Mikel Torres: "Tokiko inklusio mahaiak funtsezko pieza dira Euskadi kohesionatuagoa, hurbilagoa eta eraginkorragoa eraikitzeko"

Argitalpen-data: 

  • Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak iritzi dio “enplegu duina, egonkorra eta eskubideduna" eskaintzeko tresna dela, “bizi proiektu bat autonomiaz garatzea ahalbidetuko duena”

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak tokiko inklusio mahaien garrantzia azpimarratu du gaur, ostirala, “funtsezko pieza” baitira “inklusiorako euskal eredu kohesionatuagoa, hurbilagoa eta eraginkorragoa eraikitzeko”. Horrela, adierazi du pertsona guztien bizi-baldintzak hobetzeko eta enplegu duina lortzeko “benetako aukerak” eskaini nahi dituztela.

Inklusio Mahaien II. Topaketaren inaugurazioan, Bilbon, Torresek nabarmendu du joan den legealdian esperientzia pilotu gisa hasitako proiektu hori “sendotu” egin dela, eta “sareak ehuntzeko, konplizitateak sortzeko eta pertsonei erantzun doiagoak eta gizatiarragoak eskaintzeko” funtsezko tresna dela. Gaur egun, Euskadik hamabost tokiko mahai ditu, eta udalerri eta eskualde desberdinetan daude martxan.

Torresek gogorarazi du “gizarteratzeko eta laneratzeko eskubidea” eta “pertsona eta lurralde bakoitzaren beharretara egokitutako enplegu politika aktiboak” onartzen dituen eredu bat ezartzen dutela Diru sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legeak eta Enplegukoak. Testuinguru horretan, enplegu “inklusiboa eta kalitatezkoaren” kontzeptuarekin hark zuzentzen duen sailak duen konpromisoa berretsi du: “Ez gara edozein enpleguri buruz ari, baizik eta enplegu duin, egonkor eta eskubidedunari buruz, bizi proiektu bat autonomiaz garatu ahal izateko”.

Era berean, Lehendakariordeak nabarmendu du inklusioak “zeharkako eta sektore arteko” begirada eskatzen duela: “Pertsonak ez gara bizi administrazio sailetan. Gure ongizaterako hezkuntza, prestakuntzarako sarbidea, enplegu aukerak, etxebizitza egokia, osasun arreta, modu autonomoan bizitzeko baliabideak, eta komunitate baten parte sentiaraziko gaituzten familia eta gizarte loturak behar ditugu”.

Erakundeen arteko integrazioa

Hori dela eta, Mikel Torresek azpimarratu du garrantzitsua dela sistemen arteko koordinazioa eta tokiko mahaien lan estrategikoa Inklusiorako V. Euskal Planaren lurralde hedapenean, eta dei egin du enplegu planen eta tokiko garapenaren inguruko lankidetzan aurrera egiten jarraitzeko, horiek funtsezko tresnak baitira inklusio politikak udalerri edo eskualde bakoitzaren errealitatera egokitzeko. “Integrazio horretan aurrera egitea da orain gure erronka: diagnostiko partekatuak ekintza koordinatuetan gauzatzea, ibilbide pertsonalizatuek benetako aukerak aurkitzea tokiko enplegu eta garapen planetan, eta erabaki estrategikoak zuen eguneroko esperientziatik elikatzea”, adierazi du.

Torres Lehendakariordeak aitortu du inklusioa ez dela “ez lineala ez uniformea”, baina adierazi du “ondo” artikulatutako ibilbide bakoitzaren edo koordinatutako esku hartze bakoitzaren atzean “aukerak irabazten dituen pertsona bat” dagoela. “Eta pertsona batek aukerak irabazten dituenean, komunitate osoak ere irabazi egiten du”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)