Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

1,4 km-ko ubideratze-lanak bukatu dira Urumean: Martutenek uholdeei aurre egiteko ibilguaren zabalera egokia du dagoeneko

Argitalpen-data: 

Urumeako lanetara bisita
  • II. faseko defentsa-lanak amaitu dira, eta Urumearen ibilgua 45 metroko zabaleraraino zabaldu da, kilometro erdiko tartean 
  • Martuteneko eta 27. poligonoko zubien artean ibilgua zabaltzeko, 120.000 m³ lur eta harri hondeatu eta garraiatu behar izan dira 
  • poligonoko biribilgunea Martutene auzoarekin lotzeko bidea, oinezkoentzako pasealekua eta 2 harmailadun parke lineala eraiki da, uraren mailaraino 

Martutenetik igarotzean Urumearen ubidearen 1350 metroek  ibilgu-zabalera egokia dute, jada,  ur-goraldien emariei eusteko (500 urteko errepikatze-denborako ur-goraldientzako, T500, diseinatutako ubide berrian). Hala adierazi dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak eta Donostiako alkate Eneko Goiak, Martutenetik igarotzean, Urumearen goraldietatik babesteko II. faseko lanei gaur egindako bisitan. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Amaia Barredok eta Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aiezek ere parte hartu dute bisitan.

Urumeako uholdeei aurre egiteko II. faseko obra horiek — Martuteneko zubiaren eta 27. poligonoaren artean — jarraipena ematen diete ibilgua Martuteneko zubitik gora ibilgua zabaltzeko obrei (alegia, 2018an amaitu zen I. fasea): 2020an, bada,  ibilguak lehen zituen 25 metroetatik  egungo 45 metroko zabalera arte heltzeko lanak bukatu dira, 500 metroko tartean. Ibilgua zabaltzeko, 120.000 m³ lur eta harri hondeatu eta garraiatu behar izan dira.

Obren bigarren fase honetan,  Urumeako ibilguaren zabaltze gehiena, eskuinaldean lortu da. Horretarako, bi lur-erauzketa egin dira Sarrueta bidearen ondoan, eta bertan zeuden baserriak eta tailerrak eraitsi dira. Ibilguari zabalera berria emateko behar besteko espazioa sortzeko egindako jarduketak dira.

Jarduketa hidraulikoari esker, halaber, hirigintzako hobekuntzak egin ahal izan dira ingurunean. Hala nola, 27. Poligonoko biribilgunea Martutene auzoarekin berriro lotzen duen bidea eraiki da, baita aipatutako poligonoko zubiaren parean amaitzen den oinezkoentzako pasealekua ere. Horien ondoan, parke lineal txiki bat egin da, uraren mailara iristeko bi harmaila dituena.

Eskuineko ertzeko jarduketa Latsueneko kare-labe zaharraren ondare-kontserbazioarekin osatu zen. Labe hori eraitsi egin behar zen, Sarruetako bide berrirako lekua sortzeko. XIX. mendearen amaierako instalazio industrial hau harriz harri desmuntatua zen eta metro batzuk beherago berreraiki zen, jatorrizko izaera aintzat hartuta. 

I.fasean ez bezala, fase honetan ez da zubirik ordezkatu behar izan; izan ere, 27. Poligonoko zubia diseinatzerakoan, ibilguaren 52 m-ko zabalera aintzat hartu zen; , beraz, berriki burututako ubideratze berriaren zabalerarekin bat zetorren. Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) diru-laguntza jaso  du.

ABIAN DIREN LANAK

Ezkerraldea

Ezkerraldean, horma bertikal bat eraikitzen ari da lehen 200 metroetan zehar (ibaian beherako norabidean) Villa Caneyren pareraino. Puntu horretatik aurrera, ubideratzeak darrai tartean zehar, harri-lubeta tenkatua baliatuz. Horri landare-estaldura eman zaio, baina datorren urteko udaberrira arte ez da hauteman ahal izango.

Behin lan horiek amaituta, ezkerraldea eta eskuinaldea oinezkoentzat eta txirrindularientzat erabilgarri izango dira Apostolaturaino, ibaiertzeko pasealeku baten bidez. Pasealeku hori 27. poligonoan lotuko da hiriaren erdigunearekin lotzen duen bidegorriarekin.

Nabarmentzekoa da eskuinaldeko pasealekuak jarraipena izango duela Hernanitik Donostiako erdiguneraino, ETSren obrak amaitzen direnean: hiri-mugikortasun jasangarrirako eta Donostialdeko hiri-aglomerazioa Urumearen inguruan integratzeko ibai-lotunea.

Ekaitz-tanga eta saneamendu-sareko hobekuntzak

Ezkerreko ertzean, Martuteneko zubitik ibaian behera dagoen tartean, horma bertikal bat dago lehen 200 metroetan: horrek eremu estanko bat sortzen du. Hortaz, ekaitz-tanga ba eraikitzen ari da, euria ariko duenetarako, eremuan bilduko diren euri-urak Urumeara ponpatzeko; jarduketa hori beharrezkoa da hiri-drainatzea bermatzeko.

Era berean, Añarbeko saneamendu-sarea nabarmen berritzeko lanak amaitzen ari dira. Zehazki, 27. poligonoko hondakin-urak ponpatzeko lurpeko estazioaren lanak abian dira ezkerraldean, Antzitan,  Urumearen ibilguaren azpitik hondakin-urak bideratzeko. Estazio horrek Loiolako araztegiraino bultzatuko ditu urak.

Fase honek 15 milioi euroko aurrekontua du, eta aurrekoaren 20 milioi euroei gehituta, guztira 35 milioi euroko inbertsioa egingo da Urumea ibaiaren goraldien aurkako defentsarako. I. faseko lanek bezala, Donostiako auzoa Urumearen ur-goraldien aurrean babesteko lanen bigarren faseak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa jaso du.

URUMEAKO UHOLDEEN AURREAN BABESTEKO AURREIKUSITAKO GAINERAKO JARDUKETEN EGOERA 

Martutene Urumearen uholdeetatik babesteko lanak,   EAEn uholdeetatik babesteko egin behar diren  lanen artean,  espero daitezkeen kalteak gehien murrizten dituenetakoak dira. Urumeako uholdeen aurkako defentsaren muinetako bat da eskualde-arro osoan, bai Gipuzkoako hiriburuan, bai ibaian gora.

Hala ere, Zurriolan itsasoratu aurreko hiri-bilbe trinkotik igarotzean, Urumearen ur-goraldien aurrean defendatzeko jarduketa gehiago egin behar izan dira:

  • ETSren trenbide-zubia eta Loiolako hondakin-uren kolektorearen ordezkapena 2014an egin ziren, URAren (%65) eta ETSren (%35) artean 2,8 milioi euroko baterako inbertsioa egin ondoren.
  •  Loiolako kuartelak. Armadak hartzen dituen lurrak hirira itzultzen direnean, aurreikusita dago kuarteletara sartzeko zubiaren egokitzapen hidraulikoa egitea eta eremua egokitzea.
  • xomin Eneako ibai-parkea. Udalak ibai parkea eraiki du eta inguruko urbanizazioa aldatu du. URAk Txomin edo Espartxo zubiaren ordezkapenaren% 50eko finantzaketan parte hartu du, 2,3 milioi euroko guztizko aurrekontuaren gainean.
  • Astiñeneko zubia: Udala Astiñeneko zubia (Egia) egiten ari da. 3 milioi euroko esleipen-aurrekontua du, eta URAk% 50 finantzatzen du.
  • Ciudad Jardín urbanizatzearekin batera, tarte horretan lezoi bat eraikiko da.
  • Martutenetik gora, Akarregi-Ergobian ahalmen hidraulikoa handitzeko (uholde-ibilgu batekin Akarregiko meandroan) eta Ergobiako zubia birgaitzeko proiektua idatzi da. Europako berreskuratze-funtsetarako proposatutako proiektuetako bat da. Hernanin, 2014an Karabeleko zubia ordezkatu zen, URAk 2,5 milioi euroko inbertsioa eginda.