"Oparotasuna, aukerak eta ongizatea ekarriko dituen ekonomia" defendatu du Mikel Torresek

Argitalpen-data: 

  • Ezagutzaren, berrikuntzaren, produktibitatearen eta talentuaren bidez lehiatzearen aldeko apustua egin du Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, eta konfiantza eta lankidetza publiko-pribatua aldarrikatu ditu Euskadiren indargune gisa

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak astelehen honetan defendatu duenez, beharrezkoa da “euskal gizarte osoarentzat oparotasuna, aukerak eta ongizatea sortuko dituen Ekonomia” eraikitzen jarraitzea, datozen urteetako eraldaketa ekonomiko eta sozialei sendotasun posizio batetik aurre egiteko gai izango dena.

Bilbon egindako III. Ekonomistak PRO 2026 Foroaren irekiera instituzionalean, Torresek adierazi du Euskadi trantsizio hirukoitzean murgilduta dagoela, “adimen artifizialak, trantsizio energetikoak eta bilakaera demografikoak” markatutakoa. “Ziurgabetasun geopolitikoa, eta lehia ekonomiko eta teknologikoa ezaugarri dituen nazioarteko agertokia” ere gehitu behar zaie aldaketa horiei.

Torresek nabarmendu du euskal ekonomiak bilakaera sendoa duela, nazioarteko testuinguru konplexua gorabehera, % 2 inguruko hazkundearekin eta Gizarte Segurantzan afiliatutako 1.056.000 pertsona baino gehiagorekin, orain arte lortutako kopururik handiena. Horri gehitu behar zaio MRR funtsen bultzada; izan ere, 4.700 milioi euro mobilizatu dituzte Euskadin, eta 30.400 onuradun baino gehiagorengana iritsi dira.  

Testuinguru horren aurrean, Torres Lehendakariordeak iritzi dio Euskadiren erantzunak “argia” izan behar duela: “Ezin gara lehiatu merkeenak izanda. Hobeak izanik lehiatu behar dugu: hobeak ezagutzan, berrikuntzan, produktibitatean, antolaketan eta kualifikazio profesionalean”.

Torresek, gainera, lehiakortasun horren erdigunean jarri ditu pertsonak: “Ziurrenik, datozen urteetan gure ekonomiaren baliabide garrantzitsuena izango dira pertsonak”. Eta gogorarazi ditu dituzten zailtasunak “gero eta enpresa gehiagok” profil profesional jakin batzuk aurkitzeko.

Ildo horretan, Lehendakariordeak eskatu du “talentua prestatzea, atxikitzea eta daukagun guztia aprobetxatzea: talentu gaztea, talentu seniorra, emakumeen talentua eta Euskadira beste herrialde batzuetatik iristen diren pertsonena”.

Akordioaren kultura

Mikel Torresek azpimarratu duenez, “gure lankidetza, akordio eta itun kultura Euskadiko indargune nagusietako bat da”, batez ere “akordiorako eta elkarrizketarako tokiak aurkitzea zaila den testuinguru geopolitikoan”.

Era berean, “konfiantza” aktibo ekonomiko gisa balioetsi du Lehendakariordeak, “balio handia” duelako. Torresek ziurtatu duenez, konfiantza hori enpresen eta langileen artean, finantza sistemaren eta enpresen artean, erakunde publikoen eta Ekonomia sarearen artean, eta baita herritarren eta aurrerapen ekonomikoa gizarte aurrerapen bihurtzeko gaitasunaren artean ere eman behar da.

"Oparotasun partekaturantz” aurrera egitea eskatu du Torresek, eta helburutzat jarri du “gure nortasunaren parte denari uko egin gabe munduan lehiatzeko gai izango den Euskadi bat: lana, ezagutza, gizarte kohesioa, akordioaren kultura eta gure gaitasunetan konfiantza izatea”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)