Segurtasun Saila

Euskalmet - Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, negua oso epela eta ikaragarri bustia izan da isurialde kantauriarrean.

Argitalpen-data: 

  • Euskalmeten arabera, negu meteorologikoak 1°C inguruko anomalia positiboa izan du.
  • Era berean, itsasoko denboraleak, haizea eta euria izan dira muturreko fenomeno nagusiak, bai eta elurteak ere kota ertainetan.

  • Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, negu meteorologikoa (abenduaren 1etik otsailaren 28ra) oso epela izan da eta 1°C inguruko anomalia positiboa izan du. Horrez gainera, ikaragarri bustia izan da isurialde kantauriarrean. Era berean, itsasoko denboraleak, haizea eta euria izan dira muturreko fenomeno nagusiak, bai eta elurteak ere kota ertainetan. Denbora horretan Eusko Jaurlaritzak, muturreko meteorologia-gertaera ezberdinengatik, 120 abisu hori, 20 alerta laranja eta 2 alarma gorri aktibatu ditu, azken horiek olatuen altueragatik nabigaziorako, 61 egunetan zehar banatuta.

    Euskalmetek emandako datuen arabera, mendea hasi genuenetik bosgarren negu epelena izan da, eta horietan epelena 2016 izan zen, eta ondoren 2020. Neguaren ezaugarri nagusia kontraste termiko adierazgarriak izan dira, batez ere urtarrilean, une jakin batzuetan tenperatura maximoen eta minimoen errekorrak hautsi baitira. Otsaila, aldiz, epelagoa izan da eta 3º C inguruko anomalia positiboa izan du. Horrek esan nahi du 1990etik izan den otsailik epelena izan dela. Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa isurialde kantauriarrean urte-sasoi honetan espero zitekeena baino nabarmen izan da txikiagoa (-% 30-40).

    Prezipitazioari dagokionez, negua oso bustia izan da Araba iparraldean eta isurialde kantauriarrean, Goierri eta Tolosa eskualdeetan izan ezik, horietan metatutako prezipitazio-kopurua ohikoa izan baita, Araba hegoaldean bezala. Abendua izan da kalifikazio horiek gehien merezi izan dituen hilabetea, itsasertzean azken 50-60 urteotako euritsuena izan baita eta Arabako zenbait lekutan azken 27 urteotako euritsuena.

    Euri-egunak ere ohikoa dena baino % 25-35 gehiago izan dira, eta Donostian eta Bilbon 50 euri-egun izan dira eta Gasteizen 40tik gora, adierazi behar da bertan abenduko euri-egunen errekorra hautsi dela. Adierazgarria da kota ertainetan elurra egin duen egun-kopurua ere, eta aipatzekoak dira 200-400 metrotik gora elurrak zuritu zituen Gabonetako egunak.

    Neguko muturreko meteorologia-fenomeno nagusiak itsasoko denboraleak, haizea eta euria izan dira, bai eta elurteak ere kota ertainetan. Segurtasun Sailak emandako 120 abisu horietatik 23 elurragatik eman zituen eta 17 izotzagatik. Alerta laranjei dagokienez, guztira 20 aktibatu zituen, eta horietatik 17 itsaso zakarragatik, bi elurragatik eta bat haizeagatik. Azkenik, aurtengo neguan aktibatutako bi alarma gorriak olatuen altueragatik aktibatu ziren nabigaziorako, bat abenduan eta bestea urtarrilean.