Prestakuntza espezializatuaren Programak eta lanpostuen eskaintza

Oftalmologiako Irakaskuntza Unitatea

Prestakuntza klinikoa

Oftalmologiako espezialitatearen prestakuntza-programan finkatutako irizpideen arabera (SAS/3072/2009 agindua, azaroaren 16koa), eta 1996ko apirilaren 25eko aurretikoaren arabera, Oftalmologia Zerbitzuaren prestakuntzako aukeretara eta ezaugarrietara egokitu dugu programa.

BAME prestakuntzako lehen urtea. Oftalmologia

LEHEN URTEAN, prestakuntzako espezialistak oftalmologia klinikoko oinarrizko ikuspegia eta orientazioa eskuratu beharko du. Lehen urteko gaitasunak lortzeko garatu beharreko jarduerak dira:

  • Oftalmologiako historia kliniko espezifikoa gainbegiradapean egitea
  • Oinarrizko miaketak
    • Arrail-lanpara: aurreko poloko eta begi-hondoko miaketa biomikroskopikoa.
    • Errefrakzioko praktika.
    • Oftalmologiako oinarrizko proba funtzionalak, batik bat, tonometria, pakimetria, gonioskopia eta zeharkako oftalmoskopia, esklerotika-indentazioarekin.
    • Beste proba espezifikoago batzuekin hastea eta ohitzea, hala nola OCT (aurrekoa eta atzekoa), biometria ultrasonikoa eta interferentziakoa, kanpimetria konputerizatua eta kornea-topografia.
    • Oftalmologiako prozesu kirurgiko arruntenekin ohitzea (kirurgia txikia - kataratak).
  • Txandaketa klinikoa (1. urtea): Poliklinika Orokorrean hasiko ditu txandaketa klinikoak —ohiko lanaldian ere artatzen dira larrialdiak— eta espezializazioko lehen urte osoa bertan emango du.
  • Era berean, nahitaez joango dira oftalmologiaren hastapeneko ikastaro monografikora. Ikastaro hori urtero ematen da, otsailean, Castroviejo Institutuan —Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen mendeko institutuan—.

Osakidetza logoa

BAME prestakuntzako bigarren urtea. Oftalmologia

  • Txandaketa klinikoak: lau hilabeteko iraupena izango dute, eta Kornea - Aurreko poloa, Okuloplastia eta Glaukoma ataletan arituko dira txandaka.
  • Kontsulta: espezialista baten gainbegiradapean, atal bakoitzeko kontsulta espezifikoak, tratamenduak eta azterketak egingo ditu.
  • Oinarrizko miaketak: azpiespezialitate bakoitzaren berezkoak eta berariazkoak, horiek egiteko eta interpretatzeko beharrezkoak diren trebetasunak eskuratuz (kanpimetria konputerizatua, angelu iridokornealeko ekografia ultrasonikoa, kornea-topografia, kornea OCTa, angelu iridokorneala eta zuntz optikokoa).
  • Trebetasun kirurgikoak: espezialista baten gainbegiradapean, yag kapsulotomiak, iridotomiak eta trabekuloplastiak egitea. Kirurgia nagusi anbulatorioan hastea (kataraten kirurgia, fakoemultsifikazio bidez eta begi barneko leiar bidez, betazaleko eta malko-bideko kirurgia, glaukoma-kirurgia).

BAME prestakuntzako hirugarren urtea. Oftalmologia

  • Txandaketa klinikoak: lau hilabeteko iraupena izango dute, eta Erretina, Oftalmopediatria (kanpoko txandaketa) eta Glaukoma ataletan arituko dira txandaka.
  • Kontsulta: espezialista baten gainbegiradapean, atal bakoitzeko kontsulta espezifikoak, tratamenduak eta azterketak egingo ditu.
  • Oinarrizko miaketak: azpiespezialitate bakoitzaren berezkoak eta berariazkoak, horiek egiteko eta interpretatzeko beharrezkoak diren trebetasunak eskuratuz eta sakonduz (kanpimetria konputerizatua, angelu iridokornealeko ekografia ultrasonikoa, beirakarakoa, erretinakoa eta koroideetakoa, erretina eta koroide OCTa, angiografia fluoreszenikoa eta berde indozianinaduna).
  • Trebetasun kirurgikoak: espezialista baten gainbegiradapean, yag kapsulotomiak, iridotomiak eta trabekuloplastiak egitea. Kirurgia nagusi anbulatorioa (kataraten kirurgia, fakoemultsifikazio bidez eta begi barneko leiar bidez, glaukoma-kirurgia, beirakara- eta erretina-kirurgia, eta estrabismo-kirurgiako eta bestelako patologia kirurgiko pediatrikoko prozedurarik ohikoenekin ohitzea).

BAME prestakuntzako laugarren urtea. Oftalmologia

  • Txandaketa klinikoak: lau hilabeteko iraupena izango dute, eta Erretina eta Kornea - Aurreko poloa ataletan arituko dira txandaka. Azken txandaketa eskatu ahalakoa izango da, egoiliarren tutorearen araberakoa eta prestakuntzako espezialistak hautatzen duenaren araberakoa, hau da, bere ezagutzak eta trebetasunak sakontzeko interes handiena duen atalean, edo, hala badagokio, prestakuntza-urritasunak zuzentzeko behar duen atalean egingo du azken txandaketa. Era berean, ospe handiko beste zentro batzuetan kanpo-egonaldiak egiteko aukera ere izango du.
  • Kontsulta: espezialista baten gainbegiradapean, atal bakoitzeko kontsulta, tratamendu eta azterketa espezifikoak egingo ditu, gaitasun-maila handiagoa eskuratuz eta prestatzen ari diren beste espezialista berriago batzuk gainbegiratuz.
  • Oinarrizko miaketak: azpiespezialitate bakoitzaren berezkoak eta berariazkoak, horiek egiteko eta interpretatzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratuz eta sakonduz.
  • Trebetasun kirurgikoak: espezialista baten gainbegiradapean, azpiespezialitate bakoitzaren berezko kirurgiak egitea, baita konplexutasun handiagokoak ere.

Txandaketa klinikoak

1T

Poliklinika Orokorra + Larrialdiak

2T

Kornea – Aurreko poloa (4 hilabete)

Okuloplastika (4 hilabete)

Glaukoma (4 hilabete)

3T

Erretina (4 hilabete)

Oftalmopediatria (4 hilabete. Kanpoko txandakatzea)

Glaukoma (4 hilabete)

4T

Erretina (4 hilabete)

Kornea – Aurreko poloa (4 hilabete)

Aukerakoa (4 hilabete, egoiliarraren eta tutorearen artean aukeratzeko)

Kanpoko txandaketak

Prestakuntza-aldiko 3. eta 4. urteetan ospitaleaz kanpoko bi txandaketa ezartzen dira, eta nahitaezkoak dira. Biak beharrezkoak dira espezialitateko prestakuntza osatzeko:

  • Oftalmologia pediatrikoa (pediatriako adinean dauden pazienteen gabeziaren ondorioz)
  • Betzuloko patologia

Era berean, eta egoiliarraren iritziaren arabera eta espezialitatearen barruan haren prestakuntzarako eta etorkizunerako komenigarritasunaren arabera, berariazko ezagutzak eta gaitasunak eskuratzeko txandaketa/egonaldia hartuko da aintzat, eta prestakuntzako laugarren urtearen barruan egin ahal izango da.

Guardein egutegia

Oftalmologiako larrialdiei ohiko lanaldiaz kanpo eman beharreko arreta Gurutzetako Ospitalean zentralizatuta dago Bizkaia probintzia osorako eta Kantabriako eskualde mugakideetarako. Hori dela eta, eremu horretako ospitale guztietako prestakuntzako espezialistek ospitale horretan egingo dituzte guardiak. Egoiliarrek aurrez aurreko guardiak egingo dituzte, modu lokalizatuan zerbitzuak egiten dituen fakultatibo espezialista baten gainbegiradapean. Lehen urteko egoiliarrek guardiak egingo dituzte, baina beti bigarren, hirugarren eta laugarren urteko beste egoiliar batzuekin batera eta horien gainbegiradapean; hartara, ezagutzak, trebetasunak eta erantzukizun-mailak arian-arian eskuratuko dituzte larrialdiko osasun-prestazioaren esparruan agertu ohi diren patologietan (traumatismoetan, lan-istripuetan, infekzioetan eta inflamazioetan, patologia baskularrean, erretina-askatzeetan, eta abar).

Inplikatuta dauden ospitale-ikastetxe guztien artean, ziurtatuko da egoiliarrek hilean gutxienez hiru guardia egin ahal izatea, eta batzuetan gehiagotan, opor-aldietan eta abar asistentzia osatzeko premien arabera.

Larrialdi Orokorretako Guardiak: lehen urtean, egoiliarrari aukera emango zaio bere zeharkako prestakuntza osatzeko Larrialdi Orokorretako Zerbitzuan guardiak egitea.

Egoiliarraren prestakuntzaren jarduera osagarriak

Zeharkako Plan Komuna, 4. eranskinean zehaztutakoa, barnean hartzen dute. Nahitaezko zenbait ikastarok eta saiok osatzen dute, baita aukerazkoak diren beste batzuk ere —ondoren txertatzen den taulan zehazten direnak— (Ikus eranskin honen amaierako taula).

Era berean, egoiliarraren prestakuntza osatuko da oftalmologiako espezialitateko saio kliniko eta bibliografiko espezifikoekin. Saio horiek hiruhileko aldizkakotasuna izango dute, beste jarduera batzuekin (batzarrekin, ikastaroekin eta abar) koordinatzeko eta egokitzeko, horien artean gainjartzerik gerta ez dadin.

Azkenik, egoiliarrei gomendatzen zaie master-ikastaroak egitea (antzinako doktorego-ikastaroak) eta ikerketa-proiektuak egitea, metodo zientifiko-medikoko prestakuntzara begira. Jarduera horiek Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatearekin elkarlanean egingo dira.

Azken aldaketako data: