Merkataritzaren aurrekontua %15 haziko da, eta datozen urteetan ere handitzen jarraituko du

Argitalpen-data: 

Turismo_batzordea.jpg
  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontua % 5,6 handitu da, ia 60 milioi euroraino, tokiko merkataritzan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman ahal izateko

Cristina González Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Sailaren 2027rako aurrekontua; 59,8 milioi euro izango dira, 2026koa baino % 5,6 gehiago.

 

Turismoa

Turismoaren arloak 23,2 milioi izango ditu, eta horietatik 10,2 milioi Basquetour Turismoaren Euskal Agentziarentzat izango dira.

Turismoaren arloan, aurreko ekitaldian, berrikuntza gisa, “turismo-sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko zuzkidura” izeneko partida berria sartu zen, turismo-egonaldien gaineko zergaren inguruko akordioaren ondorioz. Partida horren gaineko konpromisoa da 1,5 milioi bideratuko direla lehen urte horretan, eta 2 milioi hurrengo ekitaldietan, zerga indarrean jartzen denean; beraz, 2027an milioi erdi euro handiagoa izango da.

Alde batetik, turismo-garapen txikiena duten hiri, udalerri, eskualde edo lurraldeen potentziala zuzenean eta nabarmen bultzatzen lagunduko duten ekimenak sustatzera edo laguntzera bideratuko da zuzkidura, edo turismoa urtarokotasuna murrizten eta fluxuak lurraldean zehar mugitzen lagunduko duten ekimenak sustatzera. Bestalde, sektoreko enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatu nahi da, erakundeekin lankidetzan garatutako laguntza-ildo edo proiektuen bidez.

2027ko beste berrikuntzetako bat izango da turismoari aplikatutako adimen artifiziala garatzeko inbertsioa. Helburua da Euskadin zehar ibilbideak sustatzen dituen Grand Tourreko turismo-orriaren bitartez Adimen Artifizialaren erabilera integratzea, desestazionalizazioa, fluxuen mugimendua eta egonaldiaren luzapena sustatzeko. Sustapen-kanpainen bidez bisitariak erakartzen lagunduko duen estrategia integral bat inplementatu nahi da, bilaketa pertsonalizatua eta egokituak egiteko orientatuta. Ekimena hobetzeko 300.000 euroko aurrekontua izango du.

Sektorea zuzenean babesteko laguntzei eutsiko zaie.

  • Ekintzailetzarako eta turismo-enpresen lehiakortasunaren hobekuntzarako laguntzak – EMET; 1,3 milioi
  • Lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak lankidetzako eta kudeaketako erakundeentzat; 1,8 milioi.
  • Turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzak; 934.000 €.
  • Turismo arloko elkarteak indartzea; 742.000 euroko partida, % 10 handituta.

Azkenik, Turismoaren Kode Etikoaren baitan enpresa turistikoen lehiakortasuna indartzeko 1,5 milioi bideratuko dira, baita Enfokatur Turismoaren Euskal Behatokiarekin Adimen Turistikoa indartzera ere.

 

Merkataritza

Sailburuak nabarmendu duenez, “tokiko merkataritza birmoldaketa-prozesu sakonean dago, eta Sail honen lehentasuna izango da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendoa hartu du datozen urteetan merkataritzako aurrekontua pixkanaka handitzeko. Lehen urte honetan hazkundea ia %15ekoa izango da, gure gertuko merkataritzaren benetako eraldaketari heldu ahal izateko”.

Merkataritzaren arloak 25,5 milioi izango ditu, hau da, % 14,7 gehiago. Merkataritza-eraldaketa 3 zutabetan oinarrituko da. Lehenik eta behin, esparru modernizatu bat eskainiko digun merkataritza-jardueraren lege berri bat. Bigarrenik, programak eta laguntzak indartzea, pixkanaka aurrekontua handituta. Eta, hirugarrenik, administrazioaren egitura ere indartuko dugu, sektorearen beharrei eraginkortasun handiagoz erantzun ahal izateko. Hona hemen partida aipagarri batzuk:

  • Merkataritza-establezimenduak modernizatzeko laguntza % 15,6 handitzea, 5,4 milioiraino, sektoreak asko baloratzen duen lerroa baita, eta zuzenean eragiten baitu haren inbertsio-beharretan.
  • MERKAEKIN ekintzailetzarako laguntzak, 1,5 milioi euro, % 50 hazita, merkataritza-enpresen negozio-planak eta inbertsioak egiteko.
  • Merkataritza dinamizatzeko Hirigune programak, merkatarien elkarteei zuzendutakoak, 000 euro gehiago izango ditu 2026arekin alderatuta, 2,4 milioiraino.
  • Sektoreko erakundeekin ditugun hitzarmenak ere %10 handitu ditugu, gure profesionalentzako funtsezko laguntza gisa.
  • Berrikuntza komertzialaren Hubak 1,4 milioi euro izango ditu berrikuntza ikusarazteko eta sustatzeko tresna gisa.
  • Merkataritza Laguntzako Puntuek 2,2 milioi euroko zuzkidura dute, eta dagoeneko sendotzen ari dira Sarearen formulan.

 “Fidelizazio Proiektu”rako partida berri bat nabarmendu behar da, tokiko merkataritzaren erronka nagusietako bat, eta 1,75 milioi izango ditu. Fidelizazio-proiektu integrala eta parte-hartzailea garatu nahi da. Hori gure merkatari guztiengana iritsiko da, eta Euskadiko elkarte guztien lankidetza eta konpromisoa eskatuko du.

 

Kontsumobide

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren aurrekontua 8,6 milioi eurokoa izango da 2027an; horietatik 7,1 milioi Sailaren transferentziari dagozkio, eta gainerakoa diru-sarrera propioei. Kontsumobideren helburua da ahalik eta modurik eraginkorrenean bermatzea kontsumo-eskubideak, eta, horretarako, ezinbestekoa da herritarrek eskubide horiek hobeto ikusi eta ezagutzea, eta, gainera, prestakuntza eta informazioa bultzatzen jarraitu behar da.

Hori dela eta, berrikuntza gisa, 320.000 euroko partida bat gehiago izango du Kontsumobus proiektuak. Unitate mugikor horren helburua da Kontsumobideren jarduerak herritarrei hurbiltzea eta kontsumitzaileen arretarako bulegorik ez dagoen tokietan haien kontsultei edo erreklamazioei erantzun ahal izatea.

Ildo beretik, Kontsumobidek prestakuntza-ekintzak optimizatzen jarraituko du. Biztanleria orokorra, talde zaurgarriak, adinekoak, ikasleak eta profesionalak trebatzeko 936.000 euroko aurrekontua erabiliko da. Iaz 40.000 lagun ingururi eman zitzaien prestakuntza.

Horrez gain, kontsumitzaileen elkarteentzako laguntzak 605.000 euroraino igoko dira, 2026an baino % 20 gehiago, merkatu-gatazketan herritarren eskubideen babesa eta defentsa handitzeko.

 

Sailburuak nabarmendu duenez, “tokiko merkataritzaren jauzi kualitatibo eta kuantitatiboaren aldeko apustu handia, aurrekontu-igoera nabarmenarekin, eta lehiakortasun eta jasangarritasun turistikoaren sustapenaren aldekoa, 245.000 familiari lana ematen dieten bi sektoreren garrantziaren erakusgarri da, Euskadiko langileen ia % 25ari”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)