Ondarea+ sarbidea

Talaia gehienak marinelen kontzejuek edo kofradiek kudeatzen zituzten, eta asko lagundu zioten euskal kostaldearen garapen ekonomikoari. Behatzeko puntu gisa, tokiko arrantzaleen lana erraztu zuten; izan ere, talaien bitartez, arrantzatzeko baldintza egokiak ezagut zitzaketen. Bestalde, funtsezko azpiegitura osatu zuten portuen merkataritza-zirkulazioa kudeatzeko.

Ez dago emaitzarik

Talaiak betidanik erabili dira itsasoa begiratzeko. Historiaurreko sozietate primitiboek kostaldetik gertuko arrain-sardak ezagutu behar zituzten, bai eta meteorologiak nabigatzeko aukera ematen ote zuen ere. Erromatarren garaian portuekin lotzen zuten eta nabigazioa errazteko itsasargiak zituzten itsasbideak sortu ziren. Horregatik, baliteke kostaldeko herrietan behaketa-puntuak edo talaia gisa erabilitako lekuak egotea. Geroago, Goi Erdi Aroan, herri basatiak iritsi zirenez, euskal kostaldeko komunitateak balearen ehizan espezializatu ziren, eta jarduera horretarako ezinbestekoak dira talaiak. Balearen ehizak eta itsas merkataritzak zein garraioak euskal kostaldearen hazkunde ekonomikoa ekarri zuten X. mendetik XV. mendera bitartean. Baleen arrantzari buruzko euskal kostaldeko lehenengo dokumentu-erreferentziak 1200. urtekoak dira, Mutrikukoak. Talaiei dagokienez, 1310ean aipatzen da Bermeoko Talaiako Andra Mari parrokia. Gipuzkoan, 1504an aipatzen da talaia bat lehen aldiz; Mutrikurekin lotutako leku bat, hain zuzen ere. Aurrerantzean Bizkaiko eta Gipuzkoako beste elizate batzuk agertu ziren talaien jabe gisa edo horiek mantentzeko eta kudeatzeko arduradun gisa. Beste kasu batzuetan, herri bakoitzeko marinel-kofradiek kudeatzen zituzten talaiak. XVI. eta XVIII. mende bitartean, euskal portuetako merkataritza-zirkulazioa kudeatzen lagundu zuten talaiek. XIX. mendetik aurrera, antzina zuten merkataritza-funtzioa galdu zuten gutxika-gutxika; izan ere, lurrun-motorrak zirela medio, ontzien kontrola handiagoa zen. Horrez gain, merkataritza-zirkulazioa Donostia-Pasaia eta Bilboko portuetan kontzentratzeak eragina izan zuen. Arrantzaleek oraindik behar zituzten, baina arrantzako eta nabigazioko prozedurak modernizatu zirenez, garrantzia galdu zuten eta ez ziren erabiltzen. Azpiegitura horietako azkenak XX. mende erdialdean utzi zituzten.