Alcalá de Henaresko hilerria (Madril)

KOKAPENA Alcalá de Henaresko kanposantua, Alcalá de Henares (Madril)

BIKTIMAK

1

IDENTIFIKATUTAKO BIKTIMA-KOPURUA

1
DATA 2018ko ekainaren 15a

Jesus Carrera Olascoaga (1918 Hondarribia, Gipuzkoa- 1945 Alcalá de Henares, Madrid) PCEko afiliatua. Gazte Komunisten (Juventudes Comunistas) idazkari politikoa izan zen. Gerra amaitutakoan, atxilotuta egon zen Gurs-en eta beste ezparru batzuetan. Frantzian, PCEren sekzio desberdinak berrantolatzeko zeregina eman zitzaion, eta helburu horrekin iritsi zen Madrilera 1942an, bere aurrekoa atxilotu eta fusilatu ondoren. 1943an atxilotu zuten, eta gerra-kontseiluan, zigor-heriotza ezarri zitzaion. Hala, fusilatuta hil zen 1945eko urtarrilaren 16an, Alcala de Henaresen (Madril). Hiri horretako kanposantuan lurperatu zuten.

Joserra Emparan eta Aitzol Arroyok egindako ikerketa-lanari esker, dokumentatuta geratu zen Jesús Carrera Olascoaga 1945eko urtarrilaren 16an Alcala de Henaresen fusilatu zutela, Madrilgo Lehen Lurralde Auzitegi Militarrak epai irmoa ezarri ondoren. Bere gorpua hiri hartako kanposantuan ehortzi zen, 38. hilobian (2 zenbakiko gorpua).

2018ko apirilaren 13an, Javier Carrera jaunak eta María Carrera andreak, familiaren ordezkari-lanetan, Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatu zioten esku-hartze aditua, hondarrak hobitik ateratzeko. Horretarako, “Kandido Saseta, Hondarribiko Memoria Historikoaren Elkartearen” laguntza izan zuten.

2018ko ekainaren 15ean, gorpuzkiak hobitik atera ziren. Bertan egon ziren Alcalá de Henaresko alkateA, Javier Rodríguez, bertako Memoria Historikoko elkarteko kideak, PCEko kideak, eta Jesus Carrera Olascoagaren senideak.

Kanposantuko arduradunen laguntzaz, 38. partzelako hobia ireki zuten. Bertako hilarrian, 1945eko urtarrilean hobi horretan lurperatu ziren lau pertsonen izenak agertzen ziren inskribatuta.

Kanposantuko erregistroaren arabera, Jesus Carrera Olascoaga izan zen leku horretan ehortzitako bigarren pertsona. Ondorioz, 1 eta 2 zenbakiko pertsonen hondarrak atera ziren. Hirugarrena, sekuentzia hartan, Jesús Carrera Olascoagaren gorpua zen. Ordena horretan atera zen hobitik eta kutxa batean sartu, ondoren Hondarribiko kanposantura eraman eta bertan ehorzteko (Gipuzkoa). Ekitaldi guztia grabatu zen bideoan, bai eta bertaratuek emandako azalpenak ere. Halaber, omenaldi txiki bat egin zen, eta hainbat ereserki abestu ziren.

Hondarrak Aranzadi Zientzia Elkartearen laborategira eraman ziren, Donostiako egoitzan. Bertan, garbitu eta leheneratu egin ziren. Lehortu zirenean, plastikozko poltsetan eta zegokion kutxan sartu ziren, senideei entregatu arte.

Kanposantuko dokumentazioan eta hilarrian Jesus Carrera Olascoaga izena eta lurperatze-ordena agertzen ziren.

2018ko uztailaren 28an egin zen omenaldi-ekitaldia, Hondarribiko kanposantuaren kanpoaldean. Bertan egon ziren hildakoaren senideak, udal-agintariak, Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro, eta PCko militanteak. Hezurren hondarrak entregatu eta kanposantuan bertan ehortzi ziren gero, ekitaldi pribatu batean.