"Kalitatezko enplegua, inklusiboa eta etorkizunerako aukerak dituena eraikitzen jarraitzearen" alde egin du Torres Lehendakariordeak

Argitalpen-data: 

Torres_Empleo_Gune_2.jpg
  • Hurrengo hamarkadan, hamar lan aukeratik zortzi belaunaldi erreleboarekin eta erretiroekin lotuta egongo dira, batez ere manufaktura industrian, hezkuntzan, osasunean edo gizarte zerbitzuetan, Lanbideren Enpleguaren Euskal Behatokiaren arabera

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak “kalitatezko enplegua, inklusiboa eta etorkizuneko aukerak dituena eraikitzen jarraitzearen” aldeko apustua egin du asteazken honetan, bereziki, “aldaketa geopolitiko, ekonomiko eta sozial handiak gertatzen ari diren une honetan, gure bizitzeko eta lan egiteko modua” eraldatzen jarraituko baitute.

Empleo Gune 2026 – Gasteizko Enplegu Foroaren inaugurazioan, Torresek azpimarratu du Euskadik “lan munduaren eraldaketa sakon bati” aurre egin behar diola, digitalizazioak, adimen artifizialak eta trantsizio energetikoak markatuta. Horregatik, defendatu du aldaketa horiei aurrea hartu behar zaiela, “gaitasun digitalen, etengabeko prestakuntzaren, egokitzeko gaitasunaren” eta gaitasun profesionalen sendotzearen bidez.

Lehendakariordeak gogorarazi duenez, Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, digitalki emandako zerbitzuak munduko esportazioen % 14,5 dira, eta datu horrek agerian uzten du gaitasun digitalek eta etengabeko prestakuntzak gero eta garrantzi handiagoa dutela. Ildo horretan, adierazi du ELGA – Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak duela gutxi Gaitasunei buruzko Goi Bileran planteatutako gomendioen arabera, beharrezkoa dela bizialdi osoko ikaskuntza indartzea, langileen eguneratze profesionala erraztea eta enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboen laneratzea erraztea.

“Foro horren helburua da pertsonak eta aukerak konektatzea, konfiantza sortzea eta Euskadik kalitatezko enplegua eraikitzen jarraitu nahi duela erakustea, aldaketa handiak izango diren une honetan”, adierazi du.

Testuinguru horretan, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Enpleguaren Euskal Behatokiaren datuak azpimarratu ditu Lehendakariordeak. Datu horien arabera, hurrengo hamarkadan 625.000 lan aukera baino gehiago sortuko dira Euskadin, eta horietatik hamarretik zortzi belaunaldi erreleboari eta erretiroei lotuta egongo dira.

“Profesionalen eskaera handia”, Torresek ziurtatu duenez, bereziki manufaktura industria, hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, merkataritza eta administrazio jarduerak bezalako sektoreetan izango da, baita ostalaritzan eta turismoan, logistikan, eraikuntzan, energian edo jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan ere.

Euskadiko enpleguaren bilakaera positiboa ere nabarmendu du Torresek, azken 17 urteetako bigarren zifra baxuenarekin eta langabeziaren jaitsiera orokorrarekin lurralde, sektore eta adin-tarte guztietan. "Datu positiboak dira, baina gure konpromisoa da egonkortasun handiagoa lortzea eta kalitatezko enplegu gehiago lortzea, batez ere gazteen artean. Kontua ez delako enplegua sortzea bakarrik; enplegu ona sortzea baizik”, azpimarratu du.

Empleo Gune 2026

Empleo Gune – Gasteizko Enplegu Foroak enpresak, prestakuntza zentroak eta gizarte eragileak biltzen ditu, eta, edizio honetan, 750 enplegu aukera inguru eskainiko dituzte askotariko sektoreetan; hala nola, industrian, logistikan, merkataritzan, informatikan edo administrazioan. “Arabak talentua, profil espezializatuak eta profesionalki ikasten eta hazten jarraitzeko gogoa duten pertsonak behar dituela erakusten du”, zehaztu du Torres Lehendakariordeak.

Ildo horretan, uste du foro hori erreferente gisa finkatu dela talentua eta aukerak konektatzeko eta egungo aldaketei “anbizioarekin, gizarte kohesioarekin eta gure gaitasunetan konfiantzarekin” erantzungo dieten espazioak sortzeko. “Guztion artean Euskadi lehiakorragoa, prestatuagoa eta bidezkoagoa eraikitzen jarraitzen dugu", gaineratu du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)