bideratzeko eta gaiaren inguruko politika zehatzak abiaraztea proposatzeko administrazio publikoei, eta, otsailaren 23ko 55/2010 Dekretuaren bidez, haren osaera, izendapen-sistema, funtzionamendu-araubidea eta eginkizunak arautu.
Legealdi honetan, Kontseilua urtean batazbeste lau aldiz elkartu da eta hitz egiteko eta ikuspegiak elkatzeko esparru bizi eta aberasgarri bat izan da. Bestetik, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldizkako harreman egonkorra du biktimen elkarteekin, bai Euskal Autonomia Erkidegokoekin, bai Estatukoekin, eta, legealdiaren hasieratik, behin baino gehiagotan jarri da harremanetan guztiekin.
4. Terrorismoaren biktimei laguntza, elkartasuna eta babesa ematea bultzatzeko proiektu eta elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia
Urtero kaleratzen da, eta terrorismoaren biktimen Estatu osoko erakunde eta elkarteek parte har dezakete, norgehiagokan, honakoak bultzatzeko: laguntza, orientabidea eta giza babesa ematea terrorismoaren biktimei; laguntza psikosoziala ematea biktima eta zaintzaileei; eta terrorismoaren biktimei buruzko foro, ikastaro eta mintegiak antolatzea eta balio etiko eta demokratikoak sustatzeko heziketa-proiektuak prestatzea. Diru-laguntzei esker, 20 bat elkartek 40 bat ekimen sustatzen dituzte urtean.
5. Diru-laguntza izendunak
- Terrorismoaren Biktimak Fundazioa: Urtero, Terrorismoaren Biktimak Fundazioarentzako 54.000 euroko ekarpena ezartzen du Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren aurrekontuak.
- Fernando Buesa Fundazioa: Gobernu Kontseiluak 2000ko abenduaren 26an onartutako erabakiarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra Fernando Buesa Fundazioari atxiki zitzaion, laguntzaile. Eusko Jaurlaritzak urtero berritzen du konpromisoa, eta, aurrekontuen bidez, 32.800 euroko diru-laguntza izenduna ematen dio.
6. Euskal Herriko Unibertsitatearekiko lankidetza terrorismoaren biktimei buruzko ekimenak garatzeko
2007tik, Esperientzia traumatikoetako biktimei laguntza emateko espezialista graduondoko ikastaroetan lagundu izan zaio IVAC-KREI Institutuari.
Era berean, 2011tik, Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak ikerlan bat edo gehiago egiten du urtean, Biktimen Zuzendaritzaren ekimenez, biktimek egiarako, justiziarako eta ordainerako eskubideak erabili ahal izateko jarduera eta politikak diseinatzeko. 2013an, ikerlanaren ardatza “Erailketen zeharkako biktimen nahigabe eta esperantza” izan zen, eta Gertu programa diseinatzeko oinarria izan zen haren emaitza. 2014an, ikerketaren emaitzak bi lan eskaini ditu: “Terrorismoaren biktimen memoriarako eskubidea (PDF, 1000 KB)” eta “Terrorismoaren biktimekin tratatzeko eta bigarren mailako biktimizazioa saihesteko jardunbide egokien gida orokorra (PDF, 1 MB)”.
7. Euskal Autonomia Erkidegoan 1960tik 1978ra bitartean motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen biktimen Balorazio Batzordearen sustapena eta koordinazioa
2012ko ekainean, 107/2012 Dekretua onartu zuten; Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa.
Bake eta Bizikidetza Planak ezartzen du haren garapena eta sustapena, eta helburua da egungo legediaren arabera estaldurarik ez babesik ez duten giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea eta haiei ordaina ematea. Horretarako, balorazio-batzorde bat sortzea xedatzen du Dekretuak, bere xedapenen babespean aurkezten dituzten kasuak aztertzeko eta haiei buruzko irizpenak emateko.
Sortu zenetik, 2012ko ekainaren 20tik, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza arduratu da Batzordearen lana zuzentzeaz, koordinatzeaz eta dinamizatzeaz, eta, bitarte horretan, 145 txosten tramitatu ditu.
8. Euskal Autonomia Erkidegoan 1978tik aurrera motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko dekretuaren prestakuntza
Legealdia hasi zenetik, legezko tresnak sortzen aurrera egiteko lanean aritu da Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia, legez aurkako kontraterrorismo-ekintzen ondorioz giza eskubideen urraketen biktima izan direnak (egungo legediak babesten ez dituenak) aitortzeko eta haiei ordaina emateko prozesuak garatzeko eta hedatzeko. 2015eko otsailean, indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen aitortu gabeko biktimak aitortze aldera lege bat onartzeko testu proposamen bat prestatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzak Kriminologiaren Euskal Institutuari.
Proposamen hori 2015eko udazkenean Parlamentuko taldeekin partekatuko da ahalik eta adostasunik zabalenarekin onartua izan dadin.
9. Memoriaren Maparen burutzapena
Memoriaren Maparen helburua da, udalekin bat, terrorismoak eta indarkeriak bidegabeki hildakoak omentzeko eta oroitzeko ekitaldiak sustatzea. Aurreko legealdian jarri zuten martxan ekimena, Eusko Legebiltzarraren ekimenez, baina haren garapena eskasa izan zen.
Horregatik, Bake eta Bizikidetza Planak hura sustatzeko helburua finkatu zuen. 2014ko maiatzaren 29an, dokumentu bat aurkeztu zuen Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak, tokian-tokian horrelako oroitzapen-ekitaldiak antolatzen laguntzeko gomendio, iradokizun eta irizpide praktikoak biltzen zituena, eta, gero, udal guztiei helarazi zien.
Hain zuzen ere, horrelako ekitaldien antolakuntzan elkarlanean aritze aldera, hori da udalekin eta indar politikoekin hitz egiten hasteko oinarria. Horrekin batera, “Bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri” txostena prestatu da (Atal zehatz batean jasotzen da honen inguruko informazioa).
II. Jarduera berriak
10. Adi-adian modulua
Hezkuntza-arloan, Adi-adian modulua sustatzen ari gara, biziki sustatu ere, biktimen lekukotasunak entzutea elkartasunean, enpatian eta giza duintasunean hezteko esperientzia bihurtzeko. Aurreko legealdietako esperientziak ditugu aurrekari. 2013-2014 ikasturtean, Euskadiko ikastetxe guztietako zuzendariei eman diegu moduluaren berri, sareak koordinatzeko bileren eta berritzeguneen bitartez, eta, 2014. urtearen amaieran, berriz, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak haren bilakaeraren balantze bat aurkeztu zuten. 21 saio egin dira eta bertan 2.200 ikaslek hartu dute parte.
11. Gertu Programa
Gertu programak elkarrizketa zuzena hastea ahalbidetu du, banaka-banaka, erail dituzten biktimen Euskadiko familiekin. 2014ko ekaina eta abendu artean garatu zen, 300dik gora familiekin. Esperientzia oso baliagarria izaten ari da.
Gertu Programaren garapenetik atera daitezkeen ondorio nagusienak honakoak dira:
- 70ko eta 80ko hamarkadetan atentatua pairatu zuten biktimen familien kasuan, arreta pertsonalizatua eta aitorpen gabezia antzeman da.
- Biktimen arteko elkarrizketa-eremuetan parte hartzea gustura onartuko luketen biktima kopuru esanguratsua dago; hasiera batean, antzeko bizipenak bizi izan dituztenekin izango balitz ere, beste bilera zabalagoetara itxi gabe.
- Biktima askok beren borondatea agertu dute memoriaren eta bizikidetzaren eraikuntzan parte hartzeko eta beren ekarpena eskaintzeko
Memoria eraikitzen laguntzeko, beren lekukotasuna grabatzea eskaini genien biktimei, eta asko daude prest: heren bat. 2015eko udan hasi gara testigantza hauek grabatzen.
12. Eraikiz Programa
Gertu programaren bilakaeratik atera zen lehen ondorioetako bat da biktima ugarik beharra dutela beste biktima batzuk ezagutzeko eta berdinekin elkartzeko eta hitz egiteko guneak izateko. Alde horretatik, sumatu dugu beren bizitza berreraikitzeko prozesu pertsonalen berri jakin eta eman nahi dutela, eta gizartearekin batera hitz egin memoriaren eraikuntzaz eta elkarbizitzaz. Lan-hipotesi bat dira beharrok, eta Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza haiekin lanean ari da dagoeneko.
Sakontzeko, esperientzia pilotu txikiak jartzen ari da martxan, programa berriak sustatzeko oinarria izan daitezkeelakoan. Horiek guztiak Eraikiz Programaren barruan kokatzen dira. Pentsatzekoa denez, biktimek elkarri hitz egiteko gune diskretu eta seguruetan landu behar du ekimen berriak aztertzeko programa, eta, horregatik, garatu dira orain arte komunikabideetatik kanpo.
Alde horretatik, Glenncree-ko esperientzia eta Adi-adian moduluan parte hartzen duten biktimen baterako lana aurrekari baliagarriak dira, esperientzia berrien erreferentziak.
13. Erakunde terroristen 1960tik 2014ra bitarteko hilketen egoera prozesalari buruzko txostena
Bake eta Bizikidetza Planaren barruko hemezortzi ekimenetan lehenengoa da “Giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egitea eta eratortzen diren ekintzak”. Haren ondorioz, 1960 eta 2013 artean gertatutako Giza Eskubideen Urraketen Egiaztapen Txostena aurkeztu zuten 2013ko ekainean, eta, ondorioen artean, zera gomendatzen zuen txostenak: argitu gabeko atentatu terroristen egoera argitzen laguntzea.
Ildo horretan, 2014. urtearen hasiera aldean, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak txosten bat eskatu zion aditu talde bati, erakunde terroristen 1960tik 2014ra bitarteko hilketen egoera prozesalari (argipenari eta Justizia Administrazioaren tratamenduari) buruzkoa.
14. Euskal kasuan izandako bitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri
Txosten hauek 1960 eta 2010 urteen artean, euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak jasotzen dituzte herriz herri. Guztira 128 liburuxka argitaratuko dira. Udalerri bakoitzari dagokion liburuxkan, herri horretan bertan eraildako biktimak aipatzen dira, bai eta, beste lekuren batean hil arren, herri horretan jaio edo bizitakoak ere. Lehen aldiz, bizitzeko eskubidearen urraketa guztiak bildu eta biktimen izen-abizenak ematen dira argitalpen batean, hilketa eta biktima bakar bat ere kanpoan uzteke (nahi gabeko hutsegite edo omisio bat edo beste gorabehera). Hitz batean, agiri honen xedea argi-argia da: gure udaletako arduradunei oroitzapenezko proiektuak egiteko baliabide egoki bat ematea. Iraganean gurean pairatu dugun indarkeriaren aurrean, erakundeok memoria kritiko bat sustatzeko eginbeharra daukagu.
15. Batera: garai berri baterako ikuspegia
Bitktimologia-azterketaren arabera, hemen edo munduko beste edozein tokitan, biktimen eta gizartearen arteko harremana urruntasun-gertutasun oszilazio-ardatz batean kokatzen da. Denbora pasa ahala, biktimen eta gizartearen arteko harreman hori urruntzen duten faktoreak eta hurbiltzen duten faktoreak agertzen dira.
Eusko Jaurlaritzak biktimen eta gizartearen arteko interakzioa, elkargunea eta lotura bultzatu nahi ditu. Gaur egun bultzatzen eta hemendik aurrera bultzatuko diren programa guztiek horixe nabarmendu nahi dute: biktimen eta gizartearen arteko lotura bultzatzea. Garai berri baterako ikuspegi hori 2015eko udakenean aurkeztuko den Batera txostenean agertuko da. 2015eko ekainaren 4ean eta 5ean, ildo honen lehen urratsa izan zen “Terrorismoaren biktimak eta gizartea (PDF, 197 KB)” jardunaldiak antolatu zituen Eusko Jaurlaritzak. Ekitaldi honetan Lehendakariak egin zuen adierazpenak bere kontzeptuzko planteamendua kokatu zuen.