Gasteizek bikoiztu egin du kongresuetara bertaratutako pertsonen kopurua, eta Donostiak % 23 egin du gora, Euskadiko kongresu-turismoaren sendotasunaren isla

Argitalpen-data: 

Enfokatur.png
  • Turismoaren Euskal Behatokiak argitara eman ditu Ibiltur-en MICE 2025 azterketak Gasteizen eta Donostian izandako emaitzak. Azterketa horretan, Euskadira kongresuetara eta biltzarretara etortzen diren turisten portaera aztertzen da.[1]

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren mendeko Turismoaren Euskal Behatokiak, Basquetour-en bitartez, Ibiltur-en MICE 2025 bi urtez behingo azterketaren Gasteizko eta Donostiako emaitzak argitaratu ditu. Azterketa horietan, Euskadira etortzen diren MICE (Meetings, Incentives, Conferences, and Exhibitions hau da, biltzarrak, konbentzioak eta ekitaldiak) deituriko segmentuko turisten portaera aztertzen da.

 

Gasteiz

Azterketaren ondorioen arabera, Gasteiz kongresu eta biltzarren hiri gisa finkatu da, aurrerapen nabarmena izan baitu azken bi urteotan. 2025ean egindako 24 ekitaldiek % 71ko igoera eragin dute, eta bertaratutako 7.388 parte-hartzaileek ia bikoiztu egin dute 2023an izandako parte-hartzea.

Kulturarekin, merkataritzarekin, arlo publikoarekin eta osasunarekin lotutako kongresu eta biltzarrak egin dira gehien bat, 2023aren antzera. Kongresu horietara joaten den publikoa batez ere nazionala da (% 90). Nazioarteko merkatuari erreparatuta, soilik Frantziak du presentzia adierazgarria, % 4tik gorakoa.

Bertaratutakoen gastua 5 milioi euro ingurukoa da, eta horietatik % 70 inguru tokiko ekonomian txertatzen da. Hirian egiten duten egonaldiko jarduera profesionalaren eta beste jarduera osagarri batzuen —batez ere gastronomia, aisia eta erosketak— emaitza da.

Era berean, bertaratutakoen gogobetetze-maila oso handia da, 4,9koa 1-5 eskalan. Hiriak kongresu eta biltzarren jarduerarako esparru egokia eskaintzen duela uste da, hiri modernoa, funtzionala eta zaindua baita (segurtasuna, komunikazioak, garbitasuna, garraioa, seinaleztapena, tratua, zerbitzuen eta merkataritzaren kalitate/prezio erlazioa gisako alderdiak nabarmentzen dira). Gainera egokia da dedikazio profesionaletik haratago hedatzeko (kultura-eskaintza, monumentu-eskaintza eta aisialdi-eskaintza).

 

Donostia

2025ean, 131 ekitaldi egin dira eta 35.660 pertsona bildu dira, hau da, 2023. urtearekin alderatuta % 34 eta % 23 gehiago, hurrenez hurren. Azken bosturtekoan MICE jardueran izaten ari den igoera iraunkorraren ildotik.

Donostiako kongresu eta biltzarretan gaikako sakabanatze erlatiboa hauteman daiteke sei sektoretan banatuta. Horrela, hirian maiz biltzen dira sektore zientifikoak, medikuntza- eta osasun-sektoreak, sektore teknologiko-industrialak eta sektore sozialak. Guztira jardueraren % 92 hartuta. Edonola ere, hirugarren sektoreetara hedatzeko gaitasuna ere badago, hala nola gastronomikora, juridikora, kirolera edo humanitateetara.

Bertaratzea nagusiki nazionala da, baina nazioarteko merkatuaren parte-hartzea ere adierazgarria da, laurden batetik gorakoa. Lehenengoen artean, Madril, Andaluzia eta Katalunia autonomia-erkidegoetako ekarpena nabarmentzen da, asistentzia osoaren % 43 hartzen baitute. Nazioarteko merkatuan Alemania eta Frantzia dira erreferentzia nagusia.

MICE jarduerak 2,9 ostatu-gau zuzen eragiten ditu batez beste, hau da, 000 ostatu-gau baino gehiago urtean. Horietatik gehienak (% 64) lau eta bost izarreko hotel-establezimenduetan izaten dira. Parte-hartzearen % 18 pasatxok beste bi egunez luzatu ohi du egonaldia, aisialdi-arrazoiak tarteko.

Bertaratutakoen gastua 39,5 milioi euro ingurukoa da, eta horietatik % 66 inguru tokiko ekonomian txertatzen da. Izen-emateaz eta ostatuaz gain —parte-hartze horrekin zuzenean lotuta—, bertaratzeak gastu osagarria eragiten du aisialdian (atal osagarriaren % 39), gastronomian (atal osagarriaren % 24) eta erosketetan (atal osagarriaren % 22).

Txosten osoa

[1] Bilbok ez du Ibiltur-en MICErekin lan egin, azterketa propioa baitu. Turismo Saila lanean ari da Ibiltur-en MICE azterketaren hurrengo edizioan, Bilbo ere azterketa bateratu horretan integra dadin.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)