- Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua sariak banatzeko ekitaldiaren buru izan da Tabakaleran, Donostian.
- Sariek Itziar Okarizen ibilbide artistikoa, Beatriz Olabarrietaren sormen-jarduera eta Kampai Espazioak arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzen dituzte.
- Eusko Jaurlaritzak arte-sorkuntzarekin eta euskal artearen sistema konektatu, askotariko eta nazioarteko proiekziodun bat indartzearekin duen konpromisoa indartzen du.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Gure Artea 2026 sariak banatzeko ekitaldiaren buru izan da gaur arratsaldean Tabakaleran, Donostian. Euskadik arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan ematen dituen sari nagusiak dira.
Aurtengo edizioan, Itziar Okarizek jaso du saria, ibilbide artistikoagatik; Beatriz Olabarrietak, sormen-jardueragatik; eta Kampai Espazioak, arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan egindako ekarpenagatik. Sariek artisten banakako ekarpena aitortzeaz gain, sorkuntza garaikidea bultzatzen eta euskal arte-sarea indartzen laguntzen duten eragileen lana ere aitortzen dute.
Sari-banaketa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak talentu artistikoa aitortzeko, ibilbide profesionalei laguntzeko eta sorkuntza herritarrekin lotuko duen eta euskal artea nazioartean proiektatuko duen kultura-sistema sendotzeko duen konpromisoaren barruan kokatzen da.
Euskal arte garaikideari egindako hiru aitortza
Itziar Okarizek ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea saria jaso du, 30.000 eurokoa. Donostian jaiotako artistak 35 urte baino gehiago daramatza ikerketa artistikoan, performanceen, ekintzen, bideoen, instalazioen eta testuen bidez. Bere lanak gorputzaren, arkitekturaren, lurraldearen, erritualaren eta hizkuntzaren arteko harremanak aztertzen ditu.
Epaimahaiak haren ibilbidearen sendotasuna eta koherentzia, esperimentatzeko etengabeko nahia eta hizkuntza artistiko propio baten eraikuntza nabarmendu ditu. Artisten hainbat belaunalditan izan duen eragina, ezagutzaren transmisioarekiko konpromisoa eta nazioarteko proiekzioa ere aitortu ditu; horiei esker, erreferente bihurtu da performance garaikidearen arloan.
Beatriz Olabarrietak sormen-jardueraren Gure Artea saria jaso du, 25.000 eurokoa. Bilbon jaiotako artistaren jarduna behaketan eta esperimentazioan oinarritzen da; objektuek, materialek eta espazioek harreman eta pertzepzio-modu berriak sortzen dituzte haren lanean.
Epaimahaiak bereziki baloratu ditu haren lanaren zehaztasuna eta sentiberatasuna, baita keinu txikien eta eragiketa sotilen bidez materialak eraldatzeko duen gaitasuna ere. Euskadi eta Londres artean garatutako ibilbidean eta nazioarteko arte-testuinguruekin izandako elkarrizketan, ikerketa, arriskua eta lan-metodoen etengabeko berrikuntza nabarmentzen dira.
Kampai Espazioak, berriz, arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aitortzeko Gure Artea saria jaso du, 25.000 eurokoa.
Bilbon dagoen espazio autokudeatua sorkuntza garaikideari emandako babesagatik saritu dute, bereziki praktika eszenikoen, performatiboen eta ikusizkoen arloan. Epaimahaiak praktika emergenteekiko duen konpromisoa, sortzaile berriei garatzeko eta ikusgarritasuna lortzeko aukerak eskaintzeko gaitasuna eta topaguneak, lankidetza-aukerak eta laguntza artistikoa sortzeko egindako ekarpena nabarmendu ditu.
Euskal Arte Sistema indartzea
Gure Artea sariak talentua aitortzeko, artistei beren ibilbideetan laguntzeko eta Euskadiko arte-ekosistema indartzeko Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen ekimenen parte dira. Aurten, gainera, sarien diru-zuzkidura % 33,3 handitu da, 60.000 eurotik 80.000 eurora igarota, sorkuntza artistikoarekiko eta euskal arte-sistema indartzeko konpromisoa sendotuz.
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu duenez, artea identitatea da, eta Euskadi munduari ezagutarazteko modu bat. Era berean, Euskal Arte Sistema indartzearen garrantzia azpimarratu du, artisten, sorkuntza-espazioen eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez, artea herritarrengana hurbilduz. Lehendakariordeak adierazi du, halaber, kulturak eta arteak gizartearen ongizateari eta etorkizuneko belaunaldientzat aukera gehiago dituen herri bat eraikitzeari laguntzen dietela.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)