Egoitza elektronikoa

Emakumeen lan arriskuak ikusgai egiteko lanean ari da Osalan

 

Ohiko arriskuen prebentziorako sistemak emakumeen arriskuak ezkutuan uzten dituela erdietsita, laneko segurtasun eta osasunerako sisteman genero ikuspegia txertatzeko lanean ari da OSALAN. Gai hau ardatz hartuta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak eta Emakundek jardunaldia antolatu dute Bilbon.

Laneko arriskuen prebentzioan genero desberdintasunak aintzat hartu ezean, bereziki emakumezkoei eragiten dieten arrisku faktoreak ezkutuan eta prebenitu gabe gera daitezke eta kalteak eragin ditzake lanean ari diren emakumeen osasunean. Ideia nagusi horri heltzen dio laneko arriskuen prebentzioan genero ikuspegia txertatzeko beharrak.

Desberdintasunok agerian ipini ezean nekez egin litekeela laneko arriskuen prebentzio eraginkorra esanez hasi du jardunaldia Jose Andres Blascok Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan sailburu ordeak. Izaskun Urien OSALANeko zuzendari orokorrarekin eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera eman dio hasiera jardunaldiari Blascok. OSALANek generoa lan arriskuen prebentzioan txertatzeko lanean dihardu, arriskuok identifikatu, neurtu eta arrisku faktoreen eragina ezabatu edota gutxitzeko jardunbide egokietarako aholkuak emanez. Jardunaldia Osalan 2015 XII. Berdintasunerako Gunean baitan antolatu da.

-. Desberdintasunak lan merkatuan

Gizon eta emakumeak modu desberdinean banatzen dira lan merkatuan; ekonomia sektore batzuetan emakumezkoak dira nagusiki bertako langileak, zerbitzu sektorean adibidez, eta aldiz, gizonezkoak industria edota eraikuntza sektoreetan. Era berean, gizon eta emakumeek lan mota, jarduera, eta ardura desberdinak dituzte; emakumezkoen lan baldintzak kaskarragoak dira gizonezkoenekin alderatuta eta oraindik orain, emakumeak dira nagusiki etxeko eta etxekoen ardura beregain hartzen dutenak.

"Ugalketa-osasuna lanean" triptikoa (pdf, 499 KB)