Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Euskal Sukaldaritza Berriaren sortzaileak, Txomin Etxaniz upategiko familia eta Izaskun Oribe, 2025eko Euskadi Gastronomia Sarien irabazleak

Argitalpen-data: 

FUNDADORES_NUEVA_COCINA_VASCA.jpg
  • Euskal gastronomiaren eragile nagusi izateagatik, txakolinaren tradizioa bultzatzeagatik eta ardoaren arloan berrikuntza teknologikoa sustatzeagatik sarituak. Haien ibilbideari esker, Euskadi nazioarteko gastronomiaren abangoardian kokatu da
  • “Euskal gastronomia berrasmatzen dutenak eta gure produktuak mundura eramaten dituztenak ospatzen ditugu”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2025eko Euskadi Gastronomia Sarien irabazleak iragarri ditu. Sariek Euskadiko nekazaritza-elikagaien sektoreari eta gastronomiari ekarpen erabakigarria egin dieten profesionalen bikaintasuna, berrikuntza eta ibilbidea aitortzen dituzte (Deialdiaren oinarriak)

Txueka Isasti anaiak, Txomin Etxaniz upategiaren arduradunek, 2025eko Euskadi Gastronomia Saria jaso dute ibilbide enogastronomiko onenaren kategorian, Getariako Txakolina jatorri-deitura bultzatu eta sendotzeko egindako lan aitzindariagatik. 1980ko hamarkadaren hasieratik, Txueka familiak ekoizleen profesionalizazioa sustatu zuen, bertako mahats-barietateen berreskurapena bultzatu eta ardogintzan teknika aurreratuak ezarri zituen. Horri esker, Getariako txakolinak mundu mailako aitortza lortu du bere kalitateagatik. Haien lanak lurraldea eraldatu du eta euskal txakolina nazioarteko panoraman kokatzen lagundu du, tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka mantenduz.

Bestalde, Izaskun Oribe industria-ingeniariak eta AIDTEC Solutions enpresaren sortzaileak 2025eko Euskadi Gastronomia Saria jaso du gazte talentudunaren kategorian, adimen artifiziala eta sentsorika ardogintzaren sektorean aplikatzeko egindako lan berritzaileagatik. Bastidatik, Oribek KUBE proiektua garatu du: Arabako Errioxako tradizio enologikoa analisi prediktiboarekin eta konputazio kuantikoarekin uztartzen dituen ardoa, ekoizpen-prozesu bakoitza optimizatuz bikaintasuneko produktua lortzeko. Bere ikuspegiak teknologia nekazari txikiengana hurbiltzen du eta jasangarritasuna sustatzen du, aldi berean sektorean emakumeen presentzia bultzatuz.

Azkenik, 2025eko Euskadi Gastronomia Saria, gastronomiako ibilbide onenaren kategoria berezian, Euskal Sukaldaritza Berriaren sortzaileei eman zaie; 1970eko hamarkadan sortutako mugimenduak herrialdeko gastronomia sakon eraldatu zuen. Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Karlos Arguiñano, Ramón Roteta, Xabier Zapirain, Luis Irizar, Ramón Zugasti, Ricardo Idiakez, Tatus Fombellida, Patxi Quintana, Pedro Gómez, Manolo Iza, Jesús Mangas eta José Juan Castillo bezalako pertsonek bultzatuta, mugimenduak tokiko produktua duintzearen alde egin zuen, sukaldaritza-teknikak modernizatu zituen eta sormenetik lan egitea proposatu zuen, sustraiak galdu gabe. Apustu kolektibo hark jarri zituen gaur egun Euskadik gastronomia-helmuga erreferente gisa duen nazioarteko prestigioaren oinarriak, eta gastronomia herrialdearen identitatearen, nazioarteko proiekzioaren eta garapen ekonomikoaren ardatz nagusietako bat bihurtu zuen.

“Gastronomia Sari hauek ez dute soilik ibilbide indibiduala aitortzen; gure sektoreak bere burua berrasmatzeko eta garai berrietara egokitzeko duen gaitasuna ere azpimarratzen dute, lurraldearekiko bikaintasuna eta sustraitasuna mantenduz”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatutako Euskadi Gastronomia Sarien helburua da nekazaritza-elikagaien sektorean berrikuntza, kalitatearekiko konpromisoa eta nazioarteko ikusgarritasuna ekartzen dituzten pertsonak nabarmentzea. Ekoizle tradizionaletatik hasi eta ekintzaile teknologikoetaraino, sariek euskal gastronomiaren aberastasuna eta aniztasuna ospatzen dituzte, baita ekonomian, lurraldean eta kulturan duen eragina ere.

“Profesional hauen lana adibide garbia da pasioak, sormenak eta gure sustraiekiko errespetuak mundu mailako prestigioa duten produktuak sortzea ahalbidetzen dutela, Euskadiren identitatea eta etorkizuna sendotuz”, gaineratu du Barredok, aitortza hauen garrantzia azpimarratuz.

Lehen edizio honekin, Euskadi Gastronomia Sariak bikaintasunaren erreferente bihurtu dira, nekazaritza-elikagaien sektoreko esparru guztietan berrikuntza, jasangarritasuna eta tokiko talentua sustatuz.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)