Mikel Torresek dei egin du "benetako nazioarteko lankidetzan" aurrera egitera, lan mugikortasun "segurua, bidezkoa eta alde guztientzat onuragarria" bermatzeko  

Argitalpen-data: 

Torres_Quito_0.jpg
  • Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Quiton azpimarratu du gizarte aniztasuna “aberastasun, berrikuntza eta aurrerapen iturri” dela, eta eskatu du baloratzeko migratzaileek “ongizate komunari” egiten dioten ekarpena
  • Enplegu eta inklusio politika publikoak partekatzera gonbidatu dute Euskadi Ekuadorko Gobernuak eta Munduko Bankuak antolatutako Goi Mailako Topaketan, migrazioa “ikuspegi humanistatik” jorratzeagatik eta garapen ekonomikoa “eskubideetan eta aukeretan aurrera egitearekin” lotzeagatik

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, zera eskatu die ostegun honetan Ekuadorko Gobernuak eta Munduko Bankuak Quiton antolatutako “Lan migrazioaren etorkizuna eta talentuaren mugikortasuna Latinoamerikan” Goi Mailako Topaketan parte hartu duten herrialdeei: “Benetako nazioarteko lankidetzan aurrera egiteko, jatorrian lan mugikortasuneko kanalak eraiki daitezen”. Eta uste du “soilik herrialdeen arteko lankidetzatik” bermatu ahal izango dela migrazioa “segurua, bidezkoa eta onuragarria izatea alde guztientzat”.

Torresek hitza hartu du nazioarteko foro horretan, Euskadik enpleguaren eta inklusioaren arloan duen esperientzia partekatzeko. Haren hitzartzean, azpimarratu du gizarte aniztasuna “aberastasunaren, berrikuntzaren eta aurrerapenaren iturri” dela, eta eskatu du migratzaileek “ongizate komunari” egiten dioten ekarpena baloratzea. Aldi berean, defendatu du “egungo mundu interdependentean, herrialde bakar batek ere ezin diela aurre egin lanaren etorkizuneko erronkei, giza mugikortasunari eta garapen iraunkorrari”.

Lehendakariordeak azpimarratu duenez, Euskadi gonbidatu dute topaketa horretan parte hartzera, hain zuzen ere, duen ikuspegi diferentzialagatik, “pertsonak erdigunean jartzen dituen, migrazioa ikuspegi humanistatik ulertzen duen eta garapen ekonomikoa eskubideetan eta aukeretan aurrera egitearekin lotzen duen ikuspegia izateagatik”.

Ildo horretan, Torresek ziurtatu du migrazioa “ezin dela ulertu iraganeko kategoriekin”, eta “politika egonkorrekin, planifikatuekin eta epe luzera bideratutakoekin” heldu behar zaiola, “pertsonak irregulartasunera eta prekarietatera bultzatzen dituzten erantzunetatik urrun”. Haren ustez, gakoa da “bide legal, seguru eta ordenatuak eraikitzea, gure ekonomien beharrak pertsonen eskubideen babesarekin lerrokatzeko”.

Euskal errealitatea

Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek eredu horren adibide gisa aurkeztu du euskal errealitatea: langabezia tasa % 6 ingurukoa duen autonomía erkidegoa, Europa hegoaldeko txikienetakoa, eta datozen urteetan belaunaldi erreleboari lotutako 675.000 enplegu aukera inguru sortzeko aurreikuspenarekin.

Testuinguru horretan, gogorarazi du atzerritarrak, gutxi gorabehera, Euskadiko herritarren % 15 direla, eta enpleguari egiten dioten ekarpena Gizarte Segurantzako afiliazio osoaren % 9 inguru dela. Horren ondorioz, migrazioa “funtsezko palanka da gure ekonomiari eusteko eta gizarte kohesioa lortzeko”.

Global Skill Partnerships ekimenaren baitan Euskadi Ekuadorrekin batera bultzatzen ari den proiektu pilotua azpimarratu du Torresek. “Konfiantzan, erantzunkidetasunean eta etorkizuneko ikuspegian oinarritutako nazioarteko lankidetzaren adibidetzat” jo du ekimen hori.

Proiektu horrek formakuntza eta lan ibilbideak garatuko ditu mekanika aurreratuaren eta digitalaren sektoreetan, irabazi hirukoitzeko ikuspegi batetik: Ekuadorko formakuntza gaitasuna eta produkzio sarea indartzen ditu, Euskadiko sektore estrategikoetan talentu kualifikatua txertatzen du eta enplegu duina, erregularra eta laguntza osoa ematen duena bermatzen du.

Torres Lehendakariordeak hitzaldia amaitu du, sinetsita, “gaur partekatzen dugun lanari esker, migrazioa ez da beharraren edo arriskuaren ondorio izango, aukera askearen eta aukera partekatuen ondorio baizik”.

Bidaia instituzionala Ekuadorrera

Torres Lehendakariordea Quiton izan da hiru eguneko bidaia instituzionalean. Ekuadorko agintari gorenekin topaketak, formakuntza erakundeetarako bisita teknikoak eta Goi Mailako Topaketan parte hartzea izan ditu oinarri. Enplegu eta Inklusio sailburuorde Alfonso Gurpegui eta Inklusio zuzendari Sara Buesa ere izan ditu lagun, eta topaketa horretako “Integrazioa, bitartekotza eta inklusioa” panelean hartu du hitza Buesak berak ere.

Martxoaren 24tik 26ra, Lehendakariordeak bilera bana izan du Kanpo Harremanetarako eta Giza Mugikortasuneko ministroarekin edota Lan ministroarekin, Ekuadorko formakuntza eta migrazio ekosistemari heltzeko. Espainiak Ekuadorren duen enbaxadorearekin ere bildu da, aldebiko lankidetza ildoak aztertzeko.

Euskal ordezkaritzak bisita teknikoak egin zituen asteazkena Goi Mailako Teknologia Institutu Tekniko Nagusira, Ekuadorko Lanbide Trebakuntzarako Zerbitzura eta Ekuadorko Berrikuntza eta Teknologia Ganberara. Jardunaldia amaitzeko, afari instituzionala izan zuten Munduko Bankuko eta Ekuadorko Gobernuko ordezkariekin.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)