Lehendakaritza

Imanol Pradales: "Euskadiko gazteek ez dute zalantzarik egin. Ardura eskaini diegu eta beren gain hartu dute"

Argitalpen-data: 

  • ‘Agertokiak’ Eusko Jaurlaritzaren prozesu parte-hartzailearen amaiera-ekitaldian izan da Lehendakaria. Prozesu horren ondoren, ‘Etorkizuneko Foroa’ eratu da, Euskadiko gazteekin elkarrizketan aritzeko egitura egonkor berria

Batzuetan eztabaida publikoan entzuten bada ere Euskadiko gazteak ez direla inplikatzen kezkatzen dituzten gaiak nola hobetu bilatzeko orduan, gaur arratsaldean Ajuria Enea Jauregian ikusitakoak guztiz kontrakoa adierazten du. "Euskadiko gazteek ez dute zalantzarik egin. Ardura eskaini diegu eta beren gain hartu dute. Beren etorkizunaren buru dira”, adierazi du Imanol Pradales Lehendakariak ekitaldiaren hasieran, ‘Agertokiak’ ekimenaren amaieran. Euskadiko erronka estrategikoak definitzeko eta gazteak bereziki kezkatzen dituzten gaietan (etxebizitza, industria, lan-baldintzak, ingurumena, industria eta segurtasuna, besteak beste) haien ikuspegia txertatzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako prozesu parte-hartzailea da ‘Agertokiak’ ekimena.

Jardunaldia Ajuria Enea Jauregiko Elkargunean egin da, eta berrogeita hamar gazte baino gehiago bildu dira. Horren helburua izan da esparru konbentzionalak gainditzea eta elkarrizketa hurbilagoa eta zuzenagoa izateko topaketa izatea. Hala, xedea da ‘Agertokiak’ prozesuko gazte gehienek adierazitako ideiekin haustea; izan ere, gazte horiek uste dute euskal gizarteak ez duela konfiantza handirik haiengan, heldugabeak direlako edo ahalegintzeko ohitura gutxi dutelako.

Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak ere parte hartu dute topaketan, baita Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak eta Ogasun eta Finantza saileko sailburuak Noël d 'Anjou ere.

‘Agertokiak’

Prozesu horren ondorio nagusien artean, nabarmentzekoak dira Euskadiko gazteek Euskadiren etorkizunari aurre egiteko egindako eskaera: belaunaldien arteko itun bat lortzea eta, besteak beste, berrikuntzaren, ohitura jasangarriak eta kontsumo arduratsua sustatzearen eta dibertsitatea kudeatzearen arloan ekarpenak egitea.

Gainera, gazteek lehentasunezko kezkatzat dituzte egoera ekonomikoa, zerbitzu publikoak eta segurtasuna. Lehendakariak azken elementu hori azpimarratu du, eta segurtasun hori defendatu du kontzepturik zabalenean, hau da, adierazi du hori ere beharrezkoa dela etxebizitza erosteko, enplegu ona izateko eta osasuna —emozionala barne— bermatzeko.

Azkenik, Ajuria Enean bildutako gazteek defendatu dute parte hartzeko benetako espazioen bidez demokrazia indartzeko beharra, eta eskatu dute gazteen ahotsak ekintza publikoan eragin zehatza izatea.

Imanol Pradalesen hitzetan, “prozesu bat abiarazi dugu, aurrerapausoa emateko eskatu diegu eta euskal gazteek erantzun egin dute. Gaur hemen daude gazteak, gurekin batera beren etorkizuna eraikitzen”. Jardunaldia ez da amaiera bat; aitzitik, topagune berri baten hasiera da, ‘Etorkizuneko Foroa’n txertatuko baita ‘Agertokiak’ ekimena.

‘Etorkizuneko Foroa’ gune egonkorra izango da, eta helburu du eztabaida irekia egitea gazteak kezkatzen dituzten gaiei buruz, bai eta gogoeta horiek Eusko Jaurlaritzak bultzatutako gai publikoen ezarpenean izan dezaketen eraginari buruz ere. “Prozesu horren ondorioak erabaki zehatzetara eta denboran iraungo duen elkarrizketa-esparru berri batera eramatea nahi dugu”, esan du, amaitzeko, Lehendakariak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)