Torres Lehendakariordeak % 1,9ko hazkundearen aurreikuspenari eutsi dio aurten, nazioarteko ziurgabetasunaren testuingurua gorabehera

Argitalpen-data: 

  • “Gure ekonomiaren barne oinarriak sendoak dira, eta politika publikoak indargetzaile gisa jokatzen ari dira kanpoko arriskuen aurrean”, azpimarratu du sailburuak
  • Mikel Torresek zuhurtziaren aldeko apustua egin du, eta, ohartarazi duenez, “energia garestitzeak bere horretan jarraitzen badu, BPGren hazkundea bi hamarren inguru murriztu liteke 2026ko itxieran”

 

Euskadirako egungo egoera ekonomikoaren eta aurreikuspen makroekonomiko berrien balorazioa aurkeztu du Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak astelehen honetan, tentsio geopolitikoek eta horiek energia merkatuetan duten eraginak eragindako ziurgabetasun handiak markatutako nazioarteko testuinguru betean.

Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordearekin batera egin du Torresek agerraldia, eta ohartarazi du “nazioarteko ekonomia ziurgabetasun handiko fasean” dagoela, Ekialde Hurbileko gatazka gogortu delako, petrolioa eta gasa garestitu direlako eta logistika disrupzio globalak daudelako. “Energia merkataritzarako funtsezkoak diren ibilbideak de facto ixteak eta azpiegiturei egindako erasoek energiaren prezioak maximoetan jarri dituzte, eta horrek arrisku gehigarriak dakartza inflazioaren eta jarduera ekonomikoaren gainean”, adierazi du.

Testuinguru horretan, shock horien iraupena eta intentsitatea aurreratzeko zailtasuna nabarmendu du Lehendakariordeak, eta horrek zuhurtziaz jokatzera behartzen duela. “Egoera horrek zuhurtasuna eta egoeraren jarraipen hurbila eskatzen du, bilakaera aztertzeko”, adierazi du.

Ingurune konplexu hori gorabehera, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenei eutsi die. Hala, Euskadiko BPGa % 1,9 haziko da 2026an. Torresek azaldu duenez, “EAEko ekonomiak % 2,2ko urte arteko hazkundearekin hasi du 2026, eta urtean zehar moteldu egingo da, % 1,9ko batez bestekora iritsi arte”.

Aurreikuspen horiek barne eskariaren sendotasunean oinarritzen dira nagusiki. Kontsumoa dinamikoa da, eta 2025ean baino moderatuagoa izango bada ere, paper garrantzitsua izaten jarraituko du inbertsioak. “Hazkunde eredu horrek nazioarteko merkataritzaren ahuleziaren berehalako esposizioa murriztuko du”, adierazi du.

Zerbitzuak, ekonomiaren motor

Sektoreka, zerbitzuenak jarraituko du ekonomikoaren motor nagusia izaten, 2026an % 2,1eko hazkundea izango duela aurreikusten baita, eta eraikuntzak, berriz, % 2,6ko gorakada egonkorrari eutsiko dio. Industriak, bestalde, ingurune zorrotzagoa du, energia kostuagatik, nahiz eta jardueraren uzkurdurarik gabeko bilakaera positiboa aurreikusten den.

Lan merkatuari dagokionez, portaera ona nabarmendu du Torresek. “Enpleguak hazten jarraituko du eta langabezia tasak murrizten segiko du, eta horrek etxeetako errentari eta konfiantzari eusten lagunduko dio”, zehaztu du. Zehazki, 2026an enplegua % 1,0 eta 2027an % 0,7 handitzea aurreikusten da; horri esker, langabezia tasa % 6,4 eta % 6,2 izango da, hurrenez hurren.

Inflazioa da arretagune nagusietako bat, energia garestitzeak bultzatuta. Martxoko KPI aurreratua urte arteko % 3,3an dago, aurreko hilean baino puntu bat gehiago. “Shock energetikoa gure ekonomiara transmititzeko bide nagusia da inflazioa, eta kanal hori erabat aktibo dago”, azaldu du sailburuak.

Krisiaren aurkako neurrien zeregina

Hala ere, eragin hori arintzeko politika publikoek duten zeregina nabarmendu du Torresek. “Hartutako neurriak laguntzen ari dira azkeneko prezioetan aldaketa gorabeheratsuak saihesten eta familien erosteko ahalmena babesten”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzak ekoizpen sareari eta enpleguari laguntzeko estrategia aktiboari eusten dio, bereziki energiaren kostuarekiko arrisku handiena duten sektoreei zuzenduta. “Gure helburua bikoitza da: enpresen bideragarritasuna babestea eta enplegua eta horren kalitatea zaintzea”, azpimarratu du Torresek.

Gainera, Torres berak gidatzen duen Sailak egoera alternatiboak aztertu ditu, eta, horietako bat da energiaren garestitzea luzatzea. Brent upelaren prezioa 100 dolarren inguruan mantenduko balitz, BPGren hazkundea bi hamarren inguru murriztu liteke 2026ko itxieran. “Eragina mugatua izango litzateke epe laburrean, baina areagotu egin liteke prezio altuak luzatzen badira”, adierazi du.

Amaitzeko, Lehendakariordeak zuhurtasunez eta konfiantzaz beteriko mezua helarazi du: “Euskal ekonomiak ingurune zalantzagarri bati egin behar dio aurre, baina indar erlatiboko posizio batetik. Gure aurreikuspenei eusten diegu, barne oinarriak sendoak direlako eta politika publikoak kanpo arriskuen aurrean moteltzaile gisa jokatzen ari direlako”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)