Ekonomia Ituna, Euskadiko eraldaketa estrategiko handiak bultzatzen dituen politika ekonomiko propioaren oinarria

Argitalpen-data: 

Inaki_Alonso_Camara_1.jpg

Ekonomia Ituna zergen arloko Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernuaren oinarria izateaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei politika ekonomiko propioa hedatzeko eta etorkizuneko eraldaketei anbizioz aurre egiteko aukera ematen dien tresna ere bada. Horixe nabarmendu du gaur Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak Bilboko Merkataritza Ganberak antolatutako "Ganberaren ostiralak" foroan.

“Ekonomia Ituna: subiranotasun ekonomiko-finantzarioaren bermea” izeneko hitzaldian, Alonsok aditzera eman du figura juridiko-tributario berezi horrek ateak zabaltzen dizkiela eragin handiko ekimen estrategikoei, hala nola Euskal Finantza Aliantzari, Euskadi 2030 Industria Planari edo Euskadi Eraldatuz 2030 Planari, eta horiek funtsezkoak dira herrialdearen egungo eta etorkizuneko ongizatea bermatzeko.

Sailburuordeak azaldu du Ekonomia Ituna zergatik den —gaur inoiz baino gehiago— lehiakortasunaren, trantsizio energetikoaren, berrikuntzaren eta gizarte-kohesioaren erronkei erantzuteko tresna moderno, sendo eta erabat operatiboa. “Ekonomia Ituna ez da erlikia historiko bat, ezta salbuespenezko akordio bat ere; eredu propioa da, efikaza eta Konstituzioaren eta Europaren esparruan erabat integratua, gure norabide ekonomikoa erabakitzeko benetako gaitasuna ematen digun eredua”, zehaztu du.

Eredu finkatua eta erresilientea

Alonsok gogorarazi du Ekonomia Ituna eskubide historikoetan, aldebikotasunean eta erakundeen arteko itun politikoan oinarritzen dela. Euskadiri edozein estatu subiranoren pareko zerga-arloko autonomia aitortzen dio. Autonomia horrek zergen bilketan eta kudeaketan aldebakarreko arriskua bere gain hartzea dakar, baita lurraldeen arteko elkartasun-printzipioari eustea ere.

Sailburuordeak jakinarazi du Ekonomia Itunak egonkortasuna, segurtasun juridikoa eta aurreikusgarritasuna dakarrela; inbertsioa erakartzeko, hazkunde jasangarria bermatzeko eta herritarrei eta enpresei ziurtasuna eskaintzeko funtsezko hiru osagai.

Era berean, aditzera eman du figura horrek arrakastaz gainditu dituela orotariko egoera historiko eta ekonomikoak, eta garaietara egokitu eta eraginkortasunik galdu gabe eboluzionatu dela. Gaur egun, erabateko babes juridikoa du, bai Espainiako ordenamendu konstituzionalean, bai Europar Batasuneko zuzenbidean.

Erabakitze-ahalmen horri esker, Euskadik lehiakortasunaren, berrikuntzaren eta justizia sozialaren ikuspegitik diseinatutako politika ekonomiko propioak ditu gaur egun. Euskal Finantza Aliantza, Euskadi 2030 Industria Plana edo Euskadi Eraldatuz 2030 Plana gisako ekimenak bideraezinak izango lirateke Ekonomia Itunak eskaintzen duen esparrurik gabe.

Azkenik, Alonsok nabarmendu du Ekonomia Itunak soluzio efikazak eskaintzen dituela zenbait jurisdikzio fiskal batera existitzen diren testuinguru batean: arauak koordinatzen ditu, enpresentzako betetze-kostuak murrizten ditu eta gatazkak ebazteko mekanismo arinak bermatzen ditu. Hori dela eta, erreferentzia baliagarria izan daiteke beste agertoki batzuetarako, baita Europar Batasunaren barruan ere.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)