Baliabideen banaketa Euskadiko erakundeen artean

Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak , Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen Arteko Harremanei Buruzkoak, eskumenak banatzeko barne esparrua zehazten du eta gainera beharrezko tresnak ezartzen ditu Euskadiko erakunde maila guztien artean baliabideak finantzatu eta banatzeko.

Banaketa bertikala eta banaketa horizontala

Euskadiko erakunde publikoen artean banatu beharreko baliabideak dira Ekonomia Ituna, kudeatzetik eratorriak, Kupoagatik Estatuari ordaindu zaion zenbatekoa kendu eta gero. Baliabide horiek banatzeko kontuan hartzen dira, hain zuzen ere, indarrean dagoen ordenamendu juridikoari jarraituz, erakunde komunek eta lurralde historikoetako foru organoek titular moduan bere gain hartuta dituzten eskumenak edota zerbitzuak. Erakunde komunen eta foru erakundeen artean baliabideak banatze honek banaketa bertikal izena du.

Ekonomia Itunaren arabera itundutako zergen diru-bilketa foru aldundiei dagokie eta horrek berez dakar Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrari finantza-isuriak eraman beharra, horrela nolabait, foru aldundi bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu-gastuei kontribuzioa egin diezaien. Finantza-isuri horiek ekarpenak deritzenak dira. Kontribuzio hori zehazteko, lurralde historiko bakoitzeko errentaren proportzio zuzena hartzen da kontuan, eta alderantzizko proportzioaz neurtzen da lurralde historiko bakoitzeko ahalegin fiskala eta Euskal Autonomia Erkidego osoko ahalegin fiskalaren arteko harremana. Lurralde historikoen arteko ekarpenen banaketak banaketa horizontala du izena eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak zehazten du.

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak

Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua erakunde arteko organo da eta  Autonomia Elkarte osorako erakundeen eta bertako kondaira-lurraldeetako foruzko ihardutze-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen (28. artikulua) bidez eratu zen lurralde historikoen eta euren sektore publikoaren finantza jarduera Euskadiko Ogasun Nagusiarekin koordinatzeko.

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren zereginak Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen baliabideen banaketa ereduaren ingurukoak dira. 27/1983 Legearen 22. 8 artikuluaren arabera, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak baliabideak banatzeko metodologia onartuko du eta lurralde historiko bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu gastuei egin beharreko ekarpena zehaztu. Zehatzago, LHLren 28.1 artikuluak organismo horri honako funtzioak atxikitzen dizkio:

  • Lurralde historikoek Euskal Autonomia-Erkidegoaren Ogasun Nagusiari egin beharreko ekarpenen banaketa zehaztea.
  • Euskal herri-alorrarekin lotutakoa izan eta Kontseiluaren iritziz erakidetutako ihardutze-modu bat behar dezan ezein gairi buruzko ekonomia, dirubidetza eta diru egitamuen aldeetatikako iharduna aztertu, eta Jaurlaritzari eta Foru-Diputazioei saloak egitea.
  • Lege horren manu berezietan eman dakizkion beste guztiak: 
    • Aurreko zatian esandako aintzin-ordainketa eta atzerapen horiek, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak jarri dezan diru-saria izango dute. (25. 3 artikulua).
    • Lurralde historikoen eta tokiko erakundeen zorpetze politika eta autonomia erkidegoarena koordinatu eta bateratzea.

Hauexek dira Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua osatzen dutenak: 9 kide, alegia, Eusko Jaurlaritzak 3 izendatzen ditu, foru aldundiek 3 izendatzen dituzte (bakoitzak bat) eta udalek 3 izendatzen dituzte (bat lurralde historiko bakoitzeko). Jaurlaritzak hautatuko du Kontseiluaren burua berak izendatutakoen artean

Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua bi bilera gutxienez egin behar du urtean.

  • Otsailaren lehen hamabostaldian, aurreko ekitaldiaren ekarpenen likidazioa egiten denean.
  • Urriaren lehen hamabostaldian, Kontseiluak hurrengo ekitaldirako finkatzen dituenean aldundien ekarpenak eta autonomia erkidegoaren aurrekontu gastuak.

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren erabakiak gehiengo osoz onartu behar dira. 

Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak , Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen Arteko Harremanei Buruzkoak.

Metodologia

Baliabideak banatzeko eta lurralde historiko bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrari egin beharreko ekarpenak zehazteko metodologia onartzeko gutxienezko aldiak, hiru aurrekontu-ekitaldietarakoak dira. Urriaren 7ko 4/2021 Legeak, onartzen du baliabideak banatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko foru aldundien ekarpenak zehazteko metodologia, 2022-2026 urteetako aldiari aplikatzekoa. Metodologia horren azken xedapenaren arabera, metodologia hori bera aplikatuko da oso osorik 2027ko eta hurrengo ekitaldietan beste lege arautzaile berririk aldarrikatzen ez bada hurrengo ekitaldietarako baliabideen banaketarako eta ekarpenak zehazteko.

Bestalde, foru aldundietatik toki-ogasunera finantza-isuriak izango dira, Ekonomia Ituna kudeatzetik eratorritako baliabideetan udalerriek parte hartzeagatik. Haien banaketa lurralde historiko bakoitzean dagozkion Batzar Nagusiek onartutako foru-arauek arautuko dute. Finantzaketa hau toki zergak kudeatzetik eratorriaren osagarria da, eta beronen araudia ere lurralde historikoetako Batzar Nagusiek onartzen dute, Ekonomia Itunarekin bat etorriz.

Ekarpenei buruzko Legea (PDF, 392 KB) 
(Urriaren 7ko 4/2021 Legea, baliabideak banatzeko eta foru-aldundiek Euskal Antonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko 2022-2026 aldian aplikatuko den metodologiari buruzkoa)