Mikel Torresek "leialtasuna eta etengabeko elkarrizketa" azpimarratu ditu transferentzia berriei buruzko akordioak lortzeko gako gisa

Argitalpen-data: 

  • Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak iritzi dio migratzaileen erregularizazioa “albiste bikaina” dela euskal gizartearen kohesiorako eta lan merkaturako

 

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Mikel Torresek, erakundeen arteko leialtasunaren eta “etengabeko elkarrizketaren” garrantzia azpimarratu du asteazken honetan, transferitzeko dauden eskumenen negoziazioan aurrera egiteko gako gisa. “Leialtasuna eta elkarrizketa badaude, akordioak lortu egiten dira”, adierazi du Herri Irratian eskainitako elkarrizketan, eta gogorarazi du “2018tik 23 transferentzia” gauzatu direla eta espero dela datozen hilabeteetan “bultzada garrantzitsua” ematea aireportuen arloan, immigrazioan eta segurtasunean.

Ildo horretan, Torresek bi administrazioen arteko jarrera azpimarratu du, eta transferentzia batzuk “konplexuak” diren arren, nabarmendu du aurrera egiten jarraitzeko borondatea dagoela. Hori hala, adierazi du bidea ireki dela Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoan eta pentsio kontributiboetan ere akordioak “aztertzeko”, kutxa bakarrarekiko eta Estatuko esparruarekiko errespetuaren barruan.

Halaber, Lehendakariordeak oso positibotzat jo du dagoeneko Euskadin bizi diren migratzaileen erregularizazioa errazteko hartutako erabakia. “Albiste bikaina da, lan merkatuan eskubide gehiagorekin sartuko direlako, Gizarte Segurantzan kotizatuko dutelako eta, beraz, eskubide eta betebehar batzuk ezarrita izango dituztelako”, ziurtatu du Torresek.

Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak esan du, halaber, migratzaileen eskulan “oso kualifikatuak” gero eta ekarpen handiagoa egiten duela euskal produkzio sareko sektore estrategikoetan, besteak beste, industrian, logistikan edo eraikuntzan, non profesionalen eskaera handia dagoen.

Azaldu duenez, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren industria prestakuntzako programen “zati handi bat” migratzaileek osatzen dute gaur egun, eta “azkar” sartzen dira enpresetan, profil prestatuak behar dituztelako. Gaineratu duenez, errealitate horrek erakusten du enpresek “konfiantza” dutela eta Lanbidek “enplegu poltsa prestatu, doako eta publikorik onena” duela.

Kohesio eta justizia soziala

Mikel Torres Lehendakariordearen ustez, erregularizazioak eta eskumen horien kudeaketak lan merkatua indartzeaz gain, kohesio eta justizia soziala sendotzen dute Euskadin. “Euskal gizarteak justizia sozialaren arloan irabazi egiten du. Espainia osoko pobrezia tasarik txikiena dugu”, berretsi du.

Torresek gogorarazi du Euskadin 2025ean erregistratutako Gizarte Segurantzako afiliazio berrien ia % 6 atzerritarrei dagozkiela, eta zifra horrek agerian uzten duela laneratze horrek euskal ekonomian duen garrantzia. Gainera, azpimarratu du transferitutako hasierako lan baimenen kudeaketa emaitza “onak, azkarrak eta eraginkorrak” ari dela ematen ari dela, sei hilabetean 11.000 espediente baino gehiago izapidetu baitira: “Transferentziak ondo egiten direnean, ondo funtzionatzen dute”, nabarmendu du.

"PPk pentsiodunak bahitu eta erabiltzen ditu"

Diputatuen Kongresuan atzo egindako bozketari dagokionez, Lehendakariordeak deitoratu egin du operazio parlamentarioa, salatu duenez, ezkutu sozialaren funtsezko neurriak bertan behera utzi zituelako. PPk Gobernua garaitzeko hamar milioi pentsiodun baino gehiago “bahitu eta erabili” izana kritikatu du Torresek.

Pentsioen blokeoarekin batera, nabarmendu du kotizazio gabeko prestazioetan, Bizitzeko Gutxieneko Diru sarreraren zabalkundean eta bizitoki alternatibarik gabeko familien etxegabetzeak saihesteko neurrietan ere igoerak gelditu zirela. “Atzo PPk egin zuenak asko zeresana uzten du, eta asko esaten du gobernura iristen bada etorkizunean izan dezakegun egoeraz”, amaitu du Torresek.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)